Hautesleen erdiak besterik ez du bozkatu. Zentro-eskuinak 67 departamenduetan irabazi du, ezkerrak 34etan. Departamentuetako 28 kontseilu ezkerretik eskuinera pasa dira. Fronte Nazionalak (FN) bat bera ere du lortu. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusia eskuinak sostengatutako zentristen eskura itzuli da. EH Baik emaitza onak lortu ditu Iparraldean.
Frantzian bipartidismoa kolokan zegoela iragarri genuen lehen itzuliko emaitzak aztertu ondoren. Alta, FN geldiarazia izan da. Horren eragile nagusiak izen berezia dauka: Nicolas Sarkozy. UMPko buru berriak Frantziako presidentziara itzultzeko burua hartu du berriz ere.
Departamenduetako bozei egin diegun lehen argazkia da honako hau: UMP eskuindarra jalgi da garaile. Zentristek lekua berreskuratu dute –Modem-eko Françoise Bayrouk burua altxatu du berriz ere–. Ezkerra hondoratu da, PSren porrota erabatekoa izaki. FNren indarra bistakoa da (bozen %20 erdietsi ditu), alabaina hauteskunde sistemak mugatzen du haren indarra. Bestalde, bozemaileen %50ak baino ez du bozkatu. Demokrazia ez da batzuek agertu nahi duten behar bezain osasuntsua.
Hollanderen eta Vallsen ezina
Departamenduek ez dute benazko muntarik, baina boterea kudeatzen dutenentzat berealdiko instituzioak dira estatuko politikagintzan. Sarkozyk ongi baino hobeto baliatu ditu oraingoan. FN indartsua geldiarazi du presidentziara bidean eta UMPko beste buruak –Fillon, Copé eta Jupé arerioak– neutralizatu ditu denbora laburrean.
François Hollande presidenteak eta Manuel Valls lehen ministroak Eliseo eta Matignoneko besaulkiei tinko atxikiak eta benetako autokritika egin gabe segitzen duten bitartean –ezkerra erakundeetatik erauziz–, hauteskundeek Bayrou zentrista Sarkozy eskuindarraren lehiakide legez jarri dute berriro ere, Frantziako politikaren paradoxa agerian utziz. Eskuina eta zentroa indar aliatuak dira, alta, arerio gisa agertu nahi dute berriz ere. Efektu politiko zinez engainagarria.
Lasserre departamenduaren buru, baita abertzaleek burua ageri ere
Pirinio Atlantikoak departamendua eskuindarrena izan da historikoki, indar zentristek kudeatua. Ezkerrak gobernatu du azken legealdian –PSko Labazéeren eskutik–, alabaina Jean Jacques Lasserre berreskuratzeko zorian da berriz ere. Zentro-eskuinak 27 kantonamenduetako hamabost bereganatu ditu, Ipar Euskal Herrian zortzitan nagusitu da. Errobi-Aturri eskualdean EH Bai koalizioko Fabienne Ayensa eta Alain Iriart kontseilariek ordezkatuko dituzte indar abertzaleak. Ezkerreko abertzaletasunak bi ordezkari ditu lehen aldikoz.
EH Bai indarra errotuta dago. Bost kantonamendutan lehiatu da bigarren itzulian eta 24.661 boz lortu ditu. Bigarren indar bozkatuena izan da. Frantzian ez bezala –FNren efektua gutxietsi gabe– ezkerreko abertzaleek gero eta eragin handiago dute departamenduko politikan. Haatik, eragin horren emaitzak ikuskizun dira oraindik ere. Izan ere, euskal instituzioa da abertzaleen xedea.
Auzoa ez dute patitzen, beltzak eta arabiarrak partida dituzte, zainetan plazaratzen diren biktima gaizoak dira, larderiazko aroaren etorrera iragartzen digute gaiztoki: ikusiko duzue zer gertatuko zaizuen gobernuan diratekenean… mehatxuak eta izuak banatzen dituzte... [+]
Frantziako Estatuko departamenduetarako bozen kanpainak astea bete du. Pirinio Atlantikoak departamenduan gertatuaz zertzelada zenbait ekarri dugu, Hexagonokoari zeharkako behako bat emanez. “Nora ezaren hauteskundeak” izendatu ditu Eneko Bidegain analistak, eta gu... [+]