Gatazka amerikanizatuaren oinarriak

  • Ez zen gerra deklarazio ofizialik izan eta zaila da data zehatza ipintzea, baina duela 50 bat urte, 1964ko uda eta 1965eko negu amaiera bitartean, AEB Vietnamgo Gerran buru-belarri sartu zen. Interbentzio azkarra eta eraginkorra izango zen, munduko moralaren zaindari ahalguztidunek di-da garbituko zuten ipar vietnamdar ahulen mehatxu komunista.
    Edo hori uste zuten.

Soldadu estatubatuarra 1968ko maiatzean, A Shau bailaran. Ordurako gerrak aspaldi bukatua egon behar zuen estatubatuarren aurreikuspenen arabera. Baina 1968 inflexio urtea izan zen gatazkan. AEBetako osteak guduak eta morala galtzen hasi ziren.
Soldadu estatubatuarra 1968ko maiatzean, A Shau bailaran. Ordurako gerrak aspaldi bukatua egon behar zuen estatubatuarren aurreikuspenen arabera. Baina 1968 inflexio urtea izan zen gatazkan. AEBetako osteak guduak eta morala galtzen hasi ziren.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Vietnamgo gerraren irudia oihaneko lokatzetan borrokan ari diren estatubatuar soldaduen irudia da Mendebaldeko subkontziente kolektiboan. Baina gatazkaren oinarriak AEBek muturra sartu baino lehenago bilatu behar dira. Bigarren Mundu Gerra amaitzean Frantziak aginte koloniala berrezarri nahi zuen Indotxinan (Frantziak XVIII. mendearen amaieran inbaditu zuen herrialdea). Baina oposizio gogorra topatu zuen, Ho Chi Minh eta Vo Nguyen buru zituen Viet Minh mugimendua, nagusiki nazionalistez eta komunistez osatutako Vietnamen Independentziaren Aldeko Liga. Indotxinako Gerra 1946an hasi zen eta 1954an amaitu, Genevako Bake Konferentzian. Frantziarren porrotaren eta Suitzako hirian onartutako akordioen ondoren, frantziar Indotxina zatituta geratu zen: Kanbodia eta Laos estatu independenteak izango ziren eta Vietnam bitan banatu zuen 17. paraleloak. Bake akordioaren klausula batek zioen 1958an erreferenduma burutuko zela bi Vietnamak batzeko aukerarekin.

Baina erreferenduma ez zen gauzatu eta  vietnamdarrek ez zuten bat egin. Iparraldean Vietnamgo Errepublika Demokratikoa eratu zen eta hegoaldekoen aurkako erresistentzia Vietnamgo Nazio Askapenerako Frontean gorpuztuz joan zen; mugimendua Vietcong izenez da ezagunagoa. Hegoaldean Ngo Dinh Diem-ek estatu kolpea jo zuen 1955eko apirilaren 15an, eta diktadura ezarri zuen. Diemen erregimenaren gehiegikeriak nabarmenak izan arren, AEBen babesa zuen; finean, CIAren laguntzaz lortu zuen boterea diktadoreak.

Ekintza armatuak 1955ean bertan hasi ziren, baina Vietcongen gerrilla gerra antolatua  eta, beraz, Vietnamgo Gerra edo Indotxinako II. Gerra 1959an abiatu zen. Militar estatubatuarren arteko lehen bi bajak ere urte bereko uztailean gertatu ziren.

Aitzakiaren zain

1960an, John F. Kennedyren gobernu berriak Truman eta Eisenhowerren nazioarteko politika antikomunistei jarraipena eman zien funtsean. Baina 1961ean Kennedyk krisi hirukoitzari egin behar izan zion aurre: Bahía de Cochinosen (Kuba) inbasioaren porrota; sobietarrek Berlingo harresia jasotzea; eta Laoseko gobernu ofizialaren eta Pathet Lao mugimendu komunistaren arteko negoziazioak. AEBren irudia ahultzen ari zen SESBen aurrean. Hala, maiatzaren 11n Vietnamerako Programa Presidentziala onartu zuten, Hego Vietnam defendatzeko konpromisoa berretsiz. Adierazpenaren sarrerako hitzak dira hauek: “Estatu Batuen helburua komunistek Hego Vietnam mendean har dezaten saihestea da; herrialde horretan gizarte bideragarria eta gero eta demokratikoagoa sortzea”. Baina planteamendu teoriko horren gainetik, Kennedyren beraren hitzek utzi zituzten agerian AEBen benetako asmoak: “Orain arazo bat daukagu gure boterea nazioartean sinesgarri egiteko eta Vietnamek horretarako toki egokia dirudi”.

1964ko udan Kennedy hila zegoen eta Lyndon B. Johnsonek ordezkatu zuen Etxe Zurian. Hego vietnamdarrek herrialdearen %60 mendean zuten, apurka aurrera egiten ari ziren eta ez zirudien joera aldatuko zenik. AEBetako 60.000 militar zeuden orduan Vietnamen, baina guztiak aholkulari gisa; horregatik 1960ko hamarkadaren lehen erdiari “aholkularien aldia” ere esaten zaio. Abuztuaren 2an, Tonkin golkoan, ipar vietnamdarrek USS Madox destruktorea eraso zuten, biharamunean USS TurnerJoy destruktorea, eta abuztuaren 4an berriro erasoa jo omen zuten, horren frogarik ez dagoen arren. Eraso guztiak egiazkoak izan ala ez, AEBetako presidenteari kongresua biltzeko legitimazioa eman zioten. Abuztuaren 6an Tonkin Golkoko Erabakia hartu zuen AEBetako kongresuak. Horren bidez aholkulari militarrek euren baseetatik kanpo operazioak burutzeko baimena zuten eta, gainera, tropa kopurua handitzeko trabarik ez zegoen.

Hala, 1965eko martxoaren hasieran, batetik, Rolling Thunder bonbardaketa kanpaina abian jarri zen eta, bestetik, Da Nang-eko hegazkin basean 3.500 marine lehorreratu ziren (urte amaieran 100.000tik gora izango ziren). Ofizialki AEB ez zen beste herrialde baten kontra gerran hasi Nazioarteko Zuzenbidearen ikuspegitik; ez zen deklaraziorik izan eta Hego Vietnam ez zuten inbaditu (haien onespenarekin sartu baitziren).

AEBen helburu politikoa Ipar Vietnam isolatzea eta Vietcong solaskide gisa baztertzea zen. Horretarako More Flags propaganda kanpaina jarri zuen abian, etxeko nahiz kanpoko iritzi publikoa bere aldera lerratu nahian. Estatubatuarrek, beren nagusitasuna sinetsita, ez zuten negoziaziorik nahi; gerra komeni zitzaien. Helburu militarra Hanoiri gerra irabaztea ezinezkoa zitzaiola sinestaraztea zen eta horregatik jarri zuten abian RollinThunder operazioa. Alderdien arteko indar desoreka teorikoa lagun, estatubatuarren egoera berehala kontrolpean izango zutela aurreikusi zuten. Hilabeteren buruan lortu nahi zuten, 10 urtetan lortuko ez zutena.

Americanization

AEBek gatazka zibil horretan egin zuten interbentzioari Americanization ere esaten zaio, estatubatuarrek kontinente osoa beraiena ez dela ahazteko duten joera lagun. Vietnamdarrek beraiek “gerra amerikarra” ere esango zioten gatazkari. Baina horrek ez du esan nahi “amerikarrek” gerra nahi zuten bidetik eraman zutenik. Gerora, Nixonen agintaldian, gatazkaren “vietnamizazioa” martxan jarri zuten, baina horretan ere porrot egingo zuten.

Ipar vietnamdarrek etxean jokatzen zuten. Haiek ere gehiegikeriak egin zituzten, jakina, baina landa eremuko biztanleen babesari eusten asmatu zuten. AEBek aireko erasoetan zubi bat edo errepide bat suntsitzen bazuten, berehala gizon-emakume andana lanean hasten zen kalteak konpondu eta bideak zabaltzeko. Hiriguneetan estolderia baliatzen zuten hegazkinen erasoetatik babesteko, eta landan eraiki zuten tunel sareak, bonbardaketez babesteaz gain, arerioaren aurrean desagertzeko aukera ematen zien. Malgutasuna, dispertsioa, ezustekoa eta pazientzia ziren haien arma nagusiak. Eta batasuna. Guztiek bizi baldintza berberak partekatzen zituzten, ofizialak soldadu soilen zulo berberetan bizi ziren. Eta horri esker denak borroka berberaren parte sentitzen ziren. Duong Thi Xuan Quy emakumezko soldaduak zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Basoan bakarrik nenbilela, nire ahuldadeaz jabetu nintzen. Dena oso lasai zegoen, ez nuen inor ez aurrean ez atzean, bakar-bakarrik nengoen bidean. Baina seguru sentitzen nintzen banekielako kamaradak gertu nituela, denak elkarrekin frontera gindoazela”.

Estatubatuarrek, kanpoan jokatzeaz gain, ez zuten esperientziarik. Paul Hardcastleren 19 abestiak ederki jaso zuenez, gatazkan aritu ziren estatubatuarren batez besteko adina 19 urtekoa zen. Eta goitik zetozen aginduak ere ez ziren lagungarri; Gerra Hotzean sobietarren aurka garatutako estrategiek ez zuten balio Vietnamgo oihanean. “Lehen gerra zen zu haien kontra. Orain eseri eta zain geratzen zara, haiek noiz eztanda egingo edo zuk noiz eztanda egingo” esan zuen Indar Berezietako kide batek. Gutxi batzuk 1965ean bertan hasi ziren Washingtonen errekrutatze sistema bidegabe eta klasista salatzen. Gerra luzatu ahala, arrakala hura zabaltzen joan zen eta AEBetako Gobernua etxe barruko fronteaz ere kezkatzen hasi zen. Bitartean, frontera bidalitako soldadu kopuruak etengabe hazten ari zen. 1965eko azaroaren 27an Pentagonoak adierazi zuen soldadu kopurua 120.000tik 400.000ra handitu behar zuela, gerra irabazi nahi bazuten.

Egia da 1965eko ia gudu guztiak AEBek irabazi zituztela. Baina gudu haiek estatubatuarrek nahi baino kalte gutxiago eragin zieten etsaiei eta nahi baino etekin gutxiago atera zuten. Teorian gerra labur eta erraza izango zena, luzatzen, mantsotzen eta gogortzen joan zen. Hego vietnamdarrek eta estatubatuarrek aurrera egiten jarraitu zuten, gero eta nekezago, 1968an inflexio puntua iritsi zen arte. Eta handik aurrerakoak dozenaka filmetan azaldu dizkigute.

 

Roolling Thunder operazioa edo nagusikeriaren ordaina

Rolling Thunder operazioa AEBek Vietnamgo Errepublika Demokratikoaren aurka abiatutako bonbardaketa kanpaina izan zen. 1965eko martxoaren 2an hasi ziren AEBetako Bigarren Aire Dibisioko hegazkinak bonbak jaurtitzen (aurrerago Zazpigarren Dibisioak emango zien erreleboa) baina operazioa planifikatzen urtebete inguru lehenago hasiak ziren. Horrek esan nahi du aurreko udan Tonkineko gertakariak aitzakia eman baino lehen ere erasotzeko asmo garbia zutela.

Johnson presidentearen asmoa hilabete eskasean Ipar Vietnamgo industria militarra eta komunikazio azpiegiturak suntsitzea zen. Horrela tropen, munizioaren eta bestelako lehengaien hornikuntza etengo zuten eta Vietcongen osteak mendean hartzea oso erraza izango zen.

Eraso azkarra eta eraginkorra izan behar zuena hiru urte eta erdiz luzatu zen, 1968ko azaroaren r2a arte. Orotara 860.000 tona bonba jaurti zituzten. Horietatik 128.000 tona jomugara iritsi ziren, baina gaur egun oraindik eztanda egin ez duten milaka eta milaka lehergailu geratzen dira ez bakarrik Vietnamen, baita inguruko herrialdeetan ere. Esaterako, egun Laoseko haurrentzako kanpaina bereziak egiten dituzte bonba horiekin jolasean ibil ez daitezen, urtero ehunka zauritu eragiten baitituzte estatubatuarrek botatako bonbek. Guztira 922 hegazkin galdu ziren, horietatik 818 guduan eroriak. AEBentzat 1.247 milioi dolarreko kostua izan zuen operazioak. Eta ahaleginak emaitza kaxkarrak izan zituen haientzat; AEBek Asia hego-ekialdean hedatuta zeukan aire indarrak aginte egitura nahasia eta zatitua zuen eta, gainera, pilotuen prestakuntza falta nabaria zen. Bestalde, vietnamdarren erresistentzia espero baino eraginkorragoa izan zen. Rolling Thunder operazioak ez zuen vietnamdar industria suntsitzea lortu eta garraio azpiegiturak berehala konpontzen zituzten vietnamdarrek. Gerora egindako kalkuluen arabera, vietnamdar azpiegituren dolar bat suntsitzeko estatubatuarrek 9,6 dolar xahutu behar zituzten.

Baina galera ez zen soilik ekonomikoa izan.  Washingtongo politika militarraren arduradunek huts egin zuten, baina politika zibilaren arduradunak ere bai. AEBetako hiritarrek inozentzia galtzea ekarri zuen operazioaren porrotak. Ordura arte uste zuten haien interbentzio militarrek moralki beste herrialdeenak baino onargarriagoak ziren helburuak zituztela eta nagusitasun moral hori zalantzan jartzen hasi ziren. Gainera, ehunka pilotu galdu zituzten. Preso hartutakoak telebistaz erakusten zituzten Hanoi Hilton ezagunean giltzapetuta. Beste asko guduan erori eta haien gorpuak ez zituzten inoiz berreskuratu. Bonbardaketek etxeko iritzi publikoa leherrarazi zuten, etsaien gune estrategikoak suntsitu beharrean.
 

Historia ez dute beti irabazleek idazten (edo filmatzen)

Historia irabazleek idazten dute, galtzaileak estatubatuarrak direnean ezik. AEBen interbentzioak porrot egin zuen, baina Vietnamgo gerraren amerikanizazioak arrakasta izan zuen, gatazkaren pertzepzioari dagokionean behintzat. Galdu arren, estatubatuarrek jaso eta zabaldu dute Vietnamgo Gerraren berri. Historia haiek idatzi dute eta, bereziki, haiek filmatu dute.

“Egunen batean haurrei eskolan ia dena filmen bidez irakatsiko diete. Ez dute historia libururik gehiago irakurri beharko” bota zuen David W. Griffith (1875-1948) zinemagileak 1915ean. Ezin esan oro har iragarpenarekin bete-betean asmatu zuenik, baina Vietnamgo Gerrari dagokionean ez zebilen oso oker. Eskolako testuliburuetan ezer gutxi irakurri dugu gatazka horri buruz, baina hainbeste film egin dira, Vietnamgo Gerra zinemaren genero bereizi bihurtu dela ia.

The Deer Hunter (Michael Cimino, 1978), Apocalypse Now (Francis Ford Coppola, 1979), Full Metal Jacket (Stanley Kubrick, 1987), Good Morning Vietnam (Barry Levinson, 1987), Platoon (Oliver Stone, 1986), Born On The Fourth of July (Oliver Stone, 1989) edo Casualties of War (Brian de Palma, 1989) dira Vietnamgo Gerrak zineman emandako emaitzarik bikainenetako batzuk. The Green Berets (John Wayne, 1968), Rambo: First Blood (Ted Kotcheff, 1982) eta beste batzuek propaganda antikomunista handia eta interes historiko txikia dute. Gerraren kaosa eta desmitifikatzea zorrotz eta kritiko jorratzen dute lan batzuek, sotiltasun gutxiko patriotismoa saltzen dute beste batzuek, eta badira gerra akzio bizirako aitzakia huts gisa erabiltzen duten filmak ere. Baina guztiek estatubatuarrak dituzte protagonista, guztiak daude haien ikuspuntutik eginak.

1991n Bao Ninh soldadu ipar vietnamdar ohiak Thân phân của tình yêu eleberria argitaratu zuen, gerran bizitakoak bilduz. 1994an ingelesezko itzulpena argitaratu zen (The Sorrow Of War), 1997an frantsesezkoa (Le chagrin de la guerre) eta 2007an gaztelaniazkoa (El dolor de la gerra). Horrenbestez, ipar vietnamdarren ikuspegia ezagutzeko eskura daukagun aukera bakarrenetakoa da. Ez da kontakizun objektiboa eta ez die erantzunik gabeko galdera guztiei erantzuten. Nobela bat da, azken finean, autobiografikoa izan arren. Baina ez du garaileen bandoa edertzen; alderdikeriarik gabe jasotzen ditu ipar vietnamdarren akatsak eta indarkeriak ere. Eta Vietnamgo Gerraren bertsio amerikanizatua zertxobait zabaltzeko aukera ematen du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak
2025-03-10 | ARGIA
Badator Bizi Baratzea Orria, ARGIAren aldizkari berri eta berezia

Gaur abiatu da Bizi Baratzea Orrian kide egiteko kanpaina. Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari berezi honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu, formato oso berezian: poster handi bat izango du ardatz eta tolestu ahala beste... [+]


2025-03-10 | Jakoba Errekondo
Loratu ala hil. Loratu eta hil

Noizbait. Noiz izan ote zen? Noizbait landareren batek lorea egitea erabaki zuen. Bai, bai, landareek ere erabakiak hartzen dituzte, eta guk maiz ez bezala, erabakiak bete egiten dituzte. Eta loreak sortu zituzten.


2025-03-10 | Garazi Zabaleta
Bordaxaki
Euskal txerriak hazteko eta eraldatzeko proiektu txikia Nafarroako Pirinioan

Iruñean bizi ziren Iñaki Zoko Lamarka eta Andoni Arizkuren Eseberri gazteak, baina familiaren herriarekin, Otsagabiarekin, lotura estua zuten biek betidanik. “Lehen, asteburuetan eta udan etortzen ginen eta duela urte batzuk bizitzera etorri ginen”, dio... [+]


Zata arrunta
Ahuntzak gustuko omen dituen gautxoria

Katalanen ustetan artzainak engainatzen omen ditu hegazti honek: “enganyapastors”. Espainiar eta latindarrek, aldiz, ahuntzari esnea kentzen diola diote, hortik datorkio hain zuzen ere izen zientifikoan (Caprimulgus europaeus) islatzen den caprimulgus (capra... [+]


Kontzertuak, hitzaldiak, antzerkiak, dantzak, bertso-saioak... M8ko ekitaldi kulturalen bilduma

Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]


Txikori-belarra udaberrian

Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino otsoa ikustea hobea zela esaten baitzen.


2025-03-03 | Jakoba Errekondo
Zakilixuten potroximela

Nori ez zaio gustatzen ahuakatea? Ia denok atsegin dugu fruitu berri hori, di-da amaren batean etxekotu zitzaigun. Zenbat urte da ba dendaero ikusten hasi garela? Gure mahaietara iritsi aurretik, historia luzea du.


2025-03-03 | Garazi Zabaleta
Amillubi
Lanerako, proiektua zabaltzeko eta komunitatea egiteko auzo(p)lanak

Gipuzkoako hamaika txokotatik gerturatutako hamarka lagun elkartu ziren otsailaren 23an Amillubiko lehen auzo(p)lanera. Biolur elkarteak bultzatutako proiektu kolektiboa da Amillubi, agroekologian sakontzeko eta Gipuzkoako etorkizuneko elikadura erronkei heltzeko asmoz Zestoako... [+]


Engainuaren eredu

Leihatila honetan behin baino gehiagotan azaldu ditugu Ama Naturaren engainuak bere izakiak babestearren. Batzuetan, erle edo liztor itxura zuten euliak ekarri ditugu, beste batzuetan inongo arriskurik ez duten arrisku-kolorazioko intsektuak ere bai (kolorazio aposematikoa... [+]


Lizarrako kultur teknikari izateko nahitaezkoa da euskara Administrazio Auzitegiaren arabera

Administrazio Epaitegiak arrazoia eman dio EH Bilduk Lizarrako plantilla organikoaren hizkutnz profilen aurka jarritako helegiteari.


2025-02-24 | Estitxu Eizagirre
Ziminttere
Sukaldea emakumeen jakintzak partekatzeko botere eta plazer espazio denean

Emakume bakoitzaren errelatotik abiatuta, lurrari eta elikadurari buruzko jakituria kolektibizatu eta sukaldeko iruditegia irauli nahi ditu Ziminttere proiektuak, mahai baten bueltan, sukaldean bertan eta elikagaiak eskutan darabiltzaten bitartean.


2025-02-24 | Jakoba Errekondo
Abarkak astintzen zituen

Ibon galdezka etorri zait Bizibaratzea.eus webguneko kontsultategira. Uda aurre horretan artoa (Zea mays) eta baba gorria (Phaseolus vulgaris) erein nahi ditu. “Arto” hitza grekotik dator eta oinarrizko jakia esan nahi du, artoa = ogia; arto edo panizo edo mileka... [+]


2025-02-24 | Iñaki Sanz-Azkue
Apo pikart europarra
Gaueko kantari bakartia

Nekazal eremu lehor baten erdian ageri da putzua. Txikia da tamainaz, eta ez oso sakona. Egunak dira euririk egiten ez duela, baina oasi txiki honek oraindik ere aurretik bildutako urari eusten dio. Gauak eremua irentsi du eta isiltasunaren erdian kantu bakarti bat entzun da... [+]


Udaberrian loratzen ausartzen naiz

Zuhaitza esnatzear dago, kimuak ageri dira adarretan. Gutxi falta da loraldirako, laster aro berria hasiko du, indarberrituta.


2025-02-17 | Jakoba Errekondo
Intsektuen negupasa

Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera izan dut bart. Hortik intsektuen adimendu eta buruargitasunera koxka ttikia dago. Berritu ditugu... [+]


Eguneraketa berriak daude