"Denok gaude biolentziaren gurpil horretan sartuta"

  • Esaten du hiztegiak “biolentzia” hitza latinezko “violentia” hartatik datorrela, “violentus” du adjektibo, hau da, “etenik gabe indarra erabiltzen duena”. “Vis” ageri da haien jatorrian, alegia, “indarra”. Euskaraz bortxakeria, bortizkeria, indarkeria, biolentzia eta beste ditugu. Biolentzia du gai Unai Elorriagaren Iazko hezurrak (Susa, 2014) narrazio, nobela, saiakera, gogoeta, kronika… min eta ezerosoak.

Indarkeriak ertz ugari ditu eta horietan bilatu du Elorriagak Iazko hezurrak idazterakoan: “Inor ez dagoela libre adierazi nahi nuen. Urrun dagoela iruditzen zaigun biolentziak edozein momentutan jo gaitzakeela gu ere”.Zaldi Ero

Biolentzia, bortxakeria, indarkeria… Algortara heldu, herrira sartu, bideari segi, eta hantxe, bandera espainol handiarekin egin dugu topo: Guardia Zibilen kuartela, ez txikia, auzoen etxartean. Haien presentzia armatuak ere badu biolentziatik.

Guretzat bai. Egunero pasatzen naiz hortik, alaba ikastolara daramadala. Eta txikitan ere, egunero pasatzen ni hortik, ikastolatik itzuleran batik bat. Eta inoiz ez naiz ohitu, ezta ohituko ere, banderatzar hori eta morroi horiek metraileta eskuan ikustera. Presentzia horrek bortxatu egiten zaitu neurri batean. Handik pasatu beharra guretzat ez da erosoa, eta, nire ustez, eurentzat ere, Guardia Zibil norbanakoentzat, ez da erosoa. Bortxa egoera bat da, nork edo nork kanpotik agindutakoa, eta bertoko aktoreok, berriz, zeharo deseroso gaude.

Zenbateraino zaizu inportante liburu baten hasiera?

Normalean, modu linealean idazten dut, hasi eta amaitu, nahiz eta buruan egitura bat izaten dudan, eta egitura horren arabera nahasten dudan idatzitakoa. Amaitu eta gero, berriz, hasierako paragrafoak berridazten ditut. Beti. Oso inportantea iruditzen zait liburuari tonua emateko garaian. Hasiera. Aurreko lau liburuetan, idazten amaitu eta hasierara itzuli izan naiz beti, tonua birmoldatu guran. Iazko hezurrak honetan ez dut horrelakorik egin beharrik izan, hiru saiakera egin nituelako aurretik, eta hirugarrenean nik nahi nuen moduan harrapatu nuelako tonua.

Lehenengo paragrafoa aldatuko dizut hona: “Irene Arriasek ia zentimetro eta erdiko urratua egin zion amari jaio zenean, Algortan, 1971ko urtarrilaren 25ean. Odol asko eta desberdinak nahastu ziren amaren izterretatik, likido lodi batzuk ere bai beharbada. (…) Hori guztia Algorta erdi-erdian, trenbidetik oso hurbil, Avenida del Ejército esaten zioten kalean, Bilboko Basurtuko ospitaleari Hospital Civil del Generalísimo esaten zioten bezala, urte bi geroago Eustakio Mendizabal Txikia hara hiltzera eraman zutenean, bala zulo bat bizkarrean eta beste bat buruan, frontalean sartu eta okzipitalean kanporatu zena”.

Liburuaren laburpena dago hor, sintesi modukoa. Lehenengo lerroan bertan da odola, nahiz eta beste odol mota bat izan, jaiotzarena… Indarkeriaren inguruko gogoeta egiten ahalegindu naiz. Gogoeta egiteko, batzuetan geurera mugatzen gara. Edo, kontrakoa, oso urrunekora. Estilo trinkoan dago idatzita liburua, eta laurehun orritan gauza asko kontatu ahal da. Nire ahalegina biolentziari alde guztietatik begiratzea izan da. Edo nik sumatu ahal ditudan aldeetatik, beste batzuk ere izango baitira. Horretarako, ondoan ikusi dugunera eta urrunekoenera jo dut: Algorta, batean; Ruanda, bestean. Baita tartekoak ere… Hego Amerikakoa ez da hain urruna, ezaguna da, irakurri dugu horretaz. Europakoa ere ez da horren urruna. Asiakoa, berriz, ikaragarria da… Dena dela, halako batean, idazten ari nintzela, zerbaitek ihes egiten zidala sumatu nuen, nik kontatu nahi nuena ezin zela kontatu saiakera modura, eta horregatik jo nuen atalen artean ipuinak tartekatzera. Gauza batzuk fikziorik fikzioenetik kontatu behar ziren, eta nire iritziz, ipuina da fikziorik fikzioena. Mauthausenen egondakoak lehenengo pertsonan kontatu ahal ditu bizi izandakoak; nik, aldiz, bizi izan ez ditudanez, fikziotik kontatu behar ditut, eta horregatik baliatu ditut ipuinak.

Algortatik abiatu zara indarkeriaren bidean, munduaren zabaleko bortxakeria kontatzeraino.

Kontuan izan dut guk gogoeta handia egin dugula biolentziaren inguruan, ondoan eduki dugulako, lagunak, ezagunak, familiartekoak jo dituelako egoerak. Gogoeta egin dugu gure biolentziaren inguruan, baina nik hori hobeto ulertzeko, sumatu nuen onena beste biolentzia batzuk aztertzea izango zela, diferenteak ote ziren, guretzat terriblea zena zelan gertatzen zen beste leku batzuetan. Aztertu, eta konturatzen zara gurea ale bat besterik ez dela. Zelan uztartu gurea eta besterena? Horixe zen nire lana, baina ez ondorio batera heltzeko, egoerak bata bestearen ondoan jarri eta ikusten dena agerian uzteko baizik.

Badago, izan ere, ondorio ateratzerik?

Uste dut ezetz, baina horixe da joera, ondorioak ateratzea. Are gehiago gaur egungo gizarte arin honetan, sintesia baino nahi ez duen honetan. Literatura, aldiz, hausnarketarako lekua iruditzen zait, buru barruan zer edo zer mugiarazten dizuna, eta zabaltzen zaituena. Oraindik orain jakinarazi zuen Oliver Sacksek gaitz sendaezinak jo duela eta laster hilko dela. Sacksek berak hainbat gogoeta egin du heriotzaren inguruan, eta, hala ere, seguru nago, orain, heriotzako orduan, orain artean egin ez dituen gogoetak ere egingo dituela. Heldulekurik ez da, ez dakigu non gauden, nor garen… gogoeta eginagatik ere, argi izan behar dugu ez goazela inora.

Lau atal ditu liburuak. Lehen hirurak dira eite batekoak; horietan, Irene ezagutuko dugu, atzerriko biolentzia egoera bortitzak berrituko dizkiguzu, euskal baladak ere lotuko dituzu narrazioaren harian, zeure irakurketak ere ageriko dira…

Gerora besterik idatziko ez banu bezala idatzi dut liburu hau. Aurreko liburuetan gauza asko kontatzen nuen, baina beti uzten nuen atalen bat etorkizunean idazteko. Oraingo honetan, aldiz, ez; dena bota dut, erraietan dudan guztia. Hain zuzen, inoiz ez dakizulako noiz etorriko den azkena!

Lehenengo hiru atalak era batekoak dira; aldiz, guztiz bestelakoa da laugarrena, lanari erremate emanez bezala.

Beti esaten dut: lehenengo hitza jartzen dudan orduko, badakit zein izango den liburuaren azken hitza. Jakina, beti izango da aldaketa txikiren bat edo beste, egitura moldaketak han eta hemen, baina hezurdura nagusia egina dut hasiera-hasieratik. Laugarren atal horrexekin amaitu nahi nuen liburua. Indarkeria egoera jakin eta zehatz batera jaisten naiz: inor ez dagoela libre adierazi nahi nuen, denok gaudela biolentziaren gurpil horretan sartuta, eta edonoiz edozelan gertatu, edonon, ahal dela indarkeriak gu jotzea, hau da, urrun dagoela iruditzen zaigun biolentziak edozein momentutan jo gaitzakeela gu ere. Eta gu ez bada, Suitzako bat, adibidez. 1921ean juduak oso aberats bizi ziren Alemanian eta Europan. Ez zuten berehalakoan pentsatuko zer etorriko zitzaien. Berdin tutsien eta gainerakoen kasuan.

Izaretan ipuinak berak bakarrik liburua mereziko luke. Ipuin horrek eragiten duen ondoeza!

Horixe esan zidan andreak. Berak irakurri zuen liburua lehenengo, eta ipuin horrek gorputzaldi txarra egin ziola esan zidan. Beti izan dudan beldurra –alaba jaio zenetik, batez ere– kontatzen du ipuinak, eta hori ere bota dut, behintzat. Oso gustura gelditu nintzen ipuina idatzi nuenean.

Heziketa dugu beti aipagai, baina zure liburuan, Ruandako tutsiak bestela dio, hau da, heziketak ez duela pertsona hobetzen, baizik eta eraginkorrago bihurtzen.

Karikatura hor dabil, diktadoreak jende xehea direla, ezjakinak… baina zenbaiten biografiak aztertu eta garbi ageri da jende jantzia dela, jende ikasia. Ruandar irakasle batek esaten du hango genozidioa unibertsitatean prestatu zela: zenbait irakaslek estrategia bat landu zuten, irratian propaganda zatiak, esaldiak, zabaltzen hasteko. Estrategia horren helburu zen hutuak apurka-apurka kontzientziatzea, berotzea, ondokoak hiltzeko. ButaReko unibertsitatean asmatu zuten estrategia.

Ez dago itxaropenik, orduan? Biolentziarekin bizitzen ikasi behar dugu?

Heziketari dagokionez, ematen du unibertsitatean produktiboago izateko, enpresak gero eta diru gehiago irabazteko, munduan barrena hedatzeko hezten dela pertsona. Hortaz, bestelako heziketa bat beharko genuke. Nik uste biolento ez izaten ere ikasi egiten dela. Hala ere, lehiakortasunera bideratuta baldin badago gure lana, “ni gainetik, zu azpitik”, ez da onik etorriko. Eta unibertsitaterik handienak horretan dabiltza.

Aurkezpenean esan zenuen –berba erdika, gura baduzu–, gehiago ez ote duzun idatziko. Edo argitaratuko. Bazterrak astindu ditu horrek, hein batean.

Nik neure modura ulertzen dut literatura: ez da katedra bat, behin ailegatuta, bertan gozo egotekoa… ezta urtero nahitaez zer edo zer argitaratu beharra ere. Niretzat oso gauza berezia izan da umetatik. Ez nago urtero liburu bat argitaratzeko eta edozeri buruz hitz egiteko prest. Astiro idatzi nahi dut, eta zer edo zer emateko dudanean, eman. Horretarako, ezin zara profesionala izan, ni orain artean izan naizen moduan. Modu horretara, egoera kafkiarra sortzen da, zuretzako oso inportantea den zerbait, zure lanbide eta ogibidea den hori, hari mehe batzuetatik zintzilik dago. “Zertan nabil ni hemen denbora alferrik galtzen? Nahiago dut bestelako lanen bat egin, eta idatzi, nire existentziaren zer inportante moduan, baina nire lanbide egin gabe”. Horixe pentsatu nuen, eta horretan nabil, bestelako bideak jorratzen. Bitartean, idazten segituko dut, eta zer edo zer inportantea emateko dudanean, argitaratu egingo dut, dela bost, zazpi, hamar edo hamabi urterik behin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak ireki ditu, ikasleen bisitarekin

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]


“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


Leire Lakasta Mugeta
“Hitzak harriak dira Ernauxentzat, eta idazketa labana”

Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]


‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan

Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


2024-10-21 | Leire Ibar
Aiora Jaka, Jon Urzelai eta Julia Otxoa dira Euskadi Literatura sarietako gainerako irabazleak

Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.


Eguneraketa berriak daude