Altxor karstikoa flyscharen itzalean

  • Badakigu Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyscha munduan bakarra dela. Baina flyscharen ospeak ez gaitzala itsutu, Geoparkearen barnealde karstikoak merezi du eta. Duela milioika urteko korala kareharri bihurtu eta ura kareharri hori moldekatuz joan da, bailara itxiak, erliebe bitxiak, kobazuloak... sortuz. Gizakiak hori guztia baliatu du, eta paisaia eder honetan aztarna utzi. Goiz bakarrean 115 milioi urteko bidea egin dugu.

Izarraitz ingurua, Endoiatik ikusita.Nagore Irazustabarrena
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Debako hondartza hartu dugu abiapuntu. Autoa bertako aparkalekuan utzi eta ekialdera, Lapariko hondartza aldera jo dugu, izen bereko behatokira iristeko. Oinez bide laburra egin arren, metro gutxian denboran 115 milioi urte egin dugu atzera. Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilariok azaldu digu orduan itsaso tropikalak estaltzen zuela Geoparkeko eremua. Planetaren batez besteko tenperatura egungoa baino altuxeagoa zen orduan, eta egun Geoparkeak hartzen duen eremua tropikotik gertuago zegoen.

Sakonera txikiko itsaso horretan koralezko uharriak sortu ziren. Egungo Iberiar penintsula, artean uhartea, biratzen ari zen garai hartan, eta Bizkaiko Golkoa irekitzea eta arrakala sakonak sortzea eragin zuen horrek. Sakonune horietan metatu zen orain zapaltzen ari garen flysch beltza. Flyscha da Geoparkeko izarra, bisitari gehienak erakartzen dituena; Hilarioren hitzetan, “mapan kokatzen gaituena”. Gu, ordea, barnealdera begira gaude. Hondartzaren atzean Debako herri-gunea dago, eta atzerago Arno ingurua ikusten da. Hara goaz, duela milioika urteko koralezko uharrietara.

Karsta dastatzen

N-634 errepidea hartuta Mutrikura jo dugu eta handik GI-3562 errepideak Olatz auzora eraman gaitu, hogei bat minutuan. Koralak denbora luzeagoa behar izan zuen kareharri bihurtzeko, nola kareharri gogor baina disolbagarri horrek erliebe forma karstiko bereizgarriak eratzeko. Poljeak arroka karstikoan sortutako sakonune handiak dira, haran itxiak, eta Olatzekoa adibide nabarmena da.

Barnealdetik Añu eta Olatzgoikoa ibaiek bat egiten dute Olatzen, baina itsaso aldera begira jarri gara eta erliebeak ez du behera egiten, gora baizik, paradisu txiki isolatua osatuz. Izan ere, bi ibaietako urak Olatzen bertan, Kobaldeko sarbegi itzelean barrena, lur azpian sartzen dira. Kobalde ez dugu ikusten, landareek estaltzen dutelako, baina uraren burrunba entzutera hurbildu gara. Asier Hilario geologoak dio egokia litzatekeela etorkizunean sarbegiaren ingurua garbitzea eta plataforma moduko bat ipintzea. “Horrek bisitariak erakar ditzake”; gogoratu, Geoparkera hurbiltzen diren gehienak kostaldeko flyschera mugatzen dira.

Geoparkeak dagoeneko “Karsteko zaporeak” izeneko bisitaldi gidatua dauka antolatuta, Olatzeko inguruak ezagutarazteko. Bi ordu inguruko ibilbidean, paisaia karstikoaren elementuak ikusteaz gain, Goienetxe baserrian artaldea ikusi, gaztagintzan parte hartu eta gazta eta txakolina dastatzeko aukera dago.

Kalbaixoko baseliza

Añu eta Olatzgoikoa ibaien artean Basarte (442 m) mendia beste elementu karstiko baten adibide garbia da: pinakulua. Hilariok esan digu atzealdean mendia ez dagoela erabat bananduta, pinakulua ez dagoela erabat hustuta, baina Olatzetik begira piramide ia perfektua ikusten da. Gainazal horizontala pixkanaka disolbatuta sortzen dira pinakuluak eta klima tropikaleko ohiko modelatuak dira. Goiz hotz honetan, itzaleko zelaiak izotzak zurituta daude oraindik, eta elur arrastoak ere ikusten dira gailurretan; ez da erraza eremuaren iragan tropikala imajinatzea.

Berriro autoa hartu eta GI-3562 errepidean atzera eginez, Astigarribiara doan GI-3230tik jarraitu baino lehen, ezkerrera, Kalbaixoko ermitara doan bidexka hartu dugu. Flyschak eta karstak bat egiten dute ikuspegi  bikaineko kokagune honetan, ermitaren kanpoaldeko idi-probalekua flyscheko harriez egina baitago –1989an bildu zituzten Saturrarango hondartzan– eta arrastaka eramateko harriak, aldiz, karsteko kareharri estimatuaz.

Lasturko poljea

Ermitatik jaitsi eta GI-3562an bide laburra daukagu GI-3230 errepideko bidegurutzera iritsi bitartean. Eskuinera joko dugu hor, Lastur aldera. Lasturko poljera iritsi baino lehen, Astigarribian, pinakuluak, konikoak nahiz esfera erdi itxurakoak, oso nabarmenak dira, Basartekoa bezala artadi bikainez estaliak, tapizatuak, baita neguan ere, hosto iraunkorreko espeziea baita. Mediterraneoko zuhaitz tipikoa, Kantauriko isurialdean ere ohikoa da artea, hau bezalako kareharrizko lurzoru malkartsuetara ederki moldatzen baita.

N-634aren bidegurutzera iristean, Debara jo ordez, GI-3293 errepidea hartuko dugu Lasturrera. Bide bihurrian behera Lasturko poljean sartu gara. Olatzeko poljea eliptikoa da, biribila ia, baina Lasturkoa luzeagoa da, ohikoagoa. Haranaren hasieran egin dugu geldialdia, bertatik polje osoa ikusteaz gain, dolinak hautemateko toki aproposa baita. Lurrazaleko urek maila freatikoa bilatzeko joera dute beti. Bidean kareharria disolbatzen dute eta hala eratzen dira dolinak, inbutu moduko sakonune txikiak. Beste elementu karstiko batzuen oinarri dira, gainera; dolinak handitzen diren heinean, bata bestearekin elkartzen dira eta horrela sortzen dira poljeak, eta dolina artean geratzen diren ertzek, aldiz, elkartu eta pinakuluak sortzen dituzte.

Errotak lur gainean, kobazuloak azpian

Bidean aurrera egin eta bizpahiru minutuan Plazaolako errotek berriro gelditzeko eskatu digute. Gaztañadi errekako urak mugitzen dituen irin-errotak burdinolak ziren jatorriz, 1335eko erregistroen arabera. Burdingintzak errentagarritasuna galdu ahala, ola asko errota bihurtu ziren eta bailarako nekazariek hara eramaten zituzten artaleak, bertan eho eta irina lortzeko.

Berriro ere nabarmen geratu da inguru hau taxutzeko urak duen garrantzia. Eta, uraz gain, giza jarduerek ere eragina dutela agerian uzten dute errota hauek,  Kalbaixon ikusi ditugun inguruko harrobietako harriek bezala.    

Baina gizakiek hemen utzitako ondare preziatuena ez dugu ikusiko, lur gainean gauden bitartean behintzat. Gainazala ez ezik urak lur azpia ere zizelkatu baitu. Kareharri gogorrena erraz disolbatzen du urak eta, denboraren joanean, kobazulo eta konduktu konplexuak sorrarazten ditu lurpean. Goi Paleolitoan kobazulo horiek bizileku aproposa ziren gizakientzat, are gehiago kostaldetik hain hurbil egonda.

“Dordoina txikia”

Karst honetan gizakiek okupatutako 40tik gora kobazulo daude. “Egia da Geoparkeko flyscha bezalakorik ez dagoela munduan”, dio Asier Hilariok, “baina karsta gure Dordoina txikia da”. Besteak beste, Ekaingo horma-irudiak edo Praileaitzeko lepokoak horren froga dira.

Lasturreko haranetik irten eta Endoiara egin dugu GI-3292 errepidea hartuta, Izarraitzen gailur zuritua lagun. Geoparkearen mugan amaitu dugu ibilbidea. Alde batean Zestoa dugu, eta bertan Ekain Berri. Beste aldean Deba eta Ekain zaharra. Zaharra, gizakion ikuspegitik, 15.000 urte huskeria baitira egin berri dugun milioika urteko bide geologikoan. n

Zer da Geoparkea?

Ibilbidea Lapariko behatokian hasi arren, hitzordua Euskal Kostaldeko Geoparkearen gunean egin dugu, Deban. Praileaitzeko lepokoen eta venusaren erreplikak, fosil itzelak, estalaktika baten sekzioa... dituzte ikusgai. Eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen nondik norakoak azaltzeaz gain, Europako Geoparkeen Sarearen berri  ere ematen da bertan.

Geoparkea Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatzen dute 2010etik. “Geoparkeak garapen jasangarrirako estrategien aldeko apustua egiten duten lurraldeak dira, euren balio natural eta kulturaletan oinarriturik”. Euskal Kostaldekoa Euskal Herriko eta Kantauriko eremuko lehena da, eta bertako baliabideak –nagusiki geologikoak– nabarmentzea du helburu, ondare geologikoa eta kulturala modu jasangarri eta pedagogikoan ustiatzea.

Europako Geoparkeen Sarea 60 bat eremuk osatzen dute. Munduko gainerakoak bezala, UNESCOren babespean daude. Lurralde antolakuntzan eredu berritzailea abiarazi dute, espazio fisiko, natural eta kulturalari laugarren dimentsioa erantsiz: denbora geologikoaren eta Lurraren historiaren dimentsioa.

Informazio gehiago Geoparkearen webgunean (www.geoparkea.com).

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Geologia
Mediterraneoko espezie gehienak desagerrarazi zituen fenomeno geologiko batek duela 5,5 milioi urte

Orain dela 5,5 milioi urte inguru, mugimendu teknokikoek Mediterraneo itsasoa eta Ozeano Atlantikoa banatu zituzten. Horrekin batera, gatz-biltegi erraldoi bat sortu zen Mediterraneoaren azpian.


2023-08-29 | Elhuyar
Armintzako flysch beltz deritzona nola sortu zen argitu dute

Armintzako flysch beltza sortzea eragin zuten ozeano-baldintzak berreraiki dituzte EHUko geologoek, sedimentuan dagoen mikrofaunan oinarrituta; zehazki, aldi Albiarraren eta Zenomiarraren artekoa (duela 113-94 milioi urtekoa).


Ibilbide geologikoak (IV)
Bodovalle: burdinazko zuloa arrezifea zenean

Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.


Ibilbide geologikoak (V)
Toloño: faila erraldoi bat Pirinioen mugan

Arabako Errioxako lurretan mahasti onenak hazi eta ardoak gustuz ontzen badira, ez da soilik mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi kultur transmisio baliotsu batek iraun duelako; duela milioika urte izandako gertaera tektoniko baten ondorioz ere bai.


Ibilbide geologikoak (I)
La Verna: Larrako karstaren azpian

Euskal Herritik atera gabe koral arrezifeetan, basamortuetan eta glaziarretan barrena bidaiatu dezakegu, denboran atzera eginez gero. Geologiak kulturarekin, ekologiarekin eta politikarekin duen lotura estua deskubrituko dugu inguruari arreta pixka bat jartzen badiogu, eta... [+]


Ibilbide geologikoak (II)
Santxikorrota: Bardea Zuriko iraganaren lekukoak

Lurraren historia geologikoa urtebetean laburtu beharko bagenu, Errege Bardea abenduaren 30ean sortu zela azpimarratu dute adituek. Baina hala ere, milioika urte ditu.


Ibilbide geologikoak (III)
Geoparkeko flysch harrigarria irakurtzen

Euskal kostaldean barrena ibiltzea, historia liburu bateko orrialdeak hatzen artean igarotzea bezala dela esan ohi da. Flyschak dira liburu hori, milioika urteko denboraren joana geruzaz geruza azaltzen baitzaigu.


Merkataritza bidaia Lurraren bihotzera

Londres, 1692. Edmund Halley (1656-1742) astronomo, matematikari eta fisikariak, bere abizena daraman kometaren orbita kalkulatzeagatik ezaguna, Lur barnehutsaren kontzeptua proposatu zuen lehenengoz.


2016-04-14 | Jabi Zabala
Alejandro Cearreta. Geologoa eta paleontologoa
“Planeta bere dinamika naturaletik ateratzen ari gara”

Gizakion eragina hain handia da gure planetan ezen lorratza uzten ari gara etorkizuneko geruza geologikoak izango diren egungo sedimentuetan. Horregatik, egun bizi garen epokari Antropozenoa deitzea proposatu dute batzuek. Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak, hori onartu... [+]


Nepaleko lurrikaretako batek Everest mugitu du

2015eko apirilaren 25ean Nepalen gertatu zen lurrikarak, herrialdea hankaz gora jartzeaz gain, lekuz aldatu ditu gauzak. Hala, Txinan lurrikarak aztertzen dituen erakunde baten arabera, Everest hiru zentimetro mugitu da hego-mendebalderantz. Datu hori ezagututa baten batek... [+]


2015-01-21 | Unai Brea
Gizakion eraginpeko garai geologiko berria ireki zuen lehen eztanda nuklearrak?

Zientzialariak eztabaidatzen ari dira ea Antropozenoan ote gauden, hau da, gizakion eraginaren ondoriozko garai geologiko berrian. Hasiera data ere proposatu dute: lehen bonba nuklearrak lehertu zirenekoa.  


Eguneraketa berriak daude