"Kultura gutxitua gara, baina gutxizalea ere bai batzuetan, eta gutxieslea askotan"

  • Jaio.Musika.Hil

Zortzi disko kaleratu dituzte Berri Txarrak taldekoek eta bederatzigarrena azaroan kaleratuko dute. (Argazkia: Dani Blanco)
Zortzi disko kaleratu dituzte Berri Txarrak taldekoek eta bederatzigarrena azaroan kaleratuko dute. (Argazkia: Dani Blanco)

“Jaio” eta “Hil”-en artean “Musika” dago.


Nire bizitza. Pasioa da, zerbaiten parte sentitzeko atea, baina batez ere, barruak hustu eta konpartitzeko bidea. Pertsonalki barrura begirakoa naiz, ez oso soziala, eta musikari esker botatzen ditut kalean isiltzen ditudanak. Itzela da jendeak emozio deskarga hori bere egin eta feedbacka sentitzea. Hori hala, gurean artistak gosea pasa behar duela dirudi, horrek ematen diola glamourra. Beti izango du “noizko lanbide normal bat?” galdera kriminala atezuan. Niretzako musikaz bizitzea ez da inoiz helburua izan, denborarekin eraikitzen joan den bidea baizik. Profesionalizazioarekiko errezeloak izan ditut beti, baina orain mamu faltsuak zirela esan dezaket. Bosgarren diskoan utzi genituen lanak, epe luzerako apustu bat zela jakitun, paisaiaz gozatzeko eta helmugetara iristeko presarik ez izateko filosofiarekin. Hori surrealista da berehalako etekin eta emaitzen diktadurapeko munduan. Oso koherentea iruditzen zait, aukera izanez gero, mozorroa janzten eta eranzten ibili beharrean, 24 orduz izatea musikari. Kuriosoa da, jende asko bizi da musikatik, eta hori ahalbidetzen duen musikaria da hortaz bizi ezin litekeen bakarrenetakoa. Behin hortik bizituta, jakina alderdi ez hain erromantiko bat dagoela, sortzeaz, jotzeaz eta musika egiteaz harago zaindu beharreko alderdi bat. Baina urrats koherente horren parte da, ulertu behar duzu, barneratu, eta batez ere, alderdi erromantikoa lehenetsi, ez dadin zeregin periferikoek itota gelditu. Oso garrantzitsua da musikala ez denarekin ez obsesionatzea.  


Nola kudeatzen da arrakasta, burua ateratzen duenari segaz mozten zaion herri honetan?


Garaia da gauzei euren zinezko neurria hartzeko. Euskal musikan mainstreama balego bezala ari gara, baina gure mainstreama jostailuzkoa da eta gure atrofia kontuan hartzea ahazten zaigu. Niretzat arrakasta zuk zure bidea egin eta jendea zure kantuekin zu beste musikari batzuen abestiekin emozionatzen zaren gisan emozionatzea da. Kontziente naiz talde bat oso ezaguna egiten denean, hedabideetan asko agertzen denean, errezelozko “berriz hauek!” ateratzen zaiola jendeari. Niri ere ateratzen zait. Horregatik asmatu behar duzu etengabe, bizirik sentitzeko. Iraun genezakeen beti kantu berak jotzen, abesti ezagunenen esklabo, zirkuitu beraren gatibu, baina horrek taldea oxigeno gabe utziko zukeen. Ezinbestekoa da bide ezberdinak urratzen saiatzea, erronka berriei aurre egitea, eta zure burua behartzea. Errespetua ez da beti jendeak entzun nahi duena joz irabazten, xaxatuz baizik. Taldeak behartu behar du publikoa, “hau egin nuen, hau eman nizun, baina orain beste hau da nire harrikada” adieraziz.  


Arrakasta aipatzean zergatik ez da inor mintzo gibeleko lan eta balore artistikoaz?


Jendeak ez du lana baloratzen. Ez dakit ez ote garen talibanak gure kultura txiki honekin. Ados, euskarazkoa izaki kultura gutxitua gara, baina gutxizalea ere bai batzuetan, eta gutxieslea askotan. Hori oso tristea da. Erraza da arrakasta jendeak nahi duena egiten dugulako biltzen dugula esatea, edo balizko mainstream euskaldunean surfeatzen dugula pentsatzea, baina horrek euskal eszenari buruzko mamu faltsuak elikatu baizik ez du egiten. Dena eta edozer dianaren erdian jartzeko prest dagoen enfant terrible asko dabil bazterretan baina azken batean, musika egitea kantuak sortu, furgonetan sartu eta oholtzan izerditzea da. Beste guztia periferikoa da. Horregatik da niretzat artistaren anbizioa positiboa, hobetu nahia baita, etengabeko ikasketa honetan urrats bat harago emateko ahalegina. Hori da musikaren magia. Baina ez, gurea izango da anbizioa gaizki ikusita dagoen lanbide bakarra. Gure gutxizaletasunari esker, eroso gaude gure txikitasunean, eta orain dela 25 urteko arazoei egozten dizkiegu erruak. Hortxe gabiltza gure branka txikiekin akuarioan gustura, A-8an bira egiten, itsasora irten nahi duenari buruz gaizki esaka. Eskertuko nuke beste askok akuarioko errege izaten saiatu beharrean itsasora irteteko ahalegina egingo balute.  


Gure akuarioan, desagertutako taldeak dira errege. Zergatik?


Gaur egun inongo kasurik egiten ez zaion talde bat bananduko balitz, hemendik hamar urtera “horiek bai zirela!” esango litzateke. Horrek nazka ematen dit. Taldea desegiten denean sekulako negar eta lanturuak entzuten dira eta jotzen zuten bitartean 80 lagun zeuden  kontzertuetan. Batetik ez ditugu gure artistak ezagutzen, eta bestetik 80ko hamarkadarekiko dependentzia izugarria daukagu. Oraindik inork ez du hitz egin 90eko hamarkadaz. Orokorrean, musikalki oso kontserbadoreak gara. Nostalgia eta dinosauroen artean bizi gara. Dinosauroak beti izango dira dinosauro eta beti mugituko dute jendea. Amorrua ematen dit agian Berri Txarrak dinosauro erdi-gazte erdi-zahar bihurtu dela pentsatze hutsak, baina oso zaila da liga horretan sartzea. Oso tristea da hori. Horregatik poztuko nintzateke talde gazte bat etorri eta tronpetarik gabe ostikoa emango baligu denoi.


Tronpetarik gabe ostikoak ematea ez al da Berri Txarraken oinarrizko jarrera?


Disko berrian itsu-itsuan sinesten dudan esaldi bat dator: “Exijitzen ahal den minimoa pasioa da”. Taulara igotzean kantuak dira protagonistak, ez zu, ez zure irudia, ez argiak, ez diskurtsoak... Kantuek hunkitzen dute jendea, eta gure lanbidea zerbait bada, jendea hunkitzea da. Hunkitzea izan liteke plazera ematea, hausnarketarako esaldiak botatzea, baina batez ere, emozionatzea da. Itzuli dadila jendea etxera kontzertu aurretik ez zuen zerbaitekin, arnasbide batekin, une errepikaezina bizi izanaren zirraraz, edo besterik gabe, rockaren parte sentiturik. Periferiek prozesua aspertzen eta moteltzen dute. Talde bat sortu berri duten ezagunak etortzen zaizkit ze gitarra, anpli edo mikro erosiko nukeen galdetzera, eta ez dute ulertzen hori nire lehentasunen zerrendan atzean dagoela. Lehenengo kantuak egin behar dira, letrak, jo, gaizki jo, berriz entseatzera sartu... Horiek dira oinarrizko lehentasunak eta beste guztia periferia da. Guk hori beti izan dugu garbi. Oso talde musikala izan gara beti.


Musikala izateak etengabe arriskuak hartzea esan nahi du?


Niretzat, rockak arrisku puntu hori galtzen duenean interesgarria izateari uzten dio. Rocka eta arriskua oso lotuta daude. Guri metalaren indarra, punkaren jarrera eta pop-aren melodia gustatzen zaizkigu, iturri askotatik edaten dugu, eta espektroa zabaltzeak ortodoxia eraisteko balio du. Zuzenekoa ere beti da inkognita bat. Horregatik aldatzen dugu aldiro kantu zerrenda. Kontzertua baino ordubete lehenago egiten dugu, gure teknikariak oso urduri jartzen dira, baina alde kamaleoniko horrek bizirik mantentzen gaitu. Esaterako iaz, bi-hiru astetan Ibarrako Gaztetxean, Donostiako Kursaalen eta Hellfest-en (Europako metal, punk eta hard core jaialdi handienetakoan) jo genuen. Bira berean ari ginen, kontzertuek ez zuten elkarrekin zerikusirik izan, hiru kantu zerrendak oso ezberdinak izan ziren, baina ez zen ezer pasa. Arriskua musikaren misterioaren parte da.


Zure letrek ere ez dute misteriorik falta. Testuinguru argietatik xenda lausoetara abiatuzalea zara.

Kantua entzuleak borobildu behar duela sinesten dut. Kantua errekatxo bat da, letragileak harriak jartzen ditu, eta norberari dagokio koska batetik bestera jauzi egitea. Ni harriak jarrizalea naiz, baina ez eskatu zure partez salto egiteko. Hori hala, gerta liteke ustez kantu politikoa idatzi eta entzuleak maitasun abestitzat hartzea. Edo alderantziz. Interpretazio ireki horiek oso aberasgarriak dira kantuarentzat. Kantua oso itxia dagoenean, edo letra oso nabarmena denean, bai denboran bai emozio-bideetan, oso ibilbide laburra izaten du. Horregatik, azken urteetan letrak dira nire buruhauste handiena. Kantu bat sortzea ez zait hainbeste kostatzen, baina letra batekin gustura geratzea bai. Ez dira alferrik denboran irauten duten kantuak letra onak dituztenak. Suposatzen da rockak berehalakotasuna behar duela, filosofatzeko tarte estua duela, eta nekeza da rock kantu baten baitako poetikotasunaren neurria bilatzea. Nik ez dut nire burua kronistatzat, baina inportantea zait musikak erantzun bat ematea bere garaiari. Era berean, Bide Ertzean-ek dioen bezala, “gaur ez daukat manifesturik”, eta maitasuna, maitasun eza edo bakardadea bezalako gai unibertsalei buruz aritzeko beharra sentitzen dut. Hori bai, Berri Txarrakekin holako kantuekin bakarrik disko bat egitea aukera galdua irudituko litzaidake.


Aro zaharretik irten eta berrian sartu gabe, selfy-ak egin eta egin, aukerak galtzeko moduan gaude?


Anaia Handi etengabeko honek magia puntu bat kendu dio musikari. Inprobisaziorako gogoa ahitzen du momentuan otu zaizun txorakeria munduaren erakusleihoan zintzilikatu dezaketela jakiteak. Edo alderantziz, talde baten zain zaude eta bart Kopenhagen eman zuten kontzertua ikus dezakezu, zer argiteria erabili zuten, zer kantu jo... Bizi dugun zapping aro honek dena jarri digu eskura, baina arreta galarazten digu. Atxagak dio ez dela aro onena literaturarako, dena oso azkar doanez jendeak ez daukala pazientziarik liburukote bat irakurri edo blog bat jarraitzeko. Hori musikari aplikatzen ahal zaiola dirudi, baina niri bost. Baliteke zaharkitua gelditzea, baina nik sinesten dut diskoan, kantuen bilduman, eta lan bat entzuteko 45 minutu ez badauzkazu, zuretzat kalte. Internetekin jendeak kristalezko bola bat zeukala zirudien, baina aho handiz eta ziur hitz egin duen jendea ipurdi-bistan utzi du denborak. Adibidez, gure testuinguruan, single bakarra duen talde batek egin dezake bira bat? Joan zaitez kontzertu batera eta kanta bakarra jo, ea zer gertatzen den... Internetek ate guztiak zabaltzen dituela esaten denean, zenbateraino da egia txiletar batentzat zure kontzertu bat ikustea erraza dela? Zertarako balio digu demokratizazio eta horizontalizazio horrek, Spotify-en Lisabo jarri eta ez bada agertuko? Doakotasuna frenatzeko modurik egongo ez denez hemendik 20 urtera musika oparituko dela diote batzuek. Gaur egun ere diskoa kontzertuak eman ahal izateko aitzakia baizik ez dela entzuten diet askori. Ez dut ulertzen. Niretzat disko bat oso gauza serioa da. Ados, rockak zuzenekoetan hartzen du zentzua, baina niretzat disko bat ez da sekula zuzenean jotzeko aitzakia izango. Horregatik diot, niretzat etorkizuna gaur gehi gaur gehi gaur... dela.


Gaur gehi gaur gehi gaur... 20 urte bete ditu Berri Txarrakek.


Ez genuen ohiko bilduma lana egin nahi. Ez gara sekula oso atzera begira jarrizaleak izan. Eman dugun urrats bakoitza baloratzen dugu, baina aurrera begira beti. Horregatik eman dugu gure 20. urteurrena disko berri bat konposatzen, lan berezi bat prestatzen. Hori da gure arnasa. Aldi berean, egin dugun ospakizun biratxoan, harrituta geratu gara etorri den jende saldoarekin, kantu zaharrak berreskuratzea baimendu diegu gure buruei, eta denboraren joanak dakarren puntu generazionalaz ohartu naiz. Izugarria da jendea kantuen bitartez bere bizitza lotzen sentitzea. Orduan, ulertzen duzu zergatik duen rockak hain lotura zuzena nerabezaroarekin. Lehenengo maitasunaren zirrarekin oso lotuta dagoen zerbait da rocka, ezin da etengabe sentitu, eta horregatik ez dira sekula oso lagun onak izan zahartzaroa eta rocka.

Nortasun agiria: Gorka Urbizu

1977ko maiatzaren 31n sortu zen Lekunberrin. Txikitan, pianoa eta esku-soinua jotzen ikasirik, 14 urterekin Nahita Nahiez taldean teklatu jole hasi zen. 1994an, Berri Txarrak taldea sortu eta bertako kantari eta gitarra-jolea da geroztik; zortzi disko (bederatzigarrena azaroan kaleratuko dute) eta DVD bat kaleratu dituzte. Bestalde, kolaborazio andana egin du, eta Peiremans eta Katamalo proiektuen parte izan da.

Off the record: Tabernan

Itxita dago taberna. Metatutakoetatik hiru aulki eta mahai bat akomodatu, eta dantzan hasi dira hitzak. Bira osteko hamar eguneko gaixoaldia pasa eta disko berria labean sartzen harrapatu dugu Gorka. Elkarrizketa pertsonal bati ezetz esateko garai onenean. Alabaina, letra kantuaren aldarteari nola, senez egokitzen dizkie hitz eta irudiak ideiei. Ez du hanka-sartzearen kerik nahi, baina ez dio uko egiten arriskuaren suari. Oholtzako jarrera dakar grabagailu aurrera: izerditu dezala hitzak eta hitz egin dezala izerdiak. Segidarik gabeko trenbidean argazkiak egin, krimenaren arrastoak ezabatuko balitu legez aulkiak eta mahaia metatu, eta herrirantz doan gibeleko bide atarian agurtu dugu elkar. Tabernak itxita jarraitzen du. Laster zabalduko dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Berri Txarrak
2021-07-21 | Hedoi Etxarte
Berri Txarrak
Kapitalismoa euskal balioekin

Nazkatzeraino erabili dugu Zizeken txokolatezko laxantearen metafora, jabetu gabe sudur parean genuela aplikazio lokala. Sinpleki azaldua, txokolate laxantearen irudiak adierazi nahi du zerbait definitzen duen hori bera gabe eskaintzen zaizkigula produktu, jarrera edo keinu... [+]


2021-07-12 | Lierni Alkorta
Gorka Urbizu
«Intimitatea galduko dugu baina gertutasuna ere lortuko dugu»
Jaio. Musika. Hil diskoa argitaratu eta bi urtez abiada bizian, hara eta hona ibili da Berri Txarrak talde nafarra. Atsedenaldi antzerako batean daude orain, zuzenekoak utzi eta Durangoko Azokara begira Zertarako Amestu DVDa prestatzen. Ordubete inguruko dokumentalean bi urte... [+]

2021-03-14
Marina Lameiro. Dardara irudietan harrapatzen du
“Musika dardara da eta bibrazio horrek beste dardara bat eragiten du jendearengan”

Film dokumentalak maite ditu egile iruindarrak. Bere lehen filmetan gazte askok bizi duten prekarietate amaigabeaz eta gentrifikazioaz mintzatu ondoren, orain musikak sorrarazten digun dardarizoaz ari zaigu Berri Txarrak eta bere zaleen inguruko Dardara dokumentalean.


Luzerako geratuko den orbaina

Lekunberriko gaztetxean lehen kontzertua ematetik, Nafarroa Arenan asteburuan 24.000 lagun inguru biltzera pasatu dira. Mende laurden igaro da tartean, hamar disko kaleratu eta kasik 1.100 kontzertu eman dituzte bitarte horretan. Milagarrena munduaren beste puntan gainera,... [+]


Berri Txarraken Beude birako azken konzertua
Orbain formako irribarrez

Irri bihurri batek aterarazi ditu eszenatokira. Ez show txundigarririk, ez bat-bateko irteerarik. Lasai atera dira Larragako La Laguna elkartea goraino bete duten jarraitzaileen aurrera, entsegu lokalean egongo balira bezala. Mikroak mugitu, kableak baztertu, parez pare begira... [+]


Berri Txarrakek kontzertu sorta berria iragarri du urrian

Euskal Herriko zenbait gaztetxe eta areto txikitan joko du Berri Txarrak taldeak urrian. Orain arte iragarri gabe zeuden kontzertu hauek taldeak agur esateko biraren parte dira.


Adarra saria jasoko du Berri Txarrak taldeak

Ekainaren 21ean izanen da ekitaldia. Kontzertua eskainiko dute Victoria Eugenia antzokian


Zorionak, Seaska!

Elkarlanetik sortu eta bizi da Seaska, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartea. Ospakizunetan da: 50 urte bete ditu aurten. Larunbateko ekitaldiak Euskal Herriko hainbat txokotako jendea erakarri zuen Miarritzera. Ia 5.000 lagun inguru bildu ginen Iraty Aretoan, eta bigarrenez... [+]


2019-02-14 | ARGIA
“Itzultzeko aukera irekita uzten dugu”

Berri Txarrak taldeak prentsaurrekoa eman du Lekunberrin, iaz iragarritako etenaldi mugagabearen inguruko azalpenak emateko.


Berri Txarrak-en ‘Beude’ birako sarrera guztiak, ordu eta erdian agortuta

Ilara luzeak sortu ziren astearte arratsaldean Berri Txarrak-en kontzertuetarako sarrerak eskuratzeko.


2019-01-15 | Castillo Suárez
Lehendabiziko aldiez

Lehendabiziko aldiz Berri Txarrak taldearen berri izan nuenean telebistan izan zen. Irakurtzen zituzten gauzei buruz galdetu eta nire lehendabiziko poema liburua aipatu zuten. Harrotasuna eta harridura sentitu nituen, biak batera. Lehendabiziko aldiz Gorka Urbizurekin hitz egin... [+]


Soilik agur

Eta badoa egungo euskal musikaren erreferente nagusienetakoa. 40 urteren bueltan gaudenon soinu-bandaren egile nabarmenak. Berri t(T)xarrak dira milaka eta milaka jarraitzailerentzat. “Adierazteko molde berriak bilatuko ditut” dio Gorka Urbizuk, mende laurdeneko... [+]


Kanta berrien esperoan

Berri Txarrak taldeak “etenaldi mugagabea” iragartzeak ezustean harrapatu ditu Euskal Herriko musikazale gehienak. Bonba bat bezala erori da notizia, Lekunberrin sortutako taldea ez baita alferrik gaur egungo euskal musikaren erreferente nagusienetakoa.


2018-12-12 | ARGIA
Berri Txarrak taldeak “etenaldi mugagabea” iragarri du

"Berri Txarrakekin ziklo ahaztezin bat ixteko garaia heldu dela sentitzen dut" idatzi du Gorka Urbizu taldeko abeslariak Berri Txarraken webgunean argitaratu den komunikatuan.


Eguneraketa berriak daude