Asterix garaiezinak orain bi milurtekoko Korsikara eraman gintuen, beste herri menderaezin bat ezagutzeko. Gaur egun, ohiko topiko baldarrak errepikatzeko asmorik ez badugu ere, iruditzen zaigu bertako herritar askok agertzen duten harrotasuna eta nortasun menderakaitza bizitza bera bezain benetakoa dela, eta hein handi batean leku eder eta basa honen orografia malkartsuak eragin duela.
Esan daiteke, geologiari buruzko xehetasunetan murgildu gabe, Korsika Mediterraneo itsasoaren erdian jarritako Alpeen zati bat izan litekeela, inguruan hondartza eta labar ugari daukana, eta barnealdean, berriz, kontinenteko haran alpinoak gogoraraziko dizkiguten mendi garai eta basoak. Izan ere, Errestonikako haranen batean jarriko bagintuzte non gauden jakin gabe, zin egingo genuke Alpeetako txokoren batean gaudela.
Mendilerro ikusgarri batek zeharkatzen du uhartea ipar-mendebaldetik hego-ekialdera. Itsas mailatik 2.000 metro baino gorago dauden ehun gailur baino gehiago dago; urteko sasoi gehienetan elurrez estalita egoten den Cinto mendiaren 2.706 metroak nabarmentzen dira. Itsasertzetik 30 kilometro baino gutxiagora dago Cinto. Distantzia horren eta haren altueraren arteko erlazioak erakusten digu zein bertikala den Mediterraneo erdiko mendikate hau.
Orografia bihurriak etengabe baldintzatu du uhartearen historia. Ipar-ekialdea eta hego-mendebaldea askotan elkarrekiko inkomunikatuta geratzen ziren elurte handien ondorioz; batzuetan haran batetik betera igarotzea ere ezinezkoa zen. Lan gogorra inbaditzaileentzat. Korsikarrak mendi inguruetan bizi ziren batez ere, nahiago zituzten horiek kostaldea baino, eta mende askoan gerrilla bidez oldartu zitzaizkien beraiek baino boteretsuagoak ziren ejertzitoei. Baina alde batetik beren nortasunari eusteko balio izan zuena, jaiotza kopurua txikia izatea eta korsikarren arteko zatiketa areagotzea eragin zuen bestetik. Bereizketa horrek muga ideologiko, sozial eta, ezinbestean, linguistikoak sortu zituen.
Korsikako historia nahasia eta bitxia izan da. Haren ondorioz, nazio nortasun sendoa eta independentzia nahi irmoa garatu da bertakoengan. Irlaren kokagune estrategikoak herri askoren arreta piztu zuen; ia hiru milurtekoan, feniziarrak, greziarrak, erromatarrak, bandaloak, bizantziarrak, pisarrak, aragoiarrak, genovatarrak eta, 1768tik, frantziarrak uharteaz jabetu ziren, inbasio eta inbasio artean autonomia eta independentzia tarte laburrak utzita bertakoei.
Gaur egun Korsikak beste inbasio bat jasaten du, ez hain liskarzalea, lurraldea bereganatu ordez egun edo aste batzuetako bisita egiteko asmoa baino ez duena. Uhartearen diru-sarrera iturri nagusia da turismoa, izan ere. Eta handiagoa izango litzateke bisitak hartzeko azpiegiturak hain mugatuak ez balira. Oso litekeena da horrek, kalte egin baino, onura ekartzea epe luzean, bertako natura asko hondatzea eragotziko baitu, eta zalantzarik gabe horixe bera da, natura, kanpotarrei eskaintzeko Korsikak daukan balore nagusia.
Muturrak harrigarriak dira Korsikan. Ezin zaitezke aldendu 40 kilometro baino gehiago Mediterraneo epeleko hondartzetatik, baina tarte hori nahikoa da naturan hamaika jarduera, askotarikoak, egin ahal izateko. Ghisoni, Vergio edo Val D´ese-ko pistetan eski egun bat negu gorrian, uhartea iparretik hegora zeharkatzen duen GR-20 ibilbidean barnako mendi txango gogorrak, arroila jaitsiera kirol horretarako Europan dauden lekurik interesgarrienetako zenbaitetan, eta beste asko, hala nola urpekaritza eta bestelako ur jarduerak. Kulturaz edota mediterranear klimaz gozatzeko aukera ere badela kontuan hartuta, era askotako turismorako gune ezin hobea da Korsika.
Uhartera sartzeko lekurik onena Bastia da, ipar-ekialdeko erdiko hiriburua, eta Korsikako itsasertzeko hirien artean berezia. Oso agerikoa da Genovaren eragina, bai arkitekturan bai kaleen saretzean. Korsikar kostaldeko hiririk “benetakoena” da Bastia, zalantzarik gabe; ez da ahaztu behar itsasertzeko hiri handienak inbaditzaileek eraikitakoak direla. Bastia ez da beste hiri batzuk –esaterako, Ajaccio– bezain arranditsua, baina uharte osoko porturik jatorrena dauka: kafetegi ugarien artean, ainguratutako belaontziei so paseatzen duten jubilatutako arrantzaleak nonahi dabiltza bertan.
Bastiatik Korsikaren iparraldera irits gaitezke. Populazio txikieneko eskualdea da, eguraldiaren zabarkeriaren aurrean babes txikiagoa duelako. Hiritik abiatzen den errepide bihurgunetsu batek aukera ematen du Corse lurmuturra dagoen penintsula osorik inguratzeko. Ehunka senaia txiki ezkutuan gordetzen dituzten amildegi ikusgarrien ertzetik, dorre genovatarrez jositako lurmuturrera hel daiteke.
Uhartearen ekialdea are malkartsuagoa da, baita ikusgarriagoa ere. Labarrak itsasoan murgiltzen dira, eta han-hemen mediterranear izaera agerikoa duten arrantzale herrixkak aurkitzen ditugu. Errepide horretatik Agriates-eko kostaldean sartuko gara: babestutako 40 kilometroko itsasbazterra, eskualdeko altxor natural handienetako bat.
Sortaldeko itsasertzari jarraituz, iparreko senaia ezkutuekin zerikusirik ez duten hondartza luzeak ikusiko ditugu. Hala ere, kostalde mediterranearreko leku askok jasan duten higiezinen boom-a ez da honaino iritsi, ez behintzat hain neurri handian. Horri esker, gune askotan aukera dago errepidetik irten eta jendetza handi batekin topo egin gabe hondartzetara gerturatzeko, baita udan ere.
Kostalde horretatik bertatik uhartearen barnealdera joan daiteke, zenbait mendate esanguratsu gaindituz. Eskualde berezia da hau, baso handiek estalitakoa. Gaztainondoa da nagusi, eta hartatik hartu du izena Gastagnicciak, gaztainaren inguruan bizi den eskualdeak; hango negozioetan zein gastronomian ohorezko lekua du fruitu horrek. Bailara hau bisitatuz irlako historiaren zati garrantzitsu batean murgilduko gara, Pasquale Paolik, Korsikaren independentziaren defendatzaile nagusietako batek, bertan utzi baitzuen bere oinordetzaren zati handi bat.
Uhartearen bizkarrezurretik hegoalderantz joz, Corte hiria aurkituko dugu. Korsikako benetako bihotza, mendiz inguratua eta Restonica eta Tavignano ibaiek bat egiten duten lekuan kokatua. Corte izan zen Korsika independenteko hiriburua Paoliren gobernuak iraun zuen bitartean, 1755 eta 1769 artean. Urte hartan, frantziarrek mendean hartu zituzten korsikar osteak, Pontenuovoko guduan.
Corte pribilegiozko toki batean dago: Restonica ibaiaren ibilguari jarraituz, uharteko mendi malkartsu eta ikusgarrienen bihotzean sartuko gara. Mendiko ibai honen hamalau kilometroetatik, gehienak Restonicako Arroilen barruan daude; ur-jauzi ugari dago bertan. Ibaiak 1.300eko altuera galtzen du ibilbide horretan, eta haren uharkak Korsikako haran eder eta basatiena sortu du. Korsikar mendien sargunea izanik, urtero jasotzen du milaka lagunen bisita; lasai paseatzera joaten dira batzuk, mendi kirol zorabiagarriak egitera beste batzuk.
Itsasertzerantz berriro, uhartea zatikatzen duen mendikatea zeharkatuko dugu Korsikako hego-mendebaldearen hiriburura, Ajacciora, joateko. Atzean utziko ditugu hiritik ikus daitezkeen mendi garaiak, neguan irudi bitxia eskaintzen dutenak: Mediterraneoaren gaineko zerumuga elurtua. Kaleek, monumentuek, estatuek, etengabe gogorarazten dute Napoleon Bonaparte enperadorea izango zena Ajaccion jaio zela 1769ko abuztuaren 15ean, frantziarrek uhartea behin betiko bereganatu zuten urtean.
Hegoaldeko muturrerantz goazela, paisaia alpinoak atzean utzi eta mediterranear izaera nabarmena duen ingurua zeharkatuz, Popiano eta Sartène-tik igaroko gara Bonifacciora heldu arte. Mediterraneoaren gaineko kokagune miresgarri batean dago hiria, labar luze baten goialde; izen bereko itsasartea zeharo eder ikusten da hemendik. Bonifaccioko begiratokietatik erraz hautematen dira Madalenako artxipelagoa eta Sardiniako uhartea, eta arratsalde eguzkitsuetan, itsasartea zeharkatzen duten izurde saldoak ikus daitezke hiriko harresietatik.
Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]
Otsaila bukaeran abiatuko dute Frantziako Konstituzioaren moldaketa dakarren proposamenaren idazketa. Agendaren berri ukan bezain laster berretsi du bere baldintza Korsikako Asanbleak: "Irlako hautetsi eta eragile guztiak beharko dira idazketa fasean inplikarazi".
Mediterraneoko uharteko bigarren etxebizitzen kontrako ekintzak bere gain hartu ditu Korsikako Nazio Askapenerako Fronteak (FLNC). Igandetik astelehenerako gauean gertatu dira eta aurretiaz ere bestelako eraso batzuk aldarrikatu zituen abuztu hasieran.
Frantziako Konstituzioan Korsikaren izaera berezia jasoko luke artikulu batek. Presidenteak hezkuntzan korsikera bultzatzeko asmoa iragarri du, baina ez hizkuntza ofizial bihurtzeko.
Autonomisten eta independentisten arteko deliberazio komuna lortu dute, eztabaida, gatazka eta negoziaketa luzeen ondotik. 63 hautetsietatik 46k alde bozkatu dute, oposizioko Un Soffiu Novu-k aurka bozkatu du eta Corsica Libera talde independentistako bat abstenitu da, Josepha... [+]
Korsikaren burujabetzari buruzko saio berezia eginen du uztailaren 4an irlako asanbleak. Bitartean, eskatu beharrekoari buruzko adostasun batera heldu nahian dabiltza alderdi abertzale ezberdinak.
Korsikako Asanblean eta Exekutiboan korsikera erabiltzea Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo du Bastiako Auzitegiak, uharteko prefet ohiaren helegitea ebatzita. Korsikako herritarren eskubideen urraketa dela salatu du, besteren artean, Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu... [+]
Duela hogei urte Claude Erignac Frantziako prefetaren hilketaren komandoaren parte izatea leporatu zioten. Orain, zaintza-neurri zorrotzak bete beharko ditu urtebetez. Eric Barbolosi Alessandriren abokatuak adierazi du erabakia "legea eta zuzenbidea hertsiki aplikatzearen... [+]
Asanblea Nazionaleko Legeen Batzordeak aho batez onartu du ikerketa batzordearen sorrera azaroaren 23 honetan. Gehienik sei hilabetez iraunen du prozedurak.
Frantziaren menpe segitzen duten hainbat herrietako alderdi independentista banak adierazpena izenpetu dute Corte-n (Korsika) urtero egiten diren Ghjurnate di Corti topaketa independentisten baitan.
21 lagunek osatzen dute Korsikako ordezkaritza: Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidenteak, Marie-Antoinette Maupertuis Korsikako Asanbleakoak, ganbera horretako lau talde parlamentarioetako presidenteek eta Frantziako eta Europako zazpi parlamentariek.
Korsikera sostengatzeko helburuz antolatu dute 110 kilometroko lasterketa. Igande honetan abiatuko da Aleria herritik eta uztailaren 6an iritsiko da helmugara, Bonifaciora.
Irulegiko Irratiko Sakonean emankizunaren hirugarren saioan Korsikako nazio askapen mugimendua izan dute hizpide, Marseillako presondegian Yvan Colonna FLNC Korsikako Nazio Askapen Fronteko militante eta preso politikoak bizia galdu zuenetik hilabetera.
ELEN Europako hizkuntzen berdintasunerako sareak eta Kevre Breizh Bertainieraren aldeko erakundeen kontseiluak Etnozidioa: Frantziako Tabua izenburuko jardunaldia antolatu zuten pasa den martxoaren 19an, Bretainiako Gwened herrian. Bertan izan zen Haizpea Abrisketa... [+]
Yvan Colonna preso politiko korsikarra beste preso batek Arlesko espetxean egindako erasoaren ostean hil zenetik deitutako lehen manifestazio bateratua egin zuten igandean Korsikan. Protestetan izandako istiluen ostean atzeratu egin dira Frantziako Barne Ministroarekin hasi... [+]