Diasporak bere ditu urrunaren estereotipoa, folk mindua eta mus txapelketak. Horien bila joaten denak ez ditu Montebideoko Aldaxka elkartean atzemanen. Bertan, laugarren belaunaldikoek beren burua aurkitu dute Euskararen mirail dinamikoan.
Bi estatu handiren artean, hiru milioi pasa biztanleko herri bipila. Ezaguna egiten zaizula? Horra hor Uruguai, bere gain bezain burujabe, Brasil eta Argentinaz inguraturik. Estatu laikoa sortzez eta kirolez, bidaia-agentzietako jomugetatik bazter, bertakoen izaera dauka aktibo baliosena. Zera, barka, jatorrizko bertakoak errepublika sortu berriak akabatu egin zituen arraheinki; eta azken txarruak –hala baizeritzaten– Europako zirkuetan ibili zituzten 1830eko hamarraldian, ñandu parea lagun.
Honenbestez, txarruen eta guaranien arrastoa ez duzu toponimian eta azpegi batzuetan baizik kausituko.
Mestizaia eta fusio arrakastatsuon ondorioz, jatorri europarra du nagusiki Uruguaiko biztanleriak: Espainia, Italia, Euskal Herria. Eta izan ere, euskal presentzia biziki present dago. Han, euskaldun izenak adjektiboaren kategoria ere hartzen du: Bai, ni euskaldun xamarra naiz, vasco berdin burugogor izanki. Haurrek Vascolet edaten dute, eta nagusiek El Vasquito. Lehena, txokolate-hautsaren marka klasikoa, gerora Nestlék erosia, eta bigarrena ardo arras popularra. Muxika ez dugu gurutzatzerik izan, ez eta Galeano ere, baina Montebideon ezagutu ditugu Eizaga, Mendiharatz, Fagalde leinukoak, taxi ostatu eta merkatuan.
Euskal Herriko historia kritikoa egitekoa baita beti, lirikara jo dugu migrazioaren kasuan ere, zio politikoak aztertzeko partez; eta denboran, Uruguain atzeman ditugu Iparragirre urretxuarra, Oxalde bidarraitarra, eta Mendiaga aldudar-hazpandarra. Azken honek honako bertso hauek paratu zizkion Iriarte Borda, orduko presidenteari: Ez zirela bakarrik vasco arropetan/ Euskaldun odola duzula zainetan.
Aldaxka Elkarteko partzuerrek alde egin dute euskal etxeetatik. Nonbait, jarrera txarra egotzi zaie euskaraz mintzatzeagatik. “Horrez gain, frekuentzia ezberdinetan gabiltza” diosku Leonat Egiazabal, Lehu, aldaxkakideak “Haien jomuga sosa eskuratzea da, baina ez dute proiektu zehatzik. Guk berriz, Euskara dugu iparra, eta euskal erroen arrapiztea bitarteko”. Elkartearen indarraz galdeturik, “Euskararen Eguna kari, 40 lagun elkartu ginen programa tinkoaren inguruan. Urtebete baizik ez daramagu martxan, eta honez gero dozena bat lagun biziki inplikaturik ari gara, balore kolektiboak lantzen eta hedatzen”. Joan den abenduan Euskal Zinemaldia antolatu dute Uruguaiko Zinematekarekin batera: 10 film euskaraz, espainieraz azpititulatuak, eta 2 zuzendari konbidaturik bertan; hitzaldiak unibertsitatean, hango eta hemengo sortzaileen topaketak, eta horiek guztiak Montebideoko publikoaren arrapostu onez. Beste inongo parekorik bilatu nahi izatera, Hazparneko Zinegin litzateke haren haurride txipia. Montebideo 10.000 kilometrora dago Kursaaleko tapiz gorritik, Cape Town baino hegoalderaxeago. Alta, iparra argi: “Koxe Mendiagak Rio de la Platan sortu zuen Euskal Etxean boza emateko, euskalduna behar zen izan. Hots, euskaraduna, polisemiarik gabe. Berriki antolatu dute hitzaldia Mendiagaren etxean Euskal Herria esplikatzeko, eta Fernando Savater dute ekarri”.
“Jinen da gure aldia” zioen fundatzaileak, zer sentituko ote zukeen egoitzaren atarian hiru banderok ikusirik: ikurriña, espainiarra eta asturiarra”. Diaspora antolatuaren zentzu-hustearen marka, sukar berria hedatzen ari da euskal etxeetan: paellada. Horretarako milaka euro xurgatzen omen dira eusko erakunde publikoetatik. “Har eta har, kolonia baten gisan. Guk eman egin nahi dugu, hartu duguna euskal mintzaidegoari itzuli, haren parte baikara”.
Lehuk, beste hainbakanek bezala, euskaldundu du bere burua. Haren aitonaren aitona Irundik, eta amatxiren amama Ortzaizetik jin ziren Ameriketara; eta haien arrastotik hasi zen aspaldi, ikerka. “Nik 18 urtean euskal kolektiboa ezagutu dut, gerrako iheslari zaharrak, eta bertako euskaldun haiek. Gero etxean, amatxik hitz bitxi batzuk tartekatzen zituen, arkano gisa: profesora gezurra, ipurdibeltxa, pitiri, eta holako”. Familiaren deituraren esanahiatik hasi zen bila, gero etorkia aztertu, azkaziekin kontaktatzea ere erdietsi zuen... “Orduan nintzen hasi arbasoen euskara ikasten, hemengo euskaldunberri batekin hastapenean, eta Lazkaon gero”. Barnetegian eman 7 hilabeteotan ordea, ez zen bidea bururatzen; komunitate konplexatua aurkitu omen zuen Europan. Hizkuntzarena ez baita deuskeria: “Gerran gara, eta konfliktoa egunerokotasunean da irabazten, edo galtzen. Guk etxean jokatzen dugu, eta garaitzera atera behar gara... Baina ez”. Gerra horretan hitza daukagu arma, baina estrategiarik ez: “Gehiengoan zaudetenean, gutiengoaren alde egiten duzue; eta gehiengoa galtzen duzuenean autourrikalmenduan itotzen zarete”. Eta egoeraren diagnosia gordina gero: “Bi hizkuntza ukipenean direnean luzaz, batak ordezten du bestea. Ez ikusiarena egin dezakegu, baina lausotzen ari gara, lurruntzen, desagertzen”. Hitzak norabide bakarrean sartzen dira, mintzaje batetik bestera beti; gero espresioak, ondorean esaldi osoak. “Plazer egin nahi diozue erdaldunari, eta zuen burua apaltzen duzue, hura gainetik pasa dakizuen”. Irakasle anitzek, etsiaren etsiaz, azterketa gainditzen irakasten dute. “Hizkuntzaren maila, por el puto papel ikastera derrigortuak diren funtzionario publikoen eskakizunaren araberakoa da: eskaxa eta herbala”. Eta lengoaia horixe daukagu eredu: “Euskara sanoaz mintzo denari kaxero erraten zaio, eta goi mailako hizkera darabilenari, ponpoxo eta pedante”.
Egiazabalen arabera, aldiz, esparruak zabaldu egin behar ditugu: “Ghettoak gainditu, hiztunen ahulezia sendatu”. Espainieraren makulua ezinbesteko egin omen zaigu “ikusi bestela bertsolarien finala. Euskara hutsa ez zaizue aski nonbait, eta espainieraren dialektalizaziora jo duzue”. Lehuk bizitu egin zuen hori, Lazkaotik Ortzaitzera joan zenean: “Alienigenak zitzaizkidan bertako ene senideak; alta, euskaldunak ziren, eta garbiak gero!” Hondoan, sakoneko gaia: “Batua lanabes baliosoa da, baina oraingo egunean bi batua dauzkagu, Pirinioaren alde banatan. Estatuen egitura administratiboa onartu eta onetsi egin duzue erlijioski, eta mugaren orbana barnatzen duzue egunez egun”.
Hiztegiei begirada botatzea bezalakorik ez dago, Zazpiak Biga direla ohartzeko: Ipar Euskara/Frantsesa, eta Hego Euskara/Espainiera. Ez dago Lapurdi edo Nafarroa Behereko Euskara, espainierarekin aldezturik duen hiztegirik. “Gure azkaziekin komunikatu nahi genuen, eta frantsesez ez jakin. Lhanderen hiztegia arakatu genuen, hameka klasiko, paper zahar, kantutegi; eta Rio de la Platako espainierarekin dugu erkatu. Eskubide osoz, eta praktikotasunaren izenean, Batua bat eta bakarra egitekotan: Nork erran lezake zarata dela batua, eta azantza euskalkia?”. Bidearen luzea, desikastea: “Hori erakatsi ziguten, mugaren logikatik betiere. Desikasi beharreko logika beretik: Iparralde eta Hegoalde bereizten dituenak iparra galdua du; aurreiritziz eginiko murru hori desegin behar dugu”.
Honez gero, ments zuten Ekialdeko hiztegia bururatzen ari da Lehu: dagoeneko 5000 sarrera baino haboro ditu, eta beti berriak biltzen ari. Inoiz argitaratzekotan, badute non egin: Paulo Matontek, Popolgorri, familiako inprimategian egiten du lan. Bera ere Aldaxkako talde eragileko partaide dugu. “Ni beti aitaitarekin identifikatu izan naiz: langilea, isila. Gure azkaziak Pagolatik jinak ziren, Agerretarrak; Bordaberri diktadorearen aitatxirekin batera etorriak”. Paulok argitaratzen ditu Aldaxkako komunikazioak, afitxeak eta flyerrak.
Diego Lorenzo, Peteko, taldeko diseinatzailea da, eta euskal errorik ez izanagatik ere, Aldaxkaren dinamikak erakarririk hurbildu da euskal mundura, uruguaitar anitz bezala. Umorea eta sorkuntzaren bideak jorratzen baitituzte elkarrekin, Hizkuntza biziberrituz: Herrialdeko toponimia apokrifoa asmatua daukate. “Bromaren gibelean seriosak gara, euskaraz pentsatzen saiatzean egunerokotasunean. Euskalduna izatea gaur kontziente izatea da. Boterearen indar konzientzijale ororen gainetik”. Birusaren aurkako talde klandestinoa armatu dute: EPA (Euskadi paellaren Aurka). Klasikoak orraztu dituzte, eta haien twittak tixertetan inprimatu, epelen akuilagailu.
Erlijioa ere abiatu dute “Parabisu bakarra gizakia bere osotasunean izaki, eta euskara gakoa, egungo gizaki hits hau berriz osatzeko”, eta horretarako “Etsai borrokatu behar da egunero, bertsio eguneratu batean: erdarazalea eta euskararen mespretxuz jokatzen duena, paellazalea, vasco-frances, edo español, edo celta, reptiliano, anunaki… Baikortasunez beti eta etsitu gabe, euskal hitza eta umorea beti ahoan”.
Europako panpa urrun hauetatik, ez ote ditugu hego-hegoaldetar hauen karkaila-azantza ozenak bezain deskonplexatuak entzuten?
Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]
Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]
Azken hilabete hauetan hainbat institututan lan egitea egokitu zait eta, uneren batean edo bestean, ikasleekin lan merkatuak eskaintzen dituen aukerez hitz egin behar izan dut. Ikasleen tipologia askotarikoa da eta hiri berean asko aldatzen da auzo batetik aldamenekora,... [+]
1974ko abenduan sortu zuten Bagare kanta Gontzal Mendibil zeanuriarrak eta Bittor Kapanagak, haren Olaetako (Aramaio) baserrian. Euskararen eta euskal nortasunaren aldeko ereserki bilakatu zen gerora.
EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]
"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]
Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]
Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.
Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]
Ez dakit zuek ere pertzepzio bera ote duzuen –aitor dut: modu azientifikoan hasi naiz idazten hemen–. Pereza hitzaren hedatze naturalaz ari naiz. Gero eta gehiago aditzen baitut Hego Euskal Herriko bazterretan: euskaraz, espainolez eta, jakina, euskañolez... [+]
Lanartea elkarteak Euskal Artisten Lan eta Bizi Baldintzen I. Inkesta argitaratu berri du. Inkesta bete dutenen %40k du jarduera artistikoa lanbide. Batez beste, hilean, 1.027,5 euro irabazi zituzten 2023an. Inkestatuen %33,8k erantzun du azken urtebetean jarduera uztea pentsatu... [+]
Euskara txikitasunean handia den ur emaria dugu. Bertako tanta bakoitzak gure kultura ureztatzen eta biziberritzen du. Egarri den hari itsaso bete ur eskaini. Euskara putzu sakon eta ilun batetik etorri izan bada ere, guztiok atera dugu gure ur-gazi lagina, eta guztiok bilakatu... [+]
Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.
Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]
78 urterekin hil da ibilbide oparoa izan duen euskaltzalea. Euskal Filologian doktore izateaz gain, hamarnaka lan argitaratu zituen, poesian, nobelan zein saiakeran, baita biografiak eta bertso bildumak ere. Lan handia egin zuen antzerkigintza ikertzen.