88 urterekin hil da Ankaran Dogan Güres jenerala. Berekin eraman ditu 1990eko hamarkadan PKKren kontrako borrokaren aitzakiatan militar turkiarrek –OTANen egituren barruan– Kurdistanen burutu zuten gerra gupidagabearen sekretu handiak. Kurduen kontra kontrainsurgentziazko gerra nola antolatu ikasten Espainian ere ibilia zen.
Gogorren artean gogorrena, bortitzena, ausartena izan omen zen Dogan Güres jenerala Kurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) kontrako borrokan. Hala azaldu du Ricardo Ginés kazetariak Bartzelonako La Vanguardian eskaini dion hil-kronikan. “Enemigo número uno del PKK” ipini dio egunkariak titulua albisteari, mamiak erakusten duen pertsonalitatearen soslaia lausotuz, baina zuzenago ipini zezakeen Turkiak 1990eko hamarkadan Kurdistanen burutako sarraskiaren arduradun nagusietakoa izan zela.
“1994a arte -idatzi du Ginések- Turkiaren batasunarentzako mehatxutzat zeukanaren kontra antolatutako gerrak eragin zituen milaka hildako, milaka desagertu, hiru milioi inguru kurduren ihesa eta 3.000tik gora herri eta herrixkaren suntsiketa. Ankarako Estatu Gorenetik Güresek edukitako aginteak ez du parerik izan krudeltasunean Turkiaren historia modernoan. Güresek bere herentzia berunezko hizkitan izkiriaturik utzi du”.
Ingelesezko Wikipediak, iturriak ongi dokumentatuta dauzkan “Turkey–PKK conflict” sarreran, zehazten ditu gerrak eragindako biktimak. Giza eskubideen aldeko erakundeek diote, suntsitutako herriez eta ihesi bidalitako milioika jendeez gain, 1984 eta 2008 artean bortizkeriaz hil direla 5.000 turkiar eta 35.000 kurdu, hauen artean 18.000 zibil. Beste 17.000 gehiago desagertuta daude eta 119.000 herritar kurdu atxilotu dituzte urte horietan Turkiako agintariek.
Tarte horretan, 1993an, hasieran marxista-leninista zen PKK-k bere argudioak aldatu zituen eta adierazi bere asmoa ez zela Turkia zatitzea, Abdullah Öcalan liderrak argituz autonomia zabal bat negoziatu nahi zuela. Honek ez zituen aldatu, ordea, militar turkiarren planak.
Öcalanek proposatutako aldaketa eta negoziaketen aurrean, hil berri den Güres jeneralak esan zuen: “Turkian arrisku separatista dago. Ocalanek esandakoak engainatzeko erabilitako hitz koiunturalak baino ez dira. Gainera, Turkia zatitzea nahi dute AEBek. Eta Europar Batasunak ere Turkia ahulagoa nahi du. Eta laguntzen al digu OTANek? Batere ez”.
Güres ziur zegoen denek gakotu nahi ziotela zintzurra Turkiari, Siriak eta Irakek PKKri lagunduz, Iran ere kontra.... eta OTANek ez ziola nahikoa laguntzen Turkiari. Hitz egiteko modu bat besterik ez zen, zeren eta gero OTANeko gobernuek eskuratu zizkieten militar turkiarrei Kurdistaneko ofentsiba handia burutzeko armak, oso merke gainera, Güresek aitortu zuenez beranduago. Hala, Holandak eman zizkien ibilgailu blindatuak, AEBek helikopteroak, baita M-60 eta Leopard tankeak ere...
Gero Güresek berak low intensity warfare (intentsitate ahuleko gerra, kontraintsurgentzia edo gerra berezia) ikasteko bisitatu zituen horretan berezituta AEBek dauzkaten egitura militarrak, eta baita Espainia ere. Hori baitzen 1990 aurretik, ez da zaila jakiten zein jeneral espainiarrekin hitz egingo zuen borroka antiterrorista antolatzeko mekanikaz.
Kurdistanek 1990eko hamarkada hasieran nozitu zuten berunezko aroaren zertzelada adierazgarriak eskaintzen ditu Jean-Louis Briquetek “Milieux criminels et pouvoir politique: les ressorts illicites de l'état” (Kriminalitate antolatua eta aginte politikoa: estatuaren tresna ez-legezkoak) liburuan. “Les bandes ‘en uniforme’ en Turquie” atalean kontatzen du nolaz 1991tik aurrera militar turkiarrek PKKren kontrako operazio asko azpi-kontratatu [jatorrizko frantsesean sous-traitance] egin zizkieten kriminalitateari lotutako taldeei.
Tansu Ciller lehen ministroak PKKren kontrako gerra azkar bukatzeko presa zeukanez, Güres jeneralaren eta honen lerro gogorra bermatzen zuten militarren esku utzi zuen kontraintsurgentziazko borroka.
Militarrek, alde batetik talde paramilitar ultra-eskuindarren lana sustatu zuten. Bestetik, kurduen arteko zenbait tribu hautatuk PKKren kontra herritarren miliziak antolatzea babestu. Hamarkada bukaerarako 100.000tik gora kide armatu omen zeuzkaten milizia antiterroristok, Ankarako armadak eskupean pagatuak.
Herrietako zaindariak (korucu) deitu milizion antzekoak sarritan erabili dituzte kolonialistek beren gerretan. Gerra bereziaren teoriko nagusietakoa izan den Frank Kitsonek aipatzen ditu Kenyan britainiarrek erabilitakoak, Frantziak Indotxinan eta gero Aljerian antolatutako talde paramilitar natiboak, eta abar luzea. Beranduago, Peruko Gobernuak usu erabili zituen horrelako miliziak Sendero Luminosori aurre egiteko. Kurdistango korucuak, aldiz, ezezagunagoak ziren gure artean.
PKKren kontra borroka zikina egiten zuten paramilitarron arteko buruetako bat, Sedat Bucak, aberastu zen trukean obra publikoetan Ankarako agintariek eman zizkioten laguntzei esker. Konplizitate hauek argitara atera ziren Susurluk herrian gertatutako istripuari esker.
1996ko azaroaren 3an gertatutako auto istripu batek egin zuen famatu Susurluk. Ondorengo epaiketan mahairatuko zen planifikatutako hilketa izan zela. Auto barruan talde bitxia zihoan: Abdullah Catli ultra-eskuindarra poliziak hilketak eta droga trafikoagatik bilatzen zuena; honen neska lagun Gonca Us, edertasun lehiaketetatik ezaguna; eta Huseyin Kocadag Istanbulen polizia-buru izana. Kotxeko laugarren eskifaia bizirik atera zen: Sedat Bucak enpresaburu eta parlamentari kurdu kolaborazionista. Laurak zetozen inguruko hotel batean Mehmet Agar barne ministroarekin bilera egitetik. Hau salbatu zen beste mafioso batek abisua eman ziolako.
Kurduen kontrako gerra egiteko eta Turkiako aferak gobernatzeko ikuspegi ezberdinak zeuzkaten agintarien artean ere izan ziren gudu zikinak 1990eko hamarkadan. BGNNews albistegia turkiarrak zabaldu duenez, armadako buru zen Dogan Güres bera hiltzen saiatu ziren kafean zianuroa jarrita. Beste militar batek eragotzi omen zion kafe hura hartzea, bereziki garratza omen zegoela eta.
1992an Güresek aitortu zuen Turkia estatu militar bat zela. Emakumezko bat zen orduan lehen ministro, Tansu Ciller. 1994an armadatik erretiraturik, Cillerrek konbidatuta 1995ean diputatu bihurtu zen Dogan Güres.
BGNNewsek albistearen tituluan ipini bezala, Dogan Güres hil da berekin eramanez bere sekretuak. Zeina esatea baita, OTANen barruko estatu batek egindako gerra zikinarenak.
Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.
Urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri diote PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko "propaganda2 egitea leporatuta. Canözerrek hamar urte daramatza kazetari lanetan. Tarte horretan sei bider aldiz miatu du bere etxea Turkiako Poliziak, bost aldiz atxilotu... [+]
2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]
Abdullah Öcalanek, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) buruzagi espetxeratuak, bere iloba Ömer Öcalanen lehen bisita izan du. Ia lau urtez ukatu dizkiote bisitak, telefono deiak eta kanpoaldearekiko komunikazio oro. Azken 25 urteetan ia erabateko isolamendu... [+]
Bi kazetari, Hêro Bahadîn eta Gulistan Tara, eta haien txofer zihoan Rêbîn Bekir lankidea, Hewraman eskualde kurduan dokumental bat egitera zihoazen. Beren autoa misil batek jo zuen. Bekir zorteduna izan zen, autoa sutan lehertu baino lehen, inpaktuak... [+]
Sebahat Tuncel Kurdistango politikaria da, Turkiaren menpeko lurretan. Hainbatetan egon da kartzelan kurduen askapen mugimenduaren parte izateagatik, eta Turkiako Parlamenturako diputatu gisa hautatu zuten lehen presoa izan zen, 2007an. 2016an espetxeratu zuten azkenengoz eta... [+]
Helikoptero eta gerra hegazkin turkiarrek betetzen dute zerua Irak iparraldeko kurduen zonaldean. Azken asteetako operazio militar handian 381 kokaleku bonbardatu ditu Turkiako Aire Armadak Kurdistango Eskualde Autonomoan. Turkiako Defentsa Ministerioak adierazi du “talde... [+]
Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.
1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]
Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.
Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]
Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]
Epaiketaren lehen eguna amaituta eta bederatzi kazetari kurduak askatu dituzte. Urte erdia pasatxo preso eduki dituzte "terrorismoa" egotzita. Ankarako espetxean zeuzkaten eta orotara hamaika kazetariri erakunde terroristako kide izatea egozten diete.
Parlamentuan ordezkaritzarik lortuko ez duten beldur, ezkerreko alderdi gehienek Kemal Kiliçdaroglu zentro-ezkertiarraren aldeko botoa eskatzea erabaki dute, egungo presidentearen aurkari nagusia dena.