"TISA akordioaren helburuetako bat da zerbitzuen pribatizazioek atzerakorik ez izatea"

  • Euskal Herriko iritzi publikora TTIP eta CETA itun transatlantikoen berri ozta-ozta iristen hasi denean, Bilbon bizi den arabar ekonomialari honek ongizate estatuari mehatxu egiten dion eta are ilunagoa den beste nazioarteko akordio batez ohartarazi nahi du: TISA. Politika Ekonomiko Alternatiboaren Aldeko Ekonomialari Europarren elkarteko kidea da Mariño, baita mundu osoan TISAren aurkako oposizioa koordinatzen ari den taldekoa ere.

“Nazioarteko merkatuak aktibo pilaketan dihardute, zerbitzu publikoen zati handi bat barne, mozkinak lortzeko asmoz. Izan ere, zerbitzu asko pribatizatuak izan dira honezkero, eta ondorioa ezin okerragoa izan da”.
“Nazioarteko merkatuak aktibo pilaketan dihardute, zerbitzu publikoen zati handi bat barne, mozkinak lortzeko asmoz. Izan ere, zerbitzu asko pribatizatuak izan dira honezkero, eta ondorioa ezin okerragoa izan da”.Iñigo Azkona

Zer da TISA?

Galdera egokia. Nazioarteko itunen kanpaina betean gauden honetan, TTIP eta CETA dira ezagunenak –ez behar beste, nolanahi–, eta TISA, berriz, akordio sektorialagoa da, Zerbitzuen Salerosteari buruzko Akordioa hain zuzen. Zerbitzuen salerosketarekin zerikusia duen guztia arautzeko, edo desarautzeko, ahaleginean dabiltza. Negoziazioak Genevan egiten dituzte –otsailaren 9tik 13ra bitartean izango da hamaikagarren erronda–, eta Europar Batzordeak eta 22 estatuk parte hartzen dute, tartean AEBek. Guztira, 50 herrialdek.

Ez dago honezkero zerbitzuei buruzko negoziazio zabal bat Munduko Merkataritza Antolakundean (MMA)?

Bai, Merkataritza eta Zerbitzuen Akordio Orokorra. Baina hark ez du aurrera egiten elite batzuek nahi luketen bezain azkar. Zehazki, zerbitzuen salerostea –publikoak barne– arautu nahi dutenez ari naiz; haiexek bultzatu dute TISA. Elite horiek metaketa prozesua gauzatzen ari dira itun hauen guztien bitartez, eta denetan TISA da ilunena. Kostatzen ari zaigu behatzea.

Ezkutukeria hori bereziki larria da kontuan hartuta denoi zuzenean eragiten diguten gauzez ari direla negoziatzen.

Hala da. Alde batetik zerbitzu publikoez ari dira negoziatzen (hezkuntza, osasungintza, ura, hondakinen kudeaketa...), bestetik gainerako zerbitzuez (profesionalak, enpresa batek beste bati mailegatzen dion eskulana...). Europar Batasunak interes handia du, munduko zerbitzu esportatzaile handiena baita AEBekin batera. Baina munduko herrialde askok daukate zer galdua TISA indarrean jarriz gero, ez baitute zerbitzuak eskaintzeko aukera handirik, jaso besterik ez dute egiten, eta ordaindu. MMAn zegoen funtsezko eztabaidetako bat da hori, ea EBk eta AEBek ez ote duten neurri batean inbaditzaileen gisan jokatzen zerbitzuak eskaintzen dituztenean. Horregatik dute bi horiek berebiziko grina akordioa aurrera ateratzeko.

Eta horregatik TISAn parte hartzen ari diren herrialde gehienak Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundekoak (ELGA) dira?

Ia denak dira ELGAko kideak. TISAren ideia da MMA barrukoa baino negoziazio txikiagoa abiatzea, zerbait alternatiboa nolabait, oposiziorik egingo ez duten guztiak barne hartuta, eta behin akordioa lortuta zabaltzen saiatzea, MMAren barruan gailendu arte.

Zehazki, zer ari dira negoziatzen TISAn? Zer dago mahai gainean?

EBk berak honela esan du: aireko garraioa eta estatuek baizik eman ezin ditzaketen zerbitzuak, hots, justizia, ordena publikoa –hitz batean, polizia– eta defentsa izan ezik, printzipioz zerbitzu guztiak sar daitezke negoziazioan. Hori bai, estatu bakoitzak bere zerrenda negatiboa ezartzeko aukera du, hau da, akordiotik kanpo utzi nahi dituen zerbitzuen zerrenda. Zerrenda negatiboen arazoa da behin emanda ezin dela ezer aldatu. Gainera, hortik aurrera sor litekeen edozein zerbitzu mota –aurrerapen teknologikoari esker, demagun– automatikoki bere eraginpean hartuko luke akordioak, eta negoziagarri bihurtuko litzateke.

Adibiderik eman daiteke?

Duela hamabost urte internetek oso zabalpen txikia zuen, eta merkataritza elektronikoa garatu gabe zegoen. Pentsa zer gertatuko zatekeen TISA orduan negoziatu balute. Etorkizunean zer? Auskalo. Uneon garatzen ari diren berrikuntzak, herritar arruntok oraindik ezagutzen ez ditugunak, TISAren itzalpean geratuko dira, gure ongizateari eragin diezaioketenak barne.

Zer ekarriko digu TISAk oro har? Osasungintza publikoa liberalizatzeaz ari gara hitz egiten, esaterako?

Ikusteko dago noraino iritsiko diren. Aurtengo udazkenean Europako Legebiltzarrak TISArekiko zer jarrera duen argitu behar du ofizialki, eta txostena prestatzen ari den legebiltzarkideak, Viviane Reding Europako Batzordeko Justizia komisario ohiak, esan du marra gorri batzuk ezarri beharko direla, TISAk inolaz ere zapaldu ezingo lituzkeenak. Bitxia da horien barruan sartzen dituela pertsonen mugimenduak; kapitalak aske mugi daitezela, baina pertsonak ez. Bestalde, Redingek esan du TISAk Txina hartu beharko lukeela barne. Kontuan hartzekoa da uneon BRICS [garapen bidean dauden bost herrialde nagusien multzoa] bakar bat ere ez dagoela negoziazioetan; TISAn daudenek herrialde horiek ere erakarri nahi dituzte, eta Txina, merkataritzaren ikuspuntutik munduko herrialde garrantzitsuenetakoa ez ezik, beste BRICS guztien traktorea ere bada. [Txinak dagoeneko agertu du akordioan parte hartzeko nahia].

Europa hartu ohi da ongizate estatuaren azken gotorlekutzat. Nola eragingo lioke TISAk?

Gogoeta ia ideologikoa eginez, kapitalek xurgatu nahi duten azken gotorlekuaz ari garela esan genezake. Estatuen zorraz hainbeste hitz egiten den honetan, badirudi nazioarteko kapitalak, merkatuak esaten zaien horiek, interes tipoen jaitsiera baterako prestatzen ari direla beren burua, edo zorraren zati bat ordaindua ez izateko. Zertan ari dira bien bitartean? Aktiboen pilaketan, zerbitzu publikoen zati handi bat berenganatzea barne, mozkinak lortzeko asmoz. Prozesu hori areagotu ahala, ongizate estatuaren azken arrastoarenak egingo luke. Izan ere, zerbitzu asko pribatizatuak izan dira honezkero, eta ondorioa, bidenabar esateko, ezin okerragoa izan da.

Hain izan da txarra (tarifa igoerak, zerbitzua kaskartzea…), atzeranzko prozesuak ere ikusi baititugu: pribatizatua berriro publiko bihurtu.

Bai, baina TISAren helburuetako bat da pribatizazioek atzerakorik ez izatea. Horretarako, itunak ingelesez ratchet clause esaten zaion mekanismoa  [“karraka klausula” modura euskaratu genezake] edukiko du, alegia, araudi bat adostu eta gero ezin izango litzateke berriro erregulatzea zerbitzu hori. Behin betiko finkatze bat litzateke. Haatik, Europako Batzordeak dio klausula horrek ez diola eragingo zerbitzuaren nolakotasunari.

Eta akordioaren aurka ari zareten taldeek sinetsi egiten diozue?

Azken boladan, dokumenturen bat filtratzen den edo besterik gabe publiko egiten duten bakoitzean ikusten da aurrez esan dituzten gauzek ez dutela errealitatearekin zerikusirik. Aurreko batean Ignacio García-Bercerori, TTIPi buruzko negoziazioetan EBko ordezkaritzaren buruari, frackingaz galdetu zioten, eta erantzun zuen frackinga erabat kanpo geratuko zela itunetik; seguruenik luze gabe ikusiko ditugu prospekzioak eta abar. Batzordearen sinesgarritasuna kolokan dago.    

Karraka klausulari dagokionez ere bai?

Hara, hauxe dio EBk TISAri buruz argitaratu duten gida-liburuxka batean: “Karraka klausulak ez dio eragingo aldeetako bakoitzak diskriminaziorik ezarri gabe erregulatzeko duen gaitasunari. Estatuek eutsi egingo diote arau sozialak ezartzeko askatasunari, hala nola gutxieneko soldatari, segurtasunari, kalitateari edota ingurumenari dagozkionak, baldin eta arauok neurri berean betearazten bazaizkie bertako eta atzerriko zerbitzu emaileei, eta baldin eta zerbitzuak eskaini ditzaketen enpresa kopuruari mugarik jartzen ez bazaio”. Testu horretan daude TISAren bi giltzarri nagusiak: modu berean tratatu behar dira atzerriko enpresak eta etxekoak, eta ezin da ezarri merkaturako sarbidea inongo enpresari oztopa diezaiokeen inongo baldintzarik. Prozesuko bi klausula garrantzitsuenak dira, den-dena zabalik uzten dutenak.

Statu quo klausula bat ere aurreikusita dago TISAn. Zer da?

Hitzak adierazten duen horixe bera: egoera ez dadila aldatu. Alegia, zerbitzu enpresak jardunean ari direneko baldintzak ezin aldatzea araudiaren bidez. Europaren posizioa ulertu behar da: gu gara zerbitzu esportatzaile handienak. Esaterako, azken urteetan Eusko Jaurlaritzak eredu ekonomikoaz eduki dituen planei begiratuta ohar gaitezke zerbitzuetan oinarritutako ekonomia dutela gogoan. Beraz, mundua zabalago egin behar da, liberalizatu, kanpora joan ahal izateko. Gu geu baikara saltzaileak. Hori bai, pertsonen zirkulazioari mugak ezarrita.

Iazko abenduan, GUE/NGLk Bruselan antolatutako jardunaldian, batek baino gehiagok aipatu zuen TTIPen negoziazioa motel doala, akordioa lortzea kostatzen ari zaiela alde biei. Beste horrenbeste gertatzen ari da TISAn?   

Ez, TISA azkarrago dabil, interesek bat egin dutelako, eta aurkariok ez dugulako, oraindik, negoziazioan eragiteko mobilizazio gaitasun nahikorik. Eta informazio falta TTIPen kasuan baino handiagoa da. Arreta handiagoa eskaini beharko genioke TISAri, guztiz oharkabean negoziatzen ari baitira; TTIPi leporatzen diogu ongizate estatuaren hondatzea ekarriko duela, baina seguruenik TISAk askoz eragin handiagoa izango du arlo horretan.

Hondatze hori lehenagotik dator, ordea. Zerorrek Bruselan esandakoaren arabera, gutxienez Europar Batasuneko herrialdeek Lisboako Ituna sinatu zutenetik, 2007an.

Hala da. Azken urteetako bilakaerak burujabetza galarazi digula esaten da, eta oraingo itun hauek are gehiago galaraziko digutela. Hori agerikoa da, baina kontuan hartu behar dugu Lisboan galdu genuela burujabetza horren zati handi bat. Esaterako, merkataritza eta inbertsio itunak negoziatzeko arduraduna Batzordea izateak subiranotasuna osten die estatuei. Beste horrenbeste esan liteke moneta politikaz: Europako Banku Zentralak kudeatzen du orain, estatuetako bankuen kalterako. Lisboakoaren ondoren izenpetu zen Egonkortasun Itunaren bidez, estatuek Batzordearen esku zituzten politika ekonomikoaren alorreko ia eskuduntza guztiak. Eta nor da Batzordea? Horra galdera nagusia. Europako Legebiltzarrak beto gaitasuna mantendu badu ere, erabaki garrantzitsuak Europako Batzordeak eta Europako Kontseiluak hartzen dituzte. Eredu neoliberala haiek sendotu dute. Eta Europar Batasuna gero eta gutxiago da Europa; itun handi hauei egiten ari zaien kritiketako bat da EBren ideiarekiko atzera egite nabarmena dela, erabaki ahalmenaren funtsezko zati bat korporazio transnazionalen esku uzten ari baitzaizkie. Hain goratua izan den europartasun ideia agortzen ari dira hitzarmen handiok.

“Zerbitzuen Zinezko Lagun Onak”

TISA hitzarmena negoziatzen ari diren herrialdeek Zerbitzuen Zinezko Lagun Onak izena eman diote euren buruei. 2012an eratu zuten taldea, Munduko Merkataritza Antolakundearen akordioetatik harago iritsiko zen itun bat adosteko xedez. Handik gutxira TISAren negoziazioak abiarazi zituzten.

EB eta AEBez gain, beste 21 estatu daude taldean. Guztira zerbitzuen alorreko merkataritzaren %70 ordezkatzen dute, Europako Batzordearen webgunearen arabera.

Zerbitzu Publikoen Internazionalak, TISAren aurkako kanpainan buru-belarri diharduen sindikatu federazioak, “Korporazio Transnazionalen Zinezko Lagun Onak” deitu die TISAko partaideei,  akordioaren arriskuez ohartarazteko argitaratutako txosten batean.
 

TTIP itun transatlantikoaz hiru zertzelada

- Erregulazio-lankidetza: “TTIPen giltzarrietako bat da. Organismo bat sortu nahi dute, AEBetako eta EBko araudiak homologatzeaz arduratuko dena. Gakoa da organismo horrek erabaki estrategikoak hartu ahal izango dituela: nazioarteko merkataritzari eragiten dion edozein legedi, onartua izan aurretik, haiek ikuskatuko lukete. Erakundeei dagokien erabakitzeko ahalmena teknikari talde baten esku ipini nahi dute. Etorkizunean, talde horrek bidea zabaldu diezaioke oposizioa saihestearren itunetik kanpo utzitako zenbait gai polemikori: frackinga, transgenikoak...”.

- Estatu eta inbertsiogileen arteko auzietarako epategia (ISDS): “Iritzi publikoan aurkako ahotsak eragin zituen lehen gaietakoa izan zen. Azkenean, Europako Batzordeak kontsulta publikoa egin zuen internet bidez, oso kontsulta teknikoa, ulergaitza, eta hala ere, gure ekimenez, 150.000 erantzun inguru jaso zituzten. %97, ISDSren aurkakoak. Azkenik, Batzordeak erabaki du kontsultaren emaitzaz paso egin eta gaia aditu talde baten esku uztea. Ohiko adar jotzea”.

- TTIPi buruzko azken erabakia: “Eztabaida handia dago, ea TTIP hitzarmen mistoa den ala ez. Mistoa bada, EBko parlamentu nazional guztiek berretsi behar dute, eta litekeena da Greziak, esaterako, ez egitea. Frantziak eta Alemaniak ere, agidanez, uko egingo liokete TTIP sinatzeari ISDS auzitegia barne hartzen badu. Aldiz, ituna mistoa ez bada, nahikoa da Europako Legebiltzarrak onartzea”. 

Ezkutukeriaz

“TISAren negoziazioak oso sekretuak dira, TTIPenak baino are sekretuagoak, eta hori asko esatea da. Zerbait argitaratzen duen herrialde bakarra Suitza da, eta horri eta zenbait filtraziori esker jakin dugu TISAz dakigun apurra. Klausula baten arabera, hartutako akordioak konfidentzialak izango dira lehen bost urteetan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: TiSA akordioa
2016-11-25 | Unai Brea
TiSAri buruzko filtrazioa: datu pertsonalen babesa eta segurtasun nuklearra ahuldu ditzake akordioak

Zerbitzuen salerosketa arautzeko asmoz 50 herrialde inguru eztabaidatzen ari diren TiSA akordioak ondorio kaltegarriak ekar ditzake herritar gehienentzat, Holandako Greenpeacek zabaldu duenez. Jaso duten filtrazio baten arabera, datu pertsonalen babesa eta segurtasun nuklearra... [+]


2016-11-10 | Unai Brea
Júlia Martí (Euskal Herria TTIPari Ez! kanpaina):
“Valoniak erakutsi du merkataritza askeko akordioei aurre egitea posible dela”

“TTIP eta CETA ezartzearren herritarrek aukeratutako parlamentu eta gobernuen aurka joko dutela frogatu du Valoniarekin gertatutakoak”, diosku Júlia Martík, Euskal Herrian TTIPari Ez! kanpainako bozeramaileetako batek. Azaroaren 5ean merkataritza askeko... [+]


2016-03-11 | Unai Brea
TTIP akordioaren aurka, NATOri buruzko erreferendumaren urteurrenean

Europar Batasuna eta AEBak negoziatzen ari diren TTIP hitzarmenaren aurkako mobilizazioetara deitu dute martxoaren 12an, Hego Euskal Herriak NATOn sartzeari ezezkoa eman zion erreferendumaren 30. urteurrenean. “NATO ekonomikoari ez! Herritarrok erabaki” leloa... [+]


2015-08-11 | Axier Lopez
Wikileaksen hurrengo jomuga: TTIP

Europar Batasunaren eta AEBren arteko ezkutuko akordio ekonomikoa herritarren esku utzi nahi du Wikileaks taldeak. 100.000 euroko diru-saria eman nahi diote TTIPen dokumentuak eskuratzen dituenari. Dirutza hori biltzeko crowdfundinga abiatu dute.


2015-07-07 | Unai Brea
Transnazionalen erantzukizunari buruzko NBEren lan saioa hasi da

NBEk uztailaren 6tik 10ra egingo du lehen lan saioa giza eskubideak urratzen dituzten enpresa transnazionalei buruzko nazioarteko ituna sortzeko. Iaz Genevan (Suitza) onartutakoa gauzatzen hasteko asmoz bildu da Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeko Gobernuen Arteko Lantaldea,... [+]


Multinazionalak gobernuei “gardentasuna” eskatzen? Ongi etorri TISA akordiora

Aste honetan Wikileaksek filtratutako dokumentuek diotenez, akordioa sinatzen duten estatuak enpresei azalpenak ematera behartuta egongo lirateke.  


2015-02-04 | ARGIA
Filtrazioa: Osasungintza publikoa salgai jartzea eztabaidagai AEB eta EB artean

AEB, Europar Batasuna eta beste zenbait herrialde sekretupean negoziatzen ari diren TISA akordioko dokumentu batek erakutsi duenez, osasungintza merkaturatzea aztertzen ari dira mundu osoko hainbat herrialde.


2015-01-28 | Unai Brea
‘Euskal Herrian TTIPari ez!’ kanpaina aurkeztu dute

AEBen eta Europar Batasunaren arteko merkataritza eta inbertsio itun transatlantikoari (TTIP, ingelesezko sigletan) ezetz esateko kanpaina abiarazi dute Euskal Herriko hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragilek.


2014-12-09 | ARGIA
“Stop TTIP, CETA, TISA” konferentzia, zuzenean Bruselatik

Europar Batasuna eta AEB ezkutuan negoziatzen ari diren TTIP merkataritza eta inbertsio hitzarmenaren aurkako konferentzia antolatu du Europako Legebiltzarreko GUE/NGL (Europako Ezker Unitarioa/Ipar Ezker Berdea) taldeak. Hainbat herrialdetako eragile politiko, sozial eta... [+]


Eguneraketa berriak daude