Usurbil, 1961. Paisaia kulturalean espezializatutako paisajista eta ingeniari agronomoa, landareei buruzko jakintza biltzeari eta zabaltzeari buru-belarri emana azken hamarkadetan. Argian astero-astero artikuluak idazten hogei urte inguru daramatzan honetan, Errekondok aspaldiko proiektua gauzatzear du, “dibulgazio lan horri beste forma bat emate aldera”: Bizi Baratzea, aldizkari honekin elkarlanean egindako liburua. Apirilaren 28an egingo den aurkezpenaren atarian, lan horren zergatia azaldu digu egileak.
Oro har landareez idazten duzu Argian, baina liburuaren gaia zehatzagoa da: baratzezaintza. Zergatik hautu hori?
Besteak beste, baratzean gauza berezi bat gertatzen ari delako: iraultza dator. Lurra iraultzen da baratzean, baina baratzea bera iraultza bihurtzen ari da. Azkeneko urteetan, nekazaritza ekologikoan-eta lanean ari garenok ikusten ari gara badela halako buelta bat, berriz etortze bat. Baratzearekiko grina pizten ari da, eta grina hori aprobetxatu behar dugu gure ikuspegia azaltzeko. Jendeak hori nahi duelakoan nago: baratzezaintza, baina bertakoari lotuta, betiko jakintzari helduko diona eta oinarrian kalitatea izango duena. Jaten denaren kalitatea, lurraren eta ingurumenaren kalitatea... Hortik abiatuta, asmoa da baratzean hasi nahi duen jende horrek eduki dezala oinarri erraz, sinple eta hasteko grina hori, kemen hori, piztuko diona. Oso liburu grafikoa egin dugu, erraz irakurtzen dena eta batez ere norberak egin behar duenari garrantzia ematen diona: trikimailuak, gauza bitxiak... Hemengo liburugintzan, eta batez ere baratzeari buruzkoan egoera larria da, bertako ikuspuntuarekin egindako lanen ikaragarrizko gabezia dago.
Euskal Herriko ikuspuntua, esan nahi duzu?
Bai, argi eta garbi. Agian hego-hego Euskal Herrira bagoaz, Ebro ibaiaren inguruetara, informazio gehiago dago, Espainian, Katalunian, Italian... lan handia egin delako, antzeko lurretan. Baina isurialde atlantikoan arazo handi bat dago: erabiltzen ditugun liburuak italiarrak, alemaniarrak, ingelesak... direla. Eta hemen ez dutela balio. Pentsatu behar dugu Euskal Herri atlantikoa dela Europako bitxikeria klimatiko handienetako bat.
Zergatik?
Euria inon ez bezala egiten du, hasteko. Baina ez ditugu muturreko eguraldiak, alde horretatik paradisua da. Ez da tropikala, baina...
Bi udaberri ditugu, liburuan diozunez: udaberria eta udazkena.
Hala da. Eta horrek asko laguntzen du. Baina kontuan eduki behar da etengabe. Teknika jakin batzuk, beste leku batzuetan ia nahitaezkoak direnak, ezin dira hemen erabili. Ura aurreztekoak, esaterako. Halako zenbait gauza hemen eginez gero, hemen dauzkagun arazoak areagotu besterik ez dugu egiten.
Zer arazo?
Hemen dagoen handiena ur gehiegia da. Tuteran lanean ari bagara urari eustea garrantzitsua izango da, baina teknika bera Bermeon erabiltzen badugu seguruenik landare guztiak ustelduko zaizkigu.
Urez aseegi, nolabait esateko?
Hori baino, kontua da gehiegizko hezetasun horrek ekartzen dituen gaitz gehienak onddoak direla. Onddoak hezetasuna eta giro epela dagoen tokietan garatzen dira, hau paradisua da haientzat. Beraz, behar genuen liburu bat, tira, ez derrigorrez liburua, baina bai nolabait informazioa biltzea eta prestatzea hemengo pentsamoldearen arabera. Eta pauso hori eman dugu. Uste dut garrantzitsua dela hori jakitea: Bizi Baratzea hemengo baldintzetara egokitzeko pentsatutako liburua da.
Euskal isurialde atlantikoari begirakoa da liburua, hortaz.
Ia erabat. Hegoalderako ere balio du, eta landarez landareko atalean saiatu naiz bi aldeak lotzen. Baina zaila da. Garrantzitsuena da ohartzea liburuak oso oinarrizko informazioa ematen duela, eta norberak egokitu behar duela. Baina ez isurialde batetik bestera bakarrik. Isurialde berean ere ez da berdin Bermeon lan egitea edo Markinan. Gehiago esango nuke: herri bereko bi lekutan badauzkagu bi baratze, batetik bestera egoera alda daiteke. Uste dut liburuaren sarreran esaten dudan lehen gauzetakoa dela: liburua bera baino garrantzitsuagoa da, baratzean hasi behar dugunean, kaier bat eta arkatz bat izatea. Eta gertatzen den eta egiten dugun guztia jasotzea, idaztea. Bizpahiru urtean ikaragarrizko informazioa izango dugu.
Baratze bakoitza mundu bat dela, alegia.
Eta baratzezain bakoitza ere bai. Elkarri lagundu ahal badiogu, eta lur bakoitzaren historia jaso... Uste dut liburu hau bidaia baten hasiera dela, iruditzen zait gaur egungo baliabide teknologikoek ematen dizkiguten erraztasunak aprobetxatu beharko genituzkeela euskal baratzezainen halako unibertso berri bat sortzeko. Eta unibertso horretan norberak bildutako jakintza partekatzeko.
Hasieran aipatu duzun baratzera itzultzeko grina hori, zerk sortu du?
Krisiak zeresan handia dauka; gure jendartearen krisi guztiek, esango nuke. Ekonomikoak, jendarte ereduaren krisiak –jendea bakartuta bizi da–, jende asko gaixo egoteak, ez agian medikuak baja emateko moduan, baina bai psikologikoki, emozionalki... Hori dena elkartuta, baratzearekiko grina hau hozitzen da. Gainera, gaur egun modernoa da baratzean aritzea, udalek lurrak jartzen dituzte, baratze komunitarioak sortzen ari dira, kontsumo taldeak garrantzia hartzen ari dira... Tokian tokikoa izateak eransten duen kalitateari, ekologikoari, kutsadura gutxi sortzeari... gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio.
Liburuak huts-hutsetik hasteko balio du.
Bai, ezer ez dakien kaletar petoenarentzat balio du. Nahi nuke liburu honek balio izatea ezer ez dakienari baratzea izateko gogoa pizteko, eta bestetik, baratzean ari den horren jakintza zabaltzeko, beste gauza batzuk, beste era batera, egiteko. Zergatik ez ditugu zainzuriak egingo Altzan?
Batzuek diote Argiako Landareak sailak eduki zezakeela beste izenen bat, landareen aitzakiarekin edozertaz hitz egiten duzu eta. Ez beti landareez.
Beti hitz egiten dut landareez. Dena da landare. Den-dena, ezagutzen dugun guztia, lore batetik dator. Lorerik gabe ez litzateke ezer existituko. Lorea etengabe gurtu beharko genuke. Orduan, edozein gauzaz ari garela landareez hitz egiten ari gara. Nik alderantzizko jokoa egiten dut: landareetatik abiatuta edozertaz hitz egin. Nire gai gustukoena etnobotanika da; hau da, landareek jendartearen historian, garapenean, kulturan... daukaten garrantzia. Artikuluetan pertsonez hitz egiten dut beti, baina gure inguruaz eta gertatzen zaigun guztiaz hain ikuspegi antropozentrikoa daukagu, benetako gauzez ahaztu egiten baikara. Eta ni saiatzen naiz hor atzean dagoen landaretxo hori gogorarazten.
Horregatik diozu Bizi Baratzea-ren hasieran landareak badirela nor.
Noski. Pertsonak baino lehenago dira nor, izan ere. Guk zenbat milioi urte daramagu hemen? Pare bat, gehienez? Gure hizkuntzak zenbat mila urte daramatza hemen? Aldiz, berriki artikulu batean aipatu ditudan azeribuztanak orain dela 300 milioi urteko baso garrantzitsuenak ziren. 300 milioi urte! Eta hemen daude. Landareak badira nor, dudarik gabe, eta liburuaren lehenengo esaldia, ezertan hasi aurretik esaten dudana, horixe da. Barazkiez banan-banan hitz egiten dudan atalean, baratzeak ondo funtzionatzeko oso garrantzitsua den zerbait esplikatzen dut: zein zeinen aldamenean jartzea komeni den. “Nor norekin” da atal horren izena. Hizkuntzaren inguruan lan egiten duen lagun handi batek, irakurri zuenean, esan zidan: hemen, teorian, “zer zerekin” jarri beharko zenuke, eta ez “nor norekin”. Ni sutan jarri nintzen. Nola? Nor, gu baino lehenago dira! Zer izango ginateke gu landarerik gabe?
Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.
Jakoba Errekondok Ilargia eta landareak 2025eko agenda eskutan, ilargiaren arabera baratzeko lanak nola antolatu azalduko du eta entzuleen galderak zuzenean erantzungo ditu. Antton Olariagak argitalpen horretarako egin dituen hamabi piztiren ilustrazioak erakutsiko ditu eta... [+]
Haziak nola egin azaltzen duen jakintza praktikoa eta hazietan datzan ikuspegi politikoa. Biak uztartu dituzte Haziak liburuan Miguel Arribas Kelo-k eta Marc Badal-ek. Hamaika auzi baitaude jokoan hazi bakoitzean: biodibertsitatea vs estandarizazioa, autonomia vs menpekotasun... [+]
Liburuaren lehen aurkezpena irailaren 20an izango da, ostiralarekin, 18:30ean Azpeitiko Elikagunean. Bertan izango dira Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal egileak, Markel Lizasoain itzultzailea, Maitane Gartziandia diseinatzailea eta Dani Blanco argazkilaria. Egileen azalpenak... [+]
Europako Batzordeak landutako Nekazaritza Politika Bateratuaren "sinplifikazioaren" alde bozkatu dute eurodiputatuek. 425ek egin dute alde, 130ek aurka eta beste 33 abstenitu dira.
A-8 autobideko ordainlekua 12:00etatik 16:00etara blokeatzeko helburua dute. Traktoreak iritsi dira Bidasoaren bi aldeetatik. Sindikatuen borrokari dagokionez, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak hitzordu bat... [+]
Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa sailkatuko. Hori horrela, transgenikoei orain arte egindako kontrol, segipen eta... [+]
Euskal Herria, Grezia, Herbehereak, Alemania, Espainiako eta Frantziako Estatuak, Italia... Europa mailakoa da laborarien azken aste hauetako protesta. Ongiezak eta kexuak akuilaturik, zabalduz doa mugimendua. Dela kostatu zaiona baino merkeago saldu beharra ekoizpena, dela... [+]
Lekuko laborarientzat ezinbestekoa den Mauleko hiltegia mehatxaturik izanik, elkartasuna adierazteko mobilizazioa burutu dute hamarnaka laborarik. Orokorkiago, egunez egun zabalduz segitzen du laborarien protestak, eta Bruselan izan dute ostegun honetako hitzordu nagusia,... [+]
Fnsea eta Jeunes Agriculteurs sindikatuek abiaturiko mugimendua zabalduz doa: afiliatuetatik haragoko laborariak ere juntatzen zaizkie protestara eta sindikatuen arteko desadostasunak gainditurik, Confederation Paysanne sindikatua ere batu da protestara. Ipar Euskal Herriari... [+]
Josebe Blancok Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburua kaleratu du ARGIAko Bizi Baratzea sailean. Berau aurkezteko lehen hitzaldia azaroaren 7an Antzuolan emango du, artzaina artaldearekin bizi den Pikunieta baserria kokatuta dagoen udalerrian. Maria Eugenia Irazabalekin... [+]