‘Nendo Dango’: argiazaleon aleak ama lurrari biziberritzen laguntzeko

  • Zuhaitz, sastraka eta beste landareen haziak nahastu buztin eta konpostetan, bola txikitan bildu eta erein. Beste edozein jolas bezain atsegina da Argia Egunean praktikatuko dugun Nendo Dangoa eta, gainera, gizakiok antzutu ditugun lur eremuei arnas berria itsatsiko diegu.

Talde honek hazi bola sorta prestatu du Argentinako San Luisen, oihanak berreskuratzeko asmoz.
Talde honek hazi bola sorta prestatu du Argentinako San Luisen, oihanak berreskuratzeko asmoz.Semillas y Saberes

Hasi haziak biltzen irailaren  27rako. Nendo Dango egiteko behar diren gainerakoak, buztin, konpost eta ura, Argia Egunean prest edukiko dituzu Usurbilen. Egindako bola, pikor eta opiletako batzuk aurten Nafarroa Oinez ospatuko duen Zangotzako Oinez Basoan zabalduko ditugu, eta beste batzuk Zubietako erraustegia egiteko urratutako lur eremuan. Uholdeak ere tanta txikiz osatzen baitira, argiazaleok gure alea jarriko diogu ama lurrari, landare berriek lurzorua bezala airea biziberritu ditzaten.

Berrikitan euskaraz publikatu den Zuhaitzak landatzen zituen gizona famatuan Jean Gionok aspaldi goraipatu zituen egunero batean eta bestean zuhaitzen haziak ereiten dituzten jendeak. Gionoren sujetak ezkurrak zuzenean sartzen zituen lurrean makilarekin egindako zulotxoan.

Masanobu Fukuoka japoniarrak, nekazaritza naturalaren erreferentzia nagusietakoa izan denak, ez zuen egin hazioi ernatzeko trikimailua sortu besterik: buztinetan bildurik jaurti, animaliek jan gabe hel daitezen euri eta epeltasun egokiz landare berria sortzeko egunera. Nekez aurkituko da zuhaitzak ugaritzeko metodo eraginkorragorik.

Fukuokak asmatutako Nendo Dango (Buztinezko bolak) ingelesez Seed balls eta Seed bombs esaten dute (hazizko bola edo bonbak), frantsesez Boules de grains eta Oeufs Séminals (hazizko arrautzak). Landa eremu hondatu edo desertifikatuak berreskuratzeko erabiltzen dira, baina baita hiriguneetan ere, abandotatutako lurrrak lorez edo zuhaitzez hornitzeko, sarritan ezkutuko Gerrilla gardening (gerrillazko baratzegintza) eginez.

Usurbila Argia Eguneko Nendo Dango tailerrera esku hutsik bazatoz, irakurle, ez duzu kezkatu beharrik: bertan aurkituko dituzu beharrezko ontziak, ura, ongarria, buztina... eta haziak, prefosta. “Baina nik ere lagundu nahi dut aurretik haziak bilduta eramanez!”. O.K., pozik partekatuko ditugu denok ekarritako haziak. Zein hazi?

Euskal Herrian, Mediterraneo nahiz Kantauri isurialdean, hazten diren sastraka eta zuhaixkenak. Baita etxean jan ditugun fruituenak ere, gerezi, haran, sagar eta besteenak. Zuhaitzetan, oraintxe ari dira ematen ezkurrak haritza eta artea, erortzen hasita daude urrak, astigar eta ezkien haziak ihartuta prest daude dagoenekoz, erramuen olibak erortzen ari... Zuhaixka eta sastraketan, elorri zuriak fruituak erakusten ditu, intsusak bezala, gorosti batzuek ere bai...

Bertako espezieak erabiliko ditugu, bertakotuak ere bai –haritz amerikarra...– eta inolaz ere ez inbasiboak. Bildu nahi dituenak, etxean paper gainean zabaldurik eduki ditzala ihartzeko beldurrik gabe.

Atelierrean osatuko ditugun bola eta forma ezberdinetako opilak –maldan behera amilduko ez diren xabalak, esaterako– egun batzuetan lehortzen lagako ditugu eta aste batzuk beranduago jaurtiko. Batzuk Gipuzkoan azpiegitura handiak eraikitzeko hondatutako eremuetan. Eta beste batzuek Nafarroan euskara biziberritzen diharduten ikastolen egitasmoan: Zangotzako Oinez Basoan, zeinak zabortegi izandako betelana berdetuko duen.

Argia Egunetik  aurrera... norbere esku urtero bere Nendo Dango propioa egitea!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nendo Dango
Masanobu Fukuoka: lasto izpi batean datza iraultza
Ez bakarrik pozoirik eta ongarri sintetikorik gabe, soro-baratzeak goldatu eta jorratu gabe lantzea aldarrikatu zuen Masanobu Fukuokak, nekazaritza naturalaren aitzindariak. Laborantzak naturarekiko errespetuan eta gizakiaren garatze espirituzkoan oinarritu behar duela zioen.

2015-01-28 | Estitxu Eizagirre
Zabortegi bat berreskuratzeko modu onena

Zangozan landatutako 1.000 horiekin, dagoeneko 20.000 zuhaitz inguru dituzte Nafarroako ikastolen Oinez Basoek. Argia Egunean (Usurbilen iazko irailean) eginiko hazi eta buztin bolak izan ziren zabortegiko lurrak berreskuratzeko argiazaleon ekarpena.


2015-01-14 | Estitxu Eizagirre
Larunbatean 1.000 zuhaitz landatuko dituzte Zangozako Oinez Basoan

Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta bertako ikastolak antolaturik, Zangozako zabortegi zaharreko lurra berreskuratuko du basoak, “La Celada” deituriko parajean. Bertan jaurtiko ditugu Argia Egunean haziz eta buztinez eginiko nendo-dango bolaxkak ere.


Hasi Nendo Dango atelierrerako haziak biltzen

Nendo Dango tailerra dago antolatuta, beste hainbat ekitaldiren artean, irailaren 27ko ARGIA Egunerako Usurbilen. Teknikaren zehaztapenak “Hazitik hasita mundua oihantzeko” kronikan azalduta daudenez, hona laburpena.


2014-07-23
ARGIA Eguna irailaren 27an Usurbilen
ARGIA ezagutzeko festa, oso gure erakoa

Euskaltzaleak, ARGIAko irakurleak, langileak, kolaboratzaileak, harpidedunak, blogariak, sare sozialetako jarraitzaileak... azken finean, ARGIAren inguruan batzen garen komunitatea elkar ezagutu eta egun eder bat pasatzeko aukera emango digu aurten berreskuratuko dugun ARGIA... [+]


Nengo Dango
Hazitik hasita mundua oihantzeko

Noizbait basoz beteta egon zen ludia berriro oihanez beztitu beharra dago, edonork dakienez. Itsasoaz gain, zuhaizpeetan datza bioaniztasuna, klimaren erregulazioa eta elikadurak ekoizteko beharrezkoa den lurzorua bera. Masanobu Fukuokak asmatutako “Nendo Dango”... [+]


2011-10-30
Nendo Dango: hazitik hasita mundua oihantzeko

Noizbait basoz beteta egon zen ludia berriro oihanez beztitu beharra dago, edonork dakienez. Itsasoaz gain, zuhaizpeetan datza bioaniztasuna, klimaren erregulazioa eta elikadurak ekoizteko beharrezkoa den lurzorua bera. Masanobu Fukuokak asmatutako “Nendo Dango”... [+]


2008-12-21
Masanobu Fukuoka: lasto izpi batean datza iraultza

Ez bakarrik pozoirik eta ongarri sintetikorik gabe, soro-baratzeak goldatu eta jorratu gabe lantzea aldarrikatu zuen Masanobu Fukuokak, nekazaritza naturalaren aitzindariak. Laborantzak naturarekiko errespetuan eta gizakiaren garatze espirituzkoan oinarritu behar duela zioen.


Eguneraketa berriak daude