"Fikzio kontrolatzailea ez zait interesatzen"

  • Behinola, Etxalarren fortunatu da Antonio Zavala, Bidasoaldeko bertsolari eta bertso galduen arrastoan. Hantxe, Xamuio bertsolariarekin gertatu da, eta hark, Txirrita eta Axuraren bertsoak, gogoan harturik dauzkanak kantatu dizkio Zavalari. Bertso batean, ahantzia du lehen oina. Beltzuria liburuaren azalean ageri diren puntu ilara biak ditugu lehen oin hura, Xamuioren biloba Ixiar Rozasek hainbat gogoeta eginez berreraiki eta baliatu dituenak.

Negutegia nobelaz geroztik libururik argitaratu gabe zegoen Rozas. “Ikusgarriak izan ez diren hainbat kontutan ibili naiz, ‘euskal sistema literarioaren’ barruan sartu ez direnak: pieza eszenikoak, dramaturgia lanak...”.Zaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Beltzuria. Liburua da, objektua da, baina ezohikoa azal eta barru. Hautu estetiko bat.

Denbora luzean buruan, eta gorputzean, izandako liburua izan da Beltzuria. Hitza emakume heldu baten ahotik lehenengoz entzun nuenetik jakin nuen zerbait idatziko nuela, hitz horixe abiapuntu hartuta. Haziz eta haziz joan da eta pazientziaz zaindu dut. Ez nuen liburua edozein momentutan idatzi nahi, kalitatezko denbora nahi nuen eta, bitartean, itxoiten egon naiz. Hasieran, oso elementu gutxi zituen istorioak. Pisu handiagoa zuen ez zegoenak, absentziak, zegoenak edo neukanak baino: argazkien falta, memoria falta…  

“Ahotsa zen. Haren gorputza kantu egiten zuen ahots bilakatu zen. Haren identitatea egin zuen ahotsa kandela baten moduan itzali zen arte. Ahots bat baino ez zen”.

Hori da liburuaren beste haria, ahotsa. Urte hauetan zehar ahotsaren gaia ikertzen jardun dut; alderdi teorikoa aztertu dut, gehienbat, baina praktikoa ere landu dut. Azkenean bi ildoak solasean jarri ditut, elkar elikatu dute, eta aipatutako denbora hori izatea lortu nuenean, idaztea erabaki nuen. Ordu arte, ohar batzuk baino ez nituen, zenbait hitz… gauza gutxi.

Ohar haiek liburu dira orain…

Idazketa prozesua bera ez da oso luzea izan, aurretik hartuak nituen erabakiengatik batez ere. Banekien zer ez nuen nahi, ez nekien zer nahi nuen, eta egin ahala jakin dut zer idatzi nahi nuen.

Kartak mahai gainean jarri dituzu, prozesua kontatu diguzu, biluztu ere egin zara hein batean.

Eta oso lasai egin dut. Jakina, zailtasun momentuak izan dira. Esate baterako, puntu batera heldu eta aspertzen hasi nintzen. Atal batean lortzen ari nintzen materialak ez ninduen asebetetzen. Baina uste dut sormen prozesuan asperdura hori zeharkatu beharrekoa dela. Gehiegi irauten badu, zerbait ez dago ondo. Idaztean tentsio puntu bat egoten da.  Momentu horri tinko eustea inportantea da, egiten ari zaren horretan sinestea…

Aitona zenuen Xamuio bertsolaria Etxalarren. Harekin izan zen Antonio Zavala Bidasoaldeko bost bertsolari liburuan, eta Xamuiok kantatu zion bertsoetarik batean lehen oina falta da. Zuen aitonak ahantzia zuen. Gabezia horixe da zure liburuaren aitzakietarik bat. Sortzeari buruzko gogoeta da liburua? Ahotsari, eta haren materiari, buruzkoa? Xamuio bertsolaria berreskuratzeko saioa?

Beltzuriak horiek denak biltzen ditu: biltzen du ozen esandako hitz bat, biltzen du bailara batean erabiltzen zuten hitza, biltzen du meteorologia irudi bat, biltzen du haserrearen hitza… Horrexegatik aukeratu dut hitza, beltzuri, kontzeptu horrek aukera asko eman dizkidalako. Faltatzekotan, ahotsaren elementua falta zitzaidan, baina ahotsa hitza ozen esan eta ahoratzeko unean, liburuari hasiera ematen dion irudian aurkezten dut. Liburuaren protagonista ahotsa da, besterik gabe.

Ez zenuen, besterik gabe, istorio kontatzen jardun nahi.

Ez, besterik behar nuen. Besteak beste, garai berean ahotsaren inguruko ikerketa egin dudalako. Errealitateak bestelako konplexutasunak ditu. Ahotsaren eta lengoaiaren inguruko gogoeta ere izan behar zuen. Beltzuria idazten hasi aurretik hartutako erabakia zen hori. Oso garrantzitsua zen bidean aurkitzen eta lantzen joan naizen istorio, pasarte, informazio, hitz, ahots eta gogoetak orainetik begiratzea. Joan-etorrian ibili naiz, liburuan sartu eta irten, baina liburura itzuliz beti, testuarentzako garrantzizkoa zena sartuz, eta bestea aparte utziz. Edizio eta muntaia lan handia dago. Material guztien arteko dramaturgian pentsatuz egin dut lan hori.

Bistan da Beltzuria ez dela aurretik idatziak zenituen gisako narrazio liburua.

Ez da, baina azkeneko narrazio liburua idatzi baino lehen hasi zen prozesu hau. 2003an Gau bakar bat antzerki-lana idatzi nuen, elebitan –gero Hiru argitaletxean argitaratu zen–. Eta eszenaratzeak berak gogoeta egitera behartu ninduen: nola eraman hitza espaziora? Prozesu horretan hasi nintzen ahotsa eta performatibitatearen inguruan pentsatzen. Eta Negutegian ere bai; alegia, zenbait elementu ez hain narratibo, oraingo lanean berreskuratu ditudanak. Beraz, hamar urte iraun du. Eta, bitartean, ikusgarriak izan ez diren hainbat kontutan ibili naiz, “euskal sistema literarioaren” barruan sartu ez direnak: pieza eszenikoak, dramaturgia lanak, dokumentalak, saiakera laburrak, artikuluak, doktore tesia… Denak erlazionatuta daude, niretzat ez dago jauzirik batetik bestera, continuum bat dira.

Literatur sisteman ikusgarriagoa da, askozaz, ohiko formatuko liburua, lan eszeniko edo dokumental bat baino…

Bai, baina nork bere hautuak egiten ditu. Materialak idatzi, elkartu, oratu eta eskaini egin ditut, eta gero irakurlearen lana da hor oratuta dagoen hori interpretatzea. Irakurleak sortzen ditu esanahiak, ez nik; gehiago baitira esanahiaren interpretazioa eskatzen duten testuak, bestelakoak baino, eta nahita egin dut. Lanaren etika moduko bat da. Idazteko modu asko daude, eta norberak erabakitzen du non egon, baina, niri, orain, fikzio kontrolatzailea eta esanahiak guztiz murtxikatuak eta errealitatea bera gainditzen ez duten konplexutasunik gabeko testuak ez zaizkit interesatzen irakurle naizen aldetik. Beraz, sortzaile bezala ere ez.

Ahotsaren inguruan duzu doktore tesia egina. Ikerketan barna egina duzun gogoetaren fruitu ere bada Beltzuria, ala?

Fokua ahotsean jartzean konturatzen gara ahotsa ez dela unibertsala, ahotsa norbanakoarena dela, bakar egiten gaituena eta, aldi berean, ahotsa erlazionala dela, ahotsa dela besterekin harremanetan jartzen gaituena, eta ez hitza. Hitzak esanahia dauka, baina ahotsa harago doa, hotsa da, ez da esanahia bakarrik. Honek guztiak bat egiten du teoria feministarekin, esan gabe doa. Liburu feminista da Beltzuria.

Horretan, beltzuri hitza definituz ekiten diozu liburuari, eta hiru definizio eman eta gero, honela dio laugarrenak: “Generoaren inguruan testu honetara ñabardurak ekartzen dituen hitza”, eta adibideak ematen dizkiguzu.

Interpretazio maila asko ditu liburu honek. Irakurle batzuek maila narratiboa lehenetsiko dute, beste batzuek esku-oharrak deiturikoa, besteek bukaerakoa, freskoagoa, zuzenagoa delako… Ozen irakurtzeko testuak ere badira bukaerakoak. Hala ere, nire ustez, idazle batek esaten duena, idazten duenaren atzetik ohi doa. Askotan, Beltzurian idatzitakoak irakurriz erantzun beharko nituzke zure galderak. Horixe da tentazioa. Baina elkarrizketa ariketa ere egin behar da, ezta?

Horretan ari gara, bai. Deigarri da, zinez, liburuaren diseinua…

Testua hainbeste landu eta gero, ezinezkoa zitzaidan liburuaren itxura, diseinua, ez lantzea. Banituen abiapuntu batzuk, baina hori elikatu egin dute Bigarako Jon Ander Garciak eta Itziar Aranburuk. Oso ondo ulertu dugu elkar. Antonio Zavalak puntuen bitartez nabarmendu zuen memoriaren hutsunea aintzakotzat hartu zuten azala egiteko. Eta, gainera, lehen ilarako puntu etenak eta bigarrenekoak elkartu egin dira uneren batean. Non? Hori irakurleak erabakiko du.

Nora zaramatza Beltzuriaren bideak? Alegia, zein kutsu har lezake zure hurrengo sormen-lanak?

Gaztelaniaz argitaratuko du datorren urtean Madrilgo argitaletxe batek. Ez dut oraingoan neuk itzuliko, baina itzultzaile izango denarekin harreman estua dudanez, prozesuan egongo naiz. Bitartean, oraintxe, saiakera labur bat amaitu berri dut, Pulsión textual (Testu bulkada), Quim Pujolek eta biok editatuko dugun afektuen inguruko liburu batean argitaratuko dena. Bartzelonako Mercat de las Flors-eko laugarren liburua izango da, dantza eta pentsamendua bildumaren barruan. Egia esateko, batera landu ditut artikulu hori eta Beltzuria. Artikuluan idazlearen ahotsa dut aztergai, baina ez “idazlearen ahotsa” aztertzeko asmotan, estiloa, ez. Hitzak, materia sonoro den aldetik, testu batean erabiltzen denean gertatzen dena aztertzen dut, hau da, nola eragiten edo afektatzen gaituen testu horrek, afektatzen bagaitu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Leire Lakasta Mugeta
“Hitzak harriak dira Ernauxentzat, eta idazketa labana”

Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]


‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan

Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


‘Gero’: iraganeko geroaldia

Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]


2024-10-21 | Leire Ibar
Aiora Jaka, Jon Urzelai eta Julia Otxoa dira Euskadi Literatura sarietako gainerako irabazleak

Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.


Adur Larrea eta Gorka Bereziartua
“Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa”

"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]


2024-10-15 | Julene Flamarique
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek

Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]


2024-10-09 | Leire Ibar
Jon Gerediaga, Harkaitz Cano eta David de las Heras izango dira Euskadi Literatura sarietako irabazleak

Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.


Eguneraketa berriak daude