Posible ez ezik, beharrezkoa da

  • Bizi! talde ekologistak topaketa eta koordinaketa bilkurak irailean egin zituen, Baionan. Urriaren 5ean, berriz, mugimenduaren ildoko Alternatibak Zokoa Eguna antolatu zuen, Alternatiben herrixka lelopean. Bizi!-ren lau kidek bestelako mundu jasangarriago batean bizi gaitezkeela kontatu digute. “Nolako bizimoldeak, halako bisaiak!” azaldu dizkigute.

Xabier Harlouchet, Christian Detchart, Nicolas Goñi eta Elise Bancon-Dilet, Bizi! mugimenduko kideetako batzuk.
Xabier Harlouchet, Christian Detchart, Nicolas Goñi eta Elise Bancon-Dilet, Bizi! mugimenduko kideetako batzuk.

Planetako klima egoera larriari buruzko goi-bilera izan zen Kopenhagen 2009 urtean. Bizi! mugimendua urte hartako ekainean eratu zen Baionan: 20 lagun ziren. Helburu bat hartu zuten Euskal Herriaren ikuspegitik: planetako klima egoera larriari alternatiba bat eskaintzea, baina justizia sozialaren beharrarekin uztartuz betiere. 300 kide dira 2014an. Bizi!-ren esperientziak hainbat talde eta ekimen-jarduera horizontal ahalbidetu ditu, ohiko hierarkiaren funtzionamenduaren kontrakarrean.

“Bizi!-k duela bost urte egin zuen lehen ekintza, sinbolikoa izan zen. Miarritzeko itsasertzeko Ama Birjinari ‘maskara eta tuboa’. jarri genizkion, arroka batean dago estatua. Jende askori parodia zozoa iruditu zitzaion, alarmista”, dioskute solaskideek. Alta bada, bost urte iragan ondoren, Estatuko instituzioek milaka euro gastatu behar izan dute Hendaia, Baiona edota Miarritzeko itsasbazterrean. Itsas ekaitzek egundaino egin ez zituzten desmasiak ezagutu ditugu: “Anormaltasun hori normaltasun bilakatzen ari da, klimatologia aldatuaren eraginez”. Miarritzeko itsasertzeko udal igerilekua urpean geratu zen. Baionako Herriko Etxeak ibaietako zubien zutabeak berregin behar izan ditu, Hendaiakoak itsas bulebarra berritu...

Uholdeak frekuentzia eta gradu handiagokoak bilakatu dira, gero eta sarriago gertatzen dira. Herriko etxeetako diruzaintzak ezin die aurre egin gastuei. Aurrekontuak ezin dira egun batetik bestera inprobisatu. Gertakari kontrolaezin horiek lehen ikusten ez genituen beste kontzeptuak azaleratu dituzte. “Beste mundu bat posible da!” eslogan xarmagarriak beste kontzeptu bat ekarri du: “Posible ez ezik beharrezkoa da”. Munduak eta planetak oro har, eutsi ezinezko egoera bizi du. Egoerari aurrea hartu behar zaio, baina nola?: “Prebenituz, aldez aurretik ekinez. Kalteen ondorioak gutxiesteko erabili ditugun hitz eta ohitura txarrak aldatu behar ditugu”. Bizi!-ko kideek orain bost urte aurreikusten zutena bizitzen ari gara orain. Jendea ohartu da klima egoera larriaren ondorioak larrutan pairatu ez ezik, dirutan ere pagatu behar dituela. Adibidez, Bizi!-ren eskutiko Alternatiba ekimenaren bidez beste mundu hori egingarria izateaz gain erakargarria dela ikusten ari gara. “Ez da kobazuloetara itzultzea ere”, iragan berrian inork erran zuen bezala.

Pedagogia landu beharra

Kontua ez da iraganera itzultzea, eguneroko bizitza beste molde batez antolatzea baizik. Gure bitartekoen erabilpena lehenestea, jendeen ideien trukatzea, bakoitzak berea atxiki, baina onurak partekatzea. Adibiderako, ingurumari ekologikoa atxikitzen badugu eta denboraren erabilpena ongi taxutu, gure onurak handitu ditzakegu. Hamaika bide urratu dira orain arte, baina denak antzu samarrak. Berriak saiatzea beharrezkoa da.

Adibideak adibide, Bizi!-ren filosofia honela ulertu dugu guk. Elise Bancon-Dilet da mintzo: “Inork pentsatzen badu 2008an zabaldu zen krisiak lagundu duela bide berriak urratzen, tronpatzen da. Krisi inportanteena ekonomikoa dela ukatu gabe, krisiak krisi, guk beste mundu alaiagoa proposatzen dugu. Posible da zoriontsuagoa izatea diru gutxiagorekin biziz”. Areago, jendeak hartu behar duen bide horren nahia sentitu behar du. Beharra besterik ez badauka, ez da nahikoa.

Christian Detcharterenak dira hitzok: “Alaba baten aita naiz. Bizi!kide bilakatu da berriki. Zaila eta eneagarria zait alabari beti esatea ‘mundua gaizki doa, ez dago etorkizunik’. Gurasoak mundua aldarazteko lanean aritzeak munduaren antolatzeko beste ikuspegia eskaini diezaieke seme-alabei. “Gure etxean alabak ikusten du ez garela geldirik, beharrak eta nahiak pusaturik, geuk hartzen dugula etorkizuna gure esku”.  

Pedagogia landu behar da. “Beharra, nahia eta plazera”. Bizi!-ko kideek hitz horiek lehenesten dituzte. Zokoa Egunean –Alternatiben herrixken ekimenean– termometro handi bat ezarri zuten, planetako tenperatura goiti doala agerian, mundua barnebiltzen duen geruza berotzen ari dela erakutsiz. Katastrofismoa amiñia erabili dute nolabait: “Bai, baina zer pentsatuko dute gure haurrek?”, erran genion gure buruari. Haatik, hori eszenaratzeko Kadiren jokoa erabili zuten. Kadira kopurua gutxitu ahala, termometroaren tenperatura igotzen zen eta kadira bakoitza areago berotzen. Azken jokalariak esertzeko kadira izan bazuen, baina ezin izan zuen eseri. Musikak lagunduriko joko pedagogiko irrigarri horretan haurrak kontent jolastu ziren: “Gurasook seme-alabei erakutsi diegu dena ez dela xahu, ez dela galdua. Kadirak erre ditugu zerbaiten aldatzeko, joko horiek molde bizian eta bizitzen lantzen ditugu”. 

Jendartearen gehiengoak beste modu batez pentsatu ez ezik, bestela jokatu eta jardun izan du orain arte. Bizi!-n ari diren ingurukoek horrela adierazten zieten mugimenduaren hastapenean: “Bo, bo, bo, ez da hainbeste! Teknologiak dena edo ia dena konponduko du. Izan gaitezen errealistak! Alabaina, anitzek ikuspegia aldatu dute. Eta guri ere beste ikuspegiz so egiten digute”, dio Christian Detchartek.

Xabier Harlouchetek honela irudikatu du munduaren egungo egoera: “Orain arteko ustea ‘mundua pastela da eta hobeki behar dugu partekatu’ izan da. Ustea eta leloa ere bada batzuendako. Haatik, iritsi da ordua pastelaren errezeta aldatzeko, pastela pozoitsu baitago. Orain arte, afera partekatze kontua zelakoan geunden edo zegoen jendartearen parte handiena, baina pastela gero eta handiago da, eta pozoitsua da”.

Bizi!-ren nahia planetako klima egoera larriaren aitzinean alternatiba bat eskaintzea da, baina hori ez da gauzagarria baldin eta justizia soziala gauzatzen ez bada. Nicolas Goñiren gogoetak baliagarriak zaizkigu xede horiek ulertze bidean: “Guk diruaren jabetzaren desberdintasunak azpimarratzen ditugu, baita salatu ere. Baina krisialdi hau ez da banku batzuen porrotaren ondorioa, edota kredituaren krisia, baizik eta diru transferentzia egin delako diru gutxi dutenen eskuetatik askoz gehiago zuten eta dutenen eskuetara edo kutxetara”. Hori salatzeko, Bizi!-k ekintza berezia egin zuen Baionako auto kontzesionario baten aitzinean. Izan ere, 2012an, Ferrari auto ekoizleak bere historiako irabazi handiena egin zueneko txostena ezagutarazi zen. Peugeot eta Renault enpresek historiako krisi handiena pairatzen zutela zioen txostenak: “Hots, aberatsek erosteko ahalmen gehiago dute krisia lehertu zenean baino. Jende xeheok, gehienok, diru gutxi dugunok, galdu dugu erosteko ahalmena”.

Bizi!-k dioenez, krisia ez da soilik energetikoa, krisia soziala da, jendarte ereduaren krisia. Ezberdintasunek eragin izugarriak dituzte sozialki, eta ondorioz, aldi berean eta estrukturalki, ekologikoki ere bai. Mugimenduak bi gaiak uztatzen ditu eta horiei konponbideak  ematen saiatzen dira bere kideak: “Diagnosia horrela ulertuz gero, agian planeta biziberritzeko errezetak lortuko ditugu. Alternatiba ekimenak hori bilatzen du”.

Alternatiba Zokoa Egunean

Zokoa Eguna urriaren 5ean plazaratu zen, Herrixka ekimenen barnean. Krisi sozialari eta ekologikoari aurre egitea eta bestelako mundu bat posible dela bertatik bertara erakutsi zuten, adibide bizien bitartez ezagutzera eman ere: Kontsumoa, Zero Zabor, Errepideari alternatiba eta Hirigintza osatzen dituzten taldeen ardurapean. Bizi!-k sustatzen dituen gaietako batzuk baino ez dira, hau da,  alternatibak landuak dira, udalerrien eguneroko bizitzan garatuak.

Antolatzaileek 1.000 pertsona hurbiltzea   igurikatzen zuten eta 3.000 inguru bildu zen. Gaien edukiarekiko jakin-nahi bizia izan zen bisitarien aldetik, jendea ez zen bakarrik festa egitera hurbildu. Mintzalekuak bete ziren. Arazo diren hainbat gairi buruzko alternatibak jaso zituzten mintzaldien bidez. Ekimen praktikoak landu ziren esparru guztietan. Publiko anitza egon zen. Ez soilik betiko “konbentzituak”, ohituraz eta atxikimenduz hurbildu ohi direnak. Kutsu militante-ekologistarik gabeko jende asko agertu zen interesatu, galdezka. Helduak eta haurrak, tokiko jendea eta kanpokoa.

Nicolas Goñik kontatu digunez –Alternatibako arduradun nagusietako bat–, gai guztiak landu ezinean, Hego Lapurdiko errealitateari egokitu zituzten gaiak, bost esparru tematikotan. 1) Klima eta itsas ingurumena –klima da Alternatibaren gai komuna–. Itsas bazterreko problematika ikusi eta agertarazi zuten: hala nola, gure bizimoldearen ondorioz areagotuko diren eragin eta efektu ezkorrak. Gaur egungo ekaitzen ondorioak are larriagoak izanen dira etorkizunean. Klima aldaketak segitzen badu, gure itsasertzaren egoera larria kontrolaezin bihurtu daiteke. 2) Hego Lapurdi egituratzen duten beste bi elementuak garraioak eta hirigintza/etxebizitza dira. Hirigintza gero eta hedatuago denez, energia asko erretzen dute tokikoek, bai etxeak eraikitzeko bai mantentzeko. Urbanismo eredu horrek autoaren menpekotasun izugarria sorrarazi du, autoen jabe kopurua gero eta handiagoa da. Auzune gehiago sortzen ari dira, jendea bakanduz eta hauen harremanak gutxituz.

Pertsonen arteko harreman gutxitzeak beste ondorio bat ekarri du: kontsumoa handitzea. Jendearen arteko harremanak sarriagoak direnean, ongizatearen jendartea hobetzen da. Harremanek jendeak elkarri materiak modu informalean mailegatzea edo trukatzea errazten dute. Urbanismo barreiatu horretan harremanak desagertzen joan dira. Alternatibak garraioa antolatzeko eta etxeguneak eraikitzeko beste eredu bat proposatu du. 3) Beste esparru batzuk modu orokorrean landu zituzten: kontsumoa haurren munduari lotua. Arazoen alternatiba belaunaldi berriei lotuta ikusten dute, egunero landu beharreko gaia da. Alternatibak haurrekiko harremanetan eta jolasguneetan molde bereziak landu daitezkeela erakutsi du: jolas komunak sustatuz, elkarrekin zerbait egiten, jokoak landuz, egurrezko jostailuak erabiliz, ez tableten edo smartphonen bitartez soilik. Hain zuzen ere, pantailarik gabeko iniziatibak landu dituzte, eta ez bakarrik haurrei begira, baita helduei begira ere. Erakutsi dute badagoela ongi bizitzea pantailari itsatsirik egon gabe. Hezkuntza hobetu beharra aldarrikatu dute, heldu, gazte eta haurren arteko komunikazioa hobetu daitekeela erakutsiz. Hitz bitan: jendearen arteko harremana hobetzeko eta frustraziorik ez sortzeko. Kontsumoaren ondorioz frustrazioa hedatzen baitoa, kontsumoak elikatzen baitu frustrazioa.

Herriz herriko itzulia, 2015eko goi-bilerara heldu

2015eko ekainaren 5ean hasi eta irailaren 12an amaituko da Alternatibaren ekimen nagusia. Lehen urratsa iaz eman zuten, Baionan. Tour bat eginen dute Frantzia osoan: herrixken ekimena. 60 herritan jendearen formazioa sustatuko dute, klimaren arazoari ematen zaion politikaren alternatibak eskainiz. 2015eko abenduan Parisen izanen den Klimari Buruzko Konferentziari begira (COP21) 50 lagun ari dira antolatze lanetan.

Alternatiba Bizi!-ren sorreran dago. Kopenhageko nazioarteko goi-bileraren karietara, 2009an Bizi!-ren ekintzek zentzu handia hartu zuten Ipar Euskal Herrian. Hemen ere, gasen berotegi-efektuaren parte handia sortzen dela ikusi zuten, lurraldearen beraren desorekaren eraginez sortu ere, hirigune eta landa arteko isolamendua tarteko, autoekiko dependentzia handia da. Efektu kaskar horiek bertan ere badirela ohartu ziren.

Ordura arte klimaren inguruan nazioartean indartu zen ekimena ahultzen hasi zen, baita desesperantza gisako bat zabaldu ere, Kopenhagen agintariek neurriak hartuko zituztela espero baitzen. Eta orainokoan ez dituzte soluziobide eraginkorrak mahaigaineratu. Nazioartean mugimendua ahulduz joan zen, alabaina, Bizi!-k bere ildoan jarraitu zuen, baita handitu eta zabaldu ere. Dena den, klimaren inguruko sare soziala ez da guztiz desegin Frantzian, justizia sozialen aldeko ekimenekin uztartua baitago. Bizi!-k beti atxiki ditu harremanak nazioartean. Europako hegoko eta iparreko mugimenduekin harremana atxiki du. Les amis de la terre edo ATTACen lagunak ekimenera hurbiltzea lortu dute. Estatuko mugen inguruko beste herrietan ere izanen da herrixken ekimena. Adibidez, Donostia itzuliaren ibilbidean dago. Ondoren, 2015eko urriaren 24an, Zokoa Egunaren antzekoa egin nahi dute Bilbon. Bizi!-ren ideiak kontuan hartu dituzte han-hemenka. 12.000 lagun behar dira eta horiek biltzeko gai direla erakusten ari dira.

Europako agintariek erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzte COP21ean. Frantziako Gobernuaren  egitasmoak goi-bilera horretan trenkatuko dira. Alternatibak erakundeetan eragin nahi du. Erakundeetako arduradunek haien proposamenak aintzat hartzea nahi dute. Bizi!-k hainbat bidetan garatu du ekimena dagoeneko, baita tokiko herriko etxeetan ere. “Bizi!-ren ereduari atxik!” leloa errotuta dago Ipar Euskal Herrian.

Alternatibaren ekimenaren historia

Alternatiba ekimenak hedapen zabala hartu du. Baionan izan zen lehen ekimena. Handik urtebetera zabaldu zen leloa: “Egin dezagun talde bat, 10 edota 50”. 50 talde edota ekimen ari dira garatzen egun Alternatiba. 100era iritsiko dira agian.

Alternatiba ideiaren abiapuntuan hauxe dago: zor ekonomikoak ez du soluziorik aterabide tekniko soilen bidez, parametro batzuk ez ziren eta ez dira izan orain arte ongi uztartuak, hala nola, justizia soziala eta ekonomia. Biak uztartu behar dira, ekintzak eginez, baina alternatibak emanez.  

20 kide joan ziren trenez Kopenhagera. Sortu berria zen mugimendua ongi hartua izan zen. Hemen ere bazirela aldaketa klimatikoa borrokatzeko bideak urratzea, baita nazioarte mailan parte hartzeko kemena ere erakutsi zuten.

Harrez gero, Bizi!k segitu du arloka, lan taldeak eratuz, kritikatuz eta proposatuz, aterabideak xerkatzen kolektiboki: legea lantzen eta barne formazioa sustatzen, nazioarteko harremanak atxikiz, norbanakoen harreman eta izaera sustatuz.  

 

Trantsizio Energetikoaren Ituna

Bizi-!k Trantsizio Energetikoaren Ituna proposatu zuen 2014ko Herriko Etxeko bozei begira. Ituna 30 herrietan sinatu dute. Iparraldeko jendartearen %74a ordezkatzen dutenak. Datozen sei urteetarako lan oinarri zehatza jarri dute.

Lehen pausoa izan da tresna kutxa bat irekitzea Udaletxean. Bertan 50 fitxa daude neurri praktikoekin: hirigintzatik laborantzara doazen neurriak, uraren arlotik garraiora, etxegintzatik pasatuz. Hamarren bat eremu lantzen dira, eguneroko bizitzan herritarrak ukitzen dituztenak.

Orain taldeak ari dira beren ardurak hartzen Herriko Etxeetan, gaika.
Lehen fasean, Bizi!-ren ituna izenpetu duten herri bakoitzean nork zer egiten duen ikuskatzeko arduradun bat dago. Herri batzuetan zortzi gai hartu dute aintzat, beste batzuetan gutxiago, hala nola:

– Lur eremuaren erabilpen arduratsua, laborantza ziurtatzeko.
– Zabor kudeaketa: hondakin organikoen inguruan sentsibilizazio berezia lantzea.
– Beste gaiak: Euskoa, garraioa... Hornitzaile berriztatzaileak. Efikazia edo eraginkortasun energiatikoaren isolamendua.

Datu base osatzen ari dira. Bakoitza zertaz arduratu den eta zein diren lehen ondorioak lehen urtean, jarraipen taldeak arloka egitekoak.
Harremanak bideratzeko metodologia da, zertan aitzinatzen den zer den oztopo ikusteko, aurrerapenak molde pedagogikoan adierazteko: ongi egin dena beste herriko etxeetan ere proposatzeko. Legedia berdina da denentzat, eta plantan eman dituzten neurriak baikorki erakutsiz posible da horiek betetzea.

Zero Zabor taldea

2011n Bizi!-k zaborra zertan zen Iparraldean aztertu zuen. Zertan den birziklatua edota berrerabilia, zertan hauen kopuruak, zer gertatzen den Bordelera eramaten dutenarekin. Neurriak hartu aldera, Canopia sistema aztertu zuen, besteak beste. TRI sistema (Sailkapen mekanikoa eta biologiakoa) lehenesten dute.  

Anartean, Hegoaldeko esperientziak ere aztertu zituzten kideek: Usurbil eta Hernanin. 30 kide aritu ziren bi herriotan, euskaraz bizitzen eta harreman berriak egiten. Tokiko herri mugimenduak egin duen gogoetaren berri izan zuten. Udaletxeek nola kudeatzen duten zaborra eta nola lortu duten Zero Zabor filosofian sartzea. Zaborren %20tik %80era jasotzera pasa baitira zenbait herrietan. Bizi!-k ondorioztatu zuen egiteko molde hori Iparraldean nola gara zitekeen aztertzea merezi zuela, eta lan berezia landu du zabor organikoa biltzeko eta konposatzeko. Ingurumen taldea Zero Zabor bilakatu da.

Euskoa

Eusko moneta Bizi!-k antolatu hitzaldi baten karietara abiatu zen. Tokiko monetaren gaia landu eta sakondu ondoren, tokiko zirkuitu labur batzuetan truke molde berri bat sustatzea ahalbidetu ahal zela ikusi zuten, elkartasuna hedatuz eta euskara sustatuz bide batez. Elkarteak 2.700 kide eta 600 zerbitzu emaile ditu. Datuak izugarri onak dira.

Talde berriak

Ipar eta hego Lapurdin, nahiz barnealdean aski errotu da Bizi!. Orain Baxenabarre eta Zuberoa aldera zabaltzen ari da. Iragan irailaren 27an, Ainhize-Monjoloseko Laborantza Ganbararen egoitzan bilera egin zuten. Bizi!-k bost urteotan egindako lana eskaini zuen. Tokiko 30 pertsona bildu ziren. Beharra, interesa eta motibazioa sentitu zuten, Bizi!k proposatzen dituen ekimenen ildoan antolatzeko. Baxenabarren, eta Zuberotarren ere sentitu dituzte indarrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Alternatiba Itzulia
Baiona: erresistentzia eta eraikuntzarako deia Alternatibatik

Aldaketa klimatikoaren saihesteko bideak marrazteko eta justizia klimatikoaren alde lan egiteko gunea izan da Baiona Ttipia, asteburu guztian zehar. 15.000 herritar batu dira, hausnartzeko, alternatibak deskubritzeko zein garatzeko, eta nola ez, benetako aldaketak exijitzeko... [+]


2018-10-04 | ARGIA
Alternatiba Tourra Donostian: Baiona helmuga, klimaren alde bizkortzea helburu

Urriaren 5ean, ostiralarekin, Donostiatik igaroko da Alternatiba Tourra. Ekainaren 9an Parisen hasi eta 5.800 kilometro egin ondoren Baionan asteburuan amaituko den bizikleta itzuliak klimaren aldeko bizkortzea du helburu, eta horretarako ekonomia eraldatzailea ezinbesteko dela... [+]


2015-11-19 | Iñaki Barcena
Alternatiben urriak

Baionatik Bilbora: inor gutxik espero zezakeen Baionan 2013ko urriaren 6an ikusitakoa bi urte geroago Bilbon, 2015eko urriaren 24an errepika zitekeenik. Nik neuk ARGIAn hauxe idatzi nuen: “Ziur nago, Alternatiba eguna hemendik aurrera erreferentzia politiko nabarmena... [+]


Alternatiba Tourra arrakasta handiz amaitu da Parisen, lau hilabeteko ibilaldia burutuz

60.000 pertsona baino gehiagok hartu dute parte Parisen Alternatiba Itzuliak larunbat eta igandean antolatutako ekitaldietan.


2015-09-17 | Garazi Zabaleta
Alternatiben Herria finantzatzeko crowdfundinga abian

Urriaren 24an egingo dute Alternatiben Herria ekimena Bilbon. Finantzaketarako crowdfunding kanpaina jarri dute abian antolatzaileek: 21.050 euro lortzea dute helburu, baina lortu beharreko gutxieneko kantitatea 12.180 euroan jarri dute.


2015-08-04 | ARGIA
Luxemburgo eta Belgikatik pasa ostean, Bretainiarako bidean da Alternatiba Itzulia

Asteartean Flandriago Gantetik pasa ondoren, asteazkenean Frantziako Estatuko Lille hirira iritsi behar du ekainaren 5ean Baiona eta Donostian abiatu zen Alternatiba Itzuliak. Normandian barrena gero Bretainiarantz jarraituko du kostaz kosta Bordeleraino jaitsita Paris alderako... [+]


2015-07-22 | Garazi Zabaleta
Alternatiba Itzulia blokeatu du poliziak Frantziatik Alemaniarako bidean

Ekainean Baionan hasi eta Pariserako bidea bizikletaz egiten dabil Alternatiba Itzulia, irailaren 26an iristeko. Abenduan ospatuko den COP21 klimaren gailurraren aurrean jendartea mobilizatu nahi dute martxarekin. Fessenheimgo (Frantzia) zentral nuklearrean egindako azalpenen... [+]


Okzitaniako Tolosa zeharkaturik, Mediterraneora bidean dabil Alternatiba Tourra

Larunbatean, ekainak 13, Tolosatik  pasa ostean, Mediterraneora bidean doa Baiona eta Donostian 5ean abiatutako Alternatiba Itzulia. Astelehenean Carcasona (Carcassona okzitanieraz) hiri historiko famatuan ibiliko da, asteartean ukituko du itsasoa Narbonan eta heldu den... [+]


2015-06-12 | Garazi Zabaleta
Alternatiben Herria bihurtuko da Bilbo urriaren 24an

Urriaren 24an Alternatiben Herria egingo dute Bilbon. Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak planteatutako erronka da Alternatiben Herria. 


Alternatiba Itzulia Biarnoko lurretan dabil egunotan, Parisera bidean

Ostiralean aldi berean Donostiatik eta Baionatik abiaturik, Bizi! eta Attac elkarteek antolatutako Alternatiba Itzulia Paue ondoko Leskarre herrira iritsi zen astelehenean eta asteazkenean, ekainak 10, Banhèras de Bigòrran edukiko du helmuga. 5.000 kilometroz goiti... [+]


2015-06-04 | Lander Arretxea
Alternatiben Herrixka Donostian
Bide bizia, bizia bide

Donostiatik igaroko da Europan Klimaren krisia gainditzeko borroken ikur bilakatu den Bizi! mugimenduak antolatutako Alternatiba itzulia. Ekainaren 5ean. Aukera baliatuta, alternatiba sozio-ekonomikoak bilduko dituen ekimena antolatu dute, festa giroan, bestelako bideak badirela... [+]


2015-05-20 | ARGIA
Baionan eta Donostian pedalak berotzen ekainaren 5ean Alternatiba Itzulia abiatzeko

Maiatzaren 20an, asteazkena, Bizi! mugimenduak bere kideak bilduko ditu, ekainaren 5ean Baionatik abiatu eta irailaren 26an Parisen bukatuko den Alternatiba Itzuliaren azken albiste eta xehetasunak eskainiz mobilizazio handirako bihotzak berotzeko.


Alternatiba zabaldu da Baionatik Frantziako Estatu osora

Bizi! mugimenduak 2013ko urriaren 6an Baionan arrakastaz antolatutako Alternatiba (“Alternatiben herrixka”) dagoenekoz Hexagono osora hedatu da. “B” hizki eta guzti, inkluso batzuetan euskal kutsuko tipografia atxikiz, “Alternatiba” izeneko... [+]


Eguneraketa berriak daude