Yamuna ehungintzako langilea da Indian. Urtebete darama lanik egin gabe, greba egiten saiatzeagatik. Egunero lantegira joan eta zortzi ordu pasatzen ditu bertan; soldata kobratzen du, baina lan egitea debekatu diote. Enpresak ez du kaleratu nahi, eta bera ezin da joan. Izan ere, badaki inguruko enpresek ez dutela kontratatuko, nagusiak horretaz arduratu baitira. Les costures de la pell (Azaleko josturak) dokumental katalanak jaso dituen historietako bat da.
Sei hilabete eman dituzte Cèlia Vila eta Enric Escofet-ek Indian, eta horren emaitza da Les costures de la pell. No Dust Films kolektiboko gainerako kideekin batera (Marina Estopiñan, Marc Soler eta Eduard Valls), dokumentalaren muntaketa bukatzen ari dira eta udazken honetan mikrofinantzazio kanpaina jarriko dute martxan, filma ahalik eta leku gehienetara eramateko helburuz. Baldintza kaskarretan, baina borrokatzeari uko egin gabe, arroparen industria erraldoiarentzat josten duten Indiako emakumeez hitz egin dugu Cèlia Vilarekin.
Zer dela eta erabaki zenuten Indiara joatea?
Duela ia bi urte, multinazionalak ikertzen dituen SOMO erakundearen Captured by Cotton txostena iritsi zitzaigun eskuetara, kasualitatez. India hegoaldeko milaka emakumek ehungintzaren industriarentzat lan egiten pairatzen duten egoeraren berri ematen zuen: ez dute mugimendu askatasunik, ezin dira beren familiekin kontaktuan jarri, lanaldi amaigabeak bete behar dituzte eta fabriketako begiraleen partetik hamaika gehiegikeria jasaten dituzte. Txosten horrek biziki hunkitu gintuen; emakume horiek infernu bat bizi dute, guk erosi eta jantziko dugun arropa egiten. Asko pentsatu gabe, euren borrokarekin bat egitea erabaki genuen. Oinarrizko ekipamendu teknikoa bildu eta Indiara joan ginen dokumentala grabatzera.
Zer ikusiko dugu dokumentalean?
Sei hilabete pasa ditugu langileokin India hegoaldean, eurekin bizitzen. Dokumentalak emakume hauen sufrimendua eta jasaten duten diskriminazioa erakusten du, baina baita euren ausardia, indarra eta gauzak aldatzeko gogoa ere.
Egiten dugun erosketa bakoitzak ondorio larriak ditu lan esklabotzan, eta hori ez da bidezkoa. Les costures de la pellek horretaz ohartzeko balio izatea espero dugu. Hala ere, ez dugu bilatzen ezer irakastea, edo irudi eztabaidaezinak sortzea, ikuslearen gogoeta baizik. Haien mezua ahalik eta modu zintzoenean transmititzen saiatu gara.
Gogorra da Indiako jostunen egoera.
Diskriminazio hirukoitza jasaten dute: soziala, ekonomikoa eta generozkoa. Pobreak dira, askok ez dute ikasketarik, ezta baliabiderik ere, eta egunero ehunka arropa pieza egiten dituzte oso soldata eskasaren truke. Produkzio oso altua exijitzen diete, eta batzuek astero 60 orduko lanaldiak bete behar dituzte, 10 ordu egunero. Atsedena hartzeko tarteak oso laburrak dira: ordu erdi bazkaltzeko eta hiru minutu tea hartzeko. Patronalak, gainera, abusatu egiten du: soldatak nahi dutenean murrizten dituzte, eta ez dizkiete aparteko lanorduak ordaintzen. Are gehiago, langileek euren lanalditik kanpo lan egiteari uko egiten badiote ez dute soldata jasotzen. Begiraleen partetik tratu txar fisiko eta psikologikoak jasaten dituzte, ekonomikoki marjinatzen dituzte eta ez dute ia denborarik euren seme-alabekin egoteko. Askok aitortu digute aukera izan balute ez zuketela seme-alabarik izango, ama ona izatea ezinezkoa zaiela uste dutelako. Eta oso argi utzi digute euren egoera ez dela soilik lan baldintza prekarioen ondorio; gizarteak beti tratatu ditu gaizki. Senarren jarrerari buruz etsipenez hitz egiten dute, eta askok tratu txarrak eta sexu-erasoak jasan dituzte fabriketako begiraleengandik, medikuengandik… eta askatasuna merezi ez dutela pentsatzen duten gizonengandik.
Nola lortu zenuten emakume horiengana iristea?
Indiara iritsi ginenean gure kontaktu bakarra Cividep izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundea zen. Bangalore-n aritzen dira, langileak eta komunitateak ahalduntzen eta enpresek giza eskubideak betetzen dituztela bermatzen. Haiek eman ziguten Garment Labour Union (GLU) ekimenaren berri. Emakumeek osatu eta zuzendutako ehungintza sindikatua da GLU, eta langileen baldintzak hobetzea du helburu. Sindikatu horri esker ezagutu genituen gure dokumentaleko protagonistak: umiliatuak izateaz nekatuta, euren eskubideak aldarrikatzeko batzen diren emakumeak. Ez dute baliabiderik, ezta laguntzarik ere, baina beldur gabe borrokatzen dute, euren egoera hobetzeko.
Hasieran arreta eta zuhurtasun handiz jokatu zuten gurekin. Izan ere, beren alde dagoen norbait aurkitzea ez da ohikoena. GLUko bulegoan bizitzea eskaini ziguten, beraiek bizi diren eta lan egiten duten auzo berean. Gertutasun horrek asko erraztu zuen gainerakoa eta egunez egun elkarrenganako konfiantza sendotu genuen. Emakume hauen indarra eta egoera aldatzeko gogoa ezusteko oso atsegina izan zen.
Lan baldintza prekarioez gain, beraz, emakume hauen eskubideen aldeko borroka ere jorratu duzue dokumentalean.
Hasiera batean, sindikatua aipatu baino ez genuen egin behar. Baina iritsi ginenean emakume hauen antolatzeko ahalmena eta grina ikusi genituen. Aktibismoak garrantzi handia du beraien bizitzan, eta ondorioz, hala islatu behar zen dokumentalean ere. GLU sindikatuak prestakuntza jardunaldiak egiten ditu, lan zuzenbidearen inguruan. Eskubideak nola aldarrikatu azaltzen diete langileei, abokatuen eta aktibisten laguntzarekin. Sexu erasoa zer den eta nola saihestu, zeintzuk diren enpresak legez eskaini behar dizkien zerbitzuak, zer egin behar duten horiek eskura izateko…
Oro har, Indiako gizarteak ez du ongi ikusten emakumeak beren kabuz antolatzea, baina gauzak aldatzeko borondateak ematen die indarra egunerokoan. Jardunaldiek, gainera, elkarrekin harremanak eratzeko balio dute, baita dituzten baliabideak modu eraginkorrean kudeatzeko mekanismoak sortzeko ere.
Horren guztiaren jakitun al gara mendebaldarrok?
Ehungintzan gertatu izan diren istripu larrien ondorioz, langileen lan baldintzak munduan soberan ezagunak dira. Baina bidegabekeria horien aurrean gizartearentzat askoz erosoagoa da ezikusiarena egitea, ez baitiogu ezeri uko egin nahi. Sarri, alde handia dago “jakinaren gainean egotearen” eta “enpatizatzearen” artean.
Zergatik mantentzen dira halako lan baldintzak XXI. mendean?
Arazoa ez da lan baldintza horiek mantentzen direla, egunez egun okerragoak direla baizik. Merkatuan lehiakorrak izateko, ehungintzaren industriako ekoizleek produkzio kostua murriztu behar dute eta produkzio kostuaren zatirik handiena langileria da. Hortaz, kostuaren murrizketa nola lortzen dute? Lan baldintza prekarioak ezarriz eta lana “feminizatuz”. Emakumeak “lasaiagoak”, “fidelagoak”, “diziplinatuagoak” eta, azken finean, “merkeagoak” dira.
Eta guk, kontsumitzaile bezala, zer egin dezakegu?
Kontsumitzaileok ez gara egoera honen arduradun bakarrak, baina azken muturrean gu gara produktua ordaintzen dugunak eta nolabait produkzio sistema hau bizirik mantentzen dugunak. Modan dagoen arroparen bila bizi gara, momentuan izan nahi dugu eta ahalik eta prezio txikiena ordaindu, kontuan hartu gabe arropa hori egin duenak are gutxiago irabazten duela. Prezio baxuegiko produktuei “ez” esaten ikasi behar dugu, prezio baxuko produktua kalitate baxuko bizitza delako, egin duen pertsonarentzat. Kontsumitzaile gisa zer, noiz eta non erosi nahi dugun eta zer erabilera emango diogun erabakitzeko ahalmena dugu. Kontsumo arduratsua egitea giltzarria da mundu bidezkoagoa eraikitzen laguntzeko.
No Dust Films-eko kideetako lau: Marc Soler, Cèlia Vila, Enric Escofet eta Eduard Valls.
Betsaide enpresan gertatu da, 08:00ak aldera. Urtea hasi denetik gutxienez bederatzi behargin hil dira.
2024ko laneko ezbeharren txostena aurkeztu dute LAB • ESK • STEILAS • EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek aurtengo otsailean. Emaitza larriak bildu dituzte: geroz eta behargin gehiago hiltzen dira haien lanpostuetan.
Jakina da lan ikuskariak falta ditugula geurean. Hala ere, azken egunotan datu argigarriak ematea lortu dute: lan ikuskaritzaren arabera, EAEko enpresen %64ak ez du ordutegien kontrolean legedia betetzen. Era berean, lehendakariordeak gaitzetsi du, absentismoaren eta oinarrizko... [+]
Eguerdian gertatu da istripua, 25. kilometroan, Nafarroako Martzilla herriaren inguruan. 2025ean hil den zazpigarren lagilea da.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek osatzen duten lan osasuneko intersindikalak agerraldi publikoa egin du Bilbon, 2024ko ezbeharren txostenaren harira. Azken hamar urteetan 612 langile hil dira istripuz Euskal Herrian, 64 pasa den urtean.
52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]
AHT Geldituk Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren obretan lan esklabotza egoerak daudela salatzen duen lekukotza eskandalagarria jaso ondoren, obra horiek sustatzen dituen Adif sozietateak publikoki erantzun behar izan du: "Gezurra dira".
Beharginak Excavaciones Mendiola enpresarako ari zen lanean, Construcciones Urrutia enpresaren azpikontrata. Langilearen lehenengo eguna zen sektorean lanean.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadunen hileko batez bestekoak lehenbiziko aldiz gainditu du 1.500 euroko langa. 2010arekin alderatuta, ordea, 142 euro besterik ez da igo.
Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]
Boroa industrialdean hil zen 41 urteko I.P.C langilea, abenduaren 30ean biltegiko inbentarioa egiten ari zenean. ELA eta LAB sindikatuek, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dute istripuaren berri.
The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.
Garraio sektorean aritzen diren hamabi behargin hil dira aurten. LABek azaldu du garraio sektorean gertatzen diren heriotzak “erabat saihesteko modukoak” direla, eta horretarako borondate politikoa “besterik ez” dela behar, bai erakunde publikoen eta bai... [+]
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]