Doktore tesia irakurri zuen iaz Eider Rodriguez idazle eta irakasleak, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua eleberria ardatz. Sabel hartatik dator oraingo lana, Itsasoa da bide bakarra. Sarrionandia irakurriz (Utriusque Vasconiae, 2014), hagitzez modu dibulgatzaileagoan emana. Itsasoa zen orduko lanean, itsasoa da oraingoan ere. Iurretako idazlearen izkirioetako itsas irudien irakurketa proposamena eginez beti Eider Rodriguez, itsasoa bertze biderik ez dela erranez…
Itsasoa da bide bakarra zure liburu berriaren izenburua. Sarrionandia irakurriz ari zara, haren itsasoaz. Hasmentan berean, hark itsasoarekiko tema eta lilura dituela erraten duzu…
Gogoan dut Lagun izoztua irakurtzerakoan izan nuen inpresioa; alegia, hango itsasoak besterik ere bazirela. Gainera, idazlearen imaginarioan –kantuetan nahiz olerki ezagun askotan–, han dira beti naufragoak, portua, itsasoa… Hortik abiatu nintzen nire azterketan, eta laster konturatu nintzen ni baino lehenago ere beste batzuek heldua ziotela Joseba Sarrionandiaren itsasoari. Hor dira Iñaki Aldekoaren edo Aitzpea Azkorbebeitiaren artikulu eta lanak. “Ez naiz ni bakarrik ari!”, esan nion orduan neure buruari.
Lehorretik ikusten dugu guk itsasoa. Hark, aldiz, itsaso barnetik ikusten duela diozu zuk.
Ez dizut, bada, erantzun garbia emango… Anarik kantatzen duena esango dizut: “Alde egiteko behar adina urik ez da, baina bizirauteko behar den adina ezta”. Alegia, arraina harrapatu eta bizirik gorde nahi baduzu, bizitzeko behar beste ur izan behar du, baina ezin diozu ihes egiteko nahikoa ur utzi! Horixe gertatzen da Sarrionandiaren itsasoaren, edo itsasoen, irudiekin. Esango bagenu, “Naufragoa, presoa da, borrokan eroritakoa”, oxigenoa kenduko genioke arrainari, olerkiari. Ez nuke nahi ezer zedarritu, edo kontuz ibili nahiko nuke, hain justu Joseba Sarrionandiaren lan osoan horixe agertzen baita, esanahia galdu duten hitzetatik, kutsatuta eta bahituta dauden hitzetatik aparte ibiltzeko ardura: “Naufragoa, militantea da, presoa, borrokan eroritakoa, borrokatik apartatutakoa…”. Nik ezin dut hori esan, ezin dut testua itxi, batez ere iruditeria hori testua zabaltzeko sortu izan baita! Hala ere, egia da itsas elementu horiek guztiak gatazkari loturiko kontzeptuak direla. Eta itsasoa ez da bat eta bakarra, itsasoak dira, eta garaian-garaian diferentea da itsas iruditeria hori.
Izuen gordelekuetan barrenako itsasoa ez da, beraz, Lagun izoztuakoa?
Pentsatu ere ez itsaso bera izatea, inondik inora ere ez! Izuen gordelekuetan barrenako itsasoa abenturaz beterikoa da, kosmopolita, epikoa, konnotazio erromantikoak dituena, bidaia du tartean… Aldiz, Lagun izoztuako Antartikako itsasoa, adibidez, itsaso mortua da, zientifikoa, bizitza posible ez dena, itsasontziaren bidea trabatzen duen itsasoa da izebergen bertikaltasuna tarteko… Bi itsaso horiek oso ezberdinak dira. Esaterako, antz handiagoa egongo litzateke Izuen gordelekuetako itsasoa eta Kalaportuko itsasoaren artean.
Zure liburua irakurririk, elementu biografikoek Joseba Sarrionandiaren obran, eta itsasoetan, islarik badutela erranen genuke…
Isla, bai, baina pudorez beteriko modu batean. Sarrionandiak pudore handia du bere biografia modu biluzian agertzeko. Alde horretatik ez da batere exhibizionista. Aldiz, haren biografiari –edo guk ezagutzen dugun haren biografiari–, loturiko hainbat eta hainbat keinu irakurtzen ditugu haren lanetan: dela ihes egiten ari diren gizonezkoak, dela etxera itzuli ezin direnak... Momentu askotan aurkitzen ditugu paralelismoak bere biografiaren eta bere produkzio literarioaren artean.
“Ni-ari buruz jarduteko autodebekua” omen du Sarrionandiak, Pott bandako kideek ohi zutenez, bertzalde.
Eta horri eusten dio Joseba Sarrionandiak ere. Bernardo Atxagak esana da Potten garaian beren ni-az hitz egiteko autodebekua zutela, norberaren bizitza, norberaren zirkunstantziak ez zirela interesgarriak. Potteko beste kide batzuek ez diote ideia horri estu-estu jarraitu, baina Sarrionandiak bai. Egia da lehen esan dudan pudorea arindu egin dela pixka bat Sarrionandiaren obran aurrera egin ahala, eta Lagun izoztuan, agian, inoiz baino gehien agertzen dela bere ni hori, baina, hala ere, oso-oso ezkutuan dago. Lagun izoztuan ere matriuska jolas handia egiten du idazleak bere ni-a diluituta gera dadin. Gainerakoan, Sarrionandiak, hastapenetan zuen literatur kontzepzioaren muinari eutsi dio: bere ni-a ez da interesgarria, gehiago interesatzen zaio gu-a, gaur egun arraro xamarra gertatzen bada ere.
Guretzat, aldiz, hagitz interesgarria da. Bere memoriak, edo autobiografia, idatzi beharko lukeela ere erran omen diote…
Guretzat interesgarria haren biografia… Bada, hortxe dago bere bizitza, bere testuetan! Hala ere, egia da bila ibili behar dela, eta aurkitu. Bizitza interesgarria Sarrionandiarena, dudarik gabe! Gustura irakurriko genukeela, dudarik ez, baina irudipena daukat Sarrionandiaren irizpide literarioak ezagututa, edo susmatuta, nekez irakurriko dugula inoiz haren autobiografia. Besterena bai, hurkoarena errazago idatziko lukeela uste dut.
Sarrionandiaren testuetan barna ibili zara, irakurketa hagitz sakona egin diguzu, eta irakurtzaileak oharkabean iragaten ikusten dituen aunitz elementuri ere begiratu diozu zuk. Erran nahi baita, elementu paratestualak: azala, kontrazala, barneko azala, aitzin-solasak, gibelekoak…
Horiek ere berebiziko inportantzia dute Sarrionandiaren obra behar bezala ulertzekotan. Idazle guztien kasua da: testutik kanpora esaten, adierazten edo erakusten duguna oso inportantea da, eta testuari berari eragiten dio. Sarrionandiaren kasuan, berriz, bera izango da Euskal Herriko idazleen artean bere libururik jendaurrean aurkeztu ez duen egile bakarra. Hain obra mardula dutenen artean hemen ez dugu horrelakorik. Bestalde, bizitza esanguratsua du. Nire ustez, Sarrionandia elementu paratestual horiez baliatzen da liburua laguntzeko. Liburua liburu galaxian gisa batera edo bestera kokatzeko idazlearen ahotsa ere badira, zentzu horretan. Elementu horiek ugari dira beraren obran, eta inportantea da horiei arreta ematea haren testuetan sakondu nahi bada. Horretan saiatu naiz ni, testuak berak aztertzen, testutik kanpo dauden elementu paratestualak ere kontuan hartuta.
Idazleak irakurtzailearekin lotura egin nahi duela ere erraten duzu, irakurtzailea inplikatu nahi du bere lanean…
Ez dute idazle guztiek egiten… Sarrionandiak, bai, bereziki. Oso gauza inportantea da haren lanetan, nire ustez. Sarrionandiak ez du testua itxirik ematen, ez du produktua osorik saltzen: aukeran uzten dio irakurleari, handik eta hemendik har dezan, testua idazlearekin batera eraiki dezagun. Horrek arnasa handia ematen die Sarrionandiaren testuei, joko handia, eta irakurle askorengana iristeko aukera. Berak pertsona aktiboa balitz moduan hartzen du irakurlea, testuari zerbait ekar liezaiokeela uste du… Ez da idazle guztien kasua, baina Sarrionandiak, aldiz, ahalegin handia egiten du irakurlearen konplizitatea bilatzen, liburu guztietan ikus daiteke hori, gutxiago hasieran, baina obran aurrera egin ahala, oso presente dago nahi edo gogo hori. Hitzen ondoeza liburuaren hitzaurrean bertan ere horixe ageri da: ipuin kontalariak entzuleei galdetzen die zer irudituko litzaiekeen inork intxaur bat mastekatuta eskainiko balie. Eta entzuleek “gaizki!” diote. Eta ipuin kontalariak: “mastekatuta haurrentzat eta maiteminduentzat soilik, besteentzat oskol eta guzti”.
Bere buruarekin ez ezik, irakurtzailearekin ere jolasean ari da Sarrionandia…
Dudarik gabe. Keinuak egiten ari da, etengabe. Irakurketa sakona egin dudala esan duzu zuk, baina irakurketa sakonik egin beharrik ez dagoela esango nuke: irakurketa huts bat eginez keinu horietako asko harrapa daitezkeela uste dut. Harrigarriena, niretzat, keinu horien artean dagoen lotura da, ez baitira keinu solteak, ezta ezkutuan gordetzekoak ere; aldiz, han eta hemen irakurri ahal izango ditugu: bai testu batean, bai elkarrizketa batean… eta bata bestearen jarraipenak izango dira keinu horiek, eta horrek biderkatu egiten du testuaren potentzia…
Idazle inteligentea Sarrionandia…
Eta guztiz koherentea. Idazten hasi zenetik, bere irudiek bilakaera handia jasan dute, baina bilakaera hori oso modu agerian ikus daiteke, garbi ikus daiteke haren ubera, etenik gabe, oso modu naturalean… Ikerlan hau egiteko kronologiari garrantzi handia eman diot; alegia, modu kronologikoan ordenatu ditut Sarrionandiaren testuak, lupa jarri dut ikertu nahi nuen arloan, baina konturatu naiz begi asko sartzen ahal direla lupa horretan, Sarrionandiak helduleku asko ematen baititu beraren testuetan agertzen diren elementuak interpretatzeko: itsasoa, portua, ontzia, naufragoa… Berak ez du proposamen hermetikoa egiten, norberak beretik jarritakoarekin eraikiko du esanahia.
Bere biografiak on edo gaitz egin dion ere aritzen zara liburuan…
Idazle askoren biografiak dira esanguratsu. Sarrionandiarena ere oso esanguratsua da, haren biografiak asko zipriztintzen dituelako bere literatur lanak. Durango Azoka da froga. Garai horretan ezer argitaratzen duenean, igurikimenez hartzen du jendeak, jakin-mina pizten du, irakurlea biltzen du, asko saltzen da… Salmentei dagokionez, lagundu egingo dio, baina beti ez da horrela: Euskadi saria [2011, Moroak gara behelaino artean?] eman ziotenean, arazoak sortu ziren. 2002an Espainiako Kritika Saria eman ziotenean [2001, Lagun izoztua], berdin, azalpenak eman behar izan zituzten… Esate baterako, Lagun izoztua, Kritika Saria izan zen liburua, ez dago gaztelaniara itzulia. Gaztelaniaz, Ni ez naiz hemengoa dugu Moroak… baino lehen, eta hura Hondarribiko Hiru argitaletxeak itzuli zuen! Biografiak, beraz, lagundu bai, baina kalte ere egin dio Sarrionandiari, hemen baina batez ere hemendik kanpora. Pamiela argitaletxeak liburu objektuari, buruzko erakusketa egin zuelarik Iruñean, behartu egin zuten Sarrionandiaren zenbait testu kentzera. Pamiela argitaletxeak liburua egiteko prozesuari buruzko erakusketa egin nahi izan zuenean Iruñean [Liburu bat egiten, 2014] bertako udalak ez zuen baimenik eman, Sarrionandiaren testu bat zegoelako bertan. Polemika hori beti, alegia. Batzuetan, irakurlearen aldez aurretiko atxikimendua ikusiko dugu, atxikimendu ideologikoa, edo literarioa, edo maitasunezkoa. Besteetan, kontrakoa, aldez aurretiko arbuioa. Bietatik dago.
Gure artean ez den idazlea izanagatik ere, hagitz hemen dago Joseba Sarrionandia…
Idazlearen egoera ideala izan liteke, bera egon gabe ere bere testuak irakurlearen eskuetan izatea. Hori idazlearen lanaren emaitzaren isla da, emaitza, fruitu. Sarrionandiaren lanak ertz asko dituela erakusten du horrek. Hobe denok ere pixka bat ezkutuago egongo bagina!
Aunitz ikerlari zarete Sarrionandiaren obra aztergai hartu duzuenok: Aitzpea Azkorbebeitia, Iñaki Aldekoa, Jon Kortazar, Kirmen Uribe, Aiora Jaka, zu…
Idazten dugun askok erreferente izan dugu Joseba Sarrionandia. Baita irakurleek ere, jakina! Askorengana iritsi da haren lana, eta oso bide ezberdinetatik. Mikel Laboaren, Ruper Ordorikaren eta Eñaut Elorrietaren bidetik ere iritsi da, adibidez. Giro eta adin ezberdineko jendearengana heldu da. Aldi berean oso gauza sakonak eta oso sinpleak esaten ditu Sarrionandiak. Geruza asko ditu haren lanak. Batari helduta ere, ez duzu beste geruzarik galtzen, oso aberatsa da.
Sarrionandiaren gaineko ikerketari eman diozun izenburua: Itsasoa da bide bakarra…
Horrek, izan ere, lotura bat egiteko balio du. Itsasoa, azken finean, borrokaldiari lotuta dago, eta borrokaldi horrek garaian-garaian zer forma hartzen duen, halako forma hartuko du itsasoak. “Borroka da bide bakarra” izan da urte askoan ibili dugun esaldia, eta orain, berriz, “itsasoa da bide bakarra”. Horixe esan nezake lehen esan dudan arraina ito gabe. Askoz gehiago ez.
Hitzen ondoezaren sarrerako pasartea gogora ekarriz, ipuinlariak amaitu du kontua. Entzuleetako batek ipuinaren esanahia ez duela azaldu diotso. Kontalariak, orduan:
“–Zer irudituko litzaizuke inork intxaur bat eskaintzen badizu eta, intxaur hori, mastekatuta, ahotik eskura ematen badizu…
–Mastekatuta ez! –erantzun zuen entzule batek.
–Eta nik nahiago dut oskolik kendu gabe hartu –esan zuen beste batek– a, bakoitzak bere oskola apur dezala.
–Oskola apurtu, umeentzat bakarrik.
–Eta maiteminduentzat…”
Eider Rodriguezen solasean, horixe egiten du Joseba Sarrionandiak: “Intxaurra kraskatu eta ematen digu, baina norberak kendu behar dio oskola, norberak joan behar du mamira. Horrexek egiten du Sarrionandiaren obra hain gauza interesgarri, eta horregatik da idazlea hain irakurle ezberdinetara iristeko gai. Berak hainbat elementu jartzen dizkigu aukeran. Ondoren, irakurleak erabakiko du bide bat hartu, ala bestea. Oso interesgarria iruditzen zait”
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.