"Ongi janez salbatuko dugu Lurra"

  • “... Periodikuak ez dire gutaz mintzatzen Parisen”.

"Frantziako ondare eta elikagaien aniztasunaren %80a desagertu dela ikustean, derrigorrez jo behar dugu alarma, kontsumitzaileei gelditzen den %20a ezagutaraziz eta hori dastatzera bultzatuz" Rodrigo Llopis

Nola definituko zenuke zure aita, Marc Legasse?

Identifikazio pertsonala medio, oso gaitza da  norberaren aita definitzea. Mitoa, izan zen gizona, eta izaten saiatu zena daude. Humanista zen, burges jantzia, haizea baino askatasunzaleagoa, kausek kautibatua, eskala gizatiarreko intelektuala. Euskal populuaren kausa intelektualizatzeak bizi zuen, ideien gerra-zelaian gudukatzen zuen Euskal Herriaren burujabetza eskubidea. Euskal Herriaren historia eraldatu gabe, bere sentimenduetara eta fantasietara egokitu zuen. Populu anarkista ikusten zuen Euskal Herriarengan, bere existentzia osoan bere libertatearen alde borrokatzera kondenatutako herria. Horregatik zion sekulako izua askatasun hori erdietsiz gero gerta zitekeenari. Azken hatsa eman arte, gatazka horretan sakrifikatu zituen bere etxeko bizimodua, baliabideak eta energia. Mingostasun betean hil zen, Lizarra-Garaziko ituna susmatu gabe, EAEko autonomia estatutua ausazkoagoa zela sinetsirik, eta frantses jakobinismo errepublikarrari departamendua eskatzea ilargia eskatzea zela zirudienean. Baina tira, mingots ala goxo, borrokatzeko aukera izatea zen beretzat garrantzitsuena.

Lurralde elkargoaren eta erabakitze eskubidearen aldarrikapenak puri-purian daude egun.

Independentziaren kulturan hazia eta hezia izan naiz. Hala, euskaldunok populu bat osatzen badugu burujabetza eskubidea aplikatzen digute eta nazio burujabe bihurtzen gara. Ez dago besterik, negoziaezina da, eta hortik beherakoa… Frantziako zein Europako politikagintzari buruzko ene jarduera nahiz gogoetak edozein direlarik ere, euskal nazionalistatzat daukat ene burua. Izan ere, nazionalismo okerra estatu burujabeena da, nazismora daramana, baina nazionalismoa nazio burujabe bihurtu nahi duen herriaren aldarria denean, askapen nazionaleko borroka bat da, ez inoren ukazioa. Euskal Herrikoa nazionalismo humanista da, tolerantea, demokratikoa. Egia da errotik kondenatzen ditudan totalitarismo forma bortitzak hartu izan dituela mugimendu abertzaleak, baina ez naiz lotsa euskal abertzalea izateaz. Eztabaida anitz eta haustura sakona izan dut aitarekin gai horren inguruan. Trantsizio garaian, Euskadiko Ezkerraren inguruko tesiekin bat egin nuen nik, berak bere ikuspegi muturreko eta erromantikoekin HBrantz egin zuelarik. Inoiz errenditzen ez den soldaduak beti duela arrazoi aldarrikatzen zuen. Esaldi ederra da, baina herri baten errealitate sozio-politikoari aplikatzean berehala sortzen ditu txinpartak.   

Erraza da lubaki hori Parisen defendatzea?

Afrusa da, zure buruaz beste egitearen hurrengoa, iltzeen gainean zabiltza etengabe. Orain izen eta oinarri gehiago dudanez, denek dakite zer naizen, denek dakite frantses ondare alimentarioaren defendatzaile sutsua naizela. Ez dakitena da euskal abertzaletasunak eraman nauela horretara. Aberri ttiki batekoa naizelako dakit baloreak erraz desegin, ahuldu eta mudatu daitezkeela, eta Frantzia bezalako herri handi bat ere ez dagoela bere identitate nazionala, bere ondarea, galtzetik salbu. Horregatik diot abertzaletasuna ez dela norbere baitara ixtea, beste herrialdeei parez pare begiratzea baizik. Zapalkuntza faxista batean hazi naiz, Mussolini eta Hitler-ek instalatutako diktadura frankistaren giroan, gure aitak kontaktuak zituen Juan Ajuriagerrarekin zein ETAren buruzagitzarekin, mugimendu abertzalearen elitea pasa da gure Ziburuko etxetik. Betitik jakin dut ohoratu beharreko abizena neramala, beti izan dut argi nondik heldu naizen, eta niretzat, demokratikoki gauzatzen bada, erabakitzeko eskubidea eskubide inalienablea da, Parisen, Madrilen eta Ziburun.

Politikaz ari gareno, jatea ekintza politikoa da?

Sekula baino gehiago. Euskaldunok inork baino hobeki dakigu elikadurak zenbat ezaugarritzen duen identitate nazionala. Hala, garai txundigarrian gaude, abertzaletasun alimentarioak bere zentzu osoa hartzen duen aroan. Elikatzeko dugun maneraren arabera egokitzen gara jendartera. Kontsumo jendarteak, industria alimentarioak eta publizitateak hiritarra kontsumitzaile bihurtzen du, populazioa erabat alienatuz. Edozer janarazten digute, gaixotzen gaituzte, ingurua xehatzen ari dira... Borroka arantzatsu horren baitan, Normandiako camembert-a edo roquefort-a zaindu beharreko aberri txikiak dira, eta horrek bihurtzen du jatea ekintza politiko eta borroka iraultzaile. Masaren emantzipazioa elikadura gureganatzetik etorriko da. Kontsumitzaileak libre kontsumitu behar du, ez du esku-sartzerik behar, ez du zertan baldintzatua eta formateatua izan. Izan ere, TF1-eko lehendakariak  bere lana garunak Coca-Colaren zerbitzura ezartzea dela dioenean zer dio? Komunikazio eta sozializazio tresna handiena tresna merkantil, bankario eta komertzial bilakatu dela, eta jendearen kaskoan markak iltzatzea baizik ez duela xede. Lehen ikuslea bezero potentziala zen telebistarentzat, orain helburu komertziala da. Emankizunen bidez gure garunak biguntzen dituzte, publizitatea labana gurinean bezala sar dakigun buruan. Hori libertatearen ukazioa da, nihilismo sozialaren aldaera dramatikoa. Horregatik diot elikadura industrialak iritzi askatasuna murrizten duela, ardi bihurtzen gaituela. Horregatik aldarrikatzen dut elikadura libre eta sanoa. Nire kazetari lanaren funtsa kontsumitzaileak sistematik askatzean datza.

Kontsumitzen berrikastea da gakoa?

Jakina. Frantziako ondare eta elikagaien aniztasunaren %80a desagertu dela ikustean, derrigorrez jo behar dugu alarma, kontsumitzaileei gelditzen den %20a ezagutaraziz eta hori dastatzera bultzatuz. Horrek ondare hori mantentzen duten baserritarrak laguntzea, goratzea eta jendartearen muinean ezartzea esan nahi du, eta batez ere, kontsumitzaileek giltza heien esku dutela konprenitzea. Jendeak ulertu behar du libreki erosi dezakeela, gatibutza dogmatiko eta komertzial horretatik aska litekeela, eta elikadura industriala erosten duenero bere aurka egiten ari den alderdi politiko bat bozkatzen ari dela. Iritzi publikoa interpelatzea dagokigu, sistemak ixten ez dizkigun ate eta mikroak okupatzea, eta orobat, botere publikoak konbentzitzea. Zentzu horretan, ezinbestekoa iruditzen zait heziketa alimentarioa lantzea eskoletan. Gaurko haurrak dira biharko kontsumitzaileak, eta publizitatearen diktadurak moldatutako makinak izatea nahi ez badugu umeen gustua hezi behar dugu. Jakin dezatela ekoizpen baten gibelean historia bat badela, jende batek gogotik izerditzen duela sanoki eta ingurumenaren errespetuan hori ekoizteko. Ongi janez salbatuko dugu lurra. Munduak ez du etorkizunik Mendebaldeko jendartea bezala elikatzen bada. Laborantza logika bankario eta finantzarioetatik askatzea da geroa.

Zer da gustu justua?

Gustuak dimentsio kulturala du. Produktu bat ona edo txarra izatea irizpide komertziala da, ausazkoa bezain subjektiboa. Hala, ekoizpen baten lehen bertutea justua izatea da, bere zilegitasun geografikoarekin bat egitea, lurraren berezko ezaugarrien araberakoa izatea, ingurumena errespetatzea, eta bere onena emateko gisan landu eta zaindua izatea. Ekoizpenak bere jatorriaren muturra behar du, hazi den lurraren eitea. Egia hori badarama zainetan, hastetik buru garbiki eta sanoki eginen du bidea, tokiko jende sareak errespetatu eta aktibatuko ditu, eta beraz justua izango da. Gainera, gauzak zer diren, irizpide horiek oro betetzen direnean ekoizpenak justuak izateaz gain, onak izaten dira.

Zure tesiak posible dira egungoa bezalako sistema ekonomikoan?

Jakina denez, egungo sistema ekonomikoa berehalako etekinaren antsian oinarritzen da. Horrek, ezinbestean, kimika eta teknologia dakartza. Arazoa da sistema lehertzen ari dela, hazkunde demografikoa ukaezina izanik, hazkunde ekonomikoak inposatzen dituen moldeek ez planeta ez demografia utziko gaituztelako laster. Hazkunde anker hori gelditu behar dugu, planetaren errealitatera egokitu, baina hori egungo merkatuen legearen aurkakoa da, gobernu politika eta munduko norabide ekonomiko nagusien kontrakoa. Hori gutxi ez, eta sistemak sarraila guztien giltzak ditu: azken hitzaren jabe da, xantaia gupidagabeen egile, gobernu politiken hariak zuzenki mugitzen ditu, esku beltz eta luzeen eragile da... Parean gaudenok fedea eta konbentzimendua baizik ez ditugu. Kontzientziak astindu eta aldatzea dagokigu, alta, oraindik ere industrialki elikatzen segitzen duten frantsesen %85-90a konbertitzea. Industriak ongi jatea garestia dela badio, gaizki jatea garestiagoa dela erakutsi behar dugu. Horregatik da garaipen bat tokiko edo ekoizpen biologikoak kontsumitzera pasatzen den pertsona bakoitza.  

Bide horretan, zergatik ez dute laborariek leku zentralagoa gure jendartean?

Laborariak ordezkagarriak zirela sinestarazi digutelako. Mundu osoa elikatu nahi bazen ezin zela lurra betiko moldeetan landu zabaldu da lau haizeetara, eta lurrari eskuz lotu den laborariari “atzerakoia” edo “arkaikoa” etiketak itsatsi zaizkio. Are gehiago, azken 30 urte luze hauetan, munduko akats guztiak egotzi dizkie jendarteak nekazariei: erreakzionarioak, kontserbadoreak, elizkoiak, negartiak, lapurrak, kutxatzaileak... Jendartearen sasoian sasoiko estigma guztiak leporatu zaizkie. Bestetik, sozialismoa eta landa eremua ez dira sekula ongi ezkondu. Elite intelektualak ere eboluzioa urbanoa dela aldarrikatu du beti. Baina orain jabetu gara nekazaritza ez dela gizateria elikatzea soilik, kultura, historia, ondarea, eta bizitzeko modu bat babestea ere badela. Aurrerapena baserritarra desagerraraztea zela pentsatzetik gatoz eta produktuaren kalitatea lurraren errespetutik pasatzen dela aldarrikatzera goaz. Horregatik ari gara sozialismoa eta landa eremua uztartu nahian. Egun, zinezko langileria bat baldin badago nekazal langileria da, eta gainontzeko langileriei ematen zaien dialektika, onarpen eta tratu bera eskaini behar zaie.     

Bitartean, laborariak ez, sukaldariak eta gastronomia daude modan.

Haien libertatea eta desberdintasun soziala agertzeko, anitzi hori baizik ez zaielako gelditzen. Mundializazio globalizatu edo globalizazio mundializatuarekin ez dugu eskumenik fenomeno bankario, ekonomiko, sozial eta kultural handietan eragiteko. Derrigorrez pasa behar duzu bankutik, derrigorrez ordaindu behar dituzu zergak, derrigorrez bete behar dituzu legeak, derrigorrez egin behar duzu lan, baina oraingoz, inork ez zaitu derrigortzen nahi ez duzunik jatera. Hala, anitzek konprenitu dute nahi duguna jateko eskubidea dugula eta askatasuna elikagaien hautuan oinarritzen dela. Ohartu gara gaizki jateak tristatzen duela, gaixotzen, jendartetik baztertzen. Horregatik iruditzen zaigu ederra jaten duguna ezagutzaz, adimenez, zein bokazio kulturalez jantzi eta partekatzea. Arazoa da modak sistemaren atzaparretara zaramatzala zuzenean, eta orain jatea ere ez dagoela realityetatik salbu. Emankizun horiek elikadura mailako sarraskiak dira, jateko askatasuna publizitatearekin, irudiarekin eta markekin alienatzen dutenak. Alabaina, emankizun eta gida askotan ari dira informazioa operazio mediatiko eta komertzial bilakatzen. Horiek ez dute zerikusirik gastronomiarekin. Merkatuak eurenganatu eta publizitatea irabazteko daude. Horregatik, sekula baino informazio gehiago behar du kontsumitzaileak. Inoiz baino garrantzitsuagoa da kazetarien lana.  

Ohartzen gara jokoan dagoenaz?

Gauzak aldatu ezean, gustuaren bidezko segregazio sozialerantz goaz. Kontsumitzaile elite batek kontzientzia hartu eta bere aurrekontuaren zati bat ongi elikatzera bideratuko du, besteek sistemaren preso segituko duten bitartean. Ez dago beste erremediorik, agian. Nork daki, baliteke elite batek ongi jaten duelako, masan gatibu dagoenari argia piztu eta eltzean sartzen duena zaintzen hastea. Nire helburua, dena den, denek ongi, merke, eta sano elikatzeko aukera izatea da. Ondare eta aniztasun kulturalak irauten duen lekuetan jendea ongi hezten bada, konbentzituta nago gizateriak gauzak gaizki egiten segi ezingo duen eguna helduko dela. Orduan, agertuko da elikadura justu, garbi eta libre bat.

Nortasun agiria

Perico Legasse 1955eko martxoaren 21ean sortu zen Boulogne Billancourt-en. Marc Legasse (1918-1997) euskal anarkista eta abertzale ospetsuaren semea, Frantziako kazetari eta kritikari gastronomiko ezagunenetakoa da egun. Marianne aldizkariko erredaktore buruetako bat, zenbait aditu taldetako kide eta liburu idazle izateaz gain, telebista eta irrati programa askotan parte hartzen du. Nos enfants nous accuseront filmean janariaren pozoitzearen inguruko ikerketa daraman kazetaria da.

AZKEN HITZA
Globalizazioa

“Tokiko ekoizpenak globalizatu daitezke. Dena dago eskala, erritmo eta sasoien errespetuan. Elikagaiak 5.000 kilometroz garraiatzea astakeria da, ez du zentzurik, kontua ez baita munduari itzulia ematea, munduan sustraitzea baizik. Hala, globalizazio ona badago, eta ez da bateraezina ingurunea zaintzen duen laborantza ereduarekin”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura
2025-02-03 | Garazi Zabaleta
Bio-K
Euskal Herriko txukruta eta kimchia

Errezilera bizitzera joan eta sagarrondoak landatu zituen Satxa Zeberiok, Bio-K proiektuaren bultzatzaileak, duela zenbait urte. “Iritsi zen sagarrekin zerbait egiteko momentua, eta sagar zukua eta sagardoa ekoizteari ekin genion orduan”, azaldu du. 2015ean sortu... [+]


2025-01-29 | Kelo Arribas
Elikadura burujabetza eta erresistentzia genozidioaren aurrean
Laborarien borroka Palestinan

Gaur egun, Gazan su-etena dago, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen; bitartean, sarraskiak, anexioek, kolonizazioak eta era guztietako giza eskubideen urraketek bere horretan diraute gainerako lurralde okupatuetan. Jarraian irakurriko dituzunak ez dira kasu isolatuak,... [+]


Ureztatu neguan

Otsailean, neguaren erdigunean gauden honetan, lehentasuna  gorputza ondo ureztatua edukitzea da. Intxaurrondoa egiten ari den bezala: sustraiak neguan  biltegi gisa erabiltzen ditu, sustrai motz eta lodiak behar ditu, ura eta lurreko mantenugaiak biltzeko.


2025-01-08 | Garazi Zabaleta
Aina Socies Fiol
“Balear Uharteetako irla bakoitzean besteetan ez dagoen landare barietate asko dago”

Oporlekuekin soilik lotuko dituzte askok Balear Uharteak, baina agroekologiaren eta kontsumoaren bueltan mugimendu bizia dute Mallorca irlan: Associació de Varietats Locals de Mallorca (tokiko hazi barietateen elkartea) da horren adibide. Abenduaren hasieran, elkarte... [+]


Urtarrila, intxaurrondoaren loaldia

Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Laborari palestinarrek jasaten dituzten indarkerien lekuko izan dira Via Campesinako ordezkariak

Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


2024-12-11 | Eli Pagola
Euskal Herriko lehen itsas zabaleko haztegia
Etorkizuneko arrantza kaiola batean

Getarian (Gipuzkoa) itsasoratu berri dute Euskal Herriko lehen itsas zabaleko arrain haztegia. 50 metroko diametroa eta 40 metroko sakonera duten bi kaiola jarri dituzte, eta itsasoko baldintzetara ongi egokitzen badira, aurtengo udan 50 hegalabur (atun gorri gisa ere ezaguna,... [+]


2024-12-09 | Garazi Zabaleta
Errastiko ogia
Aurrekoen jakintza eta makrobiotika uztartuta sortutako ogia

Arrasateko Beroña auzoan dago kokatuta Xabi Abasolo Etxabek eta Naiara Uriarte Remediosek bultzatutako Errastiko Ogia proiektua. Bakoitza bere bidetik iritsi ziren okintzaren mundura, baina eredu ekologikoan eta ama orearekin ekoizteko oso ongi uztartu dituzte bi gazteen... [+]


Tunagate: merkurio pixka bat nahi entsaladarekin?

Atun latatan aurkitu diren merkurio kopuruekin asaldatuta dabiltza herritarrak. Bloom erakundeak Europan egindako ikerketa baten arabera, Carrefour, Intermarché, Mercadona, Aldi... supermerkatu guztiek merkaturatzen dute atuna kutsaturik. Arrantza industrialak berehala... [+]


Udazkena agurtzen negua besarkatzeko

Abenduak hostoen kolore marroia dauka: lurrean, intxaurrondo biluziaren azpian, geratu diren hostoena. Intxaurrondoak bukatu du bere zikloa. Atseden hartzera doa: zuztarrak indartuz, elikatuz, nutritzea du helburu. Barrura begira, barrenak osatzeko garaian dago, orain arte egin... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


“Eskolako jangela orduetan gauza asko gertatzen da, ez da bakarrik jateko leku bat”

Bi ordu edo bi ordu eta erdiz haur eta gazte andana hartzen ditu jantokiaren tarteak eskoletan. Jateko, jolasteko eta elkarbizitzeko espazio horretan jantokiko arduradunak esku hartzeko dituen mugez, jarraitzen diren irizpideez, begiraleen rolaz eta duten formazioaz arituko... [+]


Eguneraketa berriak daude