Feminista, aurrerakoia, euskalduna eta oraindik PSNko bertso askea, baina denbora gutxirako. Ainhoa Aznarezekin izan gara.
Euskara etxean ikasi zenuen?
Bai. Ama Antzuolakoa da eta ni han bizi izan nintzen 4 urte bete arte. Ondoren Iruñera etorri eta San Fermin ikastolara joan nintzen. Aita Melidakoa da eta euskaldunberria. Funtzionarioa zen eta urtetan aritu zen goizeko zazpietatik bederatzietara euskaltegian jo eta ke ikasten.
Magisteritza ikasi zenuen. Bokazioz?
Gustukoa nuen eta gainera estereotipoek indar handia dute. Haurren heziketa emakumeen alorreko zerbait bezala ikusten da askotan eta ni bete-betean sartzen nintzen paper horretan: lehengusu-lehengusina txikiekin jolasean ari ginela ni beti maistra nintzen. Haur hezkuntza hautatu nuen. Oso polita da.
Orain irakaskuntzan ari zara, baina berdintasunaren inguruko gaiak lantzen.
Bai. Orain duela urte batzuk genero ikuspegitik lanean ari gara udalekin eta ikastetxeekin tailerrak antolatzen. Ez da behar den guztia egiten, baina zerbait behintzat bai. Saiatzen gara gure curriculum vitae horretako vitae atala bereziki indartzen. Askotan ikasketa eta titulu pila dugu baina bizi esperientziak ez dira lantzen. Ondorioz, maiz gertatzen da, adibidez, bizitzan zehar sortzen diren gatazkak ez dakigula kudeatzen. Gu horretan tinko ari gara lanean, nahiz eta diru murrizketa izugarriak izan azken bolada honetan.
Datuak oso kezkagarriak dira. Gazteen artean kontrol harremanak oso ohikoak direla diote ikerketek. Atzeraka goaz?
Berdintasunaren ameskerian bizi gara. Askotan neska-mutilekin solasean haiek esaten dizute berdintasunean bizi garela, baina hamaika aldiz entzundako zerbait ari dira errepikatzen, besterik ez. Errealitatea oso bestelakoa eta kezkagarria da. Ikaragarria da, adibidez, zer alde dagoen gizon eta emakumeen soldaten artean: Estatuan %23koa eta Nafarroan %29koa baino gehiago. Eta Nafarroan ere enpresetako zuzendaritza postuetan %10 besterik ez gara, administrazioan ia %50 garen bitartean. Horrek esan nahi du sakonki jorratu beharreko alorra dela. Nafarroa ez doa esaten diguten bezain ongi.
Gizonek bezala jokatzen duten goi karguetako emakumeak lortzea da helburua?
Nik uste dut ezetz. Argi dago emakume gero eta gehiago iristen bagara postu horietara eredua aldatuko dugula. Bat edo birekin ezin da ezer egin androzentrismo sisteman bizi garelako, sistema patriarkalean, eta aldaketak ez dira soilik kopuruak eta kuotak, horiek beharrezkoak izanda ere. Esparru guztietan ikusten da oraindik oso emakume gutxi dagoela goi postuetan, unibertsitatean %60a izanda. Azken urte hauetan formakuntza handiko gero eta emakume gehiago daude. Lehen esaten ziguten emakumeek formakuntza hori lortutakoan, sarbidea izango genuela enpresetan eta administrazioan, baina orain ikusten ari gara hori ez dela egia. Gu esparru publikora joan gara, baina gizon asko ez dira joan, neurri berean, esparru pribatura. Oraindik emakumeok lan gehiago egiten dugu etxean gizonezkoek baino eta horrek kostu bat dauka denontzat. Sistemaren errua da, hala ere eroso bizi dira batzuk horrela. Oso motel goaz eta izugarri kostako zaigu, adibidez, Danimarkan edo Finlandian guraso biek duten eskubide berdintasun mailara iristea. Borondate politikoa ikusten da han.
Legez bermatu behar dira kuotak?
2007ko Berdintasun legeak dioena da ekintza positiboak egin behar direla egoera eta arazo zehatzak zuzentzeko. Hauteskundeetarako zerrendak prestatzerakoan eragiten du, adibidez; administrazioan ez horrenbeste, merituen zerrendak daudelako, eta enpresa pribatuetan ere ez. Hor sustatzen dena da enpresa bakoitzak bere berdintasun plana egin dezan, baina duela bizpahiru urte horretarako ematen ziren diru-laguntzak amaitu ziren Nafarroan eta hori aitzakiatzat hartuta-edo, orain dena geldirik dago. Inork ez du behartuko enpresa bat bere berdintasun plana egitera dirurik ez dagoenean. Volkswagenek, 4.500 langile ingururekin, ez dauka berdintasun planik.
Goi postuetan emakume gehiago egonez gero, zer aldatuko litzateke?
Ordutegiak, adibidez. Lan otorduak edo arratseko bilerak ez lirateke horren maiz egingo. Emakumeok erotuta bizi gara ordutegi horiekin haurrez, adinekoez, gaixoez eta etxeaz arduratu ahal izateko.
Ordutegiaz gain, zer beste ekarpen egin dezakegu emakumeok?
Bizitzeko beste modu bat. Ekoizpenari horrenbeste garrantzirik ez eman eta erreprodukzioari, aldiz, gehiago. Modu berean, gerrak ez lirateke eguneroko notizia izango. Emakume batek, ama batek ez du gerra bat sortuko bere seme-alabak hara bidaltzeko. Izan ere, kasu askotan ikusi da nola sortu diren emakumeen sareak gerran dauden herrialdeen artean. Ustelkeria gutxiago legoke, gizonek haien buruaz duten arrakastaren ideia nagusia dirua pilatzea delako. Kapitalismoaren otso hori behar dugu bizitzeko? Gauzak aldatu behar dira. Gurean otordu egokiak soilik eskolan izaten dituzten haurren egoera edo jubilatuen pentsioekin bizi diren familiak sistema horren isla dira.
Politikan baino lehen, UGT sindikatuan aritu zinen. Nola iritsi zinen horra?
UGT sindikatuan hainbat lantegitako langileei euskara klaseak ematen hasi nintzen. Ondoren esan zidaten sindikatuaren ardura hartzeko Sakanan. Nik nahi nuena zen UGTk Sakanan euskarari bultzada ematea, hutsune handia zegoelako horretan. Horrez gain, lan handia egin genuen sindikatuen arteko batasuna lortzeko hainbat aldarrikapen sindikaletan, lan istripuen kasuan, adibidez. Gustura ibili nintzen han. Kosta egin zitzaidan hasieran, oso gizonezkoen eremua zelako eta ni, gainera, gaztea, sartu berria. Kosta egin zitzaidan, baina errespetua lortu nuen eta oso gustura aritu nintzen. Hori bai, egun osoa autoan ematen nuen han-hemenka, egun batzuetan 500 kilometro egiten nituen.
Sakanak langabezia maila altuenetakoa du egun Euskal Herrian. Zergatik dago bereziki zigortua?
Beti politika alderdikoia sartu delako. Ez doa ez aurrera ez atzera eta familia asko bizi da hor. Estrategikoki oso toki ona da zerbait egin nahi izanez gero, baina sekula santan ez da hor ezer egin. Ez da borondate politikorik izan.
Sakanatik Iruñeko Udalera zinegotzi 2003tik 2007ra.
Lizarbek proposatu zidan zerrendan joatea. Hasieran zalantzak izan nituen politikan sartzeko, baina azken finean dena politika denez, sindikatua utzi eta udalean sartu nintzen, independente gisa. Ezin Barcina eta Iribas burutik kendu. CDNrekin gehiengoa zuten eta bozketa gehienen emaitza 15-12 izaten zen. Hainbesteko lana egitea, aldez aurretik emaitza zein izango zen jakinda, etsigarria zen. Udaletxean emakumeon ahotsa eta euskara aditua izatea nahi nuen. Oso urte interesgarriak izan ziren.
Orain politikako lehen lerroa utzita, erosoago?
Haur hezkuntzan eta berdintasun alorrean lanean, baina aspalditik bezala, hainbat herri mugimendutan buru-belarri: Nafarroako Ezkerreko Junta Errepublikanoan, Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrean, COMFIN emakumeen eta feministen berrogei elkarteen koordinadorako presidentea naiz eta hor gelditu gabe ari gara lanean. Bestalde, CC izeneko GKEko kidea naiz eta udan Malira joanen naiz haur eta gazteekin lan egitera. Politikagintzan ari naiz, baina atzeko lerroan.
Sozialista kritikoa. Erreferentziazko ahotsa zara?
Nintzen.
Bertso aske bat PSNn?
Baliteke. Nik nahi dudana da mugimendu sozialak elkartu eta honi buelta eman. Aldaketa sakona gauzatu, hemendik abiatuta.
Hauteskundeek aldaketa hori ekarriko dute?
Sumatzen da. Ni baikorra naiz. UPN jaitsiko da eta UPN-PSN-PP eta haiekin elkartzen ahal diren beste indar txikiagoek ez dute boterea lortuko. Zerbait berria eta ona etorriko da. Gauza da aldarrikapen asko dagoela baina oso atomizatuak: osasungintza, hezkuntza… Erronka da horiek guztiak elkartzea. Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrean oso jende anitza gabiltza. Parlamentura eraman ditugu gure aldarrikapenak, behetik gora, eta UPN-PSN-PP kenduta beste alderdi guztiek onartu egin dituzte. Herriak hamaika gauza egin eta erakundeetara eraman ditzake.
Baina zuk PSNn jarraitzen duzu?
Urtebeteko parentesia daukat. Urtebetean kuota ez baduzu ordaintzen kanpoan gelditzen zara. Horretan nago. PSNko sektore batekin ados nago, baina argi dago gauzak Madrilen erabakitzen direla.
Desengainu handia hartu duzu alderdi sozialistarekin?
Baina antzeko zerbait gertatzen da beste alderdi batzuetan ere, ezta? Gauzak ez dira Nafarroan erabakitzen, Bilbon baizik, adibidez, eta nik aldarrikatzen dut Nafarroa oso bat: Euskal Herria gure herria eta Nafarroa gure estatua. Herri batek estatua behar du eta Nafarroa estatua da. Nik hori aldarrikatzen dut. Hor daude Gipuzkoako nafarrak, Bizkaiko nafarrak… Baina denak nafarrak gara.
Bat egiten duzu, beraz, Nabarralderen ideiekin?
Bai. Euskal Herria dugu kultura eta hizkuntzaren alorrean, baina politikoki Nafarroa da estatua. Horretarako egin behar duguna da aldaketa sakon bat: beste prozesu konstituziogile bat, estatu guztiek erabakitzeko eta autodeterminaziorako eskubidea izan dezaten. Estatuak aldatzen dira, gizartea aldatzen da, baina nik ez dakit zer gertatzen den Espainiako erresuma honetan: hiltzen ari den ereduari irtenbidea eman ordez, horri eutsi. 78ko Konstituzioa aldatu behar da aldarrikapen asko dagoelako, baina PSOEk ez du hori buruan. Kontraesankorra da. PSOEk beti aldarrikatu du erabakitzeko eskubidea norberaren gorputzean, esate baterako, eta zergatik ez herri batentzat? Zergatik izan behar dugu demokraziaren beldur?
Erriberako aspaldiko sozialistak nola daude?
2007an, Nafarroa Bai eta Ezker Batuarekin hitzarmena egiteko aukera galarazi zigutenean, haietako asko joan ziren. Eta orain duela urtebete, UPNri mozio zentsura azkenean ur errean gelditu zenean, beste askok berdin egin zuten. Alderdiaren oinarriak desegiten ari dira eta horrek ez dio onik egiten alderdiari. Lider batek ausardia izan behar du erabakitzen dena aurrera eramateko eta ez badute onartzen, gestora bat izendatu, Madrilen bezala, eta akabo. Hemen lider bat falta zaie.
Laura Perezek eskatuko balizu berarekin joateko Podemos-eko zerrendan, onartuko zenuke?
Aspalditik ezagutzen dut Laura. Oso jatorra da, zintzoa, koherentea, hemengoa… Nafarrak oso bertakoak gara eta Laurak egin duena izan da Nafarroa anitz hori elkartzea. Joan Bosch ere ezagutzen dut. Hemen bizi da, baina ez da hemengoa. Agian oso ikuspegi paletoa da, baina izan ditugun aurreko esperientziak ikusita, nola beti hemendik kanpo hartzen diren erabakiak, jendeak nahiago izan du hemengo bat hautatzea. Presidente izateko oso gauza positiboak ditu: gaztea, emakumea, diskurtso berri bat duena konsignetatik aparte… Guk Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrean ditugun oinarriak dira Laurarenak. Hiru urtetan jorratu ditugun ideiak Laurak bere egin ditu. Denok nahi dugu aldaketa, kontua da mahai gainean gutxieneko oinarri batzuk ipintzea eta gero gobernu anitz hori mantentzea. Zaila izango da hori.
EH Bildurekin hitzarmenik egin daiteke?
Zergatik ez? Alderdi bat da. Ez dut ulertzen zergatik hainbeste mamu eta hainbeste beldur. Beno, orain mamua Podemos da. Lehen “que vienen los vascos”, orain “que vienen los de Podemos”. Lehen momentuetan aldarrikapen nazionalak alde batera utzi behar dira oinarri minimo batzuetan ados jartzeko. Larritasun egoerei irtenbidea eman behar zaie. Hori da premiazkoena.
Itzuliko zinateke politikaren lehen lerrora?
Ez dut planteatu. Nik jarraitzen dut oinarrizko politika egiten eta behean egiten duguna goian jasotzen bada eta ateak irekita badaude, ikusiko dugu. Aldaketa sakona aurrera eraman behar da 19 urtez boterean egon den UPN oposiziora bidaltzeko.
Ekaineko Nafarroa, nolakoa?
Ilusioz, bestelako diskurtsoez eta kolorez betea: ekologisten berdea, feministen morea… Parlamentua kolorez bete behar dugu. Zaila izango da, Nafarroa zorpetuta utziko digutelako. Hezkuntza eta osasungintza ahulduta eta Nafarroak behar ez dituen Los Arcoseko zirkuitua edo Arena pabilioia bezalako proiektu faraonikoekin. Sosik gabe ezin da gauza handirik egin eta horrek epe ertainera dakar boto-emaileen esperantza galtzea. Ezkertiarrok segituan gure gobernuei zaplazteko ederrak ematen dizkiegu, oso kritikoak garelako. Bakea eta lasaitasuna behar dugu gobernu anitz honek bere lana egin dezan egoera ekonomiko zail horretan. Denok batera, goian daudenak eta herritarrok.
Ainhoa Aznarez Igarza, Iruñean jaioa 1971ko abuztuaren 4an, “Zapatero eta Obama bezala, baina haiek izarrarekin eta ni izarrik gabe”. PSNko kide kitikoa. 2003tik 2007ra Iruñeko Udaleko zinegotzia. Feminista eta euskalduna. Ahotsak, Bakearen Aldeko Emakumeen taldeko partaidea izan zen eta egun Nafarroako Emakume Aurrerakoien Federazioko presidentea eta erakunde horretako presidente ordea da Espainiako Estatuan. Lanbidez irakaslea eta genero berdintasunerako hezitzailea da.
“Guk hemendik sinadurak bildu genituen horren aurka. Ezkertiar aurrerakoi eta sistema aldatzeko sortu den mugimendu horretan ezin da ulertu nola ez duten emakumerik gobernuan. Ez dakit presidentearen nahia zen edo hor egon nahi duen emakumerik ez zegoen, baina oso keinu zakarra izan dela uste dut”.
“Emakume batek zer egin dezake ministerio edo goi postu batean? Ondorengo karguetan ez badago emakume gehiago, ezin izango du ezer aldatu”.
“PSNk bere buruaz beste egin du. Jende asko engainatuta sentitzen da. Sinesgarritasuna galdu dute. PSOE estatuko alderdia da, baina nik nire Nafarroa defendatu behar dut”.
“Roberto Jimenezekin egona da eta ez dakar batere aldaketarik. Ez du egoera samurra: alderdia deseginda, sinesgarritasuna galduta… Ez da lan erraza. Ikusiko dugu zer gertatzen den maiatzean. PSNko ezkertiarrek ez dute PSN-n bere burua ikusten eta beste alderdi batzuengana joko dute”.
Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]
María Chivite lehendakariak esan du kezkatuta dagoela Alemaniatik Volkswagenetik datozen albisteekin, baina aldi berean, konfiantza duela multinazionalak Iruñean duen lantegian, orain arte iragarritako planak betetzen ari direlako.
Nafarroako "eremu mistorako" deialdi bakoitzean, banan-banan, zehaztu beharko da euskarari zein atzerriko hizkuntzei ematen zaien puntuazioa, eta eremu ez euskaldunean ez da euskara baloratuko. Nafarroako Gobernuaren "jarrera euskarafobo, atzerakoi eta... [+]
Nafarren %68,3 biltzen dituzten 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatuko dituela aditzera eman du Begoña Alfaro kontseilariak. Albistea begi onez hartu arren, EH Bilduk aurrekontuak babestearen truke herrietan “hutsik dauden etxebizitzak bizigarri” egitea... [+]
Etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematea du helburu Nafarroako Gobernuak hasitako prozesuak. Tentsio handiko eremu izendatu nahi dituzten udalerrien artean daude, besteak beste, Iruñea, Tutera, Lizarra, Tafalla, Corella, Noain, Cintruénigo, Baztan eta Altsasu... [+]
EH Bilduk seigarren urtez jarraian Chivite lehendakariaren aurrekontuak ahalbidetuko ditu, abstentzioaren bidez. Egungo akordioa mantenduz gero, abenduaren 19ko Osoko Bilkuran gauzatuko da proposamena.
Hitzarmenak 1.035 euroko gutxieneko errenta bermatuko du eta euskara, osasuna eta etxebizitza izanen ditu konpromiso estrategiko nagusi. Hamargarren urtez jarraian, UPNk ez du batere eraginik izanen aurrekontuetan, urteroko legerik garrantzitsuenean.
Nafarroako Gobernua ezustean harrapatu du Zangozako Muga meatze proiektuari Justiziaren arlotik emandako ostikadak. Hala onartu du Mikel Irujo Trantsizio Ekologikoko kontseilariak. Espainiako Meatzeen Legea aldatu beharko litzatekeela esan du eta ez du argitu Nafarroako Justizia... [+]
EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek ekainean egin zuten eskakizuna, eta Espainiako Armadak ezetz erantzun berri du arrazoirik eman gabe, koalizio moreko Daniel Gómez bozeramaileak salatu duenez.
Zurekin Nafarroa taldeak EH Bildu eta Geroa Bairekin batera eskatu zuen Bardeako tiro poligonora bisita egitea. Armadak posta elektroniko bidez jakinarazi dio ez dela posible izanen bertaratze hori, arrazoi "operatiboak" tarteko.
Langileek %23ko erosteko ahalmena galdu zuten 2019ko akordioa sinatu zuten arte. Patronalak orain soldatak izoztea eta hainbat baldintza murriztea proposatu du. PSNk KPIaren eguneratzea eta %2ko soldaten igoera bultzatuko duela esan du orain, gizarte eragileen presioaren... [+]
Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren batzordeak Munduko Medikuak erakundearen eskaera onetsi du, PSNk aurka bozkatu duen arren. Irailean zehar 40 bat lagunek Mendebaldeko Saharatik Madrilera bidaiatu zuten nazioarteko babes eske eta dagoeneko haietatik hamasei... [+]
Alfaro kontseilariak “aurreko hamarkadetako politika espekulatiboak” kritikatu ditu eta kolaborazio publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du Foru Legebiltzarrean. Helburu gisa jarri du Europa erdialde eta iparraldeko datuetara heltzea. Etxebizitzaren esparruan lan... [+]
Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.
Iruñerrian, eta Nafarroan orohar, une honetan memoria historikoaz hitz eginez gero, mahai-gainera indarrez aterako da Iruñeko Erorien Monumentuaren afera. Eraikina 1942an eraiki zen Francoren alde altxatutako hildakoei gorazarre egiteko. Elkarte memorialista... [+]