Lurra bada palestinarrek jasaten duten okupazioaren gakoa, nekazariak ditugu haren aurkako borrokaren lehenengo lerroan, bertan laborari izatea beste erresistentzia modu bat baita. Euskal ordezkaritza batek Palestinako nekazarien eskubideen urraketak gertutik ezagutzeko parte hartu du La Vía Campesinak antolatutako elkartasun bidaia batean.
Gizakion bizitza babesteko “nekazarien eskubideak babestea eta betearaztea garrantzitsua da”, dio La Vía Campesinak (LVC) sortutako Nekazarien Eskubideen Gutunak, Nazio Batuen onespena izatea espero dutena. Horren harira egin zen azaroaren 1etik 9ra bitartean, LVCk eta Palestinako Union of Agricultural Work Committees (UAWC) sindikatuak Zisjordania eta Gazara antolatutako bidaia. Nazioarteko elkartasuna adierazi eta okupazio egoera salatzea zuten helburu. Larriak dira mundu osoan laborariek jasaten dituzten arazoak, baina are larriagoa da egoera Palestinan, lurra bereganatzea baita gatazkaren muina. Bestalde, ezin ahaztu emakumeek zigor bikoitza dutela: palestinar eta emakume izateagatik.
Sionisten “biztanlerik gabeko lurra, lurrik gabeko herriarentzat” gezurraren babespean gauzatu du Israelgo Estatuak Palestinako okupazioa: 1947ko azaroan, NBen osoko bilkurak estatu bi sortzeko erabakia hartu zuenean, Palestinak 1.972.000 biztanle zituen: haietatik heren bat (608.000) ziren juduak –gehienak aurreko 30 urteetan Europatik joandakoak–, eta lurren %6 baino ez zuten. Harrez geroztik, etengabea izan da palestinarren lurren desjabetzea edo, beste era batera esanda, palestinar herria desagerrarazteko prozesua.
LVCko kideak diren EHNE Bizkaia eta ELB sindikatuetako kideak eta beste talde batzuetako partaideak izan ziren lur horiek bisitatzen, nekazari, artzain eta arrantzale palestinarren kinka eta borrokaren berri gertutik ezagutu eta gurean zabaltzeko.
“Laborari garen heinean, nekazariek okupazioa zelan bizi duten jakin nahi genuen. Palestinaz ari garela, ez dugu ahaztu behar gatazkaren lehenengo lerroan daudenak laborariak direla”, mintzo zaigu EHNE Bizkaia sindikatuko Malu Egiluze, han ikusitakoaz. ELBko Ana Badosek hartu du hitza: “Okupazioaren gakoa lurra da. Israelek lurra bereganatu nahi du, eta horretarako bertan dagoen jendea kanporatu beharra dauka”. 1948an Israelgo Estatua sortu zenetik, asko izan dira palestinarrak beren lurretatik kanporatzeko hark erabilitako tresnak; aurrenekoa, arabiarrak sarraskitzea eta beren herriak ezabatzea izan zen. Israelgo milizia terroristek behartuta, 1949ko ekainean, 940.000 ziren errefuxiatu palestinarrak. Urte bete lehenago, 1.364.000 arabiar bizi ziren Palestinan. Beren ondasun guztiak konfiskatu zituen Israelek, 1948-1950 tartean sortutako legediak –ez dauden jabeen legeak– haien kudeaketa Knesset-en (legebiltzarra) eskuan laga baitzuen. Kolonoek bereganatzen dituzte lurrok, gehienbat.
Nazio Batuek aldarrikatutako ebazpenak ere baliatzen dituzte israeldarrek lurrak bereganatzeko, hala nola, 1948ko abenduko 194. ebazpena: “Ebazpenak derrigortzen du errefuxiatuek etxera bueltatu nahi ez izatekotan, galdutako ondasunengatik kalte-ordainak ematera. Ez da baina palestinarren aldekoa: kanporatuek ez dute itzultzerik, eta kalte-ordainak izatekotan, sos batzuk besterik ez dira: ez dizkiete sekula galdutako lurrak bueltatuko”, dio Badosek.
Harresia ere baliogarria da okupatuta ez dauden lurrak de facto bereganatzeko. EHNE Bizkaiko Joseba Koskorrotzak honela azaldu digu: “Israelek harresia baliatu du lur gehiago bereganatzeko. Eraikitakoaren %20k baino ez dio Nazio Batuek 1947an ezarritako muga edo marra berdeari segitzen. Harresiaren 721 kilometroak bukatuta, Zisjordaniaren %10 Israelgo aldean geratuko da”.
Lurrak lapurtzea ez da harresiak eragindako kalte bakarra. “Asko dira hesiaren bi aldeetan lurrak dituztenak –dio Badosek–, eta hura zeharkatzeko ezinbesteko baimena behar dute. Eta behin hori lortuta, militarrek sarrera debekatu ohi diete, segurtasun neurriak aitzakia hartuta. Hala, laborarien eguneroko lana oztopatzen da”.
Uztaro kooperatibako Kelo Arribasek gatazkaren beste alde bat agertu digu: “Palestina guztiz okupatzeko inportantea da oso bere nekazal sistema ahultzea, izan ere, israeldarren menpe dago. Palestinarrek produktuak bertako merkatuetan baino ezin dituzte saldu, eta israeldarrek orduak eta orduak pasarazten dizkiete eroaten dituzten produktuak ustel daitezen”. Horiek ez dira amarru bakarrak: “Israelek palestinarren produktuen salneurriak jaisteko, merkeagoak diren bere produktuak sartzen ditu. Palestinarrek behar duten guztia inportatu behar dute eta mugak kontrolatzen dituen Israelek gero eta zerga altuagoa ezartzen die, baita bere nekazal-produktuak –ongarriak, kasu– saldu ere, kalitate eskasekoak eta oso garestiak”.
Hala, palestinarren etxaldeak ez dira errentagarriak, eta azkenean Israelek bereganatzen ditu, landu gabe daudelako. Lurrei eusteko, bestelako zereginetan lan egin behar dute palestinarrek, kolonietan eta Israelgo fabriketan normalean. Okupazioaren negozioa borobiltzen du horrek, beraiek baitira langilerik merkeenak. “Laborari izatea, beraz, beste erresistentzia modu bat da”, laburbildu du Badosek.
David Lopategi Bizilur elkartekoa da eta zinegotzi dabil Bilboko Udalean, EH Bildu ordezkatuz. Okupazioaren beste helburu bat ikusarazi digu berak: “Akuiferoak bereganatu nahi dituzte, baliabide naturalak lapurtu eta horretarako ere harresia erabiltzen dute. Lurpeko urak Palestinan daude, ez NBk Israeli emandako lurretan. Harresia zabalduz, lurra lantzeko funtsezkoa den ura ere kentzen ari zaie palestinarrei. Uraren %80 Israelen esku dago orain, gainontzekoa arabiarrentzat da”.
Palestinarrek kontsumitzen duten ur gehiena pozoituta dago, baita Gazako kostaldekoa ere, bertako estolderia-sarea bonbardaketek suntsitu dutelako. Bestalde, 1993ko Osloko Itunak arrantza egiteko 20 itsas miliako eremua eman bazien ere, etengabeko eraso militarrek arrantzaleak itsasertzetik hiru itsas miliara lan egitera derrigortzen dituzte, arrain-sardak ugaltzen diren pozoitutako uretan alegia.
Okupazioa negozio biribila da Israelentzat. Palestinarren baliabide natural guztiak ostu ez ezik, nazioartetik laguntzarako emandako diruaren %40 eurentzat eskuratzea lortzen baitute: euren armadak txikitu duena euren enpresek berreraikitzen dute. Horren kontra ezer egiterik al dagoen galdetu diegu Palestinan izandako euskal ordezkariei: haien erantzuna BDS kanpaina sustatzea da. Lopategik azaldu du zertan datzan: “Alde batetik, lurralde okupatuetan dauden enpresetan ez inbertitzeko deia egiten du kanpainak; bestetik, horietan ekoiztutako produktuak ez erosteko; eta azkenik nazioarteari eskatzen zaio zigortu dezala Israel, Nazio Batuen ebazpenak bete ditzan”. Joseba Koskorrotzaren ustez, “funtsezkoa da israeldarren poltsikoa ukitzea beraiek ere beren Gobernua presionatu dezaten”.
LVCk bultzatzen duen Nekazarien Eskubideen Gutuna ere onuragarria dela nabarmendu du EHNE-Bizkaia sindikatuko Ana Gonzalezek: “Gutunak bizitzarako eskubidea onartzen du. Palestinan, lurra, haziak, ura, lan-tresnak edota bizitza duina edukitzeko eskubidea suposatzen du horrek”.
Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.
-------------------------------------------
Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]
'Tristan und Isolde' opera
Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]
Usurbilgo Atxega Jauregian, urtarrilaren 31n, hedabideetako, kulturgintzako eta erakunde publikoetako ehun lagun inguru bilduko dira. Bazkariaren ondoren, 16:00etan egingo da sari banaketa. Antton Mendizabalek egingo dituen azken garaikurrak jasoko dituzte saridunek... [+]
Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.
Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]
Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]
Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.
Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.
52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]
Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]
Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.
Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]
EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]
Genero-indarkeriaren biktima den emakume bat eta haren bost seme-alabak, horietatik hiru hemezortzi urte beherakoak, etxetik bota nahi izan dituzte ostegunean. Erabakia aurrera eramateko baldintzarik ez zegoela argudiatuta ez dute kaleratzea burutu, baina beste data bat... [+]