Ohiko azterketen eta noten ordez, irakasle eta ikasleak elkarrekin ebaluatzen ikasten ari dira San Bizenten, aurtengo Araba Euskaraz antolatu duen Oiongo ikastolan. Ikasleak ardurak hartzen ari dira ikaskuntza prozesuan, eta irakasleek norabide berean egiten dute arraun.
Ikasgaia irakurri, irakasleari entzun, talde-lanak aurkeztu, azterketa egin eta nota bat jaso. Ikaskuntza prozesua horrelakoa izan ohi da. Ikasleen ezagutzak zelanbait kalifikatu egiten dira, baina edukiak eta gaitasunak benetan barneratzen ote dituzte ikasleek? Ebaluazioak zertan lagun dezake ikaskuntza prozesua hobetzen? Oiongo San Bizente ikastolan ebaluazio hezigarria lantzen ari dira, ebaluazioan oinarritutako ikaskuntza. Iraultza handia izan da ikastolarentzat, eta pozik daude emaitzekin: irakasleek ebaluazio irizpideak adostea lortu dute; ikasleek berriz, ikaskuntza prozesuan ardurak hartu dituzte. Kontzienteago dira, ikasgelara zertara doazen, bai irakasleak, bai ikasleak.
Duela hiru urte hasi zuten egitasmo berezia San Bizenten. Lan egiteko modua erabat aldatu dutela azaldu du Gema Berzal ikastolako zuzendariak: “Argia eman digu honek. Lan handia dago egiteko, baina bagabiltza”. Formazio saioak egiten dituzte klaustroan, Maria Galdeano Ikastolen Elkarteko Ebaluazio eta Hobekuntza arduradunaren laguntzaz. Galdeanok azaldu duenez, irakasleen galdera gakoak aldatu dira: “Zer irakatsi behar dut?” galdera egitetik, “zer ikasi behar dute eta zertarako?” galdera egitera pasa dira, fokua irakaskuntzatik ikaskuntzara aldatuta. Oiongo ikastolan eta Euskal Herriko beste hiru ikastolatan dabiltza ebaluazioan oinarritutako praktika hauek garatzen.
Maria Galdeanoren hitzetan, “edozein irakats-ikaskuntza egoeratan hiru prozesu argi izatea klabea da ikaskuntza hobetu nahi baldin badugu”. Hiru prozesu horien kontzientzia izan behar dute irakasle zein ikasleek: Ikaskuntzan non dago/nago?; nora joan behar du/dut?; eta zein da biderik onena ailegatzeko?. Galdera horietan oinarrituta, bost estrategia ari dira lantzen: helburuak eta arrakasta irizpideak argitzea eta partekatzea; eztabaida eta jarduera eraginkorrak sortzea ikaskuntza ebidentziak lortzeko; feedback eraginkorra eskaintzea, ikasleek elkarrekikoirakaskuntza baliabide izateko; eta ikaslea norbere ikaskuntzaren jabe izateko praktikak sustatzea.
Helburuak finkatzea. Hori da irakasleek egin beharreko lehen lana. Klaustroan erabaki bateratuak hartu behar dituzte, xede zehatz eta argiak jartzeko. Orain arte hizkuntza alorreko ikasgaiekin egin dute proba, eta datorren ikasturtean matematikekin hastekotan dira. Batez ere Lehen Hezkuntzan aplikatu dute. Ikasleek ikasiko dutena eta garatuko dituzten gaitasunak definitzea da kontua, eta gero ikasleei helburu horien berri ematea. Ikaskuntza prozesuan, ikasle eta irakasleek argi izango dute zer gaitasun landuko diren, eta ebaluazioan ere elkarrekin egongo dira. Ikasleek euren burua ebaluatzeko eta hobekuntzak nola egin erabakitzeko aukera izango dute.
Galdeanok azaldu duenez, ikaskideen arteko lana garrantzitsua da: “Irakasleekin baino gehiago ikas dezakete euren ikaskideekin, eta gainera, zailtasunak dituzten ikasleek bezainbeste ikasten dute zailtasunik ez dutenek ere”. Ikaskideak eurak, ikasteko baliabide bihurtzen dira eta lan kooperatiboak sustatzen dira.
Irakasleek klaustroan adostu dutenez, ikasleek ere badakite zein den euren ikaskuntza prozesuaren helburua, eta zer arrakasta irizpide diren klabeak helburua lortzeko. Orduan, irakasleek eskainitako tresnekin autoebaluazioa egiten dute, eta gai dira helburuak lortzeko irizpideekin zailtasunak izan dituzten ala ez identifikatzeko. Ebaluazio horretan laguntzeko, irakasleek jardueran ikusitako ebidentzia positiboak eta hobetu ahal direnak azaltzen dizkiete ikasleei. Ondo egindako aspektuak azpimarratzen dituzte, eta hobetu daitezkeen kontuak identifikatu eta zelan hobetu ditzaketen adierazi. Ebidentzia edo froga horiek zeintzuk diren jakinda, ikasleek jarduerak hobetzeko aukera dute. Noten bidez funtzionatu beharrean, iruzkinen bidez egiten dute ebaluazioa. Azterketa hitza bera ez erabiltzeko asmoa dutela azaldu du ikastolako zuzendariak. Galdeano formatzaileak ere hori nabarmendu du: “Irakasleek diote ez dutela azterketen beharrik; ikasleak ebaluatzeko nahikoa ebidentzia jasotzen dituzte bestela ere. Azken batean, notaren atzean zer egon beharko litzateke, amaierako proba batean lortutako emaitza ala prozesu guztiaren garapena?”. Orain arteko sistemarekin, ikasleak ebaluatu beharrean kalifikatu egin dira: “Kalifikatu, sailkatu, egiten dira, eta hori ezin da izan ebaluatzeko modua derrigorrezko hezkuntzan, ez baitu ikaskuntzaren hobekuntzarako aukerarik ematen”.
Irakasleak gelakideei zerbait galdetu, eta dakienak eskua altxatu. Ikasgeletan oso errotuta dagoen ohitura da eskua altxatzea. San Bizenten, bada, ohiturak aldatu nahi dituzte: ezin da eskurik altxatu. Galdeanoren berbetan, “irakasleek zoriz aukeratzen dute nork erantzungo duen, baina ez ditugu erantzun zuzenak bakarrik entzun gura, ikasle guztien erantzunak entzun nahi ditugu, egokiak eta okerrak”. Gelako ikaskide guztiak inplikatzea bermatu gura dute horrela, eta bide batez, ikasleek edukiak ondo ulertu dituztela ziurtatzea.
Oiongo ikastolan beste urtebetez edukiko dute ebaluazioa ardatz duen formazioa. Lanketaren parte, eta euren lana ebaluatu eta zer hobetu jakiteko, behaketak egiten dituzte ikasgeletan, bi behaketa ikasturteko. Ikaskuntza ibilaldiak deitzen diete behaketa horiei.
Ebaluazioan oinarritutako proiektuarekin hasi zirenetik, aldaketak igarri dituzte. “Ikasgeletako giroa aldatu egin da, baita ikasleen rola ere, erabat”, dio Galdeanok. Orain, ikasleek euren ikaskuntza prozesuaren kontzientzia handiagoa dute eta prozesu horren ardura hartzen ari dira. Irakasleak ere pozik daude esperientziarekin: “Filosofia bateratu batetik, nahi dugunera joan gaitezkeela ikusi dugu”, adierazi du Berzalek. Oiongo ikastolako zuzendariaren hitzetan, Ebaluazio Diagnostikoan ikasleen emaitzak nabarmen hobetu dira.
Horrela lan eginda, ikaskuntza prozesua hobetu dutela ziur dira Oiongo irakasleak, eta ikasleen autonomian aurrerapausoak lortu dituzte. Galderak erantzuten ikasten ari dira, batez ere gako diren galdera bi: “Zer ikasiko dugu?” eta “zelan dakigu ikasi dugula?”.
Lehenengo Araba Euskaraz egin zenetik 40 urte bete diren honetan, Trebiñuko Argantzun ikastola izango du ardatz aurtengo jaialdiak, ekainaren 19an. “Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egingo dugu, Argantzun ikastolaren... [+]
Aiaraldea.eus-ek ekainaren 21ean Laudion egindako Araba Euskarazen kronika jaso du. Horrez gain eguna argazkitan eta bideoan jaso du.
Urriaren 17an eta 18an Amurrio Antzokian botako du Aresketa Ikastolak aurtengo Araba Euskarazeko azken traka. Ahotsenea eta tokiko sortzaileen eskutik, kontzertu eskaintza zabala prestatu dute.
Kultur sortzaileak Durangoko Azokatik Euskal Herriko plazetara gerturatuko ditu Ahotseneak, Amurriora tartean. Urriaren 18an izango da eskualdeko emanaldia, Aresketa Ikastolak antolatutako Araba Euskaraz ekimenaren baitan.
Ikastolen Elkarteak datak zehaztu ditu: Herri Urrats irailaren 20an Senperen, Kilometroak urriaren 4an Amasa-Villabonan, Araba Euskaraz Amurrion eta Ibilaldia Elorrion urriaren 18an. Aldiz, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak adierazi dute ez direla baldintzak... [+]
Udaberriko ikastolen jaiak atzeratuko dituela iragarri du Ikastolen Elkarteak. “Saminez” hartutako erabakia izan dela adierazi du, baina uneotan "gizateria eta gizarte mailako beste lehentasun batzuk" dituela, eta egoera orokorra aldatu arte ezingo duela... [+]
Armentia ikastolak antolatuko du Arabako ikastolen jaialdia ekainaren 16an eta gizarte eta kulturako eragileen aurrean aurkeztu dute, Europa Jauregian. Kultur egitasmoa urte osora zabaltzeko apustua egiten ari direla iragarri dute.
Araba Euskaraz jaialdiaren 38. edizioa antolatzearen arduraduna Argantzon ikastola da eta Irrikitan izan da aurtengo leloa. Garrantzi berezia eman diote Trebiñun euskara ikasteari.
Ekainaren 17an izango da “Irrikitan” izenburupean Araba Euskaraz Trebiñu barrendegian. Hirugarren aldiz antolatuko du Argantzon Ikastolak Araba Euskaraz. Adabakia deitzen diote trebiñuar askok beren konderriari, administratiboki Burgos baita, eta... [+]
Ekainaren 17an ospatuko dute Araba Euskaraz Argantzunen. Bertako ikastolak Manzanosen duen Lehen Hezkuntzako eraikina ordaintzen laguntzeko baliatuko dute jaia.
Bero handiarekin, baina giro apartan, ospatu dute Arabako ikastolen jaia, Bastidan. 30 gradutik gorako tenperaturak ez dira oztopo izan, eta milaka lagun hurbildu dira gaurkoan Bastidara, Arabako ikastolen jaia ospatzeko.
Bereziki ezagutza altua den taldeetan erabilera indartzea da helburu nagusia, Leire Sueskun Arabako Errioxako euskara teknikariaren arabera; esparru desberdinetara heltzeko, "baliabide gehiago" eskatu ditu.
Wow!, lelopean, Bastidan dugu aurten Araba Euskaraz, ekainaren 18an. Bastidan, beste behin, lehen ere lau aldiz hartu baitu herriak Arabako ikastolen jai nagusia. Hamar gela, hamahiru irakasle eta 165 ikasle dira gaur egunean Bastida Ikastolan eta, beharbada, errealitate hauxe... [+]