"Margolana hondatzea, margotzeko abenturaren barruan dago"

  • Margolaria da txikitandik. Margolari haurretan, gaztetan, heldutan, eta 70 urtetan. Margotu beti, naturak eskaintzen dizkigun irudiak estudiora eraman eta birsortuz.


2015eko ekainaren 10ean
Hegan.
Hegan. "Margolan zaharrari begira: ‘Koadro hori gustatzen zaidak, baina zerbaitek enbarazu egiten zidak’. Eta bertan uzten duzu, eta handik puska batera berriz atera eta: ‘Ai ama! Bazakiat!’. Eta hasten naiz formak askatzen, arintzen… Forma eskulturagileen eginkizuna da. Margolariok hegan egin behar dugu. Nire lanetan forma astunak ikustean arintzea dagokit, formak liberatzea, margoak arnasa har dezan".Zaldi Ero

Zu lanean beti edo gehienetan. Zer duzu, eskaileran gora igota zu, margolan hori?

Bi zati ziren margolan honetan. Frontoia zen, hasteko. Horra berdea, hormarena, eta grisa, behearena. Baziren hor atzelaria, eta aurrelaria. Eta aurreko horma beltza. Bi pilotari, pilotatokiaren espazioan. Eta hondatu egin dut, nahitara, guztiz nahitara. Badira hiru edo lau urte pilotatoki hori egina nuela. Lana amaituta zegoen. Baina bazen zerbait nire barnean, korapilo bihurri bat. Margolana espaziala zelako gertatu zait. Espazioa, oteizarra, kutxa… Azken finean, pilotatokia horixe da, kutxa bat. Eta bi pilotari nituen, tamaina naturalean eginak. Sekulako tramankulua. Baina bazen zerbait asebetetzen ez ninduena. Zerbait kontzeptuala. Ni ez naiz espazioak margotzen dituen margolaria. Aitzitik, espazioak betetzen dituen margolaria naiz. Eta margolan horretan bazen kontraesan bat. Gustatzen zitzaidan, hala ere, baina ni ez naiz horma leunak margotzen dituen artista, nik erraiak maite ditut, barrukoa. Kontzeptua zen koska. Eta halaxe esan nion neure buruari: “Barrabilak izan dituk margotzeko, eta barrabilak izango dituk desegiteko!”. Sortzekotan, beharrezkoa baita desegitea. Eta horretan ari naiz, sortzen, eta haluzinatuta nago bi zatiok ikustean.

Pilotaririk ez dago…

Ez dago pilotaririk, baina nik ikusten ditut oraindik! Nahaste-borrastea dago hor, eta horrek pilotariak dakarzkit gogora. Jadanik desegina den haien aztarnak nire gogoan irauten du. Dena dela, haltza ageri da orain hor, eta ahaztu, beraz, frontoia. Haltz zoragarria, bidenabar esanda. Pilotaria zegoen lekuan, nahaste-borrastea, ur-jauzi moduko bat, planotik kanpora jalgi, behera. Hautsi dut frontoiaren horma! Nire borroka orain, espazio horretan zer egin erabakitzea da. Haltz horren ondoan beste bat egin, ez egin… Baina haltz hori hain da bikaina, ez du lehiakiderik behar. Edertasunaren eredu da! Natura bizia!

Horixe du izena oraindik orain Gasteizen izan duzun erakusketak: Natura biziak. Alabaina, ez duzu natura margotzen, hura sortzen baizik.

Birsortu. Naturak bere partea du nire lanean, duda matazarik gabe. Natura da nire margoaren jatorrian. Beti izan da. Txikitan ere zer egiten nuen, bada? Sorora joan, mendira, eta zuzenean, bertatik bertara margotu arbola edo dena delakoa. Bizian egundo ez diot horri uko egin. Natura etengabe ari zait irakasten. Eta hazi ahala, diferente ikusten duzu natura, ezberdin ageri zaizu. Eta emozioak sorrarazten dizkizunean, akabua da! Eman dezagun, ekaitza. Ekaitzaren zarata margotzea, adibidez, handia da.

Zarata margotzea? Ba ote?

Bai, bada. Margolan bat bazen Gasteizko erakusketa horretan: Uraren zarata. Titulu ederra iruditzen zait, ikusleak margolana ikusi ez ezik urak egiten duen zarata ere adituko duelako, irudimenean bada ere. Uraren zarata, margolanean! Ikusleak erantsi behar dio zarata. Partaide da ikuslea, parte hartu behar du, nahitaez. Nahi nuke ikuslea margolanaren bideetan barna ibiltzea, mentalki, margolaneko bideak, arrokak, soroak ibiltzea. Ni, hasteko, bide horietan ibiltzen naiz margotzen ari naizen bitartean. Eta perspektiba ikusten dut, zeruak eta lurrak bat egiten duten lekua. Ostertza. Nik ikusten dudana aurkitu behar duzu zuk, zeure erara birsortu. Dudarik gabe, ikuslea parte da nire lanean. Ikuslea margolanean ibil dadin nahiko nuke. Nire margolana entenditzera iritsiko litzateke.

Nork bere modura entendituta ere!

Jakina, margolana ez baita gauza finkoa, mugiezina. Ez da ideia itxia, guztiz irekia baizik. Zenbait jendek, margolan bat ikusi eta: “Beldurra ematen dit”. Tira, emozio bat da, oso gauza ederra. Margolan batek izua eragitea! Askok esan izan didate: “Margolan horrek beldurra ematen dit”. Baina margolana ez da egiazko lehoia, ez zaitu joko, baina, hala ere, emozio horixe, izua. Paregabea! Zera esaten dizutenean bezala: “Ez dut margolaritzaz entenditzen”. “Ongi da. Aukera ezazu margolan hauetako bat”. Eta aukeratzen du. Entenditu du! Eta, arao eta birao, ederrena aukeratu du! Kar, kar, kar. Entenditu du, aukeratu du, “hau bai, hau ez” esan du. Balio du. Ez dago unibertsitatera joan beharrik entenditzeko. Margoak eskaintzen dizuna aintzat hartzea da kontua, arteak ematen dizuna.

Artea...

Artea, margotzea… Galdetu izan didate: “Nora hoa?”, “margotzera”, “zer margotzera?”, “ez zakiat”, edo “ez zakinat”. Alegia, egiten dudana egitera noa ni, margotzera, zerbait aurkitzera. Arao eta birao, 70 urte ditut, eta gaur goizean ohean nengoela ere pilotatokiko margoetan ari nintzen pentsatzen. “Jaiki eta banoak!”. Betiko gogo berarekin. 25 urte nituenean bezala, orduan pop-a margotzen banuen ere. Ez dut adinik! Bizitasun bera dut margotzeari dagokionean. Lasai gosaldu eta esan niezaiokeen neure buruari: “Margoak ikustera noak”. Baina ez, “bi margolan hauei heldu behar zieat” esaten dut. Garai bateko indar eta kemen berarekin. 20 urteko adin bera dut, oldar bera. Zoragarria, margotzeko gogo horri eustea! Zerbait deskubritzeko gogoa izatea. Ohean nengoen gaur goizean, oraintxe bi ordu, eta buruz, margotzen ari nintzen! Estudiora heldu, eta buruan margotzen ari nintzenak ez du balio. Bestelako bide bat ari zait agintzen margoa.

Margolanak agintzen dizu bidea.

Bai. Berdearen ideia nekarren, zerua egin, ez egin… Baina errazegi iruditzen zait, eta nik ez dut errepikatu nahi. Zerua egina dut lehendik ere. “Ez, ez diat zerurik margotuko, besterik egin behar diat, gehiago sakondu behar diat margoan, harrituko nauen zerbait behar diat, eta zeruak hor ez naik harrituko”. Horrelaxe jarduten dut, eta 70 urte eta gero, oraindik neure burua harritzeko gauza naiz. Horixe dut helburu: sorpresa. “Jainkoaren izenean, zer duk hau!”. Dakidana ez zait interesatzen, ez dakidanaren bila ibili nahi dut. Sorpresaren bila. Eta gero, zoria azaltzen da. Eta harekin jokatzen dut. Asko gustatzen zait zoria… Lehengo batean bisitari bati esan nion: “Margolan hori bera bakarrik margotu da”. Zoria agertzen da, baina nik eskua sartzen diot. Manipulazioa. Erraiak ateratzen dizkiot zori horri, batean erantsi, bestean kendu… Apropos egiten dut, nahitara.

Bila ibiltze hori ikerketa da.

Bai, jakina. Beti ari gara forma eta elementu berri bila, nahiz eta oso tradizionala naizen materialetan: olioa eta lihozko mihisea. Haatik, zenbait artistak material diferenteak saiatzea du xede, laka sintetikoak, bernizak, pistola eta gainerakoak; merkatura etengabe irteten diren materialak. Niri, berriz, betiko pintzel eta mihisea gustatzen zaizkit. Mihisea eskuaz mimatzea gustatzen zait. Elementu guztiak margotu nahi izaten ditut, ez dut ezer aske uzten. Margolan asko behin baino gehiagotan margotu ditut. Orain dela bost, sei, hamar urte egindako lanak berriz ikusi eta “ño, hau beste bukaera baten zain zagok!”.

Nahiz eta orduko hartan amaitutzat eman zenuen margolan hori.

Bai, baina berriz ikusi eta zer edo zerk ez zaitu asebetetzen… Bestalde, ez naiz neure buruaz fio, eta badakit margo zaharrari berrekiten badiot balitekeela bestelako margolan bat izatea emaitza, aurrekoarekin zerikusirik batere ez duena. Alegia, balitekeela margolana hondatzea. Baina ez zait axola, margolana hondatzea margotzeko abenturaren barruan dago. Ez dago aurreikusita, baina hori ere jokoaren parte da. Lehendik egindako margoaren aurrean paratu eta hasiko naiz: “Kolore hori ez zaidak gustatzen, oso lodia duk”. Eta hasten naiz kolorea arintzen eta, azkenean, beste margolan bat da emaitza. Eta zergatik ez?

Zergatik ez gorde lehendik egina, eta haren gaineko bertsioa egin ondoren?

Hortik jotzen du zenbait artistak, lan beraren bertsioak egitera, hiru-lau bertsioko serie bat, azalean elkarren antzekoak ez diren margoak beharbada, baina, mami bat bera dutenak. Nik ez dut horrelakorik egiteko ohiturarik.

Zure lanek zeu harritzeko ahalmena dute oraindik?

Bai, bai. Bada zerbait oso aitzinakoa: ni margotzera noa. Ez dut aurretiazko planteamendurik, margotuko dudala besterik. Nola, zer… Ez dakit, baina margotu. Ehiztariaren moduan, badabil, eta badoa, eta halako batean: “Hara!, eperra!”. Bada, bai, eperra! Berdin ibili ohi naiz ni, hara eta hona, batera jo, bestera… Bidea egin, margotu. Baconek, esaterako, elementu giltzarri bat du bere margoan: pertsonaia tormentatu bat. Hura da protagonista. Nik aldiz, ez dut protagonista bat bakarra nahi margoan, hau, hori eta hura nahi ditut protagonista! Horregatik naiz margolari barrokoa, elementu asko jartzen ditudalako jokoan.

Elementu asko jartzen dituzu jokoan, denak maila berean nahi dituzu protagonista…

Dentsitatea nahi dut. Idazleak orrialde bakoitzean, eta hitz bakoitzean nahi duen moduan, nik margoaren elementu guztietan nahi dut protagonismoa. Osotasuna. Elementu guztiek behar dute beren intentzioa, interesa, karga. Duda matazarik gabe: behetik gora eta eskuinetik ezkerrera, eta zuritik beltzeraino! Etorri, etorri, erakutsiko dizkizut lehendik eginak ditudan lanak...

Nortasun Agiria

Carmelo Ortiz de Elgea Jauregi (Aretxabaleta, Gasteizko udalerriko herria, 1944). Haurra zela hasi zen margotzen, autodidakta. Laster nabarmendu zen, eta 16 urte zituela egin zuen lehenengo erakusketa Gasteizen, 1961ean. Azkena, berriz, oraindik orain egin du Arabako hiriburuan bertan, beti natura ardatz. Paisaiak ditu abiapuntu, baina haiek bere barnean egosten eta birsortzen ditu, modu harrigarri eta indartsuan. Sasoi bateko arte figuratiboa bazter utzi eta interpretazio abstraktuak gidatzen du bere margoa, aspaldi.

Off the record: 1966, Orain

1966ko abuztuaren lehenean Arabako Orain taldearen erakusketa izan zen Donostian, Barandiaran Aretoan. Han ziren Joaquin Fraile, Juan Mieg eta Carmelo Ortiz de Elgea margolarien lanak eta Alberto Schommerren argazkiak. Urte berekoa da Orain taldearen agiria, non artearen helburuak adierazten dituzten: “Adierazpide, ekintza eta ardura izan nahi dugu gure herriaren behar artistikoengatik, geure hondotik, geure tradizio artistiko herrikoitik, geure baitatik bertatik, integratzen zaigun denetik, integratzen eta osatzen dugun denetik, osatzen gaituen hartatik guztitik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pintura
Montse Borda. Pinturaren artisaua kobazuloan
“25 urtez astebururo fabrikan ari naiz, baina horrek astegunetan tailerrean egotea ahalbidetzen dit”

Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]


Juan Luis Goenaga artista zendu da, 74 urterekin

Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau... [+]


2023-09-13 | Julen Azpitarte
Beste munduko margolanak

Hilma af Klint (Solna, 1862 – Danderyd, 1944) artista suediarra pintura abstraktuaren sortzailetzat jotzen da egun, baina Vasili Kandinskiren aurretik, bere obra abstraktua ezkutuan izan zen 1980ko hamarkadaren erdira arte. Milaka margolan, testu eta koaderno sekretupean... [+]


Ekilore-zopa

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik... [+]


Esnezaleak ezkutatzen duena

Johannes Vermeer margolariaren artelan ezaguna eskaneatu dutenean ezusteko elementu batzuk azaldu dira, egileak gero kendutakoak.


Hilma Af Klint, abstrakzioaren ama

Stockholm (Suedia) 1896. Hilma Af Klint (1862-1944) margolariak eta beste lau lagun artistek boskote bat osatu zuten espiritismo saioak egiteko. Saio horietan oinarrituta, idazketa eta pintura automatikoan jarduten zuten taldekideek. Handik urte batzuetara, Klintek... [+]


San Telmori egindako dohaintza bati esker lehen lerrora itzuli da Amable Arias, Gaur taldeko artista ‘outsider’-a

San Telmo Museoak Amable Ariasen (1927-1984) 61 akuarela eta 43 marrazki jaso ditu dohaintzan, artistak azken 14 urteetan bikotekide izan zuen Maru Rizoren eskutik. Teatro Principal  (Antzoki Zaharra) izeneko serie horrekin erakusketa egiteko asmoa dute datorren urtean,... [+]


2022-05-11 | Ander Perez
Xabier Morras. Margolaria
“Nirea ez da pintura atsegina, tragikoa da”

Laster beteko dira 50 urte Iruñeko Topaketek hiriburua hartu zutenetik. Huarte enpresari familiak finantzatuta, mundu osoko arte garaikidearen erakusgarri izan zen hiria 1972ko uda hasieran, astebetez. Baina arteaz gain, garaiko tentsio politikoen isla ere izan zen... [+]


Iñaki Imazen 'Alimentación, lencería, bazar' erakusketa
Supermerkatuaren poetikaz

Bilboko erdigunean etxarte baten bila nabil. San Mames Zumarkaleko 11. zenbakian kale-kantoi urdinxka bat omen dago, eta, bertan, ezohiko arte-galeria bat. Galdu samar nabil bi dendaren artean hondo urdinean El Callejon Zollo. Molcris idatzita ikusi dudan arte. Pasadizoa igaro... [+]


2021-08-16 | Erran .eus
Mikel Tabernarekin luze eta zabal

Mikel Taberna idazlea elkarrizketatu dute Xorroxin irratian. Arkanbele kantak (2021, Susa) poema-liburua eta Ignacio Larra margolariak Beran ikusgai duen erakusketa izan dituzte mintzagai.


Ibarrolaren ‘Guernica Gernikara’ obra Bilboko Arte Ederren museora eramango dute

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 300.000 euro ordaindu dituzte lana Madrildik Euskal Herrira ekartzeko. Ekainean, José de la Mano galeristak eraman zuen Madrilgo Arco erakusketara.


Ibarrolaren “Guernica Gernikara” obra Madrilera eramango dute

Picassoren Guernica obra Euskal Herrira ekartzeko aldarrikapen gisa egin zuen Ibarrolak Guernica Gernikara mihisea. Madrilgo Arco erakusketara eramango dute orain, 1981etik gordeta egon ondoren.


Eguneraketa berriak daude