Parkean umearekin jolastea baino gehiago da zaintza

  • Aita parkean dago haurrari begira eta guraso batek galdetu dio: “Zer, zu zaude lan-utzialdian?”. Gauzak aldatzen hasita badaude ere, horrelako galderek adierazten dute ohikoa umea amak zaintzea dela, ez aitak. Bestela, probatu galdera amari egiten: “Zer, zu zaude lan-utzialdian?”.

Begi-bistakoa da XXI. mendeko aitak umeen zaintzan aurrerapausoak eman dituela. Hala ere, bide luzea dago egiteko. Amaren lehentasuna haurra zaintzea izatea normaltzat hartzen da, aldiz, aitak aldi baterako enplegua uztea umea zaintzeko ez da batere ohiko
Begi-bistakoa da XXI. mendeko aitak umeen zaintzan aurrerapausoak eman dituela. Hala ere, bide luzea dago egiteko. Amaren lehentasuna haurra zaintzea izatea normaltzat hartzen da, aldiz, aitak aldi baterako enplegua uztea umea zaintzeko ez da batere ohikoa.Dani Blanco

Emakumeak barneratuago dauka halako batean ama izatea erabakitzen badu haurra berak zainduko duela. Gure gizartean errotuta dago amak denboraldi baterako enplegua utziko duela eta haurra artatzen arituko dela. Begi onez ikusia dago, jendarteari mesede egiten ari da. Amaren rola hori da. Aitarena ez, horregatik sarreran aipatu dugun moduko komentarioak oso ohikoak dira. Aitak argi eta garbi izan behar du haurra zaindu nahi duela, lan merkatutik ateratzeak ez diola axola, edo behintzat, haurraren zaintza hobetsiko duela. Aitak justifikatu eta argudiatu egin behar du aitatasun baja, adibidez.

Itziar Alonso-Arbiol EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea da, Amatasun eta aitatasuna, proposamen berriak (2006, UEU) liburuaren egilea. Honela deskribatzen ditu aitaz eta amaz gizarte honek dituen irudi sozialak: “Orokorrean, haurren zaintzari emana dagoen aitak badu ukitu positiboa, aita ‘jatorra’ da aitatasun baimena hartzen duena. Baina, egunez egunekoan, eta batik bat lan merkatuari lotuta, ez da serioa haurrak zaintzeko lana uztea”. Abokatu edo arotz izateko ikasketak egin dituena, haurra tarteko lan merkatutik ateratzea ez dago hain ondo ikusia, etorkizunerako proiektuak dituen gizonak etenaldiak egitea ez da batere erraz ulertzen. Haurren zaintza oztopoa da. Ez dator bat gizonaren rolarekin, eta beraz, zaintzari lehentasuna emango dion gizonak ideiak oso garbi izan behar ditu, sendo egon behar du bere jarrera ohiz kanpokotzat jo dutenei erantzun ahal izateko.

Soldatak ere badu zerikusia

Alonso-Arbiolek uste du aitak haurren zaintzan emandako pausoak xumeak izatearen arrazoi nagusia kontatu berri dugun irudi soziala dela. Bigarren mailan kokatzen du zaintzarako lan etenaldiak egiteko aitaren eta amaren soldatak kontuan hartzea. Hau da, gizonak du sarri emakumeak baino soldata hobea, eta argudio edo aitzakia izan daiteke lan merkatutik ez ateratzeko.

Enplegua eta familia ez dira uztargarritzat hartzen, batera edo bestera egin behar da, eta batik bat zaintzak egiten du talka gainerako jarduera guztiekin, dela enplegua, dela aisialdia... Europako hainbat herrialdetan ez bezala, Hego Euskal Herrian dikotomia saihestezina da. Enplegua mutur batean eta zaintza bestean. Lehenengoak prestigioa du, ezin du edonork edozein lan egin, ikasi egin behar da lan merkatuan aritzeko. Umea edonork zaindu dezake, ez du inolako prestakuntzarik eskatzen. Alonso-Arbiolek dio ez dela batere goxoa aitari egiten zaion proposamena: “Anekdotaz gain, (‘ai zein aita jatorra, lana utzi eta umea zaintzen ari da!’), esaten zaio ez duela lana serio hartzen haurrarekin etxean geratzen bada, eta era berean, esaten zaio umeak edonork zain ditzakeela, ez dagoela zertan aditua izan”.  

Amak umearekin lotura sendoagoa?

Ikuspegi biologikoa azpimarratzea aitzakia da psikologoarentzat. Amak umearekin lotura berezia izatea, barnean izan duelako, bularra eman diolako... ulertzen du Alonso-Arbiolek, baina badira haurraz erditu ez diren amak eta lotura afektiboa berdin mantentzen dute. Nerabeen ongizate psikologikoa indartzeko gurasoen jarrerak aztertzen dituen ikerketa batean, aldagai batzuetan, afektibitate lotura handiagoa zuten aitek umeekin amek baino.

Asko falta zaigu haurren zaintzan amak eta aitak rol antzekoak betetzera iristeko. Aurrerapausoak eman dituzte aitek, baina Alonso-Arbiol beldur da Espainiako Estatuaren egoera ekonomikoa dela-eta ez ote dugun atzera egingo. Zenbat eta gizarte pobreagoa, orduan eta balore atzerakoiagoak. Zaintza prestigiatzeko, umeen ardura eta enplegua uztartzeko neurriak hartzeko, klase ertain indartsua beharrezkoa da, eta gaur egun, Espainiako Estatuan jende masa hori galdu egin da.

Islandiako 4-4-3ra iritsiko bagina?

Aitak eta amak betetzen duten rolaz hitz egin dugu. Irudi sozial hori aldatzeko erreminta garrantzitsua da aitatasun eta amatasun baimenak berdintzea, PPIINA plataformaren iritziz. Espainiako Estatuko talde honek jaioberrietan eta adopzioetan baimen berdinak, besterenezinak (intransferibleak) eta %100 ordainduak eskatzen ditu. Gaur egun aitek hamabost eguneko baimena dute. Amatasun baja hemezortzi astera luza daiteke: sei aste amak hartu behar ditu derrigor, hamar aste amaren ordez aitak har ditzake, eta beste bi aste edoskitzeari dagozkio. PPIINAk bi arrazoi nagusi ditu eskaerok egiteko. Batetik, emakumeek dituzten eskubide berak nahi dituzte gizonentzat. Bestetik, ardura banaketaren alde egin nahi dute, eta umearen etorrerarekin hain justu, bikote harreman berdinzaleenetan ere balantza kolokan jartzen da. Emakumeek, haurrak izateko garaian daudenean, kontratatuak izateko eta lantokian mailaz igotzeko oztopoak edukitzen dituzte. Iraupen bereko baimenak izanez gero, ez litzateke kontratazioetan eta promozioan diskriminatzeko halako aukerarik egongo. Ama errazago moldatuko litzateke lan merkatuan, aitek zaintzan hartuko lukete parte, eta plataformako kide José Carlos Santamaríak esan digunez “jaiotze tasak gora egingo luke”.

Aitaren eta amaren baimenak berdintzea eskatzen du Santamaríak, baina esan diogu gaur egun bereak dituen hamabost egunez gain, amak utz diezazkiokeen hamar asteak hor daudela, eta aitak ia inoiz ez dituela hartzen. “Baimena batak besteari utzi ahal izatea patriarkatuaren tranpa da. Irudi aldetik ondo dago, baina praktikan ez du ezertarako balio. Amak aitari hainbat astez baimena uzteko aukera dagoen inongo herrialdetan ez du funtzionatzen, hau da, amek hartzen dute. Espainiako Estatuan aiten ehuneko bik ere ez du hartzen amak utzitako baimena”. Bestalde, Santamaríari zentzugabekeria demokratikoa iruditzen zaio eskubide bat pertsona batek besteari pasa ahal izatea, konstituzioaren aurkakoa ere izan daiteke.

Aitak, hasierako hamabost egunez gain, amak utzi diezazkiokeen baimen egunak ez ditu hartzen. Zergatik? Plataformako kideak bere iritzia eman digu. Batetik, aitak badaki emakumeak baimenak hartzen dituenean haren lan ibilbidea izorratzen duela, eta aitak ez du horrelakorik nahi berarentzat. Bestetik, patriarkatua ideologia oso indartsua da eta emakume askori ez zaio gustatzen bere baimen zatia uztea. Baimen sistema gaizki diseinatuta dago eta aitak eta amak lehian jartzen ditu.

Islandia da munduan gizonentzat eta emakumeentzat gurasotasun baimen berdinzaleenak dituen herrialdea. 2000. urteko erreformari esker, bai aitak eta bai amak, bakoitzak hiru hilabeteko baimen besterenezina (intransferiblea) zuten. Beste hiru hilabete besterengarriak (transferibleak) ziren. Islandiako gizonak ez dira bereziak, erreforma egin aurretik haiek ere baimen besterenezinak eta ondo ordaindutakoak baino ez zituzten hartzen, ondo ordainduta ez zeudenak ez zituzten nahi, ezta amak har zitzakeen egunak ere, nahiz eta ondo ordainduta egon. Gaur egun 4-4-3 da sistema, lau amak, lau aitak eta lau nahi duenak. Gizonen %90 inguruk dagozkion lau hilabeteak hartzen ditu, eta besterengarriak diren hiru hilabeteren heren bat. Aurreikuspenak betetzen badira, 2016an 5-5-2 izango da proportzioa. Zifretan garbi ikusten da baimen ereduaren ibilbidea: 3-3-3 zenean, amak 6 eta aitak 3 zen emaitza; 4-4-3 sisteman, amak 7, aitak 4, eta joerak mantentzen badira 5-5-2 ereduan amak 7, aitak 5 lortuko da. Ia berdintzera iritsiko lirateke.

Espainiako Legebiltzarrean aurkeztuta dago PPIINAren ez legezko proposamena, baimen besterenezinak eta berdinak eskatzeko. Bi talde politiko handiei, PSOEri eta PPri, ondo iruditzen zaie plataformaren eskaria, baina lege bihurtu eta Islandia moduan pausoak emateko baldintza bat jarri dute: egoera ekonomikoa hobetzen denean hartuko dituzte neurriak. Santamaríaren ustez, arrazoi ekonomikoak aitzakiak dira. Ez da neurri garestia (aitaren baimena astebete luzatzea 200 milioi euro litzateke) eta onurak asko dira: jaiotze tasan eragingo luke; familia eredu berriak bultzatuko lirateke; emakumeek errazago iraungo lukete lan merkatuan.

Aitak zaintzen hastea, aldaketaren hasiera

Oraindik badira umea pediatrarengana laguntzen dutenean autoa tailerrera eramatera doazela esaten duten aitak. Santamaríak horrelako adibideak behin baino gehiagotan entzun ditu: “Baimena luzatzea lortuko bagenu ere ez litzateke denbora askorako, baina aitok bide horri segi beharko genioke, eta bide hori ez litzateke izango gure aitek egin dutena (edo egin ez dutena). Baimenak gizonoi pentsaera aldatzen lagunduko liguke. Aitok zaintzen hastea da aldaketaren hasiera”. Santamaríari arraroa egiten zaio haurrak maitatzea, baina ez zaintzea.

Edu Portilla Najera
Edu Portilla Najera: "Norbera askeago sentitzen da aitatasunaren bidea esploratzen"

“Emozioz betetako” hilabetea izan da iraila azken hamaika urteetan Edu Portillaren eta Nerea Txurrukaren etxean. Ez dituzte lan finkoak izan eta 11, 8 eta 5 urteko semeak dauzkate. Ikasturte hasieran umeen eskola ordutegiak, eskolaz kanpoko ekintzak eta beraien lanaldiak koordinatu behar izaten dituzte.

Lehenengo semea jaio zenean, biak ari ziren lanean. Elkarrekin egiten  dituzten egitasmo guztietan bezala, gurasotasuna ere halaxe lantzea erabaki zuten. Garai batzuetan aitak izan du umeen eta etxearen ardura nagusia, eta beste batzuetan, amak. Biek lanaldi murriztuak izan dituzte, Txurrukak lan-utzialdiak hartu ditu eta Portilla langabezian egon da tarteka. Seme zaharrena jaio zenetik 5-6 bat urtez hartu ditu aitak lanaldi murriztuak. Orain, lehenengo aldiz lanaldi osoan ari da: “Arabako Foru Aldundian ari naiz lanean, inoiz izandako lan baldintza eta soldata onenak dira eta baliatzea erabaki dugu, diru iturria delako. Emazteak lanaldi erdia egiten du”. Uztailean bukatuko zaio Portillari egun osoko lana.

Soldata ez da irizpide bakarra

Portillari galdetu diogu ea bataren eta bestearen soldatek eragina izan duten lanaldi murrizketak hartzerakoan: “Ez dugu ezkutatu behar, Txurrukak nik baino soldata handigoa izan du. Baina egia esaten badizut, soldata diferentzia hura ez genuen kontuan izan, biok genituen lan baldintza duinak”. Emaztea baino soldata hobeko lana izan zuen, eta aldi hartan lanaldia heren bat murriztu zuen. Bere ustez, soldatak kontuan hartu behar dira, baina ez da erabakiak hartzeko irizpide bakarra, ezta lehenengoa ere. Ulertzen du batak bestearen bikoitza irabazteak erabakian pisu handia izatea, “baina gure gizartean joera dago, soldata parekoa izanda ere, zaintzarako murrizketak emakumeak hartzekoa”.

Senar-emazteak lan ibilbideko enpresei eskertuta daude eszedentziak, ordutegi murrizketak eta moldaketak egiteko arazorik izan ez dutelako. Zoritxarrez, eskertu beharrekoa dela dio Portillak, legez eskubidea izan arren praktikan ez delako hala gertatzen. Berak Udaberri euskaltegian, SETEM Hego Haizea GKEan eta On:giz-en –emakumeen eta gizonen arteko desorekak desagerraraztearen aldeko elkartea– egin du lan.

Zer galdu duzu? Zer irabazi duzu?

Ikasteko denborarik ez du izan Portillak, hizkuntzak gustura ikasiko zituzkeen. Loa ere askotan galdu du, eta lagunekin egoteko denbora gutxi izan du. Lanaldi osoz aritu bazen, ez daki zer gertatuko zen, “baina agian lan munduan aukeraren bat sor zitekeen”. Zer irabazi duen? Umeak hobeto ezagutzea, eta batez ere ama eta aita, biak, haien erreferentzia bihurtzea. Ez matxuratu den jostailua konpontzeko eskatzeko, baizik eta umeek dituzten egoera emozionalak, konfiantza, lotura, denbora, elkarbanatzeko.

Zaintza parkean umearekin jolastea baino gehiago da

“Badira gauza asko egiten dituzten gizonak, asko ‘laguntzen’ dutenak esan genezake. Baina pentsatzen eta antolatzen, gauza guztiak buruan izaten, oraindik ere emakumeek hartzen digute aurrea”. Dena buruan izatea, arropa, pediatra, eskola, eskolaz kanpoko ekintzak... oso zama handia dela uste du. Berari adibidez, arropa antolatzea kosta egiten zaio, horretan kezka handirik ez duelako izan umeak iritsi arte. Senar-emazteak umeen gauza guztiak elkarbanatzen saiatzen dira. Adibidez, pediatrarengana joan behar badu Portillak ondokoa moduko egoerak saihesten ahalegintzen da: “Emazteak esan dit umeari hau eta hau gertatu zaiola...”.

Gizarteak aitari eta amari ez diela berdin begiratzen uste du Portillak. Autobusean jaioberria negarrez ari zela emakumeak “aholkuak” eman zizkion: “Ziur naiz gizona nintzelako ari zela”. Beste batzuetan ikusezin bihurtzen dira: “Umeari buruzko galderak amari begira egiten dira, nahiz eta aita alboan egon”.

Hurkoa zaintzeak ez du prestigiorik, hala uste du Portillak, eta beraz, zail ikusten du gizartearen onespena lortzea. Alabaina, bikotekideak eta familiak aintzat hartzen dute aitari dagokion ardura hartu izana, “eta norbera askeago sentitzen da bide hori esploratzen”.

Emakumea ordea, galtzaile. Etxeaz eta familiaz arduratzeagatik, aitorpenik ez duela izan, eta are gehiago, “etxekoandrea” terminoa sarri mespretxuz erabili dela uste du. Aitzitik, feminizatuta dauden ardura horiek gizonek hartutakoan, balorazioa hobea dela sumatzen du. “Gure jendarte matxista honek neurtzeko modu diskriminatzailea erabiltzen du lanbide edo zeregin bera betetzen duen pertsonaren arabera”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurren haziera
“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


Australian 16 urtez azpikoei sare sozialak debekatu izanaz hainbat gogoeta

16 urtez azpikoek laster ezingo dute sare sozialik erabili Australian, eta antzeko neurriak ezarri nahi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek ere. Neurriaren eraginkortasunaz, sare sozialetako eduki eta dinamikez, pribatutasunaz eta plataforma handiek honetan guztian duten... [+]


Oraindik ere nabarmen gutxiago dira seme-alabei lehenengo abizena amarena jartzen dietenak

Seme-alabari lehenengo abizena amarena jartzea baimentzen du legeak Hego Euskal Herrian, duela urte batzuetatik, baina sozialki oraindik urrun dago parekidetasuna. Tradizio patriarkalak, inertziak, aitak (eta haren familiak) gaizki hartzeak, baita ofentsatzat ere… pisua... [+]


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


DBHra pasatzean mugikorrik ez duten gazteak gero eta gehiago dira, familiek hala adostuta

Datuek erakusten dute joera apurtzea lortzen ari direla etxe (eskola) ugaritan. 11-12 urterekin ia gazte guztiek mugikorra izatetik igaro gara adin horretan smartphonerik ez duten ikasleak gehiengoa izatera hainbat ikastetxetan, guraso taldeen ekimenari esker: Zarauzko ikastolan... [+]


2024-10-04 | ARGIA
Hego Euskal Herriko umeen %8,3ak ikusmena zaintzeko zailtasunak ditu

EAEko haurren %6,4ak eta Nafarroakoen %10,2ak ikusmen pobrezia du. Visión y Vida elkarte espaniarrak egin du estatuko azterketa. Txostenaren arabera, ikusteko arazoak dituzten haurren eragozpen larriena da ez duela minik egiten, eta familiek, baliabide ekonomikorik ez... [+]


Haurrekin alzheimerraz mintzatzeko gakoak

Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.


Instituturako jauziak ere egokitzapena behar du

Ume txikienen eskola-egokitzapenaz asko hitz egiten da, baina instituturako saltoa ere ez da xamurra: hormonak dantzan eta norbere beldur eta mamuak airean, Lehen Hezkuntzan babestuago egotetik ikasteredu zurrunagora igarotzen dira gazteak. Bide horretan laguntzea inportantea... [+]


Gurasoek nola eta zenbat erabiltzen dituzten pantailak zuzenean dago lotuta seme-alabek pantailekiko duten harremanarekin

Nerabe batek mugikor, tablet eta pantailei ematen dien erabileran eragin handienetakoa gurasoak direla frogatu du ikerketa batek. Alegia, nahiz eta adin horretan gurasoenganako distantzia bilatu ohi den, pantailekiko garatuko duen harremanean gurasoak oraindik ere eredu direla... [+]


Askatasunaren tresna

Denok dakigu askatasuna kontzeptu zaila dela, ertz askotarikoa, hitzez definitzen zaila. Maiz mugagabetasunarekin definitu ohi dugu, baldintzamendurik gabe erabaki ahal izatearekin, ondoriorik ez edukitzearekin, edota ekintzen ardurarik hartu behar ez izatearekin. Baina ez denez... [+]


Iruñeko haur-eskola publikoetako ikasle berrien %37 familia sozioekonomiko ahulekoak dira

Plaza eskatu duten guztiak onartuak izan dira onarpen-sistema berria eta zikloaren doakotasunari esker. 12.000 euro baino gutxiagoko errenta duten familien 297 umek izango dute plaza.


Gurasobakarrak hautuz
“Txarra eta ona, dena intentsitate handiagoz bizi dugu”

Familiaz, azalpenak eman beharraz, topikoez, askatasunaz, kontziliazioaz, sareaz eta komunitateaz, erru sentimenduaz, ekonomiaz, traba legal eta administratiboez, haurraren eskubide urraketez... solastatu gara, hautuz gurasobakar diren Argider, Junkal, Koldo eta Maitanerekin... [+]


2024-07-24 | Leire Artola Arin
Haurtzaroko sexu erasoek gizarte osoa seinalatzen dute

Komunikabideek hainbatetan kontatzen dute halako herritan haur bati sexu abusuak egin dizkiola entrenatzaileak. Beste zenbaitetan entzuten dugu haur baten aitona atxilotu dutela bilobari sexu abusuak egiten zizkiola egotzita. Gutxiagotan argitaratzen da umeari erasoa egin diona... [+]


Eguneraketa berriak daude