Lauaxeta eta Kirikinorenak egin du

  • Batzuk badoaz eta besteak badatoz dio kaleko esanak, eta horrek zenbait ohitura atzean utzi eta garaira egokitzeko formula berriak asmatzea dakar maiz. Bilbon euskal kulturarako erreferente izan diren liburu denden argiak itzaltzen ari dira, baina sektoreak bizi dituen zailtasunei erronka hartuta dabilenik bada.

2015ean itxi ditu ateak Bilboko Lauaxeta liburu dendak. Iazko ekainean Kirikiñok ere berdina egin zuen. Euskal kulturarako bi gune garrantzitsu izan dira hamarkadatan.

Apalak erdi hutsik barruan eta “erretiroagatik likidazioa” iragartzen duten kartel handiak kanpoan. Hala dago Bilboko Lauaxeta liburu denda. Sektoreak bizi duen egoera estua eta osasun arazoak tarteko, ateak itxi ditu otsaila amaitzearekin bat, iazko ekainean Kirikiñok egin bezala. Sorkunde Arregi eta Txomin Saratxaga senar-emazteak daude liburu denda horien atzean. Urteetako lanarekin gustura baina agur esatearen penaz mintzo da Arregi. “Egungo egoera benetan zaila da, asko borrokatu behar da”, dio.

Liburu denda biak euskal kultura ardatz zuten liburuak zabaltzeko erreferentziazko espazioak izan dira Bilbon. Saratxagaren eskutik, 1976an ireki zen Kirikiño, euskal gaiak lantzen aitzindaria hirian. Lau urteren bueltan ireki zen Lauaxeta eta Arregik hartu zuen horren ardura. Hezkuntzako materialean eta haur eta gazte literaturan jardun du bereziki, baita paper denda bezala ere. Halaber, Lizardi izenarekin hirugarren liburu saltokia ireki zuten Deustun, baina zortzi urtera itxi zuten.

Hastapeneko urteen oroitzapen ona gordetzen du Arregik: “Ilusio handia zegoen, alor askotan”. Bilbon euskaltzaletasuna indartsu zegoen eta 1977ko urtarrilaren 21ean, ikurrinak salgai jartzen lehen lokala izan zen Kirikiño. Zirraraz hurbildu ziren asko erostera, baina Aliantza Popularreko hainbat jarraitzaile ere oldartu zitzaien dendaren ateetan.

“Dena aldatu da ordutik”, uste du Arregik. Batez ere, saltzailearen eta eroslearen arteko tratua. “Lehen gehiago solasten zen, orain inork gutxik galdetzen dio saltzaileari liburuen gaineko iritzi edo gomendiorik”.

Argitaletxeekin ere harremana gaiztotuz joan dela dio. “Orain liburu guztiak ikastetxeetan saltzen dira, irakurgaiak zein ikas-materiala. Argitaletxeek haiengana jotzen dute eskaintza hobearekin, eta bezeroak kendu”. Horrek euren jarduna asko zaildu duela dio. Dena den, Arregiren esanetan, badaude erreleboa hartu dieten denda txikiak, “baina beste modu batean”.

Zazpikaleetako Verdes

Iritzi berekoa da Joxemari Iturralde, Pott bandako kide izandako idazlea. “Gauzak izugarri aldatu dira, eta ez beti onerako. Egun liburu denda gehienak almazenak dira, liburuak –best sellerrak gehien bat– pilatuta dauden tokiak”.

Izan ere, aurten beteko dira hamar urte hiriburuko beste liburu denda historiko bat itxi zela: Zazpikaleetako Verdes. Beste askoren artean, Pott bandakoen liburu denda kuttuna izan zen eta frankismotik ateratzen ari zen hiriarentzat paper garrantzitsua jokatu zuen honek ere euskarazko liburuak zabaltzeko.

Iturraldek dioenez, “ez ziren soilik liburuak saltzeko tokiak, baita lagun, ezagun eta euskaltzaleen biltokiak ere, iman bat bezala funtzionatzen zutenak euskaraz aritzeko, euskal kulturaz hitz egiteko eta euskal liburuak ezagutarazi eta zabaltzeko”.

Digitalizaziori aurre egiten

Alderdi anitzetan “gaurkotu ez izana” da Anti liburu dendako Javi Nevadoren ustez egun liburu saltoki ugarik ateak ixtearen arrazoietako bat. Kate handietatik at, Bilboko liburu denda esanguratsuenetakoa da egun Anti, San Frantsizko auzoaren barrenean. “Ikuspuntu kritiko eta alternatibo batetik, kultura garaikidean eta sorkuntzan espezializatutako denda da”. Krisi ekonomikoak zuzenean eragin dien arren, hamar urte betetzear den proiektua apurka haziz doalako baikor mintzo da Nevado sektorearen geroaz.

Egun liburu denda txikien gakoak espezializazioa eta subjektibitatea direla dio: “Proiektuari pertsonalitatea eta izaera erantsi behar zaizkio”. Horregatik, liburuen aukeraketari garrantzi handia ematen diote, “saltoki handiek oso gutxitan egiten dutena”.

Irakurtzeko ohiturei dagokienez, jende asko papera utzi eta pantailan irakurtzera igaro den arren, internetek liburu elektronikoak baino gehiago eragin duela uste du Nevadok.

Javier Camara liburu saltzaileak “alderdi neurologikoan” antzematen du sektorearen mehatxurik handiena, digitalizazioarekin pentsatzeko era bera aldatuz doalako. Camararen aitonak abiatu zuen familiaren abizena daraman liburu denda. 80 urte igaro dira ordutik eta urteetako ibilbide horretan aldaketa handiena iraultza digitalak ekarri duela dio. “Teknologia berriak gailenduz doaz lehen liburuak nagusi ziren aisialdi-espazioan, eta ondorioz industria gutxituz doa ezinbestean”.

Baina bada liburu dendek bai, eta internetek inoiz izango ez duen zerbait: espazio fisikoa. Camararen esanetan, “espazioa baloratu egin behar da, giroa landu, ekintzak antolatu, liburu artean aritzeko espazio atsegina sortu…”. Bestetik, gero eta liburu saltzaile gehiagok produktua dibertsifikatzearen aldeko apustua egiten dutela dio. “Liburuekin nahikoa ez bada, papertegiko materiala, jokoak eta beste saltzea ere izan daiteke bide eraginkor bat”.

Euskararentzat leku gutxi

Antik lau gairen inguruko liburuak biltzen ditu batik bat: diseinua, narratiba, artea eta pentsamendua. “Diseinuaren arloan, oso gutxi daukagu euskaraz, gutxi argitaratzen delako, baina gainontzeko arloetan badaukagu, baita haurrendako liburuetan ere”. Hala ere, euskarazko eskaintza orokorra, gaztelaniazkoarekin alderatuta, %5-10 inguru baino ez da.

Camara liburu dendaren kasuan ere euskararen lekua urria da. Eskaera handirik ez dutela aitortu du saltzaileak, bezeroak horretara ohitu dituztelako akaso. “Nire aitonak eta aitak ez dakite euskaraz, eta nik ere ez dut ikasi. Oso zaila da ezagutzen ez duzun hizkuntza bateko liburuak saltzea. Urtetan arrastan daramagun akatsa da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
“Benetan horrek egin nau komiko: emanaldia gaizki doanean ere gozatzen jakiteak”

Iruñea ez da oso handia, baina Beñat Iturbek elkarrizketarako lekua hautatu duen arte ez dut jakin institutu berean ikasi genuela. Madril eta Iruñea artean bizi da, han hemen baino gehiago, oraingoz. Etxera egin duen bisita bat probestu dut harekin... [+]


Amaia Alvarez Uria
“Euskal literaturaren sisteman eztabaida piztu nahi du ‘Zuzi iraxegia’-k”

Izenburua aski argia da: Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa (TZ, 2025). Eta 300 orrialdeko liburu mardulean, XIV. mendeaz gero gurean izan diren emakume idazleen gainean jardun du, irakasleari dagozkion azalpenak emanez bezainbat, testu klasikorik... [+]


2025-04-16 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren bizitza

Hainbatetan esan izan didate arkitektoen lanaren gauzarik indartsuena dela ekoizten duguna betikotu egiten dela. Eraikinaren betikotasunak gizakiaren presentzia tenporala gainditzen duela eta geroko etorkizunean iraunkor egingo gaituela. Eta liburu batekin gertatzen ez den... [+]


Euscool berriaren seinaleak?

Apirilaren 24an, ETB1ean, jendeak aspalditik eskatzen zuen programa eredu bat estreinatuko da: Linbo, late night formatuko ordubete inguruko saioa, gazteek eta gazteentzat egina.


2025-04-15 | Bertsozale.eus
Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Jardin bat zuretzat, Hipatia

Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]


Analisia
Mikrofonoak antzokietan

"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]


Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Hutsuneak

Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.

---------------------------------------------------------

Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]


2025-04-11 | Estitxu Eizagirre
Bertso eta pilota zaleentzat saio berezia Zumarragan larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]


Eguneraketa berriak daude