Hau ez da Goenkale-ren aldeko harenga, baina ETB1eko telesaila egon izan ez balitz, sortu egin beharko litzateke. Hasteko, ez dagoelako iraupen luzeko euskarazko beste fikziorik gure telebistan eta, bestetik, fikzio barik ez dagoelako bizitzaren antz handiena daukan errealitate asmatua euskaraz entzuteko aukerarik, hau da, ahozkotik gertuen dagoen euskararik entzuteko aukerarik. Zoritxarrez, ordea, euskaraz zegoen fikziozko serie bakarra bertan behera lagatzea erabaki du ETBk.
1994ko urriaren 3an eman zuen lehenengoz ETBk Goenkale serie fikzionatua, BBCk Galesko telebistarako ekoizten zuen Pobol y Cwm (Haraneko jendea) telesailari segika. Antzekotasunak badira bien artean: hizkuntza gutxitua, herri txiki bateko istorioak, eta telebista publikoan hiztun komunitate zehatz bati zuzenduta. Aldiz, ez dago hain argi galestarren artean ere telesaileko hizkuntzaren inguruan eztabaidarik izan zen. Nork ez du entzun, edo esan, Goenkale-n hitz egiten den moduan ez dela inon berba egiten? Edo, arraldetarren berbakera ez dela naturala? “Horiek topikoak izaten dira, ezinezkoa da kaleko hizkuntza erabiltzea telebistan; hara dihoana ikasitako testu batekin doa beti eta kalekoa inprobisazio hutsa da”, dio Jose Luis Aranguren Txiliku-k, Goenkale-n platoko gidoi arduradun eta zuzentzaile izan denak azkeneko bederatzi urteetan. Orduan zein erreferentzia erabiltzen dira bada, horrelako baieztapen borobilak egiteko? Bea Zabalondok, EHUko irakasle eta Goenkale-ko elkarrizketa-sortzaile izandakoak, argi dauka: “Inongo telebistan ez da hitz egiten kalean hitz egiten den bezala; ez dakit zergatik jartzen ditugun antiojo bereziak euskarazko telebistarako eta euskarazko fikziorako. Nire inpresioa da oso espainolak garela, oso ondo menperatzen dugula espainol mundua, baina gero euskarara etortzen garenean, galdu egiten dugula pertzepzio hori”.
Goenkale egiteko erabakia hartu zenean ere, kezka hori bazen. Alegia, “euskara ibilbide oso laburra egina zen ikus-entzunezkoen munduan, zaila gertatzen zen euskal hiztunen hizkeraren eta telebistak hiztun horiei eskaintzen zien euskara-ereduaren arteko identifikazioa lortzea”. Holaxe jasota utzi zuen Anjel Lertxundik Goenkale hamaseigarrenean ari zela osatu zuten Sutondo berria txostenean. Hasierako taldeak nahi zuen “jendeak ia oharkabean jasoko zukeen hizkera naturala” lortzea. Erabaki zuten “garatzen ziren kontakizunen araberako tonuak lantzea”. Lan horretan bertan esaten denez, “aktoreak batuan jardun arren, ereduak bazuen zerbait hurbileko bihurtzen zuena, zerbait hori liburuetako eredu zurrunetatik urrutiratu eta kalera irten izanak zekarren, seguru asko”. Helburu horrekin aritu dira lanean hasieratik, Zabalondok gogoratu digun moduan, hizkuntzak ahozkoak baitira, “ez dezagun ahaztu”.
“Oinarria beti izan da elkarrizketa eta helburua, ahozkoa”, Txilikuk dioenez. Euskal Herri osorako produktua sortu behar zuten eta “ahal zela, hizkuntzaren aberastasun guztiak ateraz”. Horrek, ardura handiz jokatzera behartu ditu elkarrizketa-sortzaileak, baita hitanoaren formak zaintzera, eta euskalki guztiak egon zitezen kontuan izatera ere. Nola osatu hortaz, Iparraldean eta Hegoaldean, bizkaieraren eremuan eta gipuzkerarenean, euskarazko elkarrizketa natural eta sinesgarriak? Onartuta hizkuntzak joan behar duela interpretazioaren mende eta pertsonaiaren mailan. Horixe dio Txilikuk. Inportantea Goenkale-n erregistroa dela-eta pertsonaia batek eduki behar dituela, testuinguruaren arabera, erregistro diferenteak. “Aldaketa hori da interesantea”. Alegia, “pertsona bat ezin duzula izan behartutako hizkuntza bat egiten luzaro. Bizkaitarra bada, bizkaitarra da; ama bizkaitarra badauka eta alaba zera baino gipuzkoarragoa, agerian geratzen da”. Eta Goenkale-k zerbait erakutsi badu izan da hainbat pertsonaia erregistro diferenteak erabiltzeko gai direla eta balio izan du, Zabalondok azpimarratzen duenez, “ikusteko gure hizkuntzaren aberastasuna noraino iritsi daitekeen erregistroetan eta fikzioa egiteko balio duela”.
Hala, hainbat eta hainbat esamolde jaso dira Goenkale-tik. Maria Luisarenak, akaso, gogoangarrienak, baina hitanoa erabiltzen ere asmatu zuten. Txapasen pertsonaia “Hori egina zagon!” esaten hasi zenekoa iraultza izan zen telebistan. Egin kontu: 206. atalean Iker izeneko pertsonaiak esaldi horixe erabili zuen batean, Txapasek berak zera bota zion: “Hi, esaldi hori erregistratuta zagok... nire-nirea duk!”. Ezezaguna zen tratamendu modua Euskal Herri osora zabaltzea lortu du Goenkale-k bai eta euskalkietako lexikoa ezagutzera eman ere. Eta, horrek, EHUko irakasleak dioen bezala, balio izan du Euskal Herri osoko gazteek beste leku batzuetako euskarak ikus ditzaten, “euskara diferenteak bisibilizatzeko”.
Bat dator horretan Leire Narbaiza euskara irakaslea ere. “Ikasleei hikako formak entzuteak balio izan diete, hasteko, existitzen direla jakiteko, eta era berean, erabileraren beldurra kentzeko”.
Goenkale-ren aurretik egin ziren fikziozko beste serieak ere gogoan ditu Narbaizak, Bi eta bat eta Hau da hau, adibidez. “Kaleko hizkera edo euskalkietatik gertuago” zeuden, baina zerabilten euskara oso zurruna zela dio, “oso literarioak esamoldeak, oso urrunekoa, beste euskalki batetik abiatuta baleude bezala. Oso ahozkoa egin nahi zuten, baina oso idatzizkoa zen, modu batera esanda, oso liburu”. Goenkale-k, berriz, “eragin handia izan du, espresio asko zabaldu ditu eta, euskara maila desberdinak erabili izan ditu eta hori lagungarria izan da, adibidez, B mailako ikasleak erakartzeko, trama jarraitzen laguntzen zielako, adibidez, Leonor batek gaztelaniaz”. Euskara irakaslearen iritziz , “beti izan da eraginkorra, eta batez ere erreferentziala zeren ez dago fikziorik euskaraz”.
Narbaizak azpimarratu duen horixe larria da oso; izan ere, Txilikuk dioen bezala, “euskarak betetzen ez dituen tarteak beste hizkuntza batek okupatzen ditu eta momentu honetan ez daukagu besterik euskal telebistan”. Are, 2005ean Zabalondok ikerketa lan bat egin zuen non ikusi zuten gazteek jotzen zutela kate espainiarretara euskaraz ez zutelako topatzen eurentzako fikzio egokirik. “Oso nabarmena da, oso sintomatikoa, marrazki bizidunekin hazitako gazteei entzutea esaten eurentzat Doraemon eta Shin Chan euskaraz direla, hau da, beraien lehenengo errepresentazioa euskaraz dela”. Baina “marrazki bizidunetan hazitako gazteek gero ez dute jarraikortasunik izan eta eten horrek paralizatu egiten ditu, baita zinema euskaraz ikusteko ere”. EHUko irakasleak dioenez, ez gara ohartzen “euskaraz ikusteko ohitura falta horrek zelako faktura ekartzen digun”. Bere ustez, transmisio kate horretarako gaur eguneko tresnak jarri behar dira: “Fikzioa da garrantzitsuenetako bat eta euskaraz hutsunerik handiena dagoen eremua da”.
Bada, gainera, beste faktore bat, Txilikuk eta Zabalondok biek ala biek azpimarratu dutena. Euskaldun berrientzat edo eskolan euskaldundu direnentzat euskarazko fikziozko serieek egiten duten transmisio lana. Izan ere, etxetik euskara jaso duenarentzat eta euskaraz bizi denarentzat natural sartu daitekeen erregistro multzoa izanik, “eskolan euskaldundutakoak diren eta erregistro akademikoa bakarrik dutenentzat euskara entzun eta jasotzeko bidea da ikus-entzunezko fikzioa eta hori da behar dena, euskara ez baita bakarrik akademikoa”. “Egin kontu –diosku Txilikuk–, euskaldunen %40 badira ama hizkuntza euskara ez dutenak, non entzungo dute erreferentziala izango zaien euskara? Hori fikzioak landu behar du, irratiak eta telebistak egin behar dute. Entzunaz bakarrik dago bizirik hizkuntza!”. “Bizitzaren antzik handiena daukan errealitate asmatua, idatzizko interpretatua da fikzioa. Eta gu pobre gaude alde horretatik”, azpimarratu du Txilikuk.
Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuak, 2011n, Goenkale-ren elkarrizketekin corpusa osotzea erabaki zuen. 2011ra arteko 805.796 hizketaldi biltzen ditu, ordura arte ETB1ek eman zituen 2.418 atalak. Egunotan, datu basea eguneratzekoak ei dira.
Lanerako tresna ezinbestekoa da Goenkale-ren corpusa. Txilikuk dioenez, “ez dakigu zer hizkuntza daukagun landua. Bikoizketan egin den lan guztia ez dago inon jasota eta erreferentziak galduta dauzkagu”. Egindako lan horri jarraipena ematea dagokigu: ikerketa arloari corpusarekin lan egitea eta telebistari euskarazko fikzioak sustatzea. Zabalondok dioen bezala, “euskaraz bizi nahi badugu, erabilgarria izan dadila, jar dezagun hori ikusgarri eta entzungarri. Euskal telebista publikoari tokatzen zaio euskarazko fikzioa egitea eta bideak jarri beharko dira horretarako”.
1994an ausartu ziren erronka guztiei aurre egiten, artean telebistako profesionalik apenas zegoela. Gaur egun egoera guztiz bestelakoa da, eta Goenkale-k, eta aurretik egin ziren euskarako fikziozko beste serieek, erakutsi dute bidea. Ez dadila alferrik galdu egindako lan eskerga. Txapasek zioen bezala, zailena “egina zagon” eta!
‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.
Gero eta akats ortografiko gehiago atzematen dugu sare sozialetako idazkietan, eta ez soilik gazteek egindakoak, baita komunikabideetakoak ere. Batzuk hain bihurtu dira ohiko, non gure begiei apenas ez dieten minik ematen.
Horrela, gaztelaniaz hauek bezalakoak barra-barra... [+]
"Ekin eta jarrai" da Euskaltzaindiaren goiburua. Ez dakit Akademia zergatik ez zuten ilegalizatu, hiru berba horiek agertuta bere logotipoan. Gutxiagorekin egin dira salaketak-eta (adin batekook La orquesta Mondragón-en kasetearena gogoan dugu, Martxoaren 11ren... [+]
Faith Chepngetich Kipyegon keniarrak 1.500 metroko atletismo proba irabazi zuen larunbatean, Paris 2024ko azken-aurreko egunean, bigarren emakumezkoa bilakatuz historian atletismoan urrezko hiru domina olinpiko erreskadan lortu dituena. Gauzatxo bati ere erreparatu... [+]
Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian jardunaldia antolatzen du ostiral honetan Baionan Euskaltzaindiak. Euskararen alde egiten dena eta ez dena eztabaidatzeko mementoa izango da. Eragileak eta politikariak bilduko dira egun osoan.
Euskara galdua zen eremu mistoko eta ez-euskalduneko herrietako familien ahaleginak aitortuko dituzte ekitaldian. Oskar Alegria zinemagilearen bideoak emango dio hasiera ekitaldiari 11:30ean udaletxean.
Donibane Lohizunen jaio zen Duhalde 1987an, baina Uztaritzen bizi eta hazi da, eta etxean zein herrian entzundako euskararen aldaerek bultzatu dute Lapurdi itsas hegiko euskarari buruzko tesia egitera. Gaur egun, EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatean ari da irakasle lanetan... [+]
Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.
Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.
Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.
Anik Nandi Indiako soziolinguista da, Mendebaldeko Bengalan jaioa. Gaur egun doktoratu ondoko ikertzailea da EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Sailean, eta kolaboratzailea, berriz, Galiziako Errege Akademiako (Real Academia Galega) Soziolinguistika Mintegian eta... [+]
Euskaltzaindiak Hiztegia sarean eguneratu du: 646 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta 1.130 forma moldatu edo findu. Lehendik dagoena txukuntzeari ere garrantzia eman diote. “Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasunari dagozkionak: emakumeen... [+]