Petrolioaren prezio merkea da 2015eko gai nagusietakoa. Krisi ekonomikoari irteera erraztuko diola diote batzuek. Ekoizle batzuen amarrua izanik laster bukatuko dela besteek. Duela 12 hilabete 90 edo 100 dolarretan zegoen upela zer dela eta pagatzen da 50 dolarren azpitik asteotan? Hona bi azalpen desberdin agian elkarren osagarriak.
Ez du luze iraungo hain merke, idatzi du Alexander Reid Rossek The Ecologist aldizkariaren gunean. “Petrolioaren prezioaren gainbeherak islatzen du Ekialde Hurbilean eremu ideologiko, politiko eta militarrean jokatzen den geruza askoko gatazka, eta ez du luze iraunen. Errusia, Iran eta Venezuelari mezu krudela jakinarazi ostean, Ipar Atlantikoko petrolio konpainiak itzuliko dira beren ohiko etekinetara eta proiektu ez-konbentzional arriskutsuetara”.
Reid Ross zuzendari ari da Earth First! webgunean eta plazaratu berri du Grabbing Back: Essays Against the Global Land Grab (Ostutakoa itzuli: Lur lapurreta globalaren kontrako saiakerak) liburua. The Ecologisten plazaratu “Petrolioaren prezioa eta deabruaren xantaia” artikuluan laburbildu ditu petrolioaren merkatzea geopolitikaren ikuspegitik aztertzen dutenen argudioak.
Hasteko –honetan ia denak datoz bat– prezio apalok erantzuten diote gehiegizko eskaintzari. 2008tik mundu osoan krisian itota dauden ekonomietan erregai eskaria gutxitu egin denez, eskaintza handiegia dago. Prezioak beheraka hasirik, ekoizleen artean estutasunak nabaritzen lehenak izan dira erregaia garestien sortzen dutenak, fracking teknologiarekin ari direnak.
Prezio apalon atzean dauden eta aipatu diren arrazoi geopolitikoen artetik hiru nabarmendu ditu Reid Rossek. Batzuek petrolioaren merkealdi bitxi hau ulertzen dute Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen (OPEC ingelesezko sigletan) barruan dauden tirabira geopolitikoen baitan.
Beste batzuek zehazki azpimarratu dute Errusiaren atzerri politikaren eragina. The Economistek aipatu duen Red Army signal fenomenoa: azken hamarkadotan petrolioa hain itxuragabe jaitsi izan dela Errusiak atzerrian militarki esku hartu duen aldi oro.
Eta gero daude uste dutenak AEBak daudela guztiaren atzean, Saudi Arabiak morroi lanak egiten dizkiola; horixe da Vijay Prashad indiarrak deitzen duen “dispossession by manipulation”, manipulazio bidezko desjabetzea.
Reid Rossek, aurrekoei arrazoia kendu barik, uste du benetako arazoa Irak eta Siriako gerran datzala. “Petrolioaren prezioa hondoratzeak Iraki egiten dio kalte: Iraki eragozten dio Estatu Islamiarraren (EI) kontra borrokatzea, eta EI eroso dago Irakeko hirugarren hiria den Mosulen, gutxieneko zerbitzuak eskainiz. AEBek EIren kontrako guduan kurduei lagunduz lortu dute arrakasta handiena Siria eta Irakeko Iparraldean, baina Turkia haserre bizian dago Irakeko kurduak elkarlanean ari direlako Siriako partean borrokatzen diren Herri Babesaren Unitateekin (YPG)”. Kobaneko gudua da adibide nagusia.
Turkiak edozer nahiagoko luke bere lurretan kurduen gobernu autonomo bat ikustea baino. Horregatik ari da hain eskuzabal EIrekin. Reid Rossen ustean, kurduek ez badute lortzen EIri bidea moztea, berriro igoko da petrolioaren prezioa, hala interesatzen zaielako ekoizle handiei.
Reid Ross ekologismotik ari baita idazten, mezu garbia dauka petrolio merkeak frackinga bezalako teknologia garestiak –jendearen borrokarik gabe– geldiaraziko dituen itxaropena daukatenentzako: laster igoko dira prezioak eta multinazionalek berean segituko dute.
Petrolio konpainia handien aholkulari aritzen den Arthur E. Berman geologoak ez du gai honetan epe laburreko kalkulu ekonomikoa baizik ikusten, bazterturik geopolitikaren eta berak “konspiraziokeriak” (conspiracy theories) deitzen dituenak. Energyskeptic gunean leitu daiteke Bermanen elkarrizketa: “The Real Cause Of Low Oil Prices”.
Bermanek bi estatubururen arteko elkarrizketa laburrarekin irudikatu du mamia: “Saudi Arabia elkartu zen Errusiarekin OPECen azaroko bilkuraren aurretik eta proposatu zion Errusiak produkzioa gutxitzen baldin bazuen berdin egingo zutela Saudi Arabiak, Kuwaitek eta Emirerriek. Errusiak esan zuen ‘ez’ eta Saudi Arabiak esan zuen: ‘O.K., menturaz beste ez duzue berdin erantzungo sei hilabete barru’”.
Epe laburreko kalkuluen ondorioa besterik ez da Bermamentzako. “Saudiak onak dira dirutan eta aritmetikatan. Aukera mingarri baten aurrean zeuden, esan nahi baita, edo dirua galdu produkzioari eutsi eta upela 60 dolarretan salduz, edo bi milioi upel atera merkatutik are eta diru gehiago galduz. Bietan galtzekotan, kalterik gutxiena ematen duen bidetik abiatu dira. Gero bigarren mailako arrazoiak baldin badaude, AEBetan frackingezko petrolioa sortzen dutenei min egitea, edo Iran eta Errusiari min egitea, hori ere ondo zetorkien, baina funtsean diru afera izan da”.
Bermanen iritzirako petrolioa berriro garestitzen hasiko da aurten, ziurrenik OPECeko herrialdeak ekainean bildu eta produkzioa laburtzea erabakiko dutenean.
Inork uste izan badu prezioen apaltze honekin frackingean zentratutako konpainiek lagako dutela beren lana, oker dabiltza Bermanen ustez. Petrolioa igotzearekin hasiko da berriz frackingaren sukarra.
Berman kritikoa da frackingaren errentagarritasunaz harrotzen diren askorekin. Teknika horiekin zulatutako hobiek petrolioa 90 dolarretan egotea behar dute kapitala erakarri ahal izateko, nahiz eta beren propagandak zabaldu duen 60 dolarretan ere errentagarriak direla. “Prezio horiek aipatzen dituztenek kostuetan ez dituzte kontatzen zulaketa eta petrolioaren transformazioa besterik, gainerako zamak ahazten dituzte”. Eta ezkutatutako kostuetan Bermanek ez ditu kontutan hartzen ingurumenari edo giza osasunari egindako kalteak edo beste asko, zuzenean konpainien jarduerei dagozkienez ari da.
Zenbaitek azken hilabeteotan ikusi du Peak Oil famatua gezurtatzeko aukera. Bermanek, aldiz, zalantzarik ez dauka: “Askok uste dute AEBetan petrolio produkzioa handitu izanak erakusten duela Peak Oila oker zegoela. Baina petrolioaren gailurrak ez du esan nahi petroliorik gabe geratzea. Esan nahi du lehengo ohiko petrolio ezagunaren ekoiztea hasten denean urritzen, etorkizuneko hornidurak iritsiko direla zailtasun handiagoko iturrietatik edo garestiagoetatik”.
Aditu honen ustean petrolio konbentzionalaren produkzioak goia joa du 2005-2008 urteetan. AEBetan fracking gasak gailurra gaindituko du bost-zazpi urte barru. Eta ondorengo hamarkadetan funtsezkoa izango da gas naturala, Errusia, Iran, Qatar eta Turkmenistanek erruz daukatena. Tarte horretan, irakurle, adi petrolioa berriz 100 dolarretan noiz jarriko.
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]
Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]
Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.
Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Arano eta Hernani inguruetan Repsol eta Endesa enpresek eraiki nahi dituzten makro-zentral eolikoen aurkako txosten kritiko mardula egin du Mikel Alvarez ekintzaile ekologista donostiarrak. Bere esanetan, "Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura... [+]
Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]
Code Rouge mugimenduko ekintzaileek hainbatetan salatu dutenez, irabazi geroz eta handiagoak lortzearren Total Energies enpresak ingurumena kutsatu eta lekuko komunitateak kaltetzen ditu. Horregatik blokeatu dute Belgikako Feluy hirian duen fabrika, eta protestak egin dituzte... [+]
Azkenaldian bestelako argumentuak landu dizkigute, Euskal Herriko inguruetan makroproiektuak beharrezkoak direla konbentzitu gaitezen. Erakusgarria iruditu zitzaidan honekiko, Bizkaiko EHNEren webgunean Jauzi Ekosoziala ekimeneko partaide bati argitaraturiko artikulua: "Por... [+]
Joan den irailaren 3an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Planaren eguneraketa publiko jarri duela. Urrats garrantzitsua izan beharko luke horrek gure komunitatearen etorkizunerako, energiak zein beronen erabilerak gure... [+]
Nafarroako Energia Eraldatzen poligono berriztagarri handien aurkako koordinadorak trantsizio energetikoa birpentsatzeko hirugarren jardunaldien deialdia da. Topaketa horietan, energiaren arazoa eta gizarte egituraren desazkundearen beharrari buruz hausnartuko dute.
Dagoeneko ez dakit bero olatuek burmuina kolpatuta gauden, betiko hipokrisia den edo logika sistemiko hutsa den, baina dakigunaren, esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko arrakalak, kezkaz haratago, harridura ere sortzen dit, batez ere uda giroan. Albisteak, ikerketak,... [+]
Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.
Zigoitian 100 hektareako parke fotovoltaikoa eraiki nahi du Solariak, eta eskualdea gurutzatuko luke oso goi tentsioko linea batek ere. Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiako bizilagunek herritarren 5.540 helegite aurkeztu dituzte ingurua “mehatxatzen duten proiektuak gelditzeko... [+]