Jatorrizko familiatik banandutako haurrentzako aukera dira harrera familiak. Gipuzkoako Foru Aldundiak gidaturiko programaren baitan, hiru motatakoak daude: boluntarioak, urgentziazkoak eta profesionalizatuak. Bizipen askotarikoak,
baina helburu bera erdigunean: haur horien ongizatea.
“Haur baten bizitza liburu baten modukoa da, ezin da 40. orrialdetik hasi, orrialde guztiak bete behar dira, maitasuna lehenengo unetik eman behar zaio, eta guk liburu horren kapitulu edo orrialde bat betetzen dugu, dagokiguna”. Lucia Saizen hitzak dira. Urgentziazko harrera familia bateko kidea da, hau da 0 eta 3 urte bitarteko haurrei harrera familia bat lortu bitartean laguntza emateko prest dagoen familia bateko kidea. Hiru haur izan dituzte orain arte etxean, eta esperientzia polita eta, neurri berean, gogorra izan dela nabarmendu digu. “Lau hilabete gurekin igaro dituen haur batez banantzea oso gogorra da prest ez bazaude eta argi ez baduzu egiten duzuna dela egin behar duzuna”. Haurra harreran hartzen duten unean ere badakite hilabete gutxiren buruan beste familia batengana edo haurraren familia biologikoarengana joateko unea iritsiko zaiola. Orduan dolua pasa beharko dute, baina horren ostean, beste haur batek ere euren laguntza beharko du.
Harrera familia boluntario moduan hasi zuen bidea kontu honetan Saiz-Martin familiak. Harreran hartutako haurra gerora adoptatu egin zuten, eta haur horrekin bizitakoak bideratu zuen familia urgentziazko kasuetan laguntzera. 2 urte zituen semeak, eta hor ireki zituzten begiak: umeari maitasuna falta zitzaiola sentitu zuten, eta egoera bera bizi zuten umeak laguntzen saiatzea erabaki zuten. Geroztik, hiru haur eta bizipen ugari izan dituzte.
Urgentziazko kasuetan, oso modu intentsuan bizitako hilabeteak izaten dira familientzat. Haurra etxean hartzen duten unean duten guztia, maitasun guztia ematen diotelako, euren haurra balitz bezala. Saizek dio ez dutela euren burua mugatzen haurra maitatzeko garaian, gero min gutxiago izateko beldurrez: “Dugun hori ematen diogu, gure etxean dagoen bitartean izugarri maitatzen dugu”. Doluaren unea izaten da zailena. “Asko kostatzen da egun horretan haurra agurtzea, baina egun hori iritsi arte ez dut horretan pentsatzen”. Horren ostean, orain arte etxean izan dituen haurren berririk ez du gehiago izan, baina eurekin pasatako uneak presente ditu.
Maite Yañezen kasua ezberdina da. Berak ere izan zuen haur bat urgentziazko egoeran, baina leku batetik edo bestetik, noizean behin, izaten du haren berri. “Haurra erabat hautsita heldu zen gurera, eta indartuago irten zen, hori ikustea ikaragarria da”. Hasiera latza izan zela dio, haurra sufritzen ikusi zuelako eta eman ziezaiokeen bakarra maitasuna zelako. Gaur egun, harrera familia batean dago haurra, eta Yañezentzat zoragarria da jakitea hautsita hartutako haur hura ondo dagoela, zainduta dagoela eta maite dutela. “Nirekin bost hilabete pasatu zituen, eta bere berri izaten dudanean irribarre egiten dut, lotura hori beti izango dudalako barnean”.
Yañez pedagogoa da, eta bere ikasketak baliatuta harrera profesionalizatuan parte hartzea erabaki zuen duela sei urte. Adin txikikoak diren bitartean hartzen dituzte harrera profesionalizatuan: jaioberriak, desgaitasun edo buruko gaixotasunen bat dutenak, anai-arreba taldeak... Yañezek nerabe bat du etxean, behar bereziak dituen nerabe bat. Haurra zen etxeko ateak zabaldu zizkiotenean. “Hasiera ezagutza prozesu bat da, dituen beharrak eta eman diezaiokezuna ulertzeko eta bien arteko oreka bilatzeko prozesua. Maitemintzeko etapa da”. Gero haurrak proban jartzen zuen, noraino emateko prest zegoen jakiteko, eta hori gaindituta urratsak eman dituzte pixkanaka. “Egunero lantzen duzun kontua da”, dio.
Hiru seme-alaba ditu, eta harrerako haurra heltzean etxeko egoera asko aldatu zela du gogoan. Gune oso lasaia zena aztoratu egin zen, baina sei urteren ostean, guztiek elkar ezagutzen dutenez, egoera baretu egin da; elkar ezagutzeak asko laguntzen duela dio Yañezek: “Kasu honetan, maila pertsonalean dituen zailtasunak kontuan hartuta, oso garrantzitsua da uneoro ni bera dagoen lekuan egotea, babestu egin behar dut”. Zainduta egongo dela dakien udaleku eta ekintzetan parte hartzen du nerabeak, baina beti ere babestuta baldin badago.
18 urte egin bitartean familia horretan egongo da, gero pisu berezi batera joango da. “Badakit zer gertatuko den, badakit alde egin beharko duela, baina nik oraina bizi dut, eta orain eta hemen bera nirekin dago”. Atzera begira jarrita, zaila izan da esperientzia. “Etengabeko prestakuntzara behartu nau, bera etxean egon arte, agian nire familiaren ezaugarriengatik, behar izan ez nuen prestakuntzara, baina bera hemen egon eta onena eman nahi izateak sortu dit behar hori”. Horrek guztiak profesional hobea eta pertsona hobea izatea eragin diola uste du eta bai berak bai seme-alabek asko ikasi dutela. “Pauso oso txikiak ematen ditugu batzuetan, baina beti aurrera goaz”. Harrera profesionalizatua ez da maila profesionalera mugatzen, dio, maitatu egiten da, dena ematen zaio haurrari, bere bizitzaren parte bihurtzen zara: “Bere bizitzan aurrera egiteko orain behar duen ibilgailua naiz”.
Yañezi oso garrantzitsua iruditzen zaio familia biologikoarekin duen harremana, horrek asko eragiten baitu nerabearen ongizatean. “Garrantzitsua da haiekin duen harremana, baita nik haiekin dudana ere; harreman ona izanda bera aterako da garaile, ez duelako gure artekoa borroka moduan ikusiko”. Familia biologikoarekin harremana beti ez dela ona eta zortea izan duela argi du: “Eurak ulertu dute maite dugula eta zaintzen dugula, eta gure etxean berean eman ezin ziotena ematen diogula”. Nabarmentzen du kasu batzuetan oso konplikatua izaten dela harreman hori, familia biologikoek ez dutelako uste euren seme edo alaba hobeto zainduta egongo denik beste etxe batean. Eta beste kasu batzuetan, koordinatzaileek erabakitzen dute egokiena dela familia biologikoaren eta harrera familiaren artean harremanik ez izatea. Jesus Mari de la Motaren kasuan, esaterako, haurraren ama biologikoaren ezkortasuna kontuan hartuta, horixe erabaki dute. Dena den, haurra amarekin egoten da bi astean behin, eta lotura hori inportantea da. “Egia da batzuetan haurrari urduritasuna eragiten diola amarekin egoteak, baina ondo ere badatorkio”, azaldu du de la Motak.
“Bera nire bizitzaren parte izango da aurrerantzean ere, berak badaki 18 urte betetzean ere hor izango nauela, beti”, nabarmendu du Yañezek. Ideia berarekin bat egiten du Jesus Mari de la Motak; harrera boluntarioan haurra du berak. Hiru urte daramatza etxean duen haurrarekin ezagutza prozesu horretan murgilduta, eta bera da egun familiako erdigune.
Hasiera beti oso berezia izaten dela adierazi digu. Euren kasuan, haurra zegoen pisura joan ziren eta elkar ezagutu zuten lehenik; astean behin bi orduz bisitan joaten hasi ziren, gero larunbat batean etxera askaltzera eraman zuten, ondoren larunbat osoa pasatzen zuen familiarekin eta gero asteburu osoa. Urtarrilean bete zituen haurrak 3 urte de la Motatarren etxean. “Hasieran oso urduri zaude, haurrak gu nola ikusiko eta guk bera… Gero pixkanaka ohitu egiten zara, bakoitzak bere lekua bilatzen du familian, gutxinaka”.
Eskolaz ere mintzatu zaigu de la Mota, bereziki etxean eta eskolan behar dutelako laguntza haurrok ongi egokitzeko. “Aldaketak oso gogorrak dira beraientzat, oso urduri jartzen dira, eta aldaketa hau oso handia izaten da”. Jotzen eta bultzatzen duen haur horren atzean zer dagoen azaleratu nahi dute eskolan, nola lagun diezaioketen pentsatzen eta horretan sakontzen ari dira. Bizitza duinagoa izateko lanean ari dira, gainerako haurrek dituzten bizipenen antzekoak izan ditzan.
Beste bi elkarrizketatuek dioten moduan, bidea ez da erraza izan de la Motarentzat, baina erabakia hartu zutenean bazekiten hori. Ikastaroa egiten da haurra etxean hartu aurretik, eta bertan guztia oso argi ikusten dela azaldu du: “Haur hauek jasan dutena azaleratzen da, ezinbestean. Askok oso bizitza gogorra izan dute, esperientzia benetan latzak. Harremanak egiteko arazoak izaten dituzte sarri eta egoera hori bizi duen haur batek oso bide zaila izango du, guztiak du eragina”.
26 urteko semea du bikotekidearekin, eta bizitza goitik behera aldatu zaie, baina atzera egin eta gauza bera egingo luketela garbi du. Jendea berdin jokatzera animatu du. Izan ere, ume hauei bizimodu hobea emateko prest dauden harrera familia gehiago behar dira. Gipuzkoan, esaterako, 329 haur daude egoera honetan, horietako 273 harrera familiaren batean, eta 38 dira familia behar duten umeak. Denek esan digute: zaila da, ez da bide erraza, baina merezi du, esperientzia izugarria da, eta haur horiengan dituen eragin positibo guztiak ikusteak betetzen du.
Vicent Andrés Estellés poetaren hitzak harturik, bat naiz hainbat eta hainbat kasuren artean, eta ez kasu bakan, arraro edo ezohiko bat. Zoritxarrez, ez. Hainbaten artean, bat. Zehazki, Europako Kontseiluaren arabera, eta ibilbide handiko beste erakunde batzuen... [+]
16 urtez azpikoek laster ezingo dute sare sozialik erabili Australian, eta antzeko neurriak ezarri nahi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek ere. Neurriaren eraginkortasunaz, sare sozialetako eduki eta dinamikez, pribatutasunaz eta plataforma handiek honetan guztian duten... [+]
Komunikabideek hainbatetan kontatzen dute halako herritan haur bati sexu abusuak egin dizkiola entrenatzaileak. Beste zenbaitetan entzuten dugu haur baten aitona atxilotu dutela bilobari sexu abusuak egiten zizkiola egotzita. Gutxiagotan argitaratzen da umeari erasoa egin diona... [+]
Indarkeria fisikoa eta sexuala jasan izana salatua duten Betharramgo Notre Dame ikastetxeko kasik ehun ikasleei beste 26 salaketa batu berri zaizkie. Horien artean, oraindik ikastetxean lanean ari den begirale baten kontrakoa dago: 12 urteko mutikoa bortxatu zuela frogatu... [+]
Zein egitura behar ditugu herrian, haurrek herriko erabakietan parte har dezaten edota beharren bat badute bideratzen jakin dezaten? Galderari tiraka esperientzia pilotua egin dute lau herritan eta emaitza ezberdina izan da lauretan. Prozesua gidatu duen Oinherri Herri... [+]
Palestinako umeek ere galdera hori buruan ote duten pentsatu dut gure liburua eskuartean dudala. Zenbat lo falta ote diren genozidioa amaitzeko. Zenbat haur hil ote behar dituen oraindik Israel estatu sionistak munduko estatuen konplizitatearekin.
Beraien amei luzatuko ote... [+]
Jaioberriaren orpoan zizta eginez, hainbat gaitz aztertzen ditu osasungintza publikoak. Osakidetzak 14ra igo berri du aztertzen diren gaitzen kopurua, baina beste lurralde batzuekin konparatuta, atzeko postuetan dago EAE: Nafarroan 28 gaitz aztertzen dituzte, Galizian 33,... [+]
Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzeko eskatu dio euskalgintzak udalari. Horrez gain, salatu du duela 35 urteko egoera berean daudela.
Iruñerriko 18 urteko mutil bati urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote, adimen artifiziala erabiliz institutuko bi ikaskide, bi neska, biluzik irudikatzen zituzten irudiak sortu eta zabaltzeagatik.
Behin eta berriz itzultzen ohi den lanbideak gaia suertatu da ikasturte hartan eskolan. Maistrak, betiko gisan, bat-banaka galdetu die... [+]
“Gehiago Gara” ekimena aurkeztu dute abenduaren 16an Donostian hainbat elkarteren artean, "haurren heriotzaren aurrean naturaltasunez eta humanitatez jardutea posible dela gogoratuz, dagoneko horrela jarduten dutenen erakundeei aitortza eginez, eta alor... [+]
Elkarretaratzea egin dute Iruñeko Udal Plazan datorren ikasturtean Donibane, Mendillorri eta Printzearen Harresi Udal Haur Eskolak murgiltze ereduan (euskara hutsean) bilakatzeko eskariarekin.