Arte historialaria da Maite Garbayo Maeztu (Iruñea, 1980). Iazko ekainean doktore tesia aurkeztu zuen frankismo amaierako performance obrei buruz. Gaur egun, ikerketa lanean ari da Mexikoko UNAM unibertsitatean eta, beste bi kiderekin batera, Pipa arte aldizkaria editatzen du. Erresistentzia gune gisa ikusten du artea, esan ezin daitezkeenak esateko eta estrategia estetiko-politikoak garatzeko balio duen heinean.
Feministaldian izan zinen iaz, eta, besteak beste, performabitate-bira delakoaren garrantzia azpimarratu zenuen.
Artearen historian, tradizionalki, subjektu batek (artista) objektu bat sortzen du (arte-lana), gero beste subjektu batek beha dezan (ikuslea). 60ko hamarkadan zenbait artista gertaerak sortzen hasi ziren, objektuak beharrean. Horixe da performatibitate-bira.
Oso garrantzitsua izan zen, sakon errotutako bi dikotomiarekin hautsi zuelako. Batetik, subjektu eta objektuaren arteko biko oposizioa hautsi zuen, eta beste espazio bat sortu zen, subjektu-artekotasuna dei genezakeen zerbait. Bestetik, performanceak ordura arte estetikotzat jotzen zenaren mugetatik harago zihoazenez, estetikoaren eta ez-estetikoaren arteko oposizioa ere apurtu zuten. Garbi geratu zen estetikoa soziala dela, eta politikoa, eta etikoa.
Agertzen diren gorputzak aztertu dituzu zure tesian.
Hasteko, eta performatibitate-biraren kontua aipatu dugunez, pare bat hitz esan nahi nituzke performatibitate kontzeptuaren beraren harira, nahaste-borraste handia baitago, horretan dabilen jendearen artean ere. Kontzeptua asko erabiltzen ari da arteetan, eta baita feminismoan ere, baina, egiatan, lengoaiaren filosofiatik dator, eta zera esan nahi du: badaude deskribatzaileak beharrean performatiboak diren enuntziatu batzuk, hots, errealitatean ondorio zehatz batzuk sortzen dituztenak.
Beste kontu bat dira performance edo ekintzak, horiek zuzenean daude lotuta artearekin. Nire tesia, hortaz, ez da performatibitate kontzeptuari buruzkoa, baizik eta frankismoko azken urteetan Espainiako Estatuan egin ziren performancetan agertu ziren gorputzen inplikazio estetiko-politikoei buruzkoa. Hala ere, tesiaren barruan, performatibitate kontzeptua baliatu dut aztertzeko nola artista horiek performatiboki ondorio edo ekintza zehatz batzuk sortzen dituzten errealitate publikoan, espazio publikoan ekiten baitute sarri.
Zer esan nahi du gorputz bat agertzeak?
Espazio publikoan presentzia-espazio bat hartzea da eta, horrekin lotuta, subjektuak agentzia hartzea. Agertzen den hori ez da derrigor absente zegoen zerbait; ordea, beste modu batean agertzen da edo ikusgarritasun mota zehatz bat hartzen du. Andreen gorputzaren adibidea jartzen badugu, ideologia nazional-katolikoak andre-gorputz zehatz batzuk moldatzen eta ekoizten zituen, erregimenari zerbitzu egiteko, eta eredu horiek zeuden presente. Nik aztertu dut 60ko hamarkadan agertzen hasi ziren andre artisten gorputzek zer zeukaten aurreko gorputz horretatik (ezin baitzen huts-hutsetik hasi), eta zer gauza berri proposatzen zituzten.
Hortaz, frankismo amaieran, gorputzarekin lan egiten zuten andre artista asko izan ziren Espainiako Estatuan?
70eko hamarkadan gauza nahiko berezia gertatu zen Katalunian, seguru asko, estatu frantsesetik gertu zegoelako eta diktadura ez zelako beste toki batzuetan bezain gotorra. Artista talde bat, gerora kontzeptual katalanak deitu izan dituztenak, lanean hasi zen bestelako medioekin: instalazioa, bideoa, performancea… Praktika alternatiboak zirenez, ez hain instituzionalizatuak, hainbat andre sartu ziren artearen esparrura.
Andre artista horietako batzuekiko interesa izan zen nire tesiaren abiapuntua: Fina Miralles, Olga Pijoan… Horien xerkan hasi nintzen, baina konturatu nintzen ekintza-lan guztietan gorputza lehen lerroan ipintzen zela, eta hori oso esanguratsua zen, hain zuzen ere, 40 urtez gorputzaren diskurtso nazional-katolikoa nagusi izana zen toki batean gertatzen ari zelako.
Gero, jendeak beti galdetzen du Esther Ferrerren lanak benetan feministak izan ote ziren, baina modu hartan agertzea ezinbestean izan zen iraultzailea. Garaiko prentsa irakurtzea besterik ez dago: puta esaten zioten, itzulingururik gabe.
Tesian planteatzen duzu eremu estetikoa erresistentzia-gune izan daitekeela. Adibiderik?
Gonçal Sobréren lan bat datorkit burura, La dansa de l’afusellament [Fusilamenduaren dantza], 1966 ingurukoa. Sobré horma baten parean dago, gorputza mugitzen du tiroka ari balitzaizkio bezala, eta lurrera jausten da. Bartzelonako Poblenou auzoan egin zuen, Camp de la Botan, jende mordoxka fusilatu zuten tokian. Arte-ekintza bera, itxuraz, kaltegabea da: tipoa ez da espetxera joango pareta baten aurrean mugitzeagatik. Hala ere, esan ezin daitekeen hori esaten ari da, arekatan dauden gorpu horiek guztiak aipatzen ari da.
Sobréren obrak, tesian aztertzen ditudan lan askok bezala, debekatuta zegoena esateko modu berriak sortzen ditu eta zentzu horretan jo dezakegu estrategia estetiko-politikotzat eta erresistentzia-gunetzat. Artearen esparruan anbibalentzia moduko bat sortzen da, arte-ekintza ikuskizuna ala errealitatea ote den. Horrek aukera eremu bat irekitzen du, lengoaia bihurritu baitaiteke, eta metaforen edo metonimien bitartez hitz egin. Esparru estetikoa eta, kasu zehatz honetan, arte-ekintza, pribilegiozko toki bilakatzen da, errealitate sozio-politiko zehatz bat auzitan jartzeko eta kritikatzeko. Zenbait artistek egindako gauzak aktibistek egin izan balituzte, gogor jazarriak izango lirateke.
Aztertu dituzun artistak nahiko ahaztuta egon dira orain gutxira arte.
Bai, artista hauetako asko erabat baztertuak izan ziren 80ko hamarkadan, proiektu nagusiago baten mesedetan, Trantsizioa esan dioten horren mesedetan. Artearen esparruan ondorio oso zehatzak izan zituen. Bira oso erreakzionarioa egin zen, atzera margogintzara itzuliz, nahiz eta aurreko hamarkadan abangoardiako praktikak egin zituzten, besteak beste, Zaj-ek edo Esther Ferrerrek.
Trantsizio garaian, Espainiako Gobernuak, kanpora begira, modernitate-irudia eman nahi zuen, diktadura gainditu zelako itxura eta, hain justu ere, orduantxe sortu zen ARCO azoka eta diru-laguntzak eman zitzaizkien artista jakin batzuei. Esportatutako artista guztiak gizonak ziren, jenioaren estereotipoarekin bat egiten zutenak, gainera.
Oro har, 80ko hamarkada nahiko garai kontserbadorea izan zen (Thatcher, Reagan), baina Espainiako Estatuan aurreko praktika guztiak ahaztu ziren, eta orain gutxira arte ez dira ikertzen hasi, 90eko hamarkadatik aurrera, batik bat.
Artista hauen lanak ez zion mesederik egiten trantsizioaren kontakizun ofizialari.
Inondik ere ez. Hain zuzen, hori izan da tesiaren ondorio garrantzitsuenetako bat. Praktika hauek ikuspegi berri eta zehar-lerrokodun batetik aztertzean, genero-ikerketak eta klasea ere kontuan hartuta, ikusten dugu eduki politiko indartsu bat daukatela eta zalantzan jartzen dutela Espainiako Estatuaren historia hegemonikoa, eta, bereziki, trantsizioaren kontakizun ofiziala, alegia, trantsizioak aurreko erregimenarekin hautsi zuela dioen kontakizun hori. Agerian uzten dute ez zela zinezko aldaketarik izan, aurrekoaren jarraipena baizik.
Mexikoko UNAMen zaude orain, eta bertan idatzi zenuen tesiaren puska bat ere.
Bai, 2013-2014ko ikasturtean hemen izan nintzen. Oso lagungarria suertatu zitzaidan, hemengo akademian lantzen ari direnak gako interesgarri asko eskaini zizkidalako, tartean, frankismo amaierako obra horiek ezberdintasunetik abiatuta pentsatzeko gakoa. Latinoamerika ezberdintasunetik pentsatzen da, daukaten kolonizazio-historia bortitzagatik. Frankismo garaian, Espainiako Estatua ere ezberdintasun-toki bat zen, ez baitzen Europa ez sinbolikoki, ez artistikoki, ez intelektualki. Han gertatu zena ezin da arte feminista anglosaxoiarekin alderatu, zenbaitzuek egin bezala.
Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.
Behin batean, gazterik, gidoi nagusia betetzea egokitu zitzaion. Elbira Zipitriaren ikasle izanak, ikastolen mugimendu berriarekin bat egin zuen. Irakasle izan zen artisau baino lehen. Gero, eskulturgile. Egun, musika jotzen du, bere gogoz eta bere buruarentzat. Eta beti, eta 35... [+]
Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]
Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]
Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]
Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.
Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Donostian jaioa, urte mordoxka bat Alkizan eman zituen bizitzen, baserri batean. Inguratzen zuen naturak lilura sortzen zion. Margolari gisa egin da ezagun, nagusiki.
Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]
Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]