"Udalerri euskaldunak gaur egun ez dira hain euskaldunak"

  • UEMAk eskatuta, Soziolinguistika Klusterrarekin egin du ikerketa lana Iñaki Iurrebaso soziologoak. Udalerri euskaldunetako bilakaera soziolinguistikoa EAEn, 1981-2011 du izena azterketak. Euskalgintzak antzemanda zuen joera baieztatu baino ez da egin ikerketan, udalerri euskaldunak erdalduntzen ari dira, eta azken hamarkadan azkarrago.

Paperak mahai gainean jarrita azaldu zuen hurrengoa: “Hemen N1 errepidea dago. Hemen Bilbo-Donostia autopista. Hemen trenbidea. Euskalduntasun mailari eusten dioten herriak garraiobide nagusietatik aparte samar daude: Baliarrain, Orexa, Amoroto, Abaltzisketa, Beizama, Gaztelu, Gaintza...”. Andoni Canellada / Argazki Press

Ikerketa lan honetan euskararen bilakaera neurtzeko hiru aldagai hartu dira kontuan.

Hautu metodologikoak baditu bere mugak. Erroldetan euskararekin lotutako hiru gai lantzen dira: hizkuntza gaitasuna, lehen hizkuntza, eta etxeko erabilera. Hiru aldagaiak oso garrantzitsuak dira, ez dira pitokeriak, baina ez dira aldagai bakarrak: lan mundua, hedabideen kontsumoa, hezkuntza… informazio hori ez dago. Beraz, argazkia ez da oso-osoa.

Zein dira ikerketa gai diren udalerri euskaldunak?

126 udalerri dira, EAEko udalerrien erdiak. Herriotan 335.000 biztanle bizi dira, EAEko herritarren %15. Datu hori inportantea da, herritarren %85 gainerako herrietan bizi da. Udalerri euskaldunak diogunean UEMAren irizpidea ari gara kontuan hartzen, alegia, udalerriotan euskararen indizeak %70 gainditzen du. Indizea honela kalkulatzen da: herri horretako euskaldunen ehunekoa gehi ia euskaldunen erdiak. Ia euskaldun deitzen zaie ulertu bai baina hitz egiteko gai ez diren hiztunei. Praktikan, euskaldunak %60tik gora dituzten udalerriak ditugu multzo horretan, horiei deitu diegu, UEMAren irizpideari jarraituz, “udalerri euskaldun”.

Zein da ezaugarri demografiko azpimarragarria?

Txikitasuna. Azken urteetan, oso modan dago euskara modernitatearekin, hiritar izaerarekin lotzea. Egia da hortik bide luzea egin dela, baina oraindik ere batez beste euskara herri txikietan handietan baino askoz indartsuago dago. Udalerri euskaldun bezala definitu ez ditugun horietako biztanleen bi herenak herri handietan edo hiriburuetan bizi dira, 25.000 biztanletik gorako herrietan. Aldiz, udalerri euskaldunetan ez dago herri bakarra 25.000 biztanlera iristen denik. Bi mundu dira. Orain dela 30 urte, seguru asko desoreka handiagoa izango zen, baina oraindik horrela da.

Zerk eman dizu arreta?

Udalerri euskaldunak multzoan hartzen baldin baditugu, alegia, Errezildik Tolosara denak batera, nolabait esateko, argazkiak erakutsiko digu elebitasunetik gertuago daudela euskaldun purutasunetik baino.

Herri horietan euskaldunak %72 dira, gazteleradunak %90etik gora izango dira, baina ez daukagu daturik, erroldetan ez baita gaztelaniaren ezagutzari buruz galdetzen. Gaitasunari dagokionez, euskaldun elebakarrak ia desagertuta, herri horiek ez daukate garai bateko euskalduntasun maila. Etxeko erabilerari dagokionez, gehiago dira etxean gaztelania baino euskara erabiltzen dutenak, baina nahiko parekatuta: %47 euskaraz nagusiki eta %37 gaztelaniaz nagusiki.

Udalerri euskaldun deitzen diegu, besteak beste izendapen hori eman zaielako, baina errealitate soziolinguistikoak gehiago du elebitasun orekatu xamar batetik. Elebitasun soziala Euskal Herrian nonbait egotekotan herri horietan dago. Jende gehienak dakizki bi hizkuntzak, bi hizkuntzak erabiltzen dira.

Hizkuntza gaitasuna, lehen hizkuntza eta etxeko erabilera aztertu dituzu. Zein da ondorioa?

Hiru aldagaietan ikusten dena funtsean bat dator. Gaitasuna hartzen badugu, EAEn azken 30 urteotan euskaraz hitz egiteko gai direnen kopuruak gora egin du nabarmen, baina udalerri euskaldunetan lehenengo fasean (1981-1991) pixka bat gora egin zuen, 1991-2001 artean hortxe mantendu zen, eta azkeneko hamarkadan behera egin du. Duela hamar urte baino euskaldun gutxiago dago herri horietan.

Zer gertatu da lehen hizkuntzarekin eta etxeko erabilerarekin?

Bi grafikoak oso berdintsuak dira [ikus hurrengo orrialdean]. Lehen hizkuntzari buruzko datu orokorrak kontuan hartuz, eta EAEri dagokionez, beherakada txiki bat dago. Udalerri euskaldunetan, lehen hizkuntza euskara dutenen kopuruaren beherakada batez bestekoa baino nabarmen handiagoa da, gehienbat azken hamarkadan.

Harrigarriena etxeko hizkuntzarena izan da, udalerri euskaldunetan kuantitatiboki hartu duen joera. 2001etik 2011ra nagusitu den errealitate soziolinguistikoak –erdara geroz eta gehiago etxeetan eta euskara geroz eta gutxiago– erritmo berean segituko balu 30 urtez, konturatzerako gurutzatu egingo lirateke, eta hemendik 40 urtera non kokatuko litzateke? Ez dut uste hori gertatuko denik, besteak beste, neurriak hartuko direla pentsatu nahi dudalako. Serio hartzeko errealitatea iruditzen zait.

Nola azal daiteke etxeko erabilera horrela jaistea?

Gu ez gara azalpenetan sartu, ez dugu hori ikertu. Botako ditudan ideia guztiak hipotesiak dira. Pertsonen fluxuari lotutako faktoreak begiratzen baditugu, bertako hainbat jende kanpora joan da bizitzera eta kanpoko jendea bertara etorri da. Joan diren ia denak euskaldun osoak dira eta etorri diren horietako batzuk ez dira euskaldunak, edo euskaldunak izanda ere gutxiago erabiltzen dute euskara.

Zeintzuk etorri dira kanpotik? Familia osoak batetik, eta bikotekideak bestetik. Herri txikietako etxebizitza eskaintzak erakarri ditu nagusiki kanpoko familia asko. Bikotekideen kasuan, nahiz eta pertsona bakarra izan, etxeko hizkuntza ohiturak alda ditzake familia euskaldunera kide erdalduna etortzen denean. Estatistiketan euskaraz ez dakien pertsona bat da, baina etxean euskaratik gaztelaniara igarotzea eragin dezake. Etxean bezala, lagunartean eta inguru zabalagoan eragin dezake. Herri txikietan, gure adinekoen guraso eta aiton-amonak herri bertako edo gehienez ondoko bailarakoekin ezkontzen ziren. Gure belaunaldian ez da arraroa bikotekidea urrutiago bilatzea… eta linguistikoki perfil desberdinak dituzte.

Jendearen fluxuek eragindako aldaketak dira horiek denak. Beste kontu bat da bertako etxeetan berez zein aldaketa gertatu diren. Adibidez, hedabideen kontsumoa euskararen ikuspegitik. Zarautzen egin genuen ikerketa duela bederatzi urte. Elebidunak %71 ziren, euskararen kaleko erabilera %66, etxeko erabilera %48, eta euskararen erabilera telebista ikusterakoan %20. Prentsa irakurketa euskaraz %20, eta Hitza sortuta zegoen. Hedabideen kontsumoan agertzen zen, beraz, euskararen erabilera ahulen. Herri euskaldunetako etxeetan gertatzen ari den bilakaerarekin zerikusirik ba al du horrek? Baietz esango nuke. Duela 40-50 urte ia telebistarik ez zen, eta gaur egun lau ordu pasatzen dira telebistaren aurrean batez beste. Erdara sartzen da gure etxean eta gure bizitzetan. Hedabideena ez da txikikeria.

Lanlekuak ere eragingo du.

Gero eta urrutiago joaten gara lanera, eta herri euskaldunen kasuan, lantoki erdaldunetara geroz eta gehiago joatea esan nahi du horrek askotan.

Euskarari hobekien eusten dioten herrien isolamendu maila aipagarria da. Ikerketako datuetan antzeman daiteke: euskara indartsuen dagoen udalerriak toki isolatu samarrak dira.

Zer esan nahi duzu isolatuak diozunean?

[Mapa zabaldu du mahai gainean]. Hemen N1 errepidea dago. Hemen Bilbo-Donostia autopista. Hemen trenbidea. Ez dugu sistematikoki aztertu, baina 1981ean, herri mordoxka zeuden euskaldunen portzentajea %90etik gorakoa zutenak, tartean: Lizartza, Gamiz-Fika, Maruri-Jatabe… Azken bi hamarkadetan euskalduntasun maila hori galdu dute herri horietako gehien-gehienek eta eusten dioten herriak azkeneko puntan daude, garraiobide nagusietatik aparte samar: Baliarrain, Orexa, Amoroto, Abaltzisketa, Beizama, Gaztelu, Gaintza, Albiztur, Amezketa, Aulesti… horietan eusten zaio ondo. Gune urbano nagusietatik gertuago daudenetan, ordea, galerak handiagoak izan dira.

Muturreko habitatak desagertze bidean dira. Hau da, udalerri erabat euskaldunak gero eta gutxiago daude, eta alderantziz, udalerri zeharo erdaldunik jada ez da geratzen. Bilakaera logikoa al da?

Logikoa logikoa…  

Agian ez da harrigarria?

Ez da harrigarria. Udalerri erdaldunetan euskaraz hitz egiteko gai diren herritar kopuruak gora egin izana eta erabilerak pixka bat gora egin izana logika baten barruan sartzen da. Ikaragarrizko ahalegina egin da azken hamarkadetan, gehienbat haurren irakaskuntzan, eta emaitzak eman ditu.

Herri euskaldunetan atzera egiteak ere logika badu. Lehen esan ditugunak faktore indartsuak dira, eta horiei aurre egiteko politikak martxan jartzen ez badira normala da emaitza. Faktore konplexuak dira, urbanizazio eredua, bikoteak eratzeko ohiturak, lantokiak gero eta urrutiago… Horietan eragin al daiteke? Kasu batzuetan bai, eta horretarako bideak asmatu beharko dira, baina ez dira txikikeriak.  

Erdalduntzen ari diren gune euskaldunak eredu ditugu.

Garbi utzi behar dugu datuek erakusten dutena: galera bereziki handia da udalerri euskaldunenetan, arnasguneetan. Oro har, zenbat eta udalerri euskaldunagoa, orduan eta handiagoa izan da atzerakada. Beste muturrean, zenbat eta jatorriz erdaldunagoa izan herri eta hiriak, orduan eta gehiago aurreratu du euskarak. Arretaz begiratzeko errealitatea da. Gasteizen edo Bilbon 100, 1.000 edo 100.000 euskaldun gehiago, oso ondo, bikain. Baina euskararen osasunerako kritikoa da gune euskaldunenean gertatzen dena. Mikel Zalbidek esana du, “euskararentzat benetako lehentasuna behar du izan arnasgune hauei eusteak”.

Udalerri euskaldunak gaur egun ez dira hain euskaldunak: etxeetan ere erdarak pisu handia du, euskaraz %72k daki, baina erdaraz dakitenak ez dira hori baino gutxiago.

Azken bi hamarkadetan atzera egin du euskarak eta azken hamarkadan aurrekoetan baino gehiago.  

Abiadura hartu du, orduan?

Bai. Seguru asko bi gauza gertatu dira. Batetik, etorkin berrien fenomenoa, eta bestetik, nagusiki, urbanismo ereduak. Hipotesiak baino ez dira.

Orain arte gune erdaldunetan jarri da indar berezia. Orain bestelako egoera batean ote gaude? Gune euskaldunetan eragiteko ordua ez al da?

Nik uste dut baietz. Alde guztietako jendeari entzuten diozu horrelako gauzak esaten. Ez da behar bezainbesteko arreta jarri udalerri euskaldunenetan zer gertatzen ari den aztertzeko. Buelta ematea ez da hain erraza izango, azpian dauden joerak ez dira pitokeriak, baina hori orekatu dezakeen politika eraginkorrago bat egiteak ez dirudi hain zaila. Agian gehiegi esan dut, baina baliabideak behintzat jar daitezke. Baliabideei dagokionez, ez da gauza bera Bilbo Handia euskalduntzea edo Lea Artibairi eta Urola Kostari eusteko baliabideak jartzea. Kanpoko faktoreetan ere eragin behar da, jakina. Baina hizkuntza politikaren betiko bideak ere erabili daitezke. Adibidez, herri txiki euskaldun batean euskaraz aritzen den guraso taldeari guraso erdalduna  gehitu bazaio, ordaindu euskaltegia lehenbailehen pertsona horri. Gasteizko funtzionarioa liberatzen bada euskara ikasteko, ez al da hori bezain inportantea ingurua erdaldundu baino lehen guraso hori euskalduntzea? Beharbada esan berri dudana okurrentzia bat da, baina uste dut badagoela betiko bideak erabilita eragiteko tartea.

Nekrosi itzulgarria

Botila nola ikusten den, esan zaigu, “poziktibity” txepelaz. Baina ez dago Iurrebasoren azterketa positiboki irakurtzerik. Udalerri erdaldunenak ezin baitziren erdaldunagoak bihurtu, soilik matematikoki bada ere. Kontua da udalerri euskaldunak erdaldundu direla; azpimarratu beharreko bi ñabardura garrantzitsurekin: batetik, udalerri euskaldunenak direla gehien erdaldundu direnak; eta, bestetik, azken hamarkadan areagotu dela erdalduntze-prozesua. Lehen ñabardura matematikatik ere hein batean azaldu daitekeenez, gatozen bigarrenera, euskararen desagertze-prozesuaren formulan osagai berri bat mahaigaineratu duelakoan: azken urteotako urbanizazio-eredua.

EAE osoa, eta bereziki ipar-isurialdea, oso urbanizatuta eta artifizializatuta dago. Bizkaian eta Gipuzkoan, zehazkiago, dagoeneko lurzoruaren %89 baino gutxiago da urbanizaezina (Udalplan); eta, horri gehitu behar zaio landa-lurzoruak bildu behar duen azpiegitura-kopuru erraldoia, azken hamarkadan nabarmen areagotu dena, lurraldea erabat zatituz, eta natura- eta hizkuntza-ekosistemen biodibertsitatearentzat hain garrantzitsua den jarraitutasun espaziala desintegratuz. 1981-2011 arteko euskararen portzentaje-galera handienak (%20tik gorakoak), esaterako, Mungialdeko Fruiz, Gamiz-Fika eta Maruri-Jataben jazo dira. Mungialdeko kostaldearen euskalduntzea poztekoa izan arren (Gorliz, Plentzia eta Sopela %17 igo dira), aztertzekoa da Mungia udalerriaren alboan gertatutakoa (Gatikak eta Meñakak ere ia %20 galdu dute). Beste hainbat arrazoiren artean, nahiko agerikoa da Bilboaldeko “etorkin” erdaldunen eragina, Derio-Mungia autobideak erraztutako urbanizazio-prozesu azkarra tarteko. Emaitzak ikusita, azterketa linguistiko-urbanistikoa Arratiara, Busturialdera eta Tolosaldera ere zabaltzeko garaia da, berandu baino lehen.

Eta badago bigarren osagai bat ere aipatzeko: erakundetzeak dakarren sendotasuna ezin da gutxietsi. Datuak gurutzatuz, laster ikusten baita euskaldunen hazkunde negatiboena pairatu duten udalerri euskaldun gehienak UEMAtik kanpo daudela. Arratiako kasua argigarria da: 1981-2011n euskaldunen %5eko galera baino handiagoa egon da Arantzazu, Arteaga, Dima, Orozko, Ubide, Zeanuri eta Zeberion; bada, zazpi udalerri euskaldun horietatik bakarra dago UEMAn: Arteaga. Mungialdean beste hainbeste gertatu da: galera bera jazo duten sei udalerri euskaldunetatik soilik Gatika dago UEMAn. Orotara, EAEko 126 udalerri euskaldunetatik 59k pairatu dute %5eko galera baino handiagoa, eta, horietatik 38 daude UEMAtik kanpo: galera hori jazotako udalerrien %65. Ondorioa agerikoa da: gure izaera euskalduna babesten duten egitura administratiboak behar ditugu, inoiz baino gehiago; eta, Estatu bat lortu bitartean, UEMA bezalako sareak zabaldu eta indartu. Espainiako Gobernuaren ordezkaria da horretaz konturatu den bakarra?

Azken urteotako hirigintza-eredu inbaditzailea hizkuntza-irizpideaz birzuzendu, eta kulturaren esparrutik haragoko erakunde-egiturak euskararen biziberritze-prozesuan eraginkorki baliatu. Zatiketa urbanistiko eta administratiboak areagotutako hizkuntza-nekrosia oraindik itzulgarria delakoan.

Unai Fernandez de Betoño


Kanal honetatik interesatuko zaizu: UEMA
‘Bertatik Bertara’ kanpaina abiatu du UEMAk, turismo garaian euskara areagotu asmoz zerbitzu sektorean

Udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu du mankomunitateak eta bisitariek zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradun eta langileen konpromisoa eskatu du. Kanpaina ekainaren 8tik irailaren erdialdera arte egingo da.


2024-05-10 | Antxeta Irratia
Udalerri euskaldunen eguna ospatuko dute Lesakan maiatzaren 18an

"Zubiak zeharka” lemapean, egun osoko egitaraua prestatu dute UEMA eguna ospatzeko. Herriko eragile guztiek hartu dute parte programaren prestaketan eta ekimen herrikoi eta partehartzailea izatea lortu dute horrela.


EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


2023-10-20 | ARGIA
Beste epai bat udalak euskara hutsean aritzearen aurka

Astebetean bigarren kolpea eman du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Lehenengoan bezala, bigarren honetan ere, udaletan euskara lehenesteko aukera zabaltzen duen udal legearen aurkako epaia izan da. PPren helegitea partzialki onartu du Auzitegi Nagusiak. Epaia ez da irmoa eta... [+]


hizkuntza politika auzitegietan
Gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko beste zartako bat

Uliazpi Fundazioa, Laudio, Barakaldo, Irun, Erandio... Edo beste era batera esanda: hizkuntza eskakizunak, Udal Legearen 6.2 artikulua, kontratazioetako klausulak... Sektore publikoaren euskalduntzea urrunegi joan dela esaten ari zaizkigu. Horretara dator oldarraldi judiziala... [+]


2023-10-17 | ARGIA
Udal legearen epaiak azaroaren 4ko manifestaziorako arrazoiak areagotzen dituela dio Kontseiluak

Epaia “larritasun handikoa” dela salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Bingen Zupiriak adierazi du epaiak Jaurlaritzak helegitea aurkeztea "eskatzen" duela. UEMAren ustez, “marra gorri guztiak” gainditu ditu epaiak.


2023-09-25 | ARGIA
Martin Aramendi, Ataungo alkatea izango da UEMAko lehendakari berria

Iraitz Lazkanoren lekukoa hartu du datozen lau urteetarako. Hautatu berriak adierazi du UEMA asko aldatu dela azken urteetan, eta tokiko errealitate berriei erantzun ahal izateko diagnostiko zehatzak egiten lan egingo duela UEMAk.


Euskarak “estatus juridiko berria” behar duela aldarrikatu du UEMAk

"Ezinegon handia" sortu du UEMAko udaletan Espainiako Konstituzionalaren osteguneko erabakiak, euskalduntzean "atzera egiteko arrisku bizia" baitago. Horrez gain, "oldarraldi honek erantzun juridiko sendoa" behar duela nabarmendu, eta lege-esparru... [+]


2023-06-16 | Sustatu
UEMAk osasungintzako hizkuntza-eskakizunen azterketa zehatza egin du

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, sareko udalerrietako osasun zerbitzu publikoen hizkuntza datuak aztertu ditu txosten batean. Ondorio nagusia, UEMAko udalerrien hamar osasun-langiletik hiruk ez daukate euskara-maila egiaztatuta (EAEko Osakidetza zerbitzuan % 19k... [+]


2023-06-13 | Leire Artola Arin
UEMAko herrietako bost pediatratik bik ez dute euskara gaitasuna egiaztatuta

Udalerri euskaldunen mankomunitateko herrien osasun zerbitzua aztertu du UEMAk, eta ondorioztatu du hamar osasun langiletik hiruk jarduten dutela euskara maila egiaztatu gabe. Ikerketak erakutsi du ez dela aurrerapen esanguratsurik egon azken urteetan.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Udalerri euskaldunen garrantzia nabarmendu du UEMAk Azpeitiko ekitaldian

Lau udal berri sartu dira mankomunitatean: 101 dira orain. Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak udalen garrantzia azpimarratu du ekitaldian, eta "urgentziazkotzat" jo du erabileraren eta ezagutzaren arteko aldea iraultzea.


Eguneraketa berriak daude