Soinu txikia deskubrimendu handia izan zen?
Orain hogeita bi urte, kasualitatez, ene herriko selaurua hustean, altzari itxurako tresna eder batek liluratu ninduen. Zer erosten nuen jakin gabe eraman nuen etxera. Kuriositate handia nuen “altzari” horrekiko. Akordeoia jotzen zuen aitatxirengana joan nintzen ikasteko intentzioz. Soinua eskuetan hartu, hatzekin harat-honat batzuk egin, eta “hau ez duk martxan” eman zidan epaia. Soinu handia jotzen bazuen ere, ez zuen soinu txikiaren berri. Hala, nire kabuz ikertu nuen, frogak eginez, botoi bakoitzak zer hots ateratzen zuen aztertuz, eta Bartzelonan soinu txiki eskola bat kausitu nuenerako, nire plantilla sortua nuen. 18 urtera arte pianoaz eta klasikoaz gainez egin nuen, baina ez nuen ene burua musikari ontzat, gozatzeko oren anitz sartu behar ziren, eta 18 urterekin oren horiek musika ez bertze edozer gauzetarako nituen. Soinu txikiari esker lotu nintzen berriz musikari, berak erakutsi zidan musikaz gozatzeko bide berri bat.
Zergatik sailkatzen da ia beti soinu txikia musika tradizionalean?
Irlandan tresna berari bi izen ezberdinez deitzen diote musikaren arabera. Arrabita biolina “biolin” da klasikoa jotzean eta “fidel” musika herrikoiari dagokiolarik. Musikak dakar tresnaren izena, errepertorioak jotzeko manera, baina beti da tresna bera. Hori hala, bi mundu dira errealitatea eta kritikari edo etiketa sortzaileena. Jendeak askoz naturalago, galdera eta sailkatze gutxiagorekin, bizi du musika. Ostatuan edo plazan jotzen ari zarelarik etiketa guztiak lainoetan gelditzen dira, lurrean dena nahasten den bitartean. Ulertzen dut kazetariek edo dendetako arduradunek musika etiketatu eta sailkatu behar izatea, baina plazan mementoko xedea betetzen baduzu fini dira etiketak, sailkapenak eta istorioak. Dantzatzea, kantatzea, gozatzea, zure arima eta animoa zabaltzea... Hori da garrantzitsua. Hori lortzeko soinua tresna bat da, tresna bat besterik ez. Pianoa, gitarra, trikitia... Ez dago tresna sakraturik, noiznahi desagertu daitezke, ordezkatuak izan, berriz agertu. Adibidez, ez baduzu soinu txikirik dantza emateko, baina eskuekin mahai gainean joz eta kantatuz giroa sortzeko gai bazara, jendeak dantzatuko du. Enetzat, musikaria koadrilako sukaldaria da. Gero jakina izan zaitezkeela hiru izarreko sukaldaria, lagunartean ausartzen dena, etxean justu-justu moldatzen dena...
Edo sukaldean aritzea baino harrikoa egitea nahiago duena.
Ni saiatzen naiz nire maila kontrolatzen, non nagoen eta nor naizen argi izaten. Adinarekin zure nortasuna eta baliabideak hobeki ezagutzen dituzu, eta lortu beharrekoa argi izanik, errazagoa da dena. Berriz ere koadrilako sukaldariarena: hozkailuan zer dagoen so egin, mahaiko panorama aztertu, norbere abilezia eta mugen jakitun izan, eta ahal bezain otordu goxoa prestatu. Hori da ene filosofia. Gero musika txirrindularitza bezala da: badira espezialistak kronoetan, mendian gora, klasikoetan, itzuli handietan... eta badira Indurain edo Merckx bezalakoak, dena ongi egiteko gai direnak, baina horiek esku bateko hatzekin kontatzen dituzu. Horregatik, bertze guztiok neurtu behar dugu zertan garen trebe, eta hori ongi neurtzen asmatuta zoriontsuak izanen gara.
Zertan zara trebe?
Buruz burukoan, harreman zuzenean. Ez naiz AHT bat, ez naiz fite jotzeko kapable, beraz ene espresibitatea beste alde batetik bideratu behar dut, emekiago joz, nota bakoitza xurgatu eta doinuari trankilki zukua ateraz. Gustatzen zait bertze artistak laguntzea, maite dut ene lekuan egotea. Trankil sentitu eta ongi bizitzeko garatzen ditut horiek oro. Bakoitzak bere izaera ezagututa soilik bete dezake bere lekua jendartean. Hori lortuta trankilago zaude, zoriontsuago, eta ondorioz, inguruari hori dena transmititzen diozu. Horregatik saiatzen naiz pertsona eta pertsonaia bereizten. Banitatea biziki lanjerosa da. Famak ere mailak baditu, baina karrikan norbait “zu ez dakit nor zara...” esaka etortzean sentimendu berezi eta kudeagaitza sortzen da. Ene neurritik gora gertatu zaidanean, beti egin dut gauza bera: etxera joan, kafea hartu, bizikletan ibili, pentsatu, eta ikasi, ikasi eta ikasi. Geroztik urtero hartzen ditut bi hilabete bakantza ene buruari zinezko galderak egiteko, pertsonaia pausatu eta pertsona lantzeko.
Banitatearen saretik eskapatzeko, laguntzen dizu Zugarramurdin bizi eta zure fazeta artistikoa gehienbat Katalunian agertzeak?
Jakina. Zugarramurdi franko berezia da. Puntu kosmopolita bat badu, denetarik atzeman dezakezu, hizkuntza andana normal-normal entzun, mendia bertan dago baina itsasoa ikusten da, jendea aski irekia da... Zure nortasuna garatzeko aski interesgarria da hori, lasaiago bizi zara. Hala, hemen egonik, hango ene zatiarekiko trankilago naiz. Adibidez, ohartu naiz orain bi-hiru urte arte izan genuen bertsio taldean ez nituela kantu batzuk joko han izan banintz. Kanpotik ikusita errazagoa da zure kultura onartzea, argiago ikusten duzu zure kultura zein den. Ez diote alferrik lurra ilargitik ikusten dela ongien. Politikoki, kulturalki zein sozialki katalanok ezaugarri ezinbestekoa dugu: guretzat norbanakoa sakratua da, ez dago deus norbanakoaren gainetik. Hori konprenitzea biziki zaila da Euskal Herrian. Hemen, Jaungoikoa, aberria, sozialismoa, alderdia koadrila, Athletic... Beti bada zerbait norbanakoaren gainetik. Gu anarkistak gara. Norbanakoa lehenestean oinarritzen da gure antolakuntza espirituala. Biziki inportantea da hori orain Katalunian gertatzen ari dena konprenitzeko.
Nola bizi dituzu azken hilabeteak?
Championseko partida batean gaude. Futbol gau handi eta estuetako azken minutuetako tentsioa nabari da. Edonoiz edozer gerta litekeela dirudi, baina jendearen jarrera itzela da. Jendea kontent dago, irribarrez. Xantza handia da odolik gabeko gerla batean egotea. Horrek, alta, ez du erran nahi gerla betean ez gaudenik. Horregatik dago hainbesteko tentsioa. Hori bai, tentsioa Madrilekikoa da, ez gure artekoa. Nik ama espainola dut baina ez dauka inolako arazorik. Madrilekin, ordea, sokatiran gabiltza, eta ederki dakigu gogor tiratuta soilik hautsiko dugula soka. Horregatik diot oraingo jarrera dela independentzia. Oso garrantzitsua izan zen Guardiolak Barçan zegoela kutsatu zuen “irabazteko lan egin behar da” filosofia. Txorakeria dirudi, baina askorengan errotu den jarrera da. Hala, irabazi nahi dugunez lanean gabiltza, batzuk atez ateko inkestak eginez, besteak manifak antolatuz, Piqué Diada eguneko bere semearen argazkia Twitter-era igoz... Lo ginen eta ernatu gara. Argi izan behar dugu Madril eta Paris beti izanen ditugula aurka. Horregatik elkar ezagutu behar dugu, nor garen eta zer izan nahi dugun elkarrekin gogoetatu eta landu. Orain arte ez genekien gaztelerazko elebakar independentistak bazirenik ere. Orain agertu dira. Goazen bada elkarrekin hitz egin eta bidea urratzera.
Katalunian ere kulturaren etorkizuna etorkizun politikoari lotua dago?
Independentzia da gure kultura salbatzeko manera bakarra. Ez dago bertzerik. Estatua, administrazioa, etsaiak dira. Horiekin hautsita baizik ez gara gure artean antolatzen eta gure gisara ibiltzen hasiko. Adibidez, guk erabakiko dugu zer egin Katalunian entzun daitezkeen berrehun hizkuntzekin. Madril eta Parisen jite kolonialak ez digu balio. Zer gertatzen da katalanarekin? Ados, okzitaniera edo euskara baino hobeki dago, baina beheiti doa: beheiti, beheiti eta beheiti, desagertu arte. Nola frenatuko duzu desagertze prozesua desagerrarazi nahi zaituenaren menean egonik? Ezinezkoa da. Horregatik, politikoki askatu ezean ez gara antzina aterako.
Zein da artistaren papera askapen politikoaren bidean?
Bakoitzak dauka bere armen araberako rola. Guk mikroa eta agertokia profitatu behar ditugu. Nola? Konplexurik gabe garena agertuz, katalanez trankilki mintzatuz, eta gure izaeraren parte bihurtu ditugunak zabaldu eta kutsatuz. Hala, hizkuntza mantentzea sekulako arma da metroka-metroka lur berriak konkistatzeko. Izan ere, ez-ezagutzatik dator beldurra, harremanik ez izatetik. Katalunian denetik dago eta harremanen bidez mugak haustea da gure ali-olia lotzeko manera bakarra. Institutuan ondoan esertzen zitzaidana falangista hutsa zen. Nola sortu harremana? Azkenean, bakoitza bere bandoan, baina errespetuak sortu zuen. Gauza bera familian. 60 urtez Sabadellen bizi izandako amatxi madrildarrari beti erraten nion irriz “ni zu bezalakoa naiz, baina bertze bandokoa”. Harremanaren bidez ikasten da sentimenduak konprenitzen.
Glosadorea mintzo da hor.
Ni gozatzeko hasi nintzen glosan, jostetan, harritzen ninduen plazera zen. Pentsa, lehenago ezagutu nituen hemengo bertsoak Kataluniako glosa baino. Lagun talde bat ikertzen hasi ginen, informazioa partekatzen, gurea egin eta zabaltzeko bertze bide bat zela ohartu ginen arte. Ez da ahantzi behar geografikoki zein kulturalki, adar ezberdineko enbor bat zaretela zuek eta irlatxoz jositako artxipelago bat garela gu. Artxipelago horretan barna zoriontsuak izan eta gure barne-garbiketa sozialki manera konpartituan egiteko tresna ederra da glosa. Anitzek isilpean duten kezka boz-gora kantaturik trankilago gelditzen da jendea, eta jendearen ahots bihurtzen gaitu horrek. Horregatik gabiltza han-hemenka gelditzen ziren suak berriz konektatzen, su handi bat sortzeko baino, zirkulazio handiagoa ahalbidetzeko. Erraterako, harrigarria da Mallorcan eta Balear uharteetan gertatzen ari dena. Alimaleko arazoak daude gobernuarekin, jendea kexu da, eta glosadoreak bihurtu dira iraultzaren bozeramaile. Herriz herri dabiltza egurrean, bardoak eginda daude, eta gobernuak ezin ditu soportatu. Gartxoten istorioa da orain Mallorcan gertatzen ari dena.
Tradiziotik jasoa norbere filtrotik pasaz gaurkotzea da gakoa?
Leku ezberdinetan tradizio ezberdinak daude eta badira inongo tradiziorik gabeko tokiak. Hala, buruz buru aritzeko jarrera hartu dugu tradiziotik, baina tradiziorik ez dagoen herrian nahi duzuna egin dezakezu. Handik eta hemendik edan, zure gustuko saltsa egin, eta inguruan kutsatu eta praktikatu. Hola sortzen da kultura. Zer gertatu da trikitiarekin? Nola pasa zen Italiako etorkin bat izatetik ikurrina baino euskaldunagoa izatera? Gureganatu genuenean. Nahi duzuna nahi duzun tokitik har dezakezu, zure ingurukoekin partekatu, eta batzuetan naturala bihurtzen da. Egunero eta nonahi gertatu liteke hori. Izan ere, zer da tradizioa? Zenbat denbora behar da tradizio bihurtzeko? Zenbat liburutan idatzita egon behar du? Arrazoi zuen Jon Sarasuak tradizioa errespetatzeko berritu behar zela zioenean. Tradizioa ez baita leku bat, bide bat baizik, eta zu, beti izanen zara garaikide.
Ezinbestean.
Errealitatea da epailea. Lortu nahi dudana argi izanez, saiatuz, lan eginez eta inguruarekin harremanak zainduz, artista gisan lema hartu eta harat edo honat mugitzeko ardura daukat. Adibidez, inauterietako etxez etxeko ibileran, nire esku dago errepertorioa kudeatzea, La Polla edo Pantxoa eta Peioren kantak bultzatzea. Gozamena eta militantzia nahasten dira hor, eta ez da alferrik gozamena militantziaren motorra. Sufritzeko militantziak ez du zentzurik. Mendian ibiltzea bezala da: malda goiti zoazela sufrimendu puntutxo bat egon daiteke baina azkenerako plazera nagusitzen ez bazaizu ez zara itzultzen. Horregatik artistek ere bultzatu eta gozatu behar dute kultura.
Zuk euskara bultzatu eta gozatu ez ezik, ikasi eta erabili egiten duzu.
Zugarramurdin bizituta errazagoa da. Hemen euskaraz ikasten duenak erabili dezake. Bertzalde, arras hizkuntza interesgarria da eta ez ikastea zozokeria handia zatekeen, altxorraren aitzinetik pasa eta ez ikustea. Ezin nuen galdu mundu berri batean murgiltzeko aukera. Horri ardura pertsonala gehitu behar zaio. Argi izan behar duzu euskara ikasiz paisaia euskalduntzen duzula eta ez ikasiz erdalduntzen. Zaborra edo transgenikoekin bezala da, zure esku dago bio erostea edo ez, zaborra bereiztea edo ez. Egiten duzun orok kokatzen zaitu balantzaren alde batean edo bertzean, zure ekintza bakoitzak indartzen du alde bat eta ahultzen bertzea. Nik beti izan dut argi zein aldetan egon nahi dudan.
2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]
Okzitaniako Tolosako Apelazio epaitegiak eman du epaia, eta horren arabera, udaletan ezingo da katalana lehen hizkuntza moduan erabili, eta izatekotan, frantsesez egin ondoren, hura katalanera itzuli ahal izango da.
Goiburu baten bidez ezagutu nuen Juana Dolores; zera zioen: iraultzaileagoa zela ondo idaztea, katalanez idaztea baino. Flipatu egin nuela aitortu diot, eta berak esan dit bizitzako lehen elkarrizketa zuela hura. Lau urte geroago, berritasunaren olatua surfeatu du, eta... [+]
Urriaren 25a. Valentziako Meteorologia Elkarteak iragarri duenez, hurrengo astean goi geruzetako tanta hotz batek euri-erauntsiak eragin ditzake Valentzian. Egunez egun, aurreikuspenak berresten dira, eta urriaren 29an, goizeko lehen orduan, Espainiako Estatuko Meteorologia... [+]
Mediterraneoan tanta hotz batek eragindako triskantzak erakutsi digu gizakiak noraino sartu dezakeen hanka. Klima larrialdia sortzeaz gain, bere kalte humanoak eta ekonomikoak anplifikatu ditugu. Copernicusen datuen arabera, 400 kilometro koadrotik gora lur geruza... [+]
Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa eskatzeko manifestazioa antolatu dute hiriburuan, datorren larunbaterako.
Uholdeek hartu duten zonaldea "katastrofiko" izendatuko du Valentziako Generalitateak, eta 31.400 milioi euroko laguntza eskatu dio Espainiako Gobernuari, tanta hotzak eragindako kalteak konpontzeko. Pedro Sánchez presidenteak astearte eguerdiko agerraldian... [+]
Hogeita hamaika suhiltzaile nafar joan dira Valentziara, uholdeen ondoko garbiketa lanetan laguntzen, Horietako bat da Iñaki Sexmilio. "Zenbait lekutan gurea izan da iritsi den lehen laguntza taldea, herritarrak oso eskertuta daude", azaldu du Metropoli Forala... [+]
Ugariak dira Dana denboraleak Valentzian eragin duen hondamendiaz egin diren irakurketak. Beste faktore batzuen artean, gizakiak naturari ebatsitako eremuez luze mintzo dira hedabideak, ibai eta itsaso ertzak hormigoiarekin betetzeak duen arriskua dela-eta. Hormigoiarekin... [+]
Valentzian denboraleak eragindako hildakoen eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia litzateke. Generalitateak larrialdia nola kudeatu duen salatu du askok, baita multinazionalen negozio egarria lehenetsi dela ere. Eta gune pobreenak kaltetu... [+]
Gai tabu gisa marrazten da Euskal Herrian, baina munduan barna ez da horrela. Hizkuntz politikak ezin dira merkatu librearen logikan ipini, baizik eta kuotak edo kupoak ezarri behar dira. Beharrezkoak dira. Eta beharrezkoak dira daudenak betetzea, ez baititu inork betearazten.
154 pertsonari aplikatu diete amnistia, eta erdia baino gehiago dira mossoak, guardia zibilak edo Espainiako Poliziako agenteak.
750.000 oilo izanen lituzke Sineu herrian eraikitzekoa duten Son Vanrell izeneko makro-etxaldeak. Ekologikoki kalte handiak eraginen lituzke: amoniako gehien isuriko lukeen Espainiako Estatuko hazkuntza-zentro handiena litzateke eta herriaren ur kontsumoaren herena bereganatuko... [+]
6.000 eurotik 10.000 eurorainokoak izango dira zigorrak. Katalana da Andorrako hizkuntza ofizial bakarra, nahiz eta biztanleen erdiaren ama hizkuntza gaztelania den.