Mundua izoztu zuen sumendia

  • Duela 200 urte Tanbora sumendiak eztanda egin zuen. Erupzio eskergaren ondorioz, hurrengo urtean ez zen udarik izan planeta osoan. Mundua ilundu, hoztu eta Mendebaldeko azken biziraupen krisi handia eragin zuen. Gainera, itxuraz, Waterlooko guduan indarrak desorekatzen lagundu zuen. Baita Frankensteinen hazia erein ere.

Joseba Larratxe
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

1815eko apirilaren 5ean, hainbat mendetan lo egon ondoren, Sumbawa uharteko (egungo Indonesia) Tanbora mendiak eztanda egin zuen. Erupzio ertaina zen. Trumoi antzeko hotsak 400 bat kilometrora entzun ziren, eta biharamunean Java Ekialdean errautsa erortzen hasi zen. Handik egun batzuetara, apirilaren 10eko arratsaldeko 7etan Sumatran, Tanburatik 2.600 kilometrora, kanoi hotsak entzuten hasi ziren. Edo hori uste zuten. Bertako osteak mobilizatu zituzten ustezko erasoari aurre egiteko. Eta, badaezpada, hainbat ontzi itsasoratu zituzten, kanoikadak arazoak zituen itsasontzi batek bota zituelakoan. Baina hots horiek Tanboratik zetozen. Erupzioa areagotu egin zen hilaren 10 eta 11n, 800 Mt-ra iristeraino; gizakiak inoiz detonatutako arma nuklearrik indartsuenak, hau da, historiako eztanda artifizialik handienak, 57 Mt-ko indarra askatu zuen eztanda egiteko unean. Gerora, Sir Thomas Stamford Raffles britainiar gobernadore kolonialak 1830ean eta Heinrich Zollinger botanikari suitzarrak 1847an, erupzioa zuzenean ikusi zutenen testigantzak jaso zituzten. Haien arabera, “suzko hiru zutabe lurretik irten eta zeruraino iritsi ziren” eta “mendia su likidozko masa bihurtu zen”.  Lekukotza horiek biltzea ez zen erraza izango, Tanborako penintsulan bizi ziren 12.000 lagunetatik soilik 40 irten baitziren bizirik.

Horrenbestez erupzioak berehalako ondorio ikaragarriak izan zituen Asia hego-ekialdeko uharteetan. Baina eztanda hark munduko bazter guztiak astinduko zituen ondorengo hilabete eta urteetan.

Udarik gabeko urtea

1816. urteari “udarik gabeko urtea” esango zioten handik aurrera. Sumendiak 1815ean atmosferara jaurtitako errauts bolkaniko kantitate izugarria mundu osoan eta, bereziki,  Ipar Hemisferioan zabaldu zen hurrengo hilabeteetan. Kontuan hartu behar da, errauts igorpenak ez zirela berehala eten. Eztandak ez ziren uztailaren 15a arte eten, eta abuztuaren 23an kraterrak kea zerion oraindik. Errautsak ez zien uzten eguzki izpiei lurrera iristen eta tenperaturak izugarri jaitsi ziren: 1816ko udan, erupzioa gertatu eta urtebetera, elurra egin zuen ia hemisferio guztian, abuztuan goizero izotza izan zuten, ekaitzak eta euri-jasak noiznahi eta nonahi. Ibaiak izoztu ziren eta, izotzak urtzean, uholdeak izan zituzten; Rhinek berak gainezka egin zuen. Hungarian elur marroia bota zuen errautsaren eraginez; Italian, berriz, elur gorria ikusi omen zuten. Indiako montzoia, munduko klima sistema garrantzitsuena, bi urtez atzeratu zuten sumendiak igorritako gasek.

Hotza, gosea eta epidemiak

Klima aldaketa bortitzak hondamendia eragin zuen nekazaritzan. Uztak erabat suntsituta geratu ziren. John D. Post historialariarentzat Tanborak eragindakoa “Mendebaldeko azken biziraupen krisi handia” izan zen. Hain zuzen, izenburu hori ipini zion 1977an gaiaren inguruan argitaratutako lanari.

Esan bezala, Indiako montzoia mantsotu egin zen, euri-jasak ohi baino beranduago iritsi ziren, eta kontrolaezin bihurtu ziren klima egutegi zehatzera egokituta zegoen biztanleriarentzat. Osasun eta higiene baldintzek nabarmen egin zuten okerrera eta kolera, ordurarte Bengalako Golkoko gune jakin batzuetara mugatzen zena, Moskuraino zabaldu zen. Tifusa ere berehala hedatu zen, giro heze eta hotzak egokiak baitira horretarako. Europan 800.000 pertsona kutsatu omen ziren 1816an soilik.

Europak XIX. mendeko gosete handiena jasan zuen urte horietan. Premiako gaien prezioak %250 egin zuen gora Ingalaterran eta %350 Frantzian. Kontinentea gerra napoleonikoek ahulduta zegoen, gainera. Zaila da erupzioaren ondorioz hildakoen kopurua kalkulatzea. Zenbaiten arabera 200.000 pertsona hil ziren bat-bateko klima aldaketaren eraginez. Baina zenbait iturrik dio soilik Irlandan hildakoak 100.000 izan zirela, eta Tanborak eztanda egin eta hurrengo hiru urteetan Europako heriotza tasa bikoiztu egin zela.

AEB taxutzen

Kontinente zaharrean ez ezik, herrialde berriagoetan eragin handia izan zuten sumendiaren errautsek. 1815ean, AEB jaioberrietan,  biztanleria nagusiki Ingalaterra Berrian zegoen kontzentratuta, hau da, ipar-ekialdeko kostaldeko sei estatutan. 1815eko ekainaren 6an elurra bota zuen New Yorken eta bi egun geroago mara-mara ari zuen Bostonen. Pennsylvanian hainbat ibai eta aintzira izoztuta zeuden oraindik abuztuan.

Bertako biztanleak negu hotzak jasaten ohituta zeuden, baina laborantza lurrentzat gehiegizkoa izan zen. Elikagai urritasunak prezioen igoera ekarri zuen; olo upelak egungo 1,5 dolar balio zuen 1815ean eta hurrengo urtean prezioa 12,78 dolarretara iritsi zen. Artean, garraiobide sare egokirik ez zegoen eta janaria inportatzea garestiegia zen. Egoera jasanezina bihurtu zen milaka familientzat eta horietako asko barnealdera eta hegoaldera joan ziren klima atseginagoaren eta lursail oparoagoen bila. “American Heartland” delakoa, itsasoak bustitzen ez duen AEBen eremua, taxutzen joan zen urte horietan. Egun, AEBetako kostaldeen eta barnealdearen arteko aldea nabarmena da oraindik.

Bizikletak eta ongarri mineralak

Goseak asmamena zorrozten omen du. Justus Von Liebig (1803-1873) kimikari alemaniarrak Tanborak eragindako gosetea jasan zuen txikitan, Darmstadt jaioterrian. Nekazaritzaren errendimendua obsesio izan zuen orduz geroztik, eta landareen nutrizioan ikerlan ugari egin zuen. Laboreak hazteko nitrogenoa funtsezkoa zela deskubritu zuen eta, aurkikuntzan oinarrituta, ongarri mineralak garatu eta ekoizpen prozesuan barneratu zituen. Ongarri industriaren aitzindaria izan zen.

Beste alemaniar batek, Karl Drais asmatzaileak Laufmaschine edo belozipedoa asmatu zuen 1817an. H. E. Lessing historialariaren arabera, bizikleten eta motoen arbasoa ere Tanboraren krisiari lotuta dago. Gizakientzat nahikoa janaririk  ez zegoen eta are gutxiago zaldientzat. Baina zaldi bidezko garraioa funtsezkoa zen garai hartan, eta Draisek garraiobide alternatiboa asmatu nahi izan zuen.

Waterloo eta Berrezarkuntza

1996an, Warwicken (Ingalaterra) burututako geozientzia aplikatuei buruzko jardunaldi batzuetan, Kenneth Spink geologoak esan zuen Waterlooko guduan Napoleonek jasandako porrota erupzioaren ondorioa izan zela. Gudua 1815ko ekainaren 18an izan zen, eta ordurako sumendiaren eragina nabarmena zen eguraldian. Belgikako gudu-zelaian egon zirenen arabera, zerua hodei beltzez estalita zegoen, zaparradak etengabe botatzen zituen eta zoru lokaztuak artilleria aurrera eramatea eragozten zuen. Jacques Logie historialaria ez dator bat  Spinken teoriarekin. Ez du ukatzen Waterlooko ekaitza Tanborak eragin zuenik, baina eguraldia bi bandoen kaltetan okertu zela dio, eta Napoleonen osteengan eragin handiagoa izan balu ere, beste faktore asko erabakigarriagoak izan zirela. Baina aintzat hartu behar da, Napoleoni hainbeste garaipen eman zizkion estrategian, tropak azkar mugitzea funtsezkoa zela, eta baldintza horietan ezin izan zituela ohiko taktikak gauzatu.

Kontuak kontu, Napoleonen porrotaren ondoren Berrezarkuntza iritsi zen, Europan Antzinako Erregimena berrezarri zuten. Baina ez luzaroan, 1820an iraultza liberalen uholdeak Europa hartu baitzuen. Liberalismoaren eta nazionalismoaren doktrinek bultzatu zituzten iraultzen buruzagi intelektualak, baina  iraultzen oinarrian, 1789an Parisen gertatu bezala, goseak eta prezioen igoerak jotako herritarrak zeuden.

Aipatutako zorigaitz eta aldaketa guztiak ezin zaizkio Tanborari soilik egotzi. Beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira urte horietan gertatutakoa osotasunean ulertzeko. Baina erupzioaren eragina ukaezina da, eta hondamendiaren 200. urtemuga aitzakia egokia izan daiteke, hainbat alorretatik, gaia hobeto aztertzeko, 200 urte geroago, klima aldaketa sakonago eta iraunkorragoak ekar dezakeena aurreikusteko baliagarria izan baitaiteke.

Tanbora zenbakitan

1815eko apirilaren hasieran Tanbora mendiaren garaiera 4.300 metro ingurukoa zen; erupzioaren ondoren 2.851 metrotan geratu zen. Sumendiak 160 km3 material jaurti zuen; bestela esanda, 140 bilioi tona. Horrenbestez, zuzenean erregistratutako inoizko erupziorik handiena izan zen, 2010ean Europako hegazkin trafikoa nahastu zuen Islandiako Eyjafjallajokull sumendiarena baino 10.000 aldiz indartsuagoa. Eztanda Sumatran entzun zuten, Tanburatik 2.600 km-ra eta errauts bolkanikoa 1.300 km-ra jalki zen. Sumenditik hurbilen zegoen hirian, Makassarren, metro koadroko 626 kilo errauts erori ziren. Errauts adarra estratosferara iritsi zen, lurrazaletik 43 km-ra. Lurrazalean, jarioaldi piroklastikoak 20 km-ko ingurumaria suntsitu zuen.

Jarioaldiak zuzenean 11.000 pertsona hil zituela kalkulatzen da. Eztandaren ondorengo tsunamiek beste 4.600 hil zituzten. Egun Indonesiak hartzen duen eremuan, goseak eta gaixotasunek 49.000 heriotza eragin zituen. Baina hurrengo bizpahiru urteetan erupzioak zeharka mundu osoan hil zituen pertsonen kopurua kalkulaezina da.
 

Sumendia inspirazio iturri

Joseph Mallord William Turner (1775-1851) artista ingelesari “argiaren margolaria” edo “atmosferen maisua” esan izan diote, eta izengoiti horiek, hein batean, Tanboraren erupzioari esker ere irabazi zituen. Nagusiki paisaiak margotu zituen eta inpresionismoaren aurrekaritzat jotzen da, zertzelada askeengatik eta koloreen erabilera bereziagatik. Oliotan edo akuarelatan naturaren fenomenoak jasotzen zituen eta 1816an aukera ederra izan zuen horretarako. atmosferako errauts maila altuak eguzki sarrera ikusgarriak eragin zituen eta, horrenbestez, Turnerren zeru ezinezkoak ez zeuden haren irudimenean; ikusten zuena margotu zuen.

Udarik gabeko urte hartan, Londrestik 1.000 km eskasera, Dresden (Alemania) Elba ibaia izozturik egon zen luzaroan. Han, beste margolari erromantiko batek, Caspar David Friedrichek (1774-1840) hunkituta begiratzen zien ibaian behera topatzen zuten guztia herrestan eramaten zuten izotz puskei eta naturaletik zirriborroak egiteari ez zion utzi, beregan ezohikoa zena. Zirriborro horietan oinarritu zen erromantizismoaren lehen aroko koadrorik enblematikoenetakoa margotzeko: Izotzezko itsasoa (Itxaropenaren hondoratzea ere deitua).

Idazleek ere nozitu zuten erupzioaren eragina. 1816ko uztailean Lord Byron, John Polidori, Percy B. Shelley, haren emazte Mary Shelley eta beste idazle batzuek “uda”ko oporraldia Suitzan, Leman lakuaren ertzean pasatzea erabaki zuten. Baina tenperatura baxuek eta euri-jasek etxe barruko babesean luzaroan egotera behartu zituzten. Shelley senar-emazteek maiz bisitatzen zuten Villa Dodiati, Lord Byronek alokatutako etxea, Polidorirekin partekatzen zuena. Bisitaldietako batek hiru egun eta hiru gau iraun zuen. Idazleak beldurrezko istorioak asmatu, idatzi eta elkarri kontatzen aritu ziren egun horietan eta genero gotikoaren mugarri bihurtu zen eguraldi txarrak eta giro ilunak bultzatutako esperimentu hura. Handik atera ziren Lord Byroren Iluntasuna eta John Polidoriren Banpiroa, lehen banpiro istorio modernoa. Baina ariketa literario horren emaitzarik nabarmenena Mary Shelleyren Frankenstein izan zen. Etxera itzultzean, udaldi hotz eta ilun hartan asmatutako istorioa lantzen jarraitzea erabaki zuen eta 1818an argitaratu zuen zientzia fikziozko lehen nobelatzat jotzen dena.

Tanboraren erupzioak mundua hoztu baina artista erromantikoen sormena berotu zuen.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2024-11-18 | Jakoba Errekondo
Sagarren istorioak

192 milioi sagar 2024. urtean. Segundoero sei sagarretik gora saltzen du Britainia Handiko Tesco supermerkatu kate han ezagunak; ia 27.000 tona. Zenbaki ikusgarriak dira baina are harrigarrigoak dira bertokoak, Ingalaterrako sagarrak direla jakinda.


2024-11-18 | Garazi Zabaleta
Bizi Baratzea
Durangoko Azoka, bagoaz

Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.


2024-11-18 | Nagore Zaldua
Zaldun, dantzari edo zaindari; altxor ikusezin, betiere

Antzinako greziar eta erromatarrek izaki mitologikotzat zituzten animalia hauek, itsas hondoan jaio eta hazi ostean, lehorreko zaldien tamainara heltzean, Neptunoren gurditik tiratuko omen zuten. Urrutian ikusten omen zituzten, olatu tontorretan jauzika.


2024-11-15 | Leire Ibar
Iratiko Oihana Biosfera Erreserba izendatu du UNESCOk

UNESCOk Munduko Biosfera Erreserben Sarea zabaldu du hamaika izendapen berrirekin, horien artean da Iratiko Oihana. Astearte honetan jaso dute diploma Zaraitzu eta Aezkoa ibarretako presidenteek Ariben. 


2024-11-11 | Garazi Zabaleta
Kosmetikoak sendabelarrekin
Kosmetika industrialaren aurrean, egin ezazu zuk zeuk

Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua argitaratu berri du ARGIArekin. "Egin ezazu zuk zeuk" filosofia kosmetikoen mundura ekarrita, egunerokoan behar diren produktuak egiteko liburu teoriko-praktikoa da. Eskuragarri dago azoka.argia.eus webgunean.


2024-11-11 | Jakoba Errekondo
108 orkidea euskaldun

Gero eta gehiago ikusten dira orkideak gure etxe barruetan. Bulego, denda, ile apaindegi, non ez daude landare edergarri horiek?


2024-11-11 | Irati Diez Virto
Itsasoko erraldoi nekaezina

Badoaz basoak kolorez aldatzen, haizea hozten eta egunak mozten. Badator negua, eta lur lehorrean ageri da; baita itsasoan ere. Animalia migratzaileak hasi dira hegoalderanzko bidean, eta zerutik kurriloak hegan pasatzen diren bitartean, itsasotik zerea doa, ur epelagotara... [+]


2024-11-05 | Estitxu Eizagirre
Garbiñe Larrea "Kosmetikoak sendabelarrekin" liburuaren egilea:
“Kosmetiko industrialak gure sistema hormonala hackeatzen ari dira eta horren aurrean baliabideak eman nahi izan ditut”

Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa,... [+]


2024-11-04 | Garazi Zabaleta
Mimogoxo
Edertasuna baino osasuna helburu duen proiektua Ezkion

Naturopatiaren eta iridiologiaren mundutik iritsi zen Eztizen Agirresarobe Pineda ezkiotarra kosmetika naturalaren mundura: “Hirugarren urtea dut naturopatia eta iridiologia ikasketetan, baina lehenagotik ere egiten nituen ukenduak, kakaoak, eta antzekoak”, azaldu... [+]


2024-11-04 | Jakoba Errekondo
Eguzki-lore meteorologoa

Mendirik altuenetako okoilu gordeetan. Ziztu biziz haize hotzak zazpi hilabetez neguztatzen duen zokoan. Udan igotzen dituzten azienda saldoek motzean eusten dioten belaze bazterretako zuhaixken altzoan. Bertan ezin biziraunari eutsi eta basoak ere txil egin eta urrun-urrunera... [+]


Sardina europarra
Mugarik gabe, baina ez mugagabe

         Sardina bat... bi sardina... topatu ziren...

Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko.


Birika-belarra

Udazken betean gaudela arnas bideei erreparatu beharra daukagu, garai honetan ia gehienok izango baitugu katarroren bat. Hori bakarrik denean gustura, arnasbideetako gaitz larriagoak zeharo gaiztotuta dabilzkigulako azkenaldian. Gure artean aurre zaintza egitea ohitura zabaldua... [+]


2024-10-28 | ARGIA
Hazi ekologikoak jaso dituzte Amillubi proiektuan eta liburua aurkeztu dute

Urriaren 26an Amillubi kolektibizatutako lurretan auzolana eta Haziak liburuaren aurkezpena egin dituzte. Zestoako Portale Kultur Elkarteak eta Amillubi proiektuak elkarrekin antolatu dute ekitaldia.


Usapal europarra
Pase garaiko protagonista

Ürx’aphal bat badügü
herrian trixterik,
Nigarrez ari düzü
kaloian barnetik,
Bere lagün maitiaz
beit’izan ützirik:
Kuntsola ezazie,
ziek adixkidik.


2024-10-28 | Garazi Zabaleta
Artotxiki
Artobeltza, artatxikia, kinoa eta produktu beganoak Lizarraldean

Umetatik baserrian bizi izan dira Gillen eta Bittor Abrego Arlegi anaiak, Lizarraldean, Iguzkitza herrian. Familia abeltzaina izan da haiena baina baserria eta lursailak haien esku gelditu zirenean, proiektuari buelta bat ematea erabaki zuten bi anaiek: “Lur zatia eta... [+]


Eguneraketa berriak daude