Deabru berria Sahara azpialdeko Afrikan ‘Boko Haram’ deitzen da. XXI. mendeko jihadista fanatikoen adibidetzat ezagutua da 2009an Nigeriako gobernuaren kontra matxinatu zenetik burututako triskantzengatik. Jeke arabiarren finantzaketa? Baietz. Baina Afrikan Jihadak erroak sustraiturik dauzka mende luzetako injustizietan.
Antzinako esklaboak dira, gutxienez azken bi mendeotan morrontzan zanpatu dituzten masa handiak, Afrikako Jihadismoaren oinarri soziala”. Horra Le 1 astekari frantsak 43. zenbakian “Afrique, les visages du Dhijad” (Afrika, Jihadaren aurpegiak) gaiaren inguruan dakartzan tituluetako bat.
Astekari bitxia da Le 1: kioskoan DIN-A4 edo newsmagazine formato tipikoarekin aurkituko duzu, baina bere 16 orriak irakurtzeko maindire moduan zabaldu beharko duzu, 65x90 cm-ko paper bakarra osatu arte. Lehen Le Mondeko zuzendari izandako Eric Fottorino dauka nagusi. Beraz, irudimentsua baina Frantziako establishmentari ondo itsatsia ere bai. Maila handiko idazle eta adituen artikuluak ekartzen ditu.
2009an matxinatu zenetik, Boko Haram bihurtu da Afrikako amesgaiztoa: 5.000 baino gehiago hil ditu, asko modurik ikaragarrienean, 500 gizon, emakume eta haur baino gehiago bahitu, tartean esklabutzan saldutako neskak... Milioi eta erdi baino gehiago dira borroketatik ihesi joanak. Erlijiozko gerrarik basatiena gaur Saharaz beheko eskualdeetan gertatzen da, horrela esan badaiteke. Esan daiteke?
“L’ADN de Boko Haram” idatzi du Marc-Antoine Perouse de Montclos ikerlariak, laguntza humanitarioaren eta politikaren arteko loturez liburu bat plazaratua daukanak. Dio, ukatu gabe Al Kaeda edo Daech-Isisengandik jasotako laguntza, Boko Haramen sustraiak lekuan bertan aurkitu behar direla, benetako oinarri soziala daukala.
Nigerian bertan taldeak duela bi urte 500-1.000 gudari omen zeuzkan. Baina gobernuak larrialdi egoera ezarri ostean 4.000 gizonetaraino handitu zuen tropa, eta gaur 8.000-10.000 inguru edukiko omen ditu. “Bestela esanik, zenbat eta bortitzagoa Boko Haramen kontrako errepresioa, orduan eta gehiago indartu da. Honek zalantzan jarri beharko luke soluzio militarren eraginkortasuna”.
Taldeak esku hartu du eskualdean dauden liskarretan eta musulman askoren fidelitatea bereganatu du lurrak banatuz, Jihadaren aitzakiatan burututako sarraskietatik ihesi joandako kristau eta animistek lagatako lurrak. “Xariaren izenean Boko Haramen aldeko jendeak halako nekazaritza erreforma erlijioso bat antolatu dute. Horrela ebatzi dituzte urtero lurren erabileraren inguruan zeuden eztabaidak”.
Astekariak elkarrizketatu du Jean-François Bayart, Centre d’Etudes et Recherches Internationales-ko (CERI) zuzendari izana. CERI Frantziako Estatuaren erreferentzietakoa da atzerri politika, immigrazio, bortizkeria politiko eta segurtasun aferetan. Bayartek beste liburu gehiagoren artean “L’Islam Republicain” plazaratuta dauka. Elkarrizketan argi aitortu du Frantzia Malin militarki esku hartzearen alde egon dela, zalantzarik gera ez dadin. Bayartek esandako hitzen laburbilduma da ondoko guztia.
“Saharaz beheko eskualdean –dio Bayartek– nazioa gezur historiko handi batean oinarritzen da: esklabismoa zurien kontua zela. Zuriak errudun direnik ezin da ukatu, baina ez dira izan bakarrak eta beti joint-venture gisa aritu dira elkarlanean beltz batzuekin”. Eta XIX. mende hasieran esklaboen salerosketa itzali zenean Atlantikoan zehar, Afrika barneko esklabismoa hedatu zen.
XIX. mendean Jihada egin zuten buruzagietako batzuk esklabistak ziren, hala nola Mandinga erresuma sortu zuen Samori Ture. Eta gerlari jihadista esklabozaleen kontra oldartu ziren beste musulman batzuk, hala nola murida jendea, kofradietan antolatzen zena eta dena. Gudu gogorren bidez lortu zuten batzuek askatasuna eta baserritar gisa instalatzea, kakahuete laboreen inguruan, baina gainerako gehienek osatu zuten gaurdaino luzatu den morroi masa zabala.
“Gaur bertan Mendebaldeko Afrikan mundu guztiak daki nor den esklaboen ume edo nobleen ume, izenetik, barre egiteko moduagatik, aristokratek estilo handiagoz irri egiten badakite. Klase klitxe garbiak daude, Pierre Bourdieu [soziologoa] tropikootara egokituta esango genukeenez”.
Lehengo esklabo gaur morroi gisa baztertuei bi mendez xurgatu diete odola XIX. mendetik indarra hartuta dagoen aristokrazia beltzak. Joan den mendean Jihada egin zuten buruzagi esklabistek zanpatu dituzte urteotan. Baina morroiok ere denborarekin Jihadean eta salafismoan aurkitu dute kontsolamendua. Islamak esaten duenez sinestun guztiak berdinak direla, Mauritaniatik Nigerrera, Malin bezala Nigeria iparrean, morrontza den arazo ez aitortuari erantzun bat eman diola. Islam horrek bertsio ezberdinak baditu parajeotan.
Bada korronte pietista bat erlijio gaietan oso zorrotza baina politikan nahasten ez dena. Salafista horien mugimendua da Izala 1970etik. Gero badira Jihadaren aldeko gudariak, Allah gurtzen ez duen sultanaren –Mendebaldearen– eta honen Nigeriako ordezkari petrolioz ustelduen kontra borrokatzen dutenak. Hirugarrenik Bayartek aipatzen du 1980tik lanean ari den korronte milenarista bat.
Boko Haram taldeak 2002an sortu zenetik Izalaren islamista kietistatik jihadismoan barrena islamismo milenaristaraino egindako ibilbidearen gakoa errepresioan dakusa Bayartek, beste aditu askok nabarmendu duten gisan. 2009an jendearen aurrean exekutatu zuten Nigeriako agintariek Ustaz Mohammed Yusuf, Boko Haramen lehenbiziko buruzagia. Horrek eta batez ere gobernuaren armadak gerrillarien bila herritarren artean egindako sarraskiek eman zioten abiada Boko Harami.
Boko Haramek erasotzen ditu zurien eskolak (hausa hizkuntzan boko eskola da eta haram debekatua), ustelkeriaren eskolak direlakoan. “Mendebaldeko jakintzak estatu postkolonial zanpatzaile eta zurrupatzailea ekarri du. Ikusi zertan xahutzen duen Estatuak petrolioaren dirua, herritarrak zanpatzen ditu haiei laguntzeko ordez. Jakintza horrek pobrezia baino ez du ekarri. Xariarekin aldarrikatzen dute zuzenbide estatu bat justu gaur Nigeriakoa denaren kontrakoa”.
Azken hamarkadotan Mendebaldeko Afrikako herrialde askotan liberalizazio politikekin galdu dira zerbitzu publiko sare osoak. Hezkuntza eta osasun mailan, hutsunea eskola eta ospitale islamikoek bete dute, batzuetan bertako elite wahabita aberastu berriak finantzaturik.
Boko Haramekoak kriminalak direla? “Egia da hiltzen duela. Baina askoz errazagoa da hiltzaileoi barbaro deitzea agenda sozial eta politiko bat daukatela onartzea baino”, dio Jean-François Bayartek.
Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]
Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]
Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]
Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.
------------------------------------------------
Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]
Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]
Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.
EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.
Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.
Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]
Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]
Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez.
%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]