Erdi Aro garaiko jauntxoen munduan, baldintza bitxietan hilik suertatzen zenaren oroitzaz eta omenez eresiak ontzeko ohitura zegoen, gehienetan emakumeen ahotsez, izan ahizpak, kasu honetan bezala, izan arrebak, izan ere sendiek horretarako ordaintzen zituzten emazteak. Herriz herri ibiltzen ziren eta plainiderak bertsotan orraztatzea zuten bizi-bidea. Milia Lasturren ahizparen izenaz, nehor ez da gogoratzen.
Guztiak bai, aldiz, gertakariaz eta gertakariaren zergatiaz.
Negarra begian eta kiratsa ahoan, Miliaren ahizpa bertsotan hasi zen. Euria ari zuen jaits ahala Lasturko dorre etxeko hegatsa kolpekatuz. Ezkaratz ilun eta hezean bildu herritarrek, amets gaiztoa ote zen galdezka, lehen aldiz aditu zituzten, haragian behera, izu hormatua eragin zien eresia:
Zer ote da andra erdiaren saria?
Sagar errea eta ardao gorria.
Alabaina kontrarioa da Milia:
Azpian lur hotza, gainean harria.
Miliaren gurasoak amilduak ziren. Alabaren gorputza aitzinean zeukaten hobian zetzan. Jakin zenaren arabera, dolore minetan erditzean eman zuen azken hatsa eta ezkondu bezain laster Arrasateko Oro familiako Peru Gartziak bere emaztea gaizki tratatzen zuen: kolpeak eta irainak bihurtu ziren Milia Lastur gaztearen eguneroko ogi idorregiak.
Haur baten sortzea ospatu ordez Lasturko gotorlekuan heriotzaren hegala hedatzen zihoan. Zaldi zainartek lauhazkatu orgetan ekarri zen Arrasatetik Lasturrera Miliaren gorpua. Zeharkatu zituzten herri guztietan, dendetako oihalak eta kopetak apaldu ziren, Arrasaten gertatua ezaguna baitzen. Miliaren ahizpak sagar errea eta ardao gorria aipatzen zituen, lur hotza, gainean harria, egoeraren zorigaitzaren astuna azpimarratzeko.
Milia Lasturren aitak kabala franko erail zituen ehorzketa oparoak antolatzeko eta emakume zenduaren amak aberaski hornitu zuen kutxa: gurasoentzat, alabaren zentzea, Miliaren ahizpak bertsotan jarri zuen jasan ezinezko makurra zen. Peru Gartzia eta Milia Lastur ez ziren antza amodioz ezkondu, bi etxeen aberastasunak emendatze aldera baizik.
Debatik Arrasatera zuzendu zen Milia Lasturren ahizpa, Peru Gartzia alarguna gaztaroan maite zuen Marina Arrazolako anderearekin ezkontzekoa zela jakin zuenean. Haserre gorrian. Gizonari doluak ez zion asko iraun. Miliaren ehorzketan eskaini bertsoen oihartzunak muina larrutzen zion Izarraitzen behera Azkoitira bidean Arrasate lehian.
Peru Gartziaren arreba aurkitu zuen erantzun emaile Arrasate-Mondragoneko jaunaren egoitzan. Bertsolari bi zeuden parez parean. Biek bipil eta zorrotz zuten mihia:
Arren ene andra Milia Lasturko,
Peru Gartziak egin deusku laburto:
Egin dau andra, Marina Arrazolako.
Ezkon bekio, bere ideia dauko.
Peru Gartziaren ohorea salbatzea zuen arrebak helburu. Hitzez, lortu zuela aitortzekoa dugu. Anaiak ez zeukan errurik Milia Lasturkoren handinahikeria indartsua baldin bazen. Peru Gartzia gizon abila zen txikia izan arren, aberatsa, bizitorea:
Ez dauko Peru Gartziak beharrik
Hain gauz handiak apukadua gatik,
Zeruetako mandatua izanik,
Andrariok hala kunpli jasorik.
Gizon txiki sotil baten andra zan,
Ate arte zabalean ohi zan,
Giltza porra handien jabe zan,
Ondra handi asko kunplitu jakan.
Ohikoan guda-ekintzak goresten zituzten eresiek. Milia Lasturren ahizpak gizon-emazteen arteko harremanen bortitza zuen bertso ahantzezinetan zizelkatzen. Gaizki trataturiko Gipuzkoako beste hiru emakumeen destino garratzaren lekukotasuna ematen zuen gainera eresiaren bukaeran, izenak eta lekuak zerrendatuz:
Mondragoeri hartu deutsat gorroto,
Giputz andraok hartu ditu gaxtoto:
Iturriotz kalean andra Maria Baldako,
Arte Kalean andra Otsanda Gabiolako,
Errebalean andra Milia Lasturko.
Jatorriz Arrasatekoa zen Esteban Garibai (1533-1599) erudituaren memorietan aurkitu zen Milia Lasturko eresiaren testua, hogeita hamazazpi koplatan Miliaren ahizpak eta Peru Gartziaren arrebak harilkatua. Koldo Mitxelenak euskarazko idazki arkaikoetan sartu zuen eta Benito Lertxundik Joaquim Desprezen Mille Regrets ahaideaz lagundurik eresia xuxurlatu eta grabatu belaunaldi berrietako entzuleen belarrietara destilatzeko. Buruan daramagu eresiaren zilarra.
Zerurean jausi da habea,
Jo dau Lasturko torre gorea,
Eroan ditu hango jauna eta andrea,
Bata lehen, gero bestea.
Bidaldu dogu zeruetara kartea:
Arren diguela gure andrea.
Udaberri zilarraren distiraz gozatzeko asmoz, behin Lastur herrira zuzendu nintzen. Mendekoste goiza zen. Gereziak lore ziren Gaztelugatxe eta Eako bazterretan. Bizkaitik, kostako bidetik, itzultzean aspaldikoa nuen Deba eta Itziarren gora, Lasturreko eromenean galtzeko desioa. Egia erran, idazle eta eresia zaharren miresle gisa, behiala Lakarri-Aran, Bosmendieta eta Andoseko ibarrean zehar Bereterretxe gaixoaren lasterrak errepikatu nituen bezala, Lastur idealizatzen nuen eta pentsatzen ere, agian, Miliaren gurutzatzea herri txiki hartako xendra buztintsuetan.
Ospe handiko herria da Lastur eta ez bakarrik Milia Lasturkoren bertsoengatik. San Nikolasetan bereziki, eta asteburu oroz udaran, zezen-jokoak antolatzen dira elizak, jatetxeak, tabernak eta aterpetxeak moldatu plazatxoan. Azken urteotan betizu arrazako abereak agertzen dituzte bertako abeltzainek. Uztapide bertsolariak eta Sakabi trikitilariak alegeratzen zituzketen jende anitz biltzen zituzten baserritarren ohiturazko jolasak. Herriko tabernan sartzean, kafea eskatzearen aiduru nengoela, murruan dilingotu zuri-beltzeko bi izarren argazkiek garai heroikoen lekukotasuna ukigarria zitzaidan. Atzeko gelatik, berehala, irria ezpainetan, atera zen Bixente Zulaika, Joseba ikerlariaren anaia. Gogotik gidatuko ninduen Lasturreko labirintoan.
Burdinolak aipatu zizkidan, herri sarreran dagoen errotari buruzko xehetasunak eman, arto irina eskutan hartu nuen denboraren isuria irudikatuz eta birla-tegitik ezker-paretara nagitu nintzen, Izarraitz mendialdeen berdetasunak liluratua. Aska itsu eta lainotsuan larrabeixak alha begiztatu nituen eta San Nikolas elizako zeinuak begiak ebatsi zizkidan: mihiz gora zegoen, mutu. Lastur isila zen. Bixentek, bukatzeko, bere harri bilketa ikusgarria erakutsi zidan, bideak seinalatuz: Mutrikura heltzen ahal nintzen eskuinera bihurtuz, eta Azpeitira bidea ezker jarraituz gero.
Munduaren bihotzean nengoen. Miliaren aitamen zoritxarra eskura neukan Bixentek, belardi hegian, hausnar bakartian abandonatu ninduenean:
Lasturrera behar dozu, Milia.
Aita jaunak eresten dau elia,
Ama andreak apainketan hobia.
Hara behar dozu, Milia.
Jausi da zerurean harria,
Aurkitu dau Lasturren torre barria,
Edegi dio almeneari erdia.
XV. mendeko eresia berriz entzuten da hondar hamarkada hauetan. Luzaz sumatu ezina zen euskal jendartearen baitako biolentzia, batez ere haurren eta emazteenganakoa, dagoeneko onartzen, aztertzen eta salatzen delako agian erabiltzen dira Lasturko Miliaren ahizparen auhenak. Emakumearen mendeetako pairamenaren oroitzak nolabait minaren aurka eragiten ahal duelakoaren jakile dabiltza gure artean. Gaurkotasun handiko kanta delako ikaratzen gaitu oraindik ere.
Ez dakit zergatik baina, betidanik, iruditu zait Lasturreko eresia film baten biltzeko oinarri ezinbestekoa izan zitekeela. Guztia dauka: tragedia, traditzea, ahizpen arteko elkartasuna, klase borrokaren aztarna, epikotasun harritua.
Eta hizkuntza baten edertasun trinkoa.
Lasturrera behar dozu… Milia.
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.
"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]