Azaroaren 23an erreferendumera deituta daude Usansoloko herritarrak. Oraingoz Galdakaoko auzoa dena udal bihurtzea gura duten esan beharko dute. Emaitza ez da juridikoki loteslea izango, baina bai politikoki esanguratsua. 2012tik udal berrien sorrera galarazten duen araua aldatzeko prest agertu da Bizkaiko Foru Aldundia, Usansolok udala izateko borondatea adierazten badu. 1983tik Euskal Herrian sortutako 36.a litzateke. Bitartean, zer gertatuko ote da Igeldon?
Wikipediari sinestera, Euskal Herriak 685 udalerri ditu. Horietatik 35 azken hiru hamarkadetan sortuak dira, orrialdea pasatuta agertuko zaizuen koadroak xehe azaltzen duenez. Oso litekeena da Bizkaiko Usansolo, gaur-gaurkoz Galdakaoko auzoa dena, zerrendara gehitzea datorren urtean, edo agian hurrengoan. Prozedura hauek, badakizue, denbora behar dute.
Erratzeko beldurrik gabe esan daiteke usansolotar gehienen borondatea, azaroaren 23ko kontsulta ez-loteslean berretsi beharko dutena, udal bat sortzea dela. Horren froga argia da Usansolo Herria plataformak aise irabazi zituela azken udal hauteskundeak Usansoloko distrituan. Haien hauteskunde programak hitz bakarra zuen ardatz: desanexioa.
Herritarren nahia ez da nahikoa ordea, bestela aspaldi izango zuen Usansolok bere udaletxea. Baina oraingoan, badirudi hainbat urtez segregazioa gauzatzea galarazi duten oztopoak desagertzear direla, Bizkai Buru Batzarreko Itxaso Atutxak, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok eta Galdakaoko alkate Ibon Uribe jeltzaleek azken hilabeteetan agertutako prestasuna ikusirik. Galdakaoko Udalak eta Usansolo Herria plataformak prozedurari buruz dituzten desadostasun nabarmenek nekez eragotziko dute Bizkaiak beste udal bat edukitzea, aipatutako hirurek hitzari eusten badiote.
Behin Usansolo Galdakaotik bereizita, oraintxe epaile baten esku dagoen Igeldoko auziari irtenbidea ematea besterik ez litzateke faltako Euskal Herriko udal mapa ixteko, goragoko erakundeetatik administrazio egituraren erreforma sakonen bat etorri arte behintzat –baliteke luze gabe hala gertatzea Frantziako Estatuan, baina hori beste historia bat da–.
1970eko hamarkadaren erdian sortu zen Desanexioaren Aldeko Herrien Koordinadora, batez ere Erandioko zenbait herritarrek bultzatuta. Mugimendu haren sortzaileetako batek, Txetxu Aurrekoetxeak, adierazi digunez, koordinadoraren sustatzaile nagusiak Txorierri bailara bizkaitarreko herriak izan ziren (Erandio, Loiu, Derio, Sondika eta Zamudio), eta haien ekimenari esker batu ziren Bizkaiko eta Gipuzkoako beste herri batzuk: Iurreta, Mendaro, Lasarte…
Txorierriko bost herriak frankismoan behartu zituzten Bilbon txertatzera. Horretarako bi arrazoi zituen diktadurak, Aurrekoetxearen esanetan. Bata, ideologikoa: Espainia Handiak hiri handiak behar zituen. Beste arrazoiak handitasunarekin zerikusia du halaber, baina prosaikoagoa da: hirigintza-planak gauzatzeko lurra behar zen. Bilbokoa ez zen Euskal Herriko kasu bakarra izan, baina bai esanguratsuena.
Desanexioen aldeko koordinadorak helburua lortu zuen hein handi batean, bistan dena. 1982ko abenduaren 22an Eusko Jaurlaritzak bost udalerriok Bilbotik desanexionatzeko dekretua sinatu zuen. Jaurlaritzak emandako era horretako dekretu bakarra izan zen; handik aurrerako guztiak aldundien eskutik etorri dira. Bide batez esan dezagun desanexio masibo hori ez zela bakarra izan; 1987an, lau herri aldi berean bereizi ziren Gernikaz. Historia Bilbokoaren berdintsua da. Beste askoren desanexioa banaka etorri zen, eta batzuen kasuan udala sortu bai baina ezin esan desanexioa egon zenik. Kontuak kontu, 30 udalerri sortu ziren Euskal Herrian 1983 eta 1993 bitartean.
Azpimarratzekoa da aipatutako denbora tartean, eta gerora ere, ez dela egon desanexio edo segregaziorik Araban, eta Ipar Euskal Herrian bakarra izan dela. Ez bereizketarik, ezta eskaririk ere. Iparraldeaz den bezainbatean, Frantziako Estatuak duen arazo bat hartu behar da kontuan: udal inflazio izugarria. Europar Batasun osoko udalen ia erdia Frantzian dago (36.000 inguru!), eta Parisek ez du gehiago nahi. Ez dago udalerri berriak sortzea debekatzen duen legerik, baina bai balizko eskaerekiko printzipio orokor bat, zeinaren aplikazioa prefetei baitagokien: eskarioi ezetz erantzutea.
Bizkaiko eta Gipuzkoako desanexio olatua Arabara iritsi ez izanak badu bere azalpena, Iñaki Moro EHUko Geografia irakasleak dioskunez: “EAEko hiru lurraldeetan Araba da udalen lur komunal gehien mantendu dituena; horrek ahalbidetu du entitate txikiek kudeatze gaitasunari eutsi ahal izatea hainbat arlotan”.
Beharrik ez, nahirik ez. Denboran oso atzera egin gabe, Eskoziako eta Kataluniako kasuek erakutsi dute burujabetzari buruzko eztabaidan gero eta garrantzi handiagoa duela nork berea kudeatzeko eskubideak, ohiko nortasun elementuekin batera. Hala bada nazio osoen kasuan, zer esanik ez udal mailan. Usansolon bezala Igeldon, “metropoliak” eskaintzen dien arreta eskasa da zutabe nagusietakoa bereizi nahi dutenen diskurtsoan. Eta hala ere desanexio prozesuetan nortasun osagaia egon badago, distantzia fisikoak edo tradizio historikoak emana, sarritan biek.
1980ko hamarkadako desanexio eta segregazio oldeak bakea ekarriko zukeen Euskal Herriko udal banaketari dagokionez, baldin eta hiru kasu ez balira geratu konpontzeke: Igeldo, Usansolo eta Itziar. Hirugarrena bideratu egin da azkenik, itziartarrek eurek, Debako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako trabez gogaituta, amore eman zutelako 2000ko hamarkadaren hasieran. Udala lortzeko nahia alboratuta, Debaren barruan udal-auzo bihurtzeko borrokari ekin zioten duela urte batzuk, eta hori ere denen gustukoa ez izan arren badirudi helburua gauzatzear dela.
Usansolo eta Igeldoko gatazkek gaurdaino iraun izana ulertzeko, berriz, ezinbestekoa da legedian izandako zenbait aldaketa azaltzea. EAEn, aldundiek dute eskumena udal berrien sorrerari dagokionez. Euri askotxo bota du 1983ko lehen desanexio haietatik, eta hainbat foru arau sortu dira segregazioak –“desanexio” hitza ez duzu aurkituko arauotan– burutzeko baldintzak ezartze aldera. Usansolon eta Igeldon udala sortu nahian dabiltzan taldeak kexu dira bai Bizkaian bai Gipuzkoan nahi hori oztopatzeko ad hoc sortuak direla arauak.
Igeldoko Itxas Aurre elkarteko Jose Ignacio Galparsorok gogorarazi digunez, 1990ean hasi ziren bertako hainbat herritar Donostiatik bereizteko aukera aztertzen. Lau urte geroago galdeketa egin zuten, eta gehiengoa udala sortzearen alde agertu zen. “Handik gutxira foru arau berria egin zuten, preseski Igeldoren kontra, inola ere bete ezin ditugun bi baldintza dituena: bata, gutxienez 2.500 biztanle izatea [1.000 inguru ditu Igeldok], eta bestea jatorrizko udalarekin adostea; baina Donostiako Udalak sekula ez du igeldotarron nahia onartu nahi izan”. Gaur egun indarrean dagoen araua 2003koa da, eta bi baldintza horiek mantentzen ditu.
1995ean, Igeldo bereiztearen aldekoek argudiatu zuten euren prozedura araua sortu baino lehen hasi zela, eta beraz haren aurreko baldintzak ezarri behar zitzaizkiola. Urteotan arrazoia eman diete bai EAEko Auzitegi Gorenak bai Madrilgoak, baina horrek ez die balio izan: 2010ean, azkenik, Aldundiak dekretuz ezetsi zuen desanexio eskaera, 1986an indarrean zeuden baldintzak kontuan hartuta.
2012ra arte, oso antzekoak ziren Gipuzkoako eta Bizkaiko foru araudiak, 2.500 biztanleen baldintza barne. Baina urte hartan, Gernikako Batzar Nagusiek arau berria onartu zuten, oraindik indarrean dagoena. Arau horrek debekatu egiten du Bizkaian udal gehiago sortzea. Usansolo Herria (UH) plataformako Monika Menak uste du aldaketaren helburua oso zehatza zela, “Bizkaian abian dagoen desanexio prozesu bakarra gurea da eta”. UH saiatu egin zen arauak xedapen iragankor bat jaso zezan, zeinaren arabera epe bat zabalduko baitzen lehendik martxan zeuden prozedurak burutzeko, baina ez zuten helburua lortu.
Arau hori egongo ez balitz, edo aipatutako xedapena erantsiko balitzaio, Usansolok aukera bikaina edukiko luke Galdakaotik bereizteko, aurreko foru arauek ezarritako baldintza guztiak betetzen baititu. 5.000 biztanle inguru dauzka, Galdakaoko erdigunetik behar bezain urrun dago eta ekonomikoki bideragarria da berriki EHUk egindako azterketa baten arabera. Izan ere, harrigarriena da oraindik udal ez izatea, kontuan hartua 1988an hasi zirela helburu hori lortzeko ahaleginak.
Menak azaldu digunez, 1990eko hamarkadaren hasieran hiru azterketa egin ziren Usansolo independentearen bideragarritasuna neurtzeko. Bi aldekoak izan ziren, baina hirugarrenaren ezezkoak prozesu osoa geldiarazi zuen. Azterketa negatibo hura EAJrekin harreman estua daukan abokatu bulego batek egin zuen.
Ondorioa hamabost urteko impassea izan zen. 2011n, desanexio nahia indarberritu eta UH plataforman gorpuztu zen. Udal hauteskundeetan ezusteko emaitza lortu zuten: zinegotzi bi eta gehiengo zabala Usansolon. Hurrengo urtean, udal berriak eratzeko debekua ezarri zuen Aldundiak. Une honetan, UHk foru arau berriaren aurkako helegitea dauka aurkeztuta Espainiako Auzitegi Gorenean.
Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbide katedradunak bere iritzia eman digu arau horretaz: “Berez, ez zait txarto iruditzen halako arau bat ezartzea desanexio eskaerarik ez bada aurreikusten. Gainera, administrazioa arrazionalizatzeko balio du. Beste kontu bat da martxan dagoen prozesu bat gelditzea, hori herritarren kontrako neurria litzateke. Aldundia jabetu da egoerak ezin duela honela jarraitu, eta adierazi du araudian moldaketak egingo dituela usansolotarren borondatea errespetatze aldera”. Zuzen dabil Lasagabaster. Jose Luis Bilbaok ez ezik, EAJk eta Galdakaoko Udalak adierazi izan dute prest daudela Usansoloren segregazioa ekar lezakeen prozesu bat abiatzeko –erakundeen kasuan– eta babesteko –alderdiarenean–.
Prozesu horren lehen urratsa foru araua aldatzea litzateke, eta azkena herri galdeketa bat egitea. Horretarako entrenamendua aste honetan bertan izango dute usansolotarrek, UHk azaroaren 23rako antolatu duen erreferendumean. Galdera, hauxe: “Usansolo udalerria izatea nahi duzu?”.
Emaitzek ez dute balio juridikorik izango, baina bai politikoa. “Galdakaon, Bilbon eta Madrilen Usansoloren nahia zein den entzutea gura dugu”, dio Monika Menak. Ibon Uribe Galdakaoko alkateak esan du ez duela erreferenduma oztopatuko, baina babestu ere ez, prozedurak bestelakoa izan behar lukeelako. UHren eta Uriberen arteko ika-mikak zeresan ugari eman du azken askeotan, baina ez du ematen horrek Bizkaiko 113. udalerriaren sorrera oztopatuko duenik.
Bizkaia 113.enera bidean, eta Gipuzkoan 89.aren jaiotza etenda. Ondo ezagunak dira Igeldon aurreko neguan gertatutakoak: galdeketa bidez gehiengoak segregazioaren alde bozkatu ondoren, Foru Aldundiak dekretuz agindu zuen Igeldoko udal berria eratzea, baina aurtengo otsailean EAEko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen dekretu hori, Donostiako Udalaren helegiteari men eginez. Bi hilabetez udal izan ostean auzo izatera itzuli zen Igeldo, eta Itxas Aurre elkarteko kideak, hala nola herritar gehienak, atsekabez ari zaizkio orain epailearen behin betiko ebazpenari itxaroten.
Zergatik Igeldoren kasuan EAJk ez du Usansolorekiko agertu duen jarrera bera?, galdetu du publikoki Itxas Aurrek. Hona Sabin Etxearen erantzuna: “Usansolon eta Igeldon argi ikusten da bi eredu daudela. Bata, Gipuzkoako Aldundiak aurrera eraman duena, inposizioarena, BBNNetan beren buruari emandako legeak ez errespetatuz eta Igeldori balio gabeko galdeketa batekin iruzur eginez. Eta bestea, EAJk Usansolon proposatzen duena: legearen barruan galdeketa bat egitea”.
1983ko urtarrilaren 1ean Bilboko bost auzo desanexionatu zirenetik, beste 30 udal sortu dira Euskal Herrian, ia denak 80ko hamarkadan eta 90ekoaren hasieran. 1994tik bost udal berri besterik ez dira eratu, eta bakarra XXI. mendean: Ziortza-Bolibar.
35 udalerri berrietatik, hamasei Bizkaian daude, bederatzina Gipuzkoan eta Nafarroan, eta bat Baxenabarren. Betiere bereizketa baten ondorioz sortutako udalez ari gara, ez elkarketaz sortutakoez. Bereizketa horietako asko desanexioak dira, baina badira zatiketak ere, tamaina bertsuko udalak eman dituztenak. Leaburu-Gazteluk, esaterako, erdibitzea erabaki zuen 1995ean; zazpi urte lehenago, hiru zatitan banatu zen Iruerrieta, Gipuzkoan ere bai.
Nafarroan, udal berri gehienak Iruñerriko zendeen zatiketaz jaio dira. Zendea esaten zaie Iruñea inguruan sortutako bost herri bilguneri (udal izaera dute): Zizurkoa, Oltzakoa, Galarrekoa, Izakoa eta Antsoaingoa. Azken hori ez da existitzen dagoeneko; 1991n, Antsoain eta Berriozarrek zendea utzi eta udal bilakatu ostean, geratu ziren gainerako herriek Berriobeiti eratzea erabaki zuten.
Bitxia da zendeetatik bereizi diren udal gehienak, behin sortuta, zendea bera baino biztanletsuago izan direla. Esaterako, askoz populazio handiagoa dute Barañainek eta Zizur Nagusiak euren jatorrizko udala den Zizurko Zendeak baino, hura ez baita 4.000 biztanlera iristen. Barañain, izan ere, zerrenda honetako udal populatuena da, Erandioren ostean. Aldea hain nabarmena ez bada ere, gauza bera gertatu zen Beriain eta Orkoienen kasuetan.
"Nazio gisa eskubideak aldarrikatu eta herri oso bat martxan irudikatzeko" deitu dute 2025eko ekainean Bilbon egingo den mobilizazioa. Euskal Herri libre eta kohesionatu bat osatzeko "denen artean eta elkar lagunduz" lan egin behar dela berretsi du... [+]
Bizkaian eta Gipuzkoan egin bezala, EAEko estatus politiko berriak Euskal Herria nazio gisa aitortzea eta erabakitzeko eskubidea jasotzea eskatu dute Arabako Batzar Nagusietan alderdi abertzaleek.
Aurreko ekainean aurkeztu zuten ekimena Donostian. Maratoiaz gain Iruñean, Donostin, Bilbon eta Gasteizen zuzeneko ikuskizunak izango direla zehaztu dute asteazkenean. Hamabi orduz egongo dira “Euskal Herria irudikatzen”, eta “360 graduko Euskal... [+]
Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.
"Nafarroa defendatu" manifestua kaleratu eta sinatu duten 120 alkateek egindako deialdiari erantzunez, Iruñeko Sarasate Pasealekuan elkarretaratzea izan da larunbat arratsaldean. Auzitegi Gorenak Trafikoaren eskumena Nafarroari transferitzea baliogabetzea... [+]
Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.
Urkullu lehendakariak konbentzio konstituzionalaren proposamena egin du Espainiako Estatuan autogobernuaren eztabaidan sakontzeko eta estatu plurinazionalaren egiazko aitortza egin dadin.
Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza... [+]
Lasterketaren lehen hiru etapak Euskal Herrian egingo dituztela baliatuz bi estatuetan banatutako herri bat dagoela erakutsi nahi dute alderdi politiko independentistek. Hendaian bildu dira bozeramaileak horren berri emateko.
Trebiñuko herritarrek bizi duten egoera "anakronikoa" salatu zuten igandean.
Frantziako itzuliak duen nazioarteko oihartzuna baliatuko du Gure Eskuk, 'Euskal Herria mundura' izeneko ekimenarekin. Tourreko lehen hiru etapak osoki Euskal Herritik pasako direla baliatuta, "inoiz egin den ikurrinik erraldoiena" zabalduko dute, eta 4.000... [+]