Artearen historia berrirakurtzen

  • Artista italiar ahantziari eskainitako erakusketa, Pasioa Carol Ramaren arabera, aukera ezin hobea da artearen historiografia nagusia kritikoki berrirakurtzeko. 70 urtetan zehar egindako 200 bat lan, XX. mendeko artearen toki komunak zalantzan jartzeko.

“Ez daukat margolari maisurik, nolabaiteko bekatu-sena dut irakasle”, adierazi zuen Carol Ramak 1981ean.
“Ez daukat margolari maisurik, nolabaiteko bekatu-sena dut irakasle”, adierazi zuen Carol Ramak 1981ean.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Historia, Ambrose Biercek, gisa honetantxe definitzen du: “Kontaera faltsua hein handi batean, gehienbat garrantzi gutxiko gertaerak kontatzen dituena, gehienbat gizatxar diren gobernariek eta gehienbat txoroak diren soldaduek eragina”. Besterik da garrantzia gutxiko gertakari horiek gero garrantzia handiagoko gertakariak eragin ditzaketen: apokaliptiko jartzearren, adibidez gerrak. Joseba Sarrionandiak, aldiz, testu honetarako egokiagoa zaigun definizio bat ematen dio Historiari: “Behin eta berriro idatziz doan testua, gero borratua eta berriz idatzia izateko. Historiak era guztietako argumentuak pilatzen ditu, zer frogatu nahi duen oraindik ez dakien arren”.

Sarrera modu hori zertarako, eta, erakusketa batean izan naizela esateko. Museu d’art contemporani de Barcelona-n. Izena: La passió segons Carol Rama. Ez Bach ez bi: Carol Rama. Lasai, segi irakurtzen, normala da haren izenik ez ezagutzea. Bost euro balio duen sarrerarekin batera jasotako esku-orrian ohartarazten digute: izena ez da ezein historiatan agertzen, ezta “emakume artisten historia” deitu duten horretan ere. Torinon jaioa, 1918an, industrialari familia batean; burgesa, beraz, estutasun handirik gabekoa. Ez behintzat ekonomikoki: heziketa artistikorik gabea, Ramaren hasieretako obran eragina izan zuten heriotzak –aitak buruaz beste egin zuen, alabak 22 urte zituela– eta itxialdi instituzionalak –ama psikiatriko batean sartu behar izan zuten, aitaren heriotzaren ondotik–. Orduantxe hasi zen pintatzen erakusketa honetan atentzioa gehien ematen duten akuarelak: emakume batek kaka egiten du, giza zakil bat ornitorrinko batean sartzen da, gorputz batek eskuekin zabaltzen du bulba, suge bat ipurtzulo batetik irteten da. 1945ean erakutsi zituen lehen aldiz jendaurrean: Italiako gobernuak zentsuratu egin zituen, “lizunkeriagatik”.

1940ko Appassionata obrak psikiatrikoko eszena bat ekartzen du gogora

Ibilbide artistikoa ez zuen hor gelditu, ordea. Paul, aka Beatriz, Preciado komisarioak idatzita utzi duen bezala, “hogeigarren mendeko artearen kontra-artxibo” gisa har daiteke-eta Ramaren obra. Lehen erakusketa haren zentsura “ohartarazpen” modura hartu zuen, hori bai, motibo figuratiboak alde batera uzteko gonbidapen. 50etan, “gerra abstraktua” jarri zuen martxan, Movimento per l’arte concreta taldearen baitan, bere obrari “nolabaiteko ordena” eta “gehiegizko askatasuna mugatzeko”. Hamarkada haren erdialdera, arte konkretua lantzen zuen taldearen konbentzio geometrikoengandik urrundu, eta material berri, teknika berriekin esperimentatzen hasi zen. Adibidez, 60etan, Rama gerturatu zen esperimentazio linguistikoa lantzen zuten artistengana, Novissimi taldekoen poesia bisualera, bereziki Edoardo Sanguineti idazlearengana. Sanguineti berak bricolages deituko zituen lanak egin zituen garai hartan, elementu organiko eta inorganiko desberdinen nahasketatik sortzen zirenak.

Nonna Carolina izan zen Ramaren lehenbiziko obretako bat. Gorputz atalen protesiak pintatu zituen hasieratik.

60. hamarkada amaieratik aurrera, Italiako eszena artistikoa berenganatu zuten arte povera mugimenduko figura maskulinoek: Alighiero Boetti, Giuseppe Penone, Giulio Paolini, Mario Merz, Pino Pascali, Michelangelo Pistoletto. Carol Rama, beste behin, eszena horretatik kanpo geratuko da. Nahiz kautxuzko pneumatikoak sarri agertzen diren garai hartako obran –aitak, hondoa jo aurretik, bizikleta fabrika bat izan zuen–. Baina ez bakarrik: oin eta hanka protesiak, kristalezko begiak, betazalak, ilea, azala, azkazalak, hortz naturalak, osagai elektrikoak (fusibleak, bateriak), medikoak (xiringak). 70etan, ia esklusiboki erabiliko ditu kautxuzko pneumatikoak, taxidermista batek azala lantzen duen bezala erabili ere.

1980an, Lea Vergine komisarioak Ramaren obra “deskubritu” zuen: lehen akuarela haietako batzuk sartu zizkion, L’altra metà dell’avanguardia 1910-1940 izeneko erakusketa kolektiboan. Ehun bat emakume artistaren lana jaso zen bertan. Deskubrimendu horrek, aldiz, berriz geldiarazi zuen Ramaren sona. Bi modutara: aitorpena ematen dio, baina soilik emakume gisara aurkeztuta. Eta gazte garaiko obrak bakarrik erakutsita, ondorengo obra guztia uzten du ilunpean. Sorkuntzak ez du etenik, ordea: 90etan, animalia gaixoen errepresentazioak margotuko ditu, orduko hartan modako zeuden behi eroak. Autoerretratu gisa ere aurkeztu zituenak: “Neroni naiz behi eroa”.

Errekonozimendua-edo, 2003an iritsi zitzaion Ramari: Urrezko Lehoia eman zioten Veneziako biurtekoan, zazpi hamarkadatan zehar egindako lanagatik. Hartara, goitik behera betetzen dira Carol Ramaren kasuan, Guerrila Girls kolektibokoek aipatzen zituzten iragarpen horiek guztiak: “Emakume artista izatearen abantailak dira, laurogei urte dauzkazunean hasiko direla nabarmentzen zure lana; egiten duzun edozein gauza ‘femenino’ gisa izango dela sailkatua; eta artearen historia berraztertuetan sartuko zaituztela”.

Paul B. Preciadoren testura itzuliko gara, Elearaziko lagunek osoki euskarara ekarri duten horretara –eta ondo pentsatuta, nik ere ekar nezakeen hona osoki, bestelakoekin eman beharrean alamena–. Erakusketa “minoritarioei” arrisku bat ikusten die: kontakizun historiografiko handiaren barruan, oin-ohar huts gisa amai dezaketela. Pixka bat horrela: “Egia da, arte modernoa Europa erdialdeko gizon zuriek egin zuten batez ere, baina ez ahaztu, hor zeuden, baita ere, Sonia Terk, Liubov Popova, Claude Cahun, Dorothea Tanning… Eta, batzuetan, itzalean izan arren, gauzatxo zoragarriak egin zituzten”. Bestela, erakusketa minoritarioak bi multzotan sailkatzen ditu: nolabait “unibertsalistak”, unibertsalera iristeko balio dutenak, alegia, narrazio hegemonikoak xurga ditzakeenak. Eta “identitate politika”-ren logika darabiltenak, zeinak arriskua duten diferentziak birnaturalizatzeko, anekdota huts gisa txertatzeko historia handian, narrazio hegemonikoa berretsiz.

Preciadok berak Rama bisitatu zuen erakusketa prestatzeko aitzakian. Baina 2005ean kontzientzia galtzen hasi zen artista, prozesu azkar batean. Artearen historiak erabat ahaztu du Carol Rama. Carol Ramak orain erabat galdu du oroimena. “Artearen historia da gure amnesia propioaren historia”, dio Preciadok. Eta zalantza planteatzen, ea erakusketa izan daitekeen artistaren memoria berreraikitzeko edo asmatzeko modu bat, ala, aitzitik, gure saiakera amnesia-proiektu orokor horren parte izango den. Sarrionandiaren definizioaren haritik, zalantza gutxiago dago: Historia, berriz idatzia izaten ari den momentu honetan –ze momentutan ez da berriz idatzia izaten ari?–, ziria sartzeko, esan nahi baita sartzeko falka, besterik ez bada muturra, probestu beharra dago. Bartzelonakoa bukatuta, Pariseko Musée d’Art Moderne izenekoan dugu aukera, apirilaren 3tik uztailaren 12ra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Homosexualen aurkako Bilboko auzitegia

Bilbo, 1954. Hiriko Alfer eta Gaizkileen Auzitegia homosexualen aurka jazartzen hasi zen, erregimen frankistak izen bereko legea (Ley de Vagos y Maleantes, 1933) espresuki horretarako egokitu ondoren. Frankismoak homosexualen aurka egiten zuen lehenago ere, eta 1970ean legea... [+]


2025-03-26 | Axier Lopez
Espainiako Guardia Zibilaren historia bat
Hemendik alde egiteko arrazoiak

Fusilamenduak, elektrodoak eta poltsa, hobi komunak, kolpismoa, jazarpena, drogak, Galindo, umiliazioak, gerra zikina, Intxaurrondo, narkotrafikoa, estoldak, hizkuntza inposaketa, Altsasu, inpunitatea… Guardia Zibilaren lorratza iluna da Euskal Herrian, baita Espainiako... [+]


Koordinakundea eratu dute, Bigarren Mundu Gerran deportatu zituzten euskal herritarrak ezagutarazteko

Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak aintzat hartu nahi ditu Hego Euskal Herrian jaio eta bizi ziren, eta 1940tik 1945era Bigarren Mundu Gerra zela eta deportazioa pairatu zuten herritarrak. Anton Gandarias Lekuona izango da haren lehendakaria, 1945ean naziek... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Hwei-Ru Tsou. Brigadista txinatarrak xede
“Batera gogoratzen ditugu Gaza eta Gernika!”

Iazko uztailean, ARGIAren 2.880. zenbakiko orrialdeotan genuen Bego Ariznabarreta Orbea. Bere aitaren gudaritzaz ari zen, eta 1936ko Gerra Zibilean lagun egindako Aking Chan, Xangai brigadista txinatarraz ere mintzatu zitzaigun. Oraindik orain, berriz, Gasteizen hartu ditu... [+]


Estatua perfumatuak

Eskultura grekoerromatarrek bere garaian zuten itxurak ez du zerikusirik gaurkoarekin. Erabilitako materiala ez zuten bistan uzten. Orain badakigu kolore biziz margotzen zituztela eta jantziak eta apaingarriak ere eransten zizkietela. Bada, Cecilie Brøns Harvard... [+]


Benetako ninjek ez dute misteriorik

Japonia, XV. mendea. Espioitzan eta hilketa ezkutuetan espezializatutako eliteko talde militarra sortu zen. Edo horixe uste du behintzat Stephen Turnbull historialari britainiarrak. Beste aditu batzuen ustez, askoz lehenago sortu ziren ninjak, duela 2.300-2.500 urte inguru. Eta... [+]


Maite Errarte:
“Etorkizuneko etnografoek sakelekoen bilakaera aztertuko dute akaso”

Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailaren zuzendari berria da Maite Errarte Zurutuza (Beasain, 1995), urrian Fermin Leizaolaren lekukoa hartu ondoren. Kultura materiala aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, gizartearen memoria eta bizimodu aldaketak erregistratzeko... [+]


Faxisten izenak hildako biktimen zerrendetan mantenduko ditu Gogorak

Gogora Institutuak 1936ko Gerrako biktimen inguruan egindako txostenean "erreketeak, falangistak, Kondor Legioko hegazkinlari alemaniar naziak eta faxista italiarrak" ageri direla salatu du Intxorta 1937 elkarteak, eta izen horiek kentzeko eskatu du. Maria Jesus San Jose... [+]


2025-03-17 | Ahotsa.info
Lore eskaintza Angel Berruetaren oroimenez

Familiak eskatu bezala, aurten Angel oroitzeko ekitaldia lore-eskaintza txiki bat izan da, Martin Azpilikueta kalean oroitarazten duen plakaren ondoan. 21 urte geroago, Angel jada biktima-estatus ofizialarekin gogoratzen dute.


Hau Pink da, Europako gure lehengusu txikia, eta 1,4 milioi urte ditu

Atapuercako aztarnategian hominido zahar baten aurpegi-hezur zatiak aurkitu dituzte. Homo affinis erectus bezala sailkatu dute giza-espezieen artean, eta gure arbasoek Afrikatik kanpora egindako lehen migrazioei buruzko teoriak irauli ditzake, adituen arabera.


Egutegia zilarrezkoa ilargian

Chão de Lamas-eko zilarrezko objektu sorta 1913an topatu zuten Coimbran (Portugal). Objektu horien artean zeltiar jatorriko zilarrezko bi ilargi zeuden. Bi ilargiak apaingarri hutsak zirela uste izan dute orain arte. Baina, berriki, adituek ilargietan egin zituzten motibo... [+]


Boteretsuegia emakumea izateko

Hertfordshire (Ingalaterra), 1543. Henrike VIII.a erregearen eta Ana Bolenaren alaba Elisabet hil omen zen Hatfield jauregian, 10 urte besterik ez zituela, sukarrak jota hainbat aste eman ondoren. Kat Ashley eta Thomas Parry zaintzaileek, izututa, irtenbide bitxia topatu omen... [+]


Eguneraketa berriak daude