Mundua mugiarazten dutenen greba

  • Maiatzaren 19an egin zuten Vaga de totes (Guztion greba) Herrialde Katalanetako hainbat hiri, herri eta auzoetan. Guztion grebak greba orokor eredu klasikoa zalantzan jartzea eta lanaren kritika feminista egitea du helburu, historikoki emakumeek egin dituzten eta egungo sistemaren eta bizitzaren sostengua diren lan erreproduktiboak ikusaraziz.

“Imajinatzen duzu guztion greba bat?” eta “nola egingo zenuke greba?” galderak airera botata hasi zuen bere ibilbidea Vaga de totes ekimenak. 2014 urte hasieran egin zuten lehen asanblada irekia Bartzelonako Katalunia plazan, eta ordutik hona ibilbide politiko, laboral eta pertsonal anitzeko ehunka emakume batu ditu Herrialde Katalanetako hiri, herri eta auzo askotan. Ekonomia feministatik lanaren adiera klasikoari kritika egin eta ohiko greba orokorra zalantzan jartzea zen abiapuntua, baina helburu eta planteamenduak aldatzen eta osatzen joan dira mugimendua eratzen joan ahala.

Pasa den maiatzaren 19an izan zen Vaga de totes edo Guztion greba eguna eta ekintzez josi zituzten herri, hiri eta auzoak makina bat emakumek. Greba egun zehatza finkatu arren, prozesuaren garrantzia azpimarratzen dute partaideek, hausnarketarako, egungo ordena zalantzan jartzeko eta etengabeko eraldaketa sustatzeko ekimena bihurtu baita. Hilabete hauetan aliantza, borroka esparru eta aldarrikapen forma berri ugari sortu direla diote.

Lan erreproduktiborik gabe, bizitzarik ez

Beste mugimendu askoren gisan, behar batetik abiatu zen hau ere. Emakumeen eskubideen, duintasunaren eta askatasunaren aurka doazen gaur egungo neurri eta erabaki sozial, politiko eta ekonomikoen aurrean, greba borrokarako tresna gisa berreskuratzeko ideia zabaldu zen Bartzelonako hainbat esparru feministatan. Irene Esteban Molina, Valentziako Vaga de totes-eko kideak dioen moduan, ekimen honek “greba orokorraren eredu klasikoa zalantzan jarri nahi du, greba bera produkzioa gelditze hutsetik harago planteatuz eta orain arte ikusezin izan diren aspektu asko barnebilduz”. Mugimendu honek orain arteko greba eredua kritikatzen du, izan ere, soldatapeko langilea izan baita beti subjektu politiko bakar edo nagusia, bizitzaren sostengurako beharrezkoak diren eta historikoki emakumeek egin dituzten lanak alde batera utziz. Alderdi politiko, sindikatu eta mugimendu herritarrek, ekonomia formala erdigunean jarriz, emakume askoren errealitatea ahaztu egin dutela salatzen du.

Bartzelonako Gràcia auzoko komiteko partaide den Cristina Arnal Saenzek dio beharrezkoa dela lanaren kritika feminista bat, egun, diruarekin ordainduak diren, esparru publikoan garatzen diren eta pilaketa kapitalistarekin lotura duten ekintzak bakarrik kontsideratzen direlako lana. Bere ustez, lan produktiboa eta lan erreproduktiboa bi esfera bereiz eta dikotomiko gisa planteatzeari utzi behar diogu, eta ulertu behar dugu bizitza sostengatzen duen lan erreproduktiborik gabe, lan produktiboa ezinezkoa dela. Historikoki emakumeek egin dituzten zaintza lanak ikusarazi eta baloratzeaz gain, emakumeak, langabetuak, autonomoak, sexu-langileak, etorkinak, jubilatuak, etxeko langileak, eta orain arte ahotsik izan ez duen oro protagonista eta subjektu aktibo izango den greba baten garrantzia azpimarratu du.

Mugimendu anitz, deszentralizatu eta horizontala

Lehen asanblada irekiak Bartzelonan egin ziren, baina deszentralizazio prozesu bat bizi izan du mugimenduak. Greba batzorde orokorraren asanblada irekiak hamabost egunetik behin egiten ziren Bartzelonan, baina denborarekin komite eta talde ugari joan dira sortzen Herrialde Katalanetako gune ezberdinetan. Vaga de Totes-en aldarrietako bat borroka formak eta planteamendu politikoak errealitate bakoitzera moldatzea da eta hasieratik planteatu da ekimen ireki eta malgu gisa. Horregatik, talde bakoitzak bere inguruan identifikatutako beharretatik abiarazi du lana. Greba batzordeak sortu dira, besteak beste, Valentzian, Bartzelonako hainbat auzotan, Mallorcan, Castellon, Pallarsen, Sant Cugaten, Bages-Moianesen eta Gironan.  

Arnal Saenz deszentralizazio prozesuari buruz mintzo da, horizontaltasunaren eta borroka forma anitzen garrantzia azpimarratuz: “patroi androzentrikoak jarraitzen dituen greba orokor ereduan pertsona askok ez dute beren borrokatzeko modua topatzen, eta gure helburuetako bat da emakume bakoitzari, bere egoera eta posiziotik, borrokarekin bat egiteko aukera emango dion mobilizazio bat sortzea. Horregatik, zentzugabea iruditzen zitzaigun greba batzorde nagusi bakarra egotea; horren ordez, elkarren artean aliatutako nodo ugariko antolaketa eredua garatu genuen”.  Egun, herri eta auzoetako batzordeez gain astero biltzen den koordinazio talde bat dago; horrez gain, komunikazioko taldea, edukien hedapena egiteaz arduratzen dena eta ekintzak antolatzen dituen taldea ere badaude.

Egun soil bat baino askoz gehiago

Hilabete hauetan zehar ekintza anitz egin dituzte auzo, herri eta hirietan, baina esan daiteke hiru datek markatu dutela prozesua: 2014ko urriaren 22ak, 2015eko martxoaren 6, 7, eta 8 egunek eta azkenik, maiatzaren 19ak. Hasiera batean, Guztion greba eguna azaroaren 22rako finkatu zen, baina indar gutxi zegoela ikusirik, eta babes sindikal eta legalik lortu ez zenez, borroka eguna bilakatu zen. Egun hartan denetariko ekintzak egin ziren, goizean goizetik Bartzelonarako sarbide nagusiak diren errepideak moztu zituzten, Vilanova i la Geltrúko merkatu aurrean kontzentrazioa egin eta herriko bizilagunei Vaga de Totes-en berri ematen aritu ziren, Bartzelonako Poblenou auzoan amantalez bete ziren etxeetako balkoiak, eta abar. Horrez gain, institutu eta unibertsitateetako milaka ikaslek ikasgelak hustu eta LOMCEren aurkako manifestazioa egin zuten; era berean, garraio publikoaren aldeko plataformak deialdi masiboa egin zuen metro zerbitzua ez ordaintzeko, kalean borroka ezberdinak elkartuz. Iluntzean, manifestazio jendetsu eta iraultzailea egin zuten, jatorri, egoera eta ibilbide ezberdinetako milaka emakume bilduz. Manifestazioan zehar hainbat ekintza eta okupazio egin zituzten, sistema patriarkal eta kapitalista iraunarazten duten arduradunak seinalatuz, hala nola, elizak, hotelak, bankuak, estetika eta arropa dendak.

Martxoak 8, emakumeen nazioarteko eguna izanik, 6, 7 eta 8rako kalera ateratzeko deialdi ugari egin ziren herri-batzordeetatik maiatzeko grebarako lanketa gisa. Esaterako, Bartzelonako Poble Sec-Raval batzordeak kalejira aldarrikatzaile eta desobedientea eta ekintza zuzen bat egin zuen Bartzelonako Filmotekaren aurrean; Gràcia auzoan historian zehar auzoan garrantzia izan duten emakumeei buruzko ibilbide bat eta herri-bazkaria antolatu zuten; Vallèseko komiteak Trivial feminista prestatu zuen Sabadelleko plazan eta Se va armar la Gorda-k Vaga de totes-ekin loturiko La nit es nostra (gaua gurea da) emakume, lesbiana eta transentzat gau manifestazioa egin zuen.

Guztion greba baten planteamenduak, oso ideia abstraktua izanik, zailtasun ugari sortu ditu hasieratik. Lehen aipatutako aniztasuna positibotzat hartu dute antolatzaileek beti, baina Irene Esteban Molinak dioenez, “denborak eta agenda politikoak asko mugatu du prozesuaren garapena, eta asko kostatu zaigu emakume batzuengana iristea, borroka esparruetatik kanpo egon direlako beti”; horrez gain, Guztion greba-ren aldarrikapenak hain barneratuta dauden borroka patroi klasikoekin uztartzea kosta egin dela ere aipatzen du: “Hori dela eta, talde eta emakume bakoitzak, bere aukera eta beharretatik eratu ditu aldarrikapenak eta ekintzak. Esan daiteke egunerokotasunetik eta gure ahalmen sortzailetik abiatutako borrokarako formula berriak garatu ditugula, patroi klasikoak apurtuz”, azpimarratzen du Esteban Molinak.

Aipatutakoaz gain, babes sindikal eta legala duen greba baten deialdia egiteko zailtasun asko egon dira, ez baita lortu Guztion greba-rekin legalki bat egingo duen sindikaturik: “Horrek ez gaitu asko harritzen, izan ere, patroi klasikoak apurtzen saiatzean sortzen diren erresistentzien isla izan daiteke gertaera hori”, dio Arnal Saenzek. Arrazoi horregatik eta Vaga de totes-ek planteatzen duen subjektu politikoaren aldarrikapen guztiak ez dituelako greba orokor batek biltzen, maiatzaren 19rako kontsumo grebarako deialdia egin zen. Horrez gain, greba eguna baino egun batzuk lehenago mota guztietako ekintzek josi zituzten herri, hiri eta auzoak, eta eguna amaitzeko manifestazio sortzaile, iraultzaile eta masiboa egin zen Bartzelonan.

Egun indartsua maiatzaren 19rako finkatuta egon arren, sistema kapitalista eta patriarkala zalantzan jarri eta lan merkatuaren kritika egiten jarraituko duen ekimen eta prozesu gisa planteatzen da Vaga de Totes. Esteban Molinaren esanetan: “Oso positiboki baloratzen dugu 19a, baina hemen ez da ezer bukatu, orain asanbladetan biltzen jarraitu behar dugu bakoitzak zein bide hartu nahi duen erabakitzeko. Lan asko gelditzen zaigu Guztion greba-ren logika izango duen benetako Vaga de totes bat lortu arte”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Emakumeek lan munduan izandako garrantzia islatu dute Arabako Arte Ederren Museoan

Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]


Laborantza lurrak babesteko barazki landaketa herrikoia antolatu dute Marienean

Kanboko (Lapurdi) lurrak babesteko deia zabaldu dute ELB, Lurzaindia eta Ostiak. Maiatzaren 17an ibilaldia, ekitaldia eta landaketa herrikoia antolatu dituzte. "Lurraldearen oraina, eta geroa ere, gure inplikazioaren araberakoa da", adierazi dute.


Oloro-Donamariako suprefetura okupatu du ELBk, behi tuberkulosiaren kontrako protokolo “gogorregia” salatzeko

Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]


Negoziazioa: negarrerako zioa

Hezkuntza publikoko irakasleok  hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]


2025-04-10 | ARGIA
Maiatzean beste bost greba egun egingo dituzte EAEko hezkuntza publikoko irakasleek

Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.


2025-04-10 | ARGIA
Negoziazioak “boikoteatzea” egotzi diote sindikatuek Nafarroako Gobernuari, funtzio publikoko greban

Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.


Teknologia
Teknologia kakatsua eskuratzeko kurba

Ekonomialariei asko gustatzen zaizkie merkatuen jokabideak adierazten dituzten grafikoak, kurbak alegia. Deigarria egin zait zentzu horretan Pluralistic webguneko “The future of Amazon coders is the present of Amazon warehouse workers” artikuluan (Amazonen... [+]


2025-04-08 | ARGIA
Grebara joko dute Donostiako gizarte zerbitzuetako langileek

Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".


Gaixo dagoen Gotzon Telleria euskal presoa etxeratzeko eskatu dute sindikatuek

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]


2025-04-08 | Gedar
Greba mugagabera joko dute asteazkenean Trapagarango MFSko langileek

Fabrika itxi eta 106 beharginak kaleratzeko asmoa dauka enpresako zuzendaritzak, eta zabalik dago lan-erregulazioari buruzko kontsulta-aldia.


2025-04-07 | Ahotsa.info
Hego Euskal Herriko langile eta pentsiodunak kalera atera dira bizi baldintza duinak bermatuko dituzten gutxieneko soldata eta pentsioak eskatzeko

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek babestutako manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izan dira. Bertan, Euskadiko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete zerga eta aurrekontu... [+]


Eguneraketa berriak daude