Ezkutuko amandreak argitara

  • 27 emakume, 27 istorio eta 27 bizibide jaso dituzte Ezkutuko Amandrea proiektuan. XX. mendeko emakumeen bizimodua nolakoa zen ezagutu guran, Lekeitioko emakumeak elkarrizketatu dituzte, liburua eta dokumentala osatuz. Jasotakoa kontatu digu Ale Goikoetxeak, egileetako batek.

Lekeitioko kabanan (arrain fabrikan), beharrean. Gizona arrantzaren arduraduna izaten bazen ere, portuko lan guztiak emakumeek egin ohi zituzten.
Lekeitioko kabanan (arrain fabrikan), beharrean. Gizona arrantzaren arduraduna izaten bazen ere, portuko lan guztiak emakumeek egin ohi zituzten.Aittita Txiki
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Lana hasi genuenetik denbora asko pasatu da. Tarte horretan hogeita zazpi emakumeren testigantzak jaso, eta egungo Lekeitio ulertzeko ezinbestekoa zaigun iraganari beste kolore eta xamurtasun batez begiratzen ikasi dugu. Itsasoa entzun eta lehen ez bezala, arrain kaxa pisutsuak alde batetik bestera garraiatzen zituzten emakumeak etortzen zaizkit orain burura. Fabrika hitzarekin ostera, zortzi, hamar edo hamabi orduz antxoei burua kentzen lan egiten zuten emakumeek betetzen dituzte nire gogoetak. Gerra garaiarekin aldiz, kartzelan jaio ote zen gaur egun oraindik ziur ez dakien emakumearen zalantzek ordezkatzen dituzte ordura arte gerraren gordintasunaz entzundakoak.

Lan honen bitartez, eskola ia zapaldu ere egin ez duten emakumeak ezagutu ditugu. Gerra Zibilaren aurretik, artean neskato zirela eskola utzi eta lanera atera behar izan zuten. Matilde Arrasatek esaterako eskolan izan denik ere ez dauka gogoan, neskame joan behar izan baitzuen umea zela. “Ez nintzen joan, bapez! Atzean neukan koadrila eta ezin joan, nik negar egiten nuen, eskolara joan nahi nuelako” gogoratzen du ostera, Gregori Goitiak.

Euskarazko izenak jomuga

Gerraostean eskolan izan zirenak ere ez zituzten garai xamurrak igaro. Euskararekin borroka handia izan zen Lekeitioko ikastetxeetan. Eskola guztiak gaztelaniaz hartzen zituzten. Ikasleek debekatuta zuten irakasleekin zein beraien artean euskaraz egitea eta zigorra zen arau hori betearazteko bidea. Irribarretsu gogoratzen du Mila Mendiak euskaraz hitz egiteagatik mojek “a barrer, a barrer” agintzen ziotela. Baina auzi gatazkatsuena euskarazko izenen kontrakoa izan zen. Frankismoko mojek euskarazko izenak gaztelaniazkoengatik ordezkatzea erabaki zuten. Maria Milagros Arrasatek bere ikasgelan legea ezarri zuten unea gogoratzen du; ordutik aurrera Karmele Carmen izango zela, Miren Maria, Maitena Amanda… Kartoizko maleta hartu eta “banoa” esan zuen Arrasatek, “niri ez dit inork izena kenduko”, eta gehiago itzuli ez.

Emakume bakan batzuek baino ez zituzten goi mailako ikasketak burutu, gehienek lan mundura jauzi egin behar izan baitzuten. Teodora Goitizek esaterako, irakasleak ikasten jarraitzeko gomendatu arren, etxean dirurik ez zela eta okindegian hasi behar izan zuen lanean 12 urte baino ez zituenean. Neba-arreben artean gainera, bakarren bati ikasteko aukera aitortzen bazitzaion, mutilak izaten ziren zer edo zer ikasi ahal izaten zuten bakarrak. Terese Eigurenek ere, suminduta gogoratzen du beraien etxean hiru neba-arrebetatik bakarrak ikasi zuela, mutilak.

Lanorduak kantuan eta kontu kontari igarotzen bazituzten ere, ordutegi barik eta baldintza gogorretan egin ohi zuten lan. Sarri asko gainera, gizonek baino alogera baxuagoak jaso ohi zituzten. Itxaropena Bengoetxeak gaztaroko sasoia arrain fabrikara lotuta eman zuen: “Ordu asko. Ez genuen ordurik. Hantxe beharra amaitu artean, ez genuen ordurik. Binaka enkargatuaren etxera jatera eta bueltan kabanara [arrain fabrikara]. Egoten ginen gaueko zazpiak arte, baina gero, ostera ere deskantsatu eta zortzi eta erdietan hasi eta hamabi eta erdiak edo ordu batak arte beharrian. Halantxik zela eta halantxik. 16 ordu egin behar zen beharra, 16. Zortzi egin behar baziren, ba zortzi. Gauza zetorren modura. Edukitzen genituen umeak eta egun batzuetara kabanara ostera ere beharrean. Baina beti pozik! Beti umore onean! Orduan kabanetan, egun guztian egoten ginen kantatzen”.

Lanera gazte joandakoek beraien soldata amari eman behar izaten zioten, etxean amak izaten zuelako ekonomia kudeatzearen ardura. Hala eta guztiz ere, gerraostean oraindik neska eta mutilen alogeran ezberdintasun handiak egoten ziren.“Sarritan esaten nuen nik: gizonen beharrak egiten gaude eta andreen diruagatik. Behar asko eta diru gutxi”, dio Teodora Goitizek.

Gizona arrantzaren arduraduna izaten bazen ere, portuko lan guztiak emakumeek egin ohi zituzten. Dei egitekoek gizonak itsasora joateko deiadarrez esnatzen zituzten, sare-eginek aldiz, apurtutako trainak konpondu, eta arrainak itsasontzitik kamioietara garraiatzen ere emakumeak ibiltzen ziren, arraina saltzen... Gregori Goitiz arrantzale etxeen azpian deiez aritzen zen, goizeko bostetan: “Fulanooo gora jaungoikoaren izenean itsasora joateko!”. Bittori Larreategik ostera, portuan harri ikatzak buruan hartuta gogoratzen ditu garaiko emakumeak.

Tartean Gerra Zibila bizitzea ere egokitu zitzaien emakume askori eta ez zuten gutxi sufritu. Ilea moztuta eta errizino-olioa edan ondoren kalerik kale erabili zituzten, edo gizona espetxean izan eta etxe gabe laga zituzten, edo gudarien zaindari eta erizain aritu ziren mugaz harago…

Hegazkinen hotsa entzun eta koba edo ezkutalekuetan hartzen zuten babes gerra sasoian Lekeition geratu zirenek. Jolas moduan gogoratzen ditu Josune Torrealdaik une haiek: “Kobetara arin-arinka. Abioia ikusten genuenerako ezkuta. Bazkaria ere, amak-eta arinago eginda eroaten zuten, eta koban geundela, hantxe jaten genuen bazkaria. Gero kurika... Olgetan ibiltzen ginen eta kanpaiak jotzen zuenean... dza!”.

Testuinguru hartan, belaunaldi hauei gaztaroa Elizaren begiradapean bizitzea egokitu zitzaien. Giza harreman eta jarrera guztiak baldintzatuta zeuzkaten. Orduko moralak finkatutako patroiak jarraitu behar zituzten, horien artean izaera egokia taxutzeko jarraibideak. Janzkera, esaterako, zintzotasunaren edo ganoraren ezaugarria zen. Karmen Murelagak irribarrez oroitzen du herriko abadeak emakume bat elizkizunetik kanporatu zuen unea, prakak jantzita joan zelako elizara.

Sexuari buruzko uste okerrak

Mutilekin izaten zituzten harremanetan bizitako ikara eta tentsioak azpimarratu dizkigute, ezkutuan ibili beharra. Harreman horiek oso azalekoak izan behar zuten, nobio garaian behintzat. Gutxi batzuek ez ezkontzeko erabakia hartu bazuten ere, gehiengoa, bizi-legeari jarraituz, “gizon ona bilatu eta ezkondu” egiten zen. Une horretara arte, gizonekin hain estu sekula egon gabeak ziren emakume gehienak. Tere Eigurenek aipatu digu sexuari buruz aurrez entzundakoak eta ezkontzaren ostean izandakoak ez zirela bat etorri: “Libre zenuela sexua, baina gehiago ez genekien! Eta nahi ez bazenuen ere, egin behar sexo”. Ane Miren Sustaetak berriz, entrenamendu falta nabarmendu du algara artean, “honela izaten dela eta bestela izaten dela, ba kalean enteratzen zinen. Eta ez ginenez joan entrenatuta, ba lehenengo gauari itxaron behar”.

Ezkondu eta umea ekartzea zen emakume hauen betebehar nagusia, umerik ekartzen ez zuenari kapoia zeritzon. “Ezkontzen zinen eta lehenengo misioa umea ekarri behar. Derrigor zen umea ekartzea”, dio Sustaetak. Arrasateren hitzetan, “ez zegoen telebistarik, ez zegoen irratirik; afaldu, argia ez gastatzearren neguan zortzietarako ohean, eta honetarako, horretarako eta besterako denbora zenuen, eta ume asko ekartzen ziren”. Seme-alabak etxean eta halamoduz ekarri zituzten mundura elkarrizketatu ditugun emakume nagusienek. Teresa Erkiagak harrotasunez dio zazpi haurrak etxean izan zituela, auzoko emakume baten laguntzaz.

Ezkondu ostean, emakumeek bere gain hartzen zuten etxearekin zerikusia zuen guztia. Gizonak kanpoan egindako lanaren diru-saria etxera ekartzeaz arduratzen ziren. Etxeko nagusiak eta seme-alabak jagon eta hezteko ardura emakumearena zen, eta sarritan ama eta alaben artean banatzen zituzten lan horiek. Garaiko ezkontza kontratuak banaezinak ziren. Hori dela-eta, emakume ugari eutsi beharraz mintzo dira. “Aguanta! Hantxe aguanta!  Nik neuk bai behintzat. Gaurko gazteak nik eroan neban bizimodua eroatekotan, apartatuko ziren denak”, dio Karmen Murelagak. Egoera ezin jasan eta alkoholean penak itotzeko hautua egiten zuten emakumeak ere izan ziren, baina gizonak ez bezala, etxean eta ezkutuan edaten zuten.

Heriotzak soilik bana zezakeen ezkondutako bikotea. Mari Tere Gabiola alargun geratutako emakumeen egoeraren inguruan mintzo da: “Negar egiteko astirik ere ez! Hurrengo egunean beharrera joan behar, bestela jatekorik ez. Alargunak txarto eta batzuek esaten zutena, batzuk ezkondu beharragatik. Orduan umeak ere asko zeuden, hiru edo lau ume. Zeure beharraz haiek umeak zelan altxatuko zenituen, ezinezkoa!”.

Herriari egindako ekarpena zenbaezina da. Emakumeok beren hondar alea jarri zuten han eta hemen: euskalgintzan, ikastolen sorreran, herrigintzan eta baita politikan ere. Sustaetak adibidez ikastolako sortze eta eratze prozesuan emakumeak gogoratzen ditu buru-belarri lanean. Emakume zintzo eta eskuzabalak ziren kostako emakume kresaldun hauek, Angela Uribarrenen esanetan: “Didarra egiten zuten, zarata, baina bestela eskutan bihotza zuten andreak ziren”.

Gaur, askatasun eta baliabide gehiago dituzte emakumeek. Etxetik kanpo lan egin dezakete, soldata jaso (nahiz eta beti parekoak ez izan), aukeratutako ikasketak egin, ezkontza-konpromisoa legez apurtu, gura duen momentuan seme-alabak izatea erabaki… Guk aurreko belaunaldietako emakumeen oinordetza jaso dugu, ondare aberatsa hartatik ikasten jarraitzeko, gorde beharrekoa gordez eta aldatu beharrekoa aldatuz. Baina, batez ere, jakinez norberaren baitan ernatu eta hazten dela norberaren oinarrizko askatasuna.

Herriak herriarentzat egina

Herriak herriarentzat egina Lekeitio herri txikia izanik, nahi baino arinago zabaldu zen bi neska hirugarren begia lepo gainean hartuta herriko emakumeak itauntzen genbiltzala. Jakin-minez, prestutasunez eta ekarpenak egiteko irrikaz gerturatu zaizkigu herritarrak. Aulkiak alde batetik bestera mugitzeko, argazki zaharrak ekartzeko, musika jartzeko, aktore lanetan aritzeko... Ordu txikiak arte lan egitea egokitu zaie batzuei, eta denok ala denok osatu dugu gure herri txiki honetako historia biltzen duen lan xume hau.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Hwei-Ru Tsou. Brigadista txinatarrak xede
“Batera gogoratzen ditugu Gaza eta Gernika!”

Iazko uztailean, ARGIAren 2.880. zenbakiko orrialdeotan genuen Bego Ariznabarreta Orbea. Bere aitaren gudaritzaz ari zen, eta 1936ko Gerra Zibilean lagun egindako Aking Chan, Xangai brigadista txinatarraz ere mintzatu zitzaigun. Oraindik orain, berriz, Gasteizen hartu ditu... [+]


Estatua perfumatuak

Eskultura grekoerromatarrek bere garaian zuten itxurak ez du zerikusirik gaurkoarekin. Erabilitako materiala ez zuten bistan uzten. Orain badakigu kolore biziz margotzen zituztela eta jantziak eta apaingarriak ere eransten zizkietela. Bada, Cecilie Brøns Harvard... [+]


Maite Errarte:
“Etorkizuneko etnografoek sakelekoen bilakaera aztertuko dute akaso”

Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailaren zuzendari berria da Maite Errarte Zurutuza (Beasain, 1995), urrian Fermin Leizaolaren lekukoa hartu ondoren. Kultura materiala aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, gizartearen memoria eta bizimodu aldaketak erregistratzeko... [+]


Benetako ninjek ez dute misteriorik

Japonia, XV. mendea. Espioitzan eta hilketa ezkutuetan espezializatutako eliteko talde militarra sortu zen. Edo horixe uste du behintzat Stephen Turnbull historialari britainiarrak. Beste aditu batzuen ustez, askoz lehenago sortu ziren ninjak, duela 2.300-2.500 urte inguru. Eta... [+]


Faxisten izenak hildako biktimen zerrendetan mantenduko ditu Gogorak

Gogora Institutuak 1936ko Gerrako biktimen inguruan egindako txostenean "erreketeak, falangistak, Kondor Legioko hegazkinlari alemaniar naziak eta faxista italiarrak" ageri direla salatu du Intxorta 1937 elkarteak, eta izen horiek kentzeko eskatu du. Maria Jesus San Jose... [+]


2025-03-17 | Ahotsa.info
Lore eskaintza Angel Berruetaren oroimenez

Familiak eskatu bezala, aurten Angel oroitzeko ekitaldia lore-eskaintza txiki bat izan da, Martin Azpilikueta kalean oroitarazten duen plakaren ondoan. 21 urte geroago, Angel jada biktima-estatus ofizialarekin gogoratzen dute.


Hau Pink da, Europako gure lehengusu txikia, eta 1,4 milioi urte ditu

Atapuercako aztarnategian hominido zahar baten aurpegi-hezur zatiak aurkitu dituzte. Homo affinis erectus bezala sailkatu dute giza-espezieen artean, eta gure arbasoek Afrikatik kanpora egindako lehen migrazioei buruzko teoriak irauli ditzake, adituen arabera.


Egutegia zilarrezkoa ilargian

Chão de Lamas-eko zilarrezko objektu sorta 1913an topatu zuten Coimbran (Portugal). Objektu horien artean zeltiar jatorriko zilarrezko bi ilargi zeuden. Bi ilargiak apaingarri hutsak zirela uste izan dute orain arte. Baina, berriki, adituek ilargietan egin zituzten motibo... [+]


Boteretsuegia emakumea izateko

Hertfordshire (Ingalaterra), 1543. Henrike VIII.a erregearen eta Ana Bolenaren alaba Elisabet hil omen zen Hatfield jauregian, 10 urte besterik ez zituela, sukarrak jota hainbat aste eman ondoren. Kat Ashley eta Thomas Parry zaintzaileek, izututa, irtenbide bitxia topatu omen... [+]


Kanaky Herria
2024: deskolonizaziorako aukera oro sinesgaitz bihurtu zuen urtea

Urte bat beteko da laster Pazifikoko Kanaky herriko matxinada eta estatu-errepresiotik. Maiatzaren 14an gogortu zen giroa, kanaken bizian –baita deskolonizazio prozesuan ere– eraginen lukeen lege proiektu bat bozkatu zutelako Paristik. Hamar hilabete pasa direla,... [+]


Mickael Forrest
“Arbasoek ziotena errepikatzen ari gara: gu ez gara frantsesak”

Kanakyko Gobernuko kide gisa edo Parisekilako elkarrizketa-mahaiko kide gisa hitz egin zezakeen, baina argi utzi digu FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren kanpo harremanen idazkari gisa mintzatuko zitzaigula. Hitz bakoitzak duelako bere pisua eta ondorena,... [+]


Gasteizko greben bideo ezezagunak aurkitu ditu Martxoak 3 elkarteak Erresuma Batuko artxibo batean

Hiru bideo dira (albiste barruan ikusgai). Batak jasotzen du, grebak antolatzea leporatuta, Carabanchelen espetxeratu zituzten Jesús Fernandez Naves, Imanol Olabarria eta Juanjo San Sebastián langileak espetxetik atera ziren unea, 1976ko abuztuan. Beste biak Martxoak... [+]


Iruña-Veleia: epaiketatik bost urtera

Otsailean bost urte bete dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.

11 urteko gurutze-bidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio... [+]


Eguneraketa berriak daude