Bere aurka bilatze eta atxilotze agindua zeukala, 20 egunen ostean, Ertzaintzak astelehenean atxilotu du azkenean Jone Amezaga errigoitiarra, ingurukoak kolpatuz eta borra luzagarriak erabiliz. Ehunka pertsonak modu batean edo bestean babestuta, ia hiru astez eraiki dute desobedientzia praktika. Elementu berriak jarri dira mahai-gainean, baita galdera berriak ere.
“Oso pozik nago hemen kanpoan, horrenbeste jenderen babesa jasotzen, eta Gernika herri libre bilakatuta”. Jone Amezagaren hitzak dira, 18 egun ezkutuan eginda, larunbatean kalera atera ostean Argiari esanak. Herria kartel, zapi, puxika eta aterki laranjaz bete dute Amezagari babesa ematen ari diren herritarrek. Asteburuan ehunka pertsonaren elkartasuna jaso zuen eta, astelehenean, 70 bat lagunek inguratuta, merkatuan atxilotu dute agenteek, borra luzagarriekin ingurukoak kolpatu ostean.
Berezitasunak izan ditu kasu honek, eta horien artean, nabarmenetakoa Amezaga ez dela leku finko batean egon agertu zenetik atxilotu duten arte. Hiru gune nagusitan antolatu dituzte ekintzak, eta asteburuan zehar kasuak sona handia izan du Gernikan. Sare sozialetan ere mugimendu handia izan da.
Orain arteko beste herri harresietan ez bezala, Amezaga ez da uneoro presente izan, eta herrian egin diren bi kalejirak baliatu dituzte hiru-lau orduz ateratzeko, “Gernikan libre bizitzeko” ideian sakondu asmoz. Koloreen bitartez identifikatutako taldeak antolatu zituzten, Ertzaintza etorri izan balitz, aterkiak ireki eta bakoitza alde batera ateratzea adostuta. Gernikan izan direnek oroituko dute Tutti fruti, ekimen koloretsua. Donostiako AskeGunean zutabeak nola, hala mugitu dute Amezaga herriko leku batetik bestera.
Dinamikaren bozeramaileek adierazi zutenez, segurtasun neurriak medio, Amezagak ez du gaua kalean pasa, eta berazm bertara joandako solidarioek herriko etxe eta lokaletan egin dute lo.
Jone Amezagari 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismoa goratu” izana leporatuta, ETAren ikurra zuen pankarta bat jarri zuelakoan. Amezagak ukatu egiten du pankarta hura berak jarri zuenik, “muntaia polizial” gisa deskribatu du eta bere jardun politikoagatik atxilotu nahi dutela salatu du.
Kasua salatzeko Jone Libre plataforma sortu zuten Gernikan orain urtebete. Ordutik herrian informazioa zabaltzeaz gain, behin atxiloketarako agindua iritsi denetik, beste dimentsio bat hartu du gaiak. 100 pertsonatik gorako asanbladak egin dituzte, atxikimenduak lortu, hamarnaka bideo sareratu dituzte...
“Kasu hau hasiera-hasieratik ertzainek osatua izan da, hori da tristeena”. Joneren ama den Itziar Amezaga haserre da Eusko Jaurlaritzarekin. “Erabat prefabrikatua izan da, ertzainek eraman dute kasua Espainiako Auzitegi Nazionalera eta gero eskua sartu dute zigor hori gauza dadin”. Argiaren webgunean bideoz ikus daitekeen elkarrizketan gehitzen dute Jonan Fernandez Bakea eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak Espainiako aipatu auzitegia desagertzea eskatu duela. Haserrea nabarmena da: “Hori eskatzea ongi dago, baina Jaurlaritzak ez dezala baliatu euskal herritarrak epaitzeko”.
Angela Murillo epaileak Jone Amezagaren atxiloketa Guardia Zibila eta Espainiako polizia nazionalari agindu bazien ere, Ertzaintzak jarrera aktiboa hartu du. Ertzaintzako inteligentzia zuzendariak argi utzi zuen herri harresiak saihestu nahi dituela, horretarako Auzitegi Nazionalari aldaketa legalak egiteko eskatu behar badio ere, Argiak publiko egin zituen dokumentuetan irakur daitekeenez.
Donostiako AskeGunetik Jaurlaritzari Ertzaintza ez bidaltzeko eskatu zitzaionetik, urte eta erdi igaro da. Polizia autonomikoa bidaltzeaz gain, berari eskatu gabe ere Ertzaintzak herri harresien aurkako jarrera hartu du. Txosten honek herri harresiak eszenatoki politikoan eragiteko tresna eraginkorrak direla agerian utzi du.
Halaber, Loiolan eta Deustun ez bezala, asteburuan Jone Amezaga kalera atera eta Ertzaintza ez zen unean bertan agertu, Espainiako justiziak agindutakoa betetzera. Hori bertan bildutako askoren elkarrizketarako gaia izan da. Ertzaintzak ba al zuen planaren berri?
Gernikako kasuak eremu politikoan mugimenduak eragin ditu. Busturialdeko Hitzak abenduaren 12an argitaratu zuenez, ertzain batek Jone Amezaga espetxeratzeko ebazpena bertan behera uzteko eskatu du, hainbaten artean. Eskualdeko hainbat udalek ere adierazpenak onartu dituzte, horietako batzuetan EAJren aldeko botoekin.
Desobedientziaren aldeko mugimenduaren barrenak ere mugitzen ari dira. Azken hilabeteetan Eleak eta epaiketa politikoen kasuak gertutik bizi dituzten herrietan Libre lantaldeak elkarrekin dinamika bateratu bat sortzeko bilerak egiten ari dira. Prozesu horretan parte hartzen ari den kide batek ARGIAri jakinarazi dionez “Herri harresien fenomenoak jendearengan gaur egun pizten hain zaila den ilusioa eta grina eragiteko gaitasuna du”. Bere ustez desobedientziak borroka molde gisa jendea “betetzen” du. “Epaiketa politikoei aurre egiteaz gain, herritarrak aktibatzen ditu eta asmatuz gero, zenbait esperientzetan ikusi dugun bezala, gizartearen beste sektore batzuk erakartzeko gaitasuna du”.
Pixkana birdefinitzen ari dira Libre dinamikaren nondik norakoak, forma eta norabidea desobedientzia zibilean eta ekintza partehartzaileetan, “eskema alderdikoietatik aldenduta”.
Espainiako Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren jarrera ikusita, ba al dago atxiloketekin amaitzerik inoiz desobedientzia planteatu gabe?
Gizartea aldatu nahi dutenen artean, betiereko eztabaida da lehentasuna herri mugimenduetan jarri behar dela uste dutenen eta instituzio ofizialetan jartzearen aldekoen artekoa. Zein joera da nagusi egun Euskal Herrian? Tendentziak nora doaz?
Segura eta herriko tabernen auziek zer bide hartuko dute?
Epaiketa politikoen kasuetan, politikoki eragiteko herri harresia baino ekimen eraginkorrik ba al da?
Ertzaintzak herri harresiak eragotzi nahi ditu nola edo hala, horretarako Auzitegi Nazionalari bide judizial berriak irekitzeko eskatu behar badio ere. Zenbaterainoko babesa du Ertzaintzaren jarrerak euskal gizartean? Eta jeltzaleen artean?
"Kartzelak husteko garaia" zela argudiatuta, Urtza Alkorta ondarrutarraren atxiloketa saihesteko zubi harresia eraiki zen Ondarroan 2013ko maiatzaren 10ean. Lau egunetan, Ondarroatik egindako aldarriak Euskal Herriko mugak gainditu zituen.
Igandean, apirilak 7, espetxetik irten da Ekaitz Ezkerra preso politiko donostiarra, sei urteko espetxe zigorra bete ostean. 2013ko apirilaren 30ean atxilotu zuten Ezkerra, Donostiako Askegunean, Segiko kide izatea leporatuta. Orduan atxilotu eta espetxeratutakoetatik Ezkerra... [+]
They were arrested in 2015 after being accused by the Ertzaintza (Basque police) of being members of pro-independence organization Segi. The Spanish Constitutional Court has now declared the order for arrest and imprisonment invalid and “against the law and rights”.
2015ean atxilotu zituen Ertzaintzak Segikoak izatea leporatuta Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako zazpi lagun, horietatik hiru Gasteizen egindako “herri harresian”. Defentsak Auzitegi Gorenean jarrita zuen helegitea aintzat hartu eta gazteak kartzelaratzeko... [+]
Loiolako Herri Harresian parte hartzeagatik jarritako zigorra ordaintzea lortu dutela informatu du Eleak-Libre mugimenduak. Esteban Orbegozo azpeitiarrari eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrari 23.663 euroko isuna jarri zieten eta herriz herri egindako ekimenen bidez... [+]
Loiolako herri harresian atxilotu zituzten Esteban Orbegozo azpeitiarraren eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarraren kontrako epaiketak eta prozesuak eragin dituen gastuei aurre egiten laguntzeko bertso saioa izango da ostiralean, Azpeitiko Gaztetxean. Aitor Bizkarra,... [+]
Alcalá de Henareseko epaitegian izango da 50 lagunen kontrako epaiketa. Bost hilabeteko espetxe zigorra eskatzen dute bakoitzarentzat 2015eko epaiketa batean publiko gisa herri harresia irudikatzeagatik eta gazte auzipetuei babesa emateagatik.
Euskal gazteriaren aurkako Espainiako Estatuaren errepresioaren erdian, 2014ko irailaren 22an, Loiolako Basilikaren eskalinatan Herri Harresia egin genuen, epaiketara aurkeztu ez ziren bost euskal gazteak babesteko asmoz. Bertan izan ziren, beste ehunka herritarren moduan,... [+]
Esteban Orbegozo eta Beñat Hach Embarek zigortzea erabaki du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak, ertzain bat zauritu izana leporatuta. Dirua biltzeko hainbat ekimen antolatuko dituzte.
Donostiako Herri Harresian atxilotutako gazteen abokatuek Espainiako Zigor Kode berriaren arabera gradua jaisteko eskatu zuten, baina Auzitegi Gorenak ukatu egin du eta beraz, sei urteko kondena osotasunean bete beharko dute, espetxean jarraitzen duten bost gazteek.
IV Libre Topaketak egingo dituzte ostiralean eta larunbatean, Donostian, Eleak-Libre mugimenduak antolatuta, Mozal Legea salatu eta Aske Gunean atxilotutako gazteen askatasuna aldarrikatzeko.
Donostiako Askegunean atxilotu zuten Oier Lorente eta lau urteren ostean atera da kartzelatik; Segiko kide izateagatik 6 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak.
Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola eta lau urteren ostean atera da kartzelatik, orotara sei urteko espetxe zigorrarekin ordainduta Segiko kide izatea egotzi izana. Ehunka lagun izan ditu zain Donostiako Alde Zaharrean, ongietorria emateko.
Herritarrok batzuetan gure buruarekin harritzen gara, mundua eta gure bizi baldintzak dantzan ikusi arren, dugun egonarriarekin. Tripak mugitzen zaizkigu, bai, baina ez, nonbait, kalera jotzeko adina. Azken urteotan mobilizazioak antolatzen ari diren kide hauengana jo dugu, gako... [+]