Laura Pego Otero (Pasaia, 1968) abokatua eta Kriminologiako Euskal Institutuko ikerlaria da. Torturaren inguruko ikerketan ibilbide luzea du eta azken hilabeteotan Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren aginduz Tortura Ikerketa proiektua (1960-2013) aurrera eramateko eratu den lantaldeko partaide da. Horri buruz hitz egin digu.
Torturaren inguruan egin duzun lehen lana ez da hau.
“Tortura euskal esparruan” izeneko tesina izan nuen lehen hurbilpena. Geroztik atxilotutakoen eskubideen inguruan lan egin dut, 2007an Arartekoak enkargatutako txostenean, eta berriki Eusko Jaurlaritzaren aginduz inkomunikazio egoeran izan diren atxiloketen inguruan. Aurreko bietan tortura zeharka jorratzen da, atxiloketaren balizko ondorio bezala. Oraingo ikerketa berriz zehatzagoa da, torturaz, bai atxiloketa guneetan baita espetxeetan ere.
Zergatik tortura?
Giza eskubideen defentsa betidanik interesatu zait. Torturak beste biolentzia batzuek ez duten osagarria du: mina edo sufrimendua funtzionario publikoak eragindakoa da, edota behinik behin, sistema publikoa ordezkatzen duen pertsona batek bultzatu edo baimendu du. Eskubide bermatzailea da eskubideak hausten dituena, babestu behar gaituena da delituaren egilea, eta horregatik da hain larria.
Tortura ukatzen dutenak badaude.
Torturaren biktimek ez dute kasu gehienetan onarpenik izan, ez sozialik ezta juridikorik ere. Salaketei kutsu politikoa eman izan zaie eta normalean ukatu egin dituzte. Prebentziorako neurriak aurkeztu dituztenak alarmistatzat hartu izan dira. Tortura salatu dutenei ukapen horri buruz galdetzen diegunean, ez diote garrantzi handiegirik ematen, “nik badakit zer egin didaten eta nire ingurukoek ere bai, horrekin nahikoa dut” esan ohi dute etsipenez. Batzuek torturarik ez dagoela ziurtatzen duten bitartean Giza Eskubideetarako Europako Tribunalak Espainiako Estatua behin eta berriro zigortzen du salaketak ez ikertzeagatik.
Zein da orain abian duzuen proiektuaren helburua?
Hainbat helburu ditugu: torturaren inpunitatea bermatzen dituzten elementuak identifikatzea, torturatuen errolda egitea, salaketa batzuen sinesgarritasuna baloratzea, kasu esanguratsu batzuk aztertzea –batez ere biktimen bizitzetan izandako eragina neurtzeko–… Horrekin guztiarekin txosten orokorra idatziko dugu. Torturaren gaiari hurbilpen zientifikoa egin nahi diogu, eztabaida ideologikotik atera eta enpirismoan oinarritutako txostena idatzi. Hori bai, argi eta garbi daukaguna zera da: giza eskubideen urraketen aurrean ezin da neutrala izan.
Hiru mediku eta jurista bat zaudete. Zer lan egiten du zuotako bakoitzak?
Paco Etxebarria da proiektuaren zuzendaria eta Ikertzaile Nagusia, ibilbide luzea du egina halako kasuetan; Benito Morentin, berriz, salaketen sinesgarritasuna aztertzeko arduraduna da, Istanbulgo protokoloa jarraituz; eta Martin Beristainek kasu esanguratsuenak aztertzen ditu. Nire lana, salaketen inguruko dimentsio juridikoa baloratzea da, ustezko biktimekin harremanetan jartzea eta eragile sozialekin kontaktuak egitea.
Zeintzuk dira eragile horiek eta nolako harrera izan du zuen jardunak?
Torturaren gaia bereziki jorratu duten elkarteekin hasi ginen, TAT, Euskal Memoria, Amnesty International edo Salhaketa modukoak. Gizarteko beste hainbat sektore ordezkatzen dituzten eragileekin ere egon gara: SOS Arrazakeria, drogamenpekotasunaren ingurukoak, giza mailako elkarte kristauak, sindikatuak... Baita mundu judizialekoekin ere: abokatuak, epaileak edota fiskalak. Egitasmoa aurkeztu diegu eta beraien babesa erabatekoa izan da. Denek erakutsi dute ikerketan laguntzeko borondatea.
Gaia oso sentibera da, kritikarik jaso duzue?
Guri zuzenean ez zaigu inor kritikarekin etorri. Artikuluren batean bai irakurri dugu hainbat polizia-sindikaturen kezka, baina ez horrenbeste ikerketa beragatik baizik eta kondenarik gabeko salaketei ematen zaien tratamenduagatik. Hau da, beraien ustez salaketak ez dira kontutan hartu behar frogatzen ez badira.
Baina torturaren arazo handienetako bat hori da, frogatzea zaila dela.
Eusko Jaurlaritzaren 2013ko txosten baten arabera, salaketa publikoak edo judizialak kontutan harturik, 5.500 kasu inguru egon daitezke. Haietatik Espainiako tribunalek 20 bat zigor-epai baino ez dituzte eman. Tortura frogatzeko zailtasun handienak, hainbat nazioarteko erakunderen arabera, komisaldegietan eta espetxeetan egon daitezkeen inpunitate espazioak dira. Erakunde horiek diotenez ikerketak falta dira, eta indarrean dauden bermeak ez dira nahikoak. Opakotasun esparruak daude.
Inkomunikazioa da tortura ahalbidetzen duen arrazoi nagusia?
Esan dezakegu inkomunikazioaren baldintzek horrelako egoerak erraztu ditzaketela, baina ez soilik Lege Antiterrorista aplikatu den kasuetan. Tortura jasaten duten beste kolektiboak ere badaude: delinkuente sozialak, toxikomanoak, etorkinak… Babes sozialik gabeko pertsonak izan ohi dira, tortura salatu ere egiten ez dutenak. Guk kasu batzuk atzeman ditugu, baino gehienek ez dute horri buruz hitz egin nahi, tortura atxiloketaren atal bat bezala ikusten baitute.
Ez dute babes edo sinesgarritasun bera etorkin toxikomano batek edo Martxelo Otamendik, baina kasu guztien atzean modu bateko edo besteko inpunitatea dago. Hori izan daiteke torturaren gakoa, balizko torturatzaileak babesten dituena. Eta horri funtzionario batzuen korporatibismoa gehitu behar zaio.
Eman dezakezu adibideren bat?
Gogoratuko duzue 1995ean emakume brasildar bat bortxatu zutela Bilboko komisaldegi batean. Epaileak bortxaketa frogatutzat eman zuen baina ez zuen inor zigortu. Egun horretan lanean zeuden polizien artean isiltasunaren legea izan zen nagusi eta hori izan zen epaia: delitua bai, baina errudunik ez.
Eta egoera hori izanik, zer pauso emango duzue salatutakoa benetakoa den baloratzeko?
Nazioartean onartuta dagoen metodologia erabiliko dugu, Istanbulgo Protokoloa, hain zuzen ere. Sistema horrek hainbat pausu aurreikusten ditu eta bertan ezarritako egiaztatze frogak baliogarriak izango zaizkigu edozein salaketaren sinesgarritasuna baloratzeko.
Orain arteko emaitzei begiratuta zein da torturatuaren profila?
Gizonezkoa eta Polizia Nazionalak 80ko hamarkadan Gipuzkoan atxilotua. Horiek dira item bakoitzean gehien ematen diren erantzunak. Gehienak ere inkomunikazio egoeran egon dira eta beraien salaketek ez dute aurrera egin. Sexuaren arabera aldea nabarmena da: %85 gizonak dira eta %15 emakumeak. Atxiloketaren arduradunen artean kasuen %49 Poliziaren eskuetan egon da, Guardia Zibilak %41 eta Ertzaintzak %9. Hamarkadei begiratuta topea jotzen du 80koan eta hortik atzera jaisten joaten da.
Gerra zibileko desmasiak argitzeko, igarotako denbora oztopo handia da. Hemen ere hala gertatuko al da?
Diktadura garaian salatzea askoz zailagoa zen eta hainbeste urteren ondoren gaur egun arazo gehiago ditugu haiekin kontaktatzeko. Baina 60ko eta 70eko hamarkadetako jendea hurbiltzen ari zaigu, urteetan gordea izan dutena kontatzeko prest. Hala ere, ezin da ukatu denborak memoria ahultzen duela eta zailagoa dela dokumentazioa eskuratzea, batzuk adina dela eta oso gaixo edo hilda egon daitezkeela… Bai, kasu batzuetan igarotako denbora arazo handia izan daiteke.
Kasu bereziak egongo dira.
Torturaren gaia aipatuta, guztioi Joxe Arregiren izena datorkigu burura. Bere kasuaren espedientea aurkitu dugu Madrilgo fundazio batean artxibaturik. Kopia bat eskuratzear gaude eta laster ekingo diogu azterketari.
1960 eta 2013 urteen artean, ezker abertzaleko kideenak ez ezik, beste ideologiatako pertsonen testigantzak ere baditugu: sozialistak, komunistak, sindikalistak, EAJren ingurukoak... Beste kasu esanguratsu bat Enkarni Blancorena da. Atxilotua izan eta gero tortura bortitzak salatu zituen. Auziak ez zuen aurrera egin eta Nazio Batuen Erakundera jo zuen. Urtetan borrokatu ondoren erakunde horretako Torturaren Aurkako Batzordeak Espainia kondenatu zuen, baina ez torturengatik, bere kasua ez ikertzeagatik baizik. NBEk ez zuen ulertzen horrelako salaketa larri baten aurrean Espainiako erakundeek inolako ikerketarik aurrera ez eraman izana.
Halako gai baten aurrean, egin al daiteke bereizketarik?
Izan ere, kasu arruntak ez dira apalagoak. Bada pertsona bat salatu duena errepide kontrolean geratu eta kotxeko pegatina antinuklearra janarazi ziotenean, ezin irentsi eta bertan fusilamendu simulakroa egin ziotela… Gertaera guztiak dira oso gogorrak, eta hor dago testigantzaren indarra. Horrelako pertsona bat urteak igarota kamera aurrean esertzen denean, atzean zerbait larria dagoela esan nahi du. Hori ez sinestea zaila egiten da.
Eusko Jaurlaritzak 2014ko martxoan eman zion agindua Kriminologia Institutuari Euskal Herrian azken mende erdian izandako torturak ikertzeko, Bake eta Bizikidetza Planaren barruan. Zenbaitetan, torturaren gaia jorratu duten erakundeen bidez heldu dira tortura jasan duten pertsona horiengana, beste batzuetan biktimak berak jarri dira harremanetan telefono edo e-posta bidez (943018381 / torturaproiektua.ivac-krei@ehu.es).
Lehenengo fasearen emaitza 2015eko otsailean jakinarazi du ikertaldeak: oraingoz 3.587 tortura salaketa erroldatu dituzte eta horietatik 2.820 aztertu. Orain horietako 200 bat kasu aukeratu eta torturen egiaztatze fasean ari dira. 2016ko irailerako ondorioen txostena entregatuko dute.
Nazio Batuek abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zutenetik 51. urteurrena bete da aurten. Data horrek garrantzia hartu du Euskal Herrian eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokitik gogoetarako zenbait elementu eskaini nahi ditugu.
Nazioarteko... [+]
Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]
2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]
Nafarroan torturatutako ia mila pertsonaren errealitatea eraldatzen hasi berri dela azaldu du antolakuntzak. Nafarroako torturaren biktimen lehen aitortza ofiziala aurtengo apirilean egin zen, eta oraingoa antzeko prozesuetatik igaro diren beste torturatuekin eta gaian aditu... [+]
“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]
“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]
Orain 180 urte sortu zenetik lehen aldiz, kuarteletik kanpo eta Gasteizko erdigunean ospatu du Guardia Zibilak bere patroiaren eta hispanitatearen eguna. Bertan izan dira Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia, Gasteizko gotzaina eta... [+]
Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroak esan du gardentasuna dagoela segurtasun nazionalaren menpe, eta behin eta berriz hala nabarmendu du, Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko auzia ez desklasifikatzeko. Auziaren eta segurtasun nazionalaren arteko lotura, baina,... [+]
Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]
Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.
Israelek Gazan atxiloturiko zortzi osasun-langileren eta beste zazpi lekukoren testigantzetan oinarritzen da Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundearen txostena. Nazioarteko Zigor Auzitegiak egoera aztertzea nahi du GKEk. Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera,... [+]
Altsasuko Iortia Kultur Guneko Areto Nagusiaren harmailak jendez beteta zeudela egin da asteazkenean Arg(h)itzen dokumentalaren estreinaldiko emanaldia. Torturak Sakanan utzi duen aztarnaren kontakizuna da film hau, eta egun aproposa aukeratu dute lehen aldiz publikoki... [+]
Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel... [+]
Presoak lotuak dituzte etengabe, pixoihalak jantzita eta jipoiak jasotzen. Hamaseko kideak diren susmopean ehunka pertsona bahituak dituzte sionistek, The Guardianen iturrien arabera.