Oztibarre ibarraren bihotzean kokaturiko Izura aitzineko garaietan hiri gotorra zen. Aitzakia bat baino gehiagorengatik, askok Izurako gozotasun lantsuaren dastatzeko parada zeukan. Gurutzune miresgarri batean da. Historia luzearen arragoa dela erran genezake. Larre berdeak, bide bihurriak, mendi mazela eztiak, ardiak eta behiak denetan alhari, ibiltariak han eta hemen: paradisu antzekoa da Izura gaur egun ere.
Izura muinoaren maldan bihikatzen da 200 biztanleko herria. Eñaut Etxamendirekin bikotean kantari ibili Eñaut Larralde zenak ez zuen beste leku aberatsagorik ezagutzen munduan. Oztibarre aldean oparotasuna, alabaina, ez da diruz bakarrik neurtzen. Harrerarako oinarrizko jaidurak, hitzak urratuz solastatzeko kemenak eta arraileriaz azpatatutako irrirako tiriak sartzen dira eguneroko gozotasunaren balore erantsiaren osatzeko.
Ageri du betidanik atzerritar eta ezezagunekiko harremanetan trebatua dela izuratarra. Soihartzeko kaperatik jaistean Compostelarako beilarien GR-65 xendran agurtuko duzun Haranbeltzeko lehen laborariak jakin nahiko du nondik zatozen, zakua bizkarrean, eta euskalduna zarela ohartuko denean, ez urrunekoa gainera, noka hitz egiten hasiko zaizu. Badakizu orduan zehatz nongoa zaren. Bideak elurrez zuritu Auñamendien haraindira eramaten du, Nafarroako lurretara, hegoaldera, Espainiara kanta zaharrak lerrakeen bezala. Goratasun apaleko eremuetan hedatzen da Arhantsusi, Ostankoa, Uharte Amikuze, Landibarre, Larzabale, Arroze-Zibitze eta Jutsi auzo dituen Izura.
Biduze erreka dabilkio oinetan. Arbailetako Eltzarreko ordokia duela iturburu eta harpe, ibilerako lehen kilometroetan ibai salbaia, hertsia bakanetan, laparrez setiatua, kasik kokina, prestutzen doa Izura beherean nagitzen ikasten duenean. Aturri handira botatzen ditu Oztibarre eta Amikuzeko urak Gixune parean. Iparretik hegorako ibiltari oldeen gidaria zen Biduze. Horregatik agian euskaldunek uztartu Hozta eta Ibarre eleak gaskoiek hiri nagusia izendatzeko Ostavath bihurtu zuten, frantsesek Ostabat ahoskatu zuten arte. Donapaleu eta Garazi lotzen dituen errepidetik bazter dago Izura, lasaitasun ikaragarrian.
Izura-Azmekoak laborantzatik bizi dira: ardien hazkuntza, manexak oroz bat, esnea eta etxean egin gazta, behi gorrien haragia, barazkiak, artoa eta bazkarako landareak ekoizten dituzte. Baina ez bakarrik. Mendeetako ohiturari jarraikiz, beilarien eta bidaiarien hartzeko aterpetxe ugari kausitzen da. Erran gabe doa halaber Izura euskarari zinez atxikia dela: bertan errotzen da Haize Berri kultura elkartea. Gainera ikastola bat da: Lartzabalen dago Ibarlako poeta zenaren omenez Manex Erdozaintzi-Etxart bataiaturiko Seaskaren kolegioa eta, gerezia gerezitegi, jendetzaren %96k euskara erabiltzen du.
Izurako herri-bihotza hiru zatitan banatzen da. Lehenik Irizola, oinez hurbiltzean zeharkatzen den lehena, zakur alimaleen zaunka artean. Ospitaleak eta harrera tokiak hor ziren, eta dira oraindik. Zergarik ez zen hor ordaintzen. Birjinari eskaini putzu baten ondotik segitzen da eta nahi baldin bada iturri mirakulutsuan egarria idortu dezakegu. Gero, Hiriberria, sarrera eskubidea pagatuz trabeskatzen zena. XII. mendean eraiki zen, bastida moldean, 1228an Antxo Azkarraren armadek suntsitu zituzten harresiz inguratu. Hiri garaikidea azkenik, XVII.etik hona altxatua, herriko etxea gerizatzen duen merkatu estalia eta eliza neogotiko ikusgarriarekin.
Hiru auzotan ebakitzen da baserri gunea ere: Izura bera, Azme eta Haranbeltz. Latsagako jauretxea ageri da alde guztietarik larre, pentze eta elgeen erdian. XIII-XIV.ko etxe gotorraren hondarra bistan datza, sarrerako dorre ederraz hornitua. Protestanteen eta katolikoen arteko gerra gogorren karietara errea izan zen.
Nabari da munduaren muin-muinean sustraitzen dela Izura. Historiaren uholde bakoitzak hatzak edo herexak utzi dizkio. Jendeak aska samur horretan laketuak dira aspalditik ezen Gaztelu Zahar mendixkan historiaurreko Dordoinan eta Galizian zorroztu silexak atzeman baitziren. Beranduago Antonin erromatar enperadorearen mapetako puntu garrantzitsua zen Izura, Garona eta Ebro lotzen zituen ibilbidean hain zuzen. Erdi Aroan, aldiz, Landetako urmaelak pasatu ezinak zirelako lurren barnealdeko Donejakuerako hiru xendra Izuran biltzen ziren: Tours, Vezelay eta Le Puykoa. Christiane Giraud zizelkariaren 1998ko obra bat dago gunearen azpimarratzeko.
Nafarroako Erreinuaren garaian are handiagotu zen Izuraren indarra eta itzala. 1381ean Karlos II.ak azoka baten antolatzeko baimena eman zion. Nafarroako erlijio gatazketan, erran dugunez, Izurak, beste hainbat hiriren antzera sua dastatu zuen. Bakea etortzean, 1604an, Henri III.ak izuratarrei feria bat urtean bitan egitea zilegitu zien.
Etxeen bortatxeak begimentzean ageri da herriaren iraganeko handitasuna. Baserriak pausatuak dira, hegats eta teilatu gorriekin, sarrerako atearen gainean marmol grisezko harrian jabearen izen-deiturak, eraikitze urteak eta zenbaitetan otoitz baten zatiak irakurtzen ahal direla. Aberastasun horrek irauten du gaurkoan ere, etxeak leheneko ereduarekiko fideltasunez altxatzen baitira.
1841ean Izura eta Azme bateratu ziren eta geroztik elkarrekin doaz. 1481eko Baionako kartularioetan agertzen da Azme izena. Hasieran Azpe, hau da haitz pe, zitekeen lekukoen mihietan. XV. mendean hamar etxe zenbatzen ziren, jende gutxi zegoela betidanik alde horretan. Azme eta Izuraren artean dago Nafarroako Gorteetan parte hartzeko eskubidea zeukan Latsaga egoitza noblea. Frantziako Iraultza denboran Azmeko elizako ondasunak ebatsi ziren eta, iturri fidagarriek diotenez, orduko 447 liberaren trukean saldu. 1841eko ekainaren 13an egin zen uztartzea. 1995ean Oztibarreko ikastola Azmen ireki zen.
XIX. mendean Napoleon III.ak Landak idortu eta kostaldeko bideak erraztu zituen. Ordutik, astiro, Izuraren burbuila eta garrantzi ekonomikoa mendratuz joan zen. Hiru gerrak, laborarien exodoak eta nekazaritzaren mekanizatzeak hustu zituzten Izura-Azmeko bazterrak.
Poitou samurreko Aimeric Picaud XII. mendeko fraideak ez zuen guk dugun bezain iritzi baikorra Oztibarrez idatzi zuenean. Bordeletik zetorren, Landetako intalatzak, otsoen trakako abere beldurgarriz eta ulu beltzez mukuru, Amikuzeko oihan trinko izugarriak pairatu ondoan. Izuraratzean milagarren aldiz zerga ordaintzera behartua izan zen. Irudika dezakegu mendeek higatu ez duten testuan bere nardatze eta haserrea isuri zuela. Beilariaren Gidaliburua kometitu zuen Kodex Kalixtinus haren bosgarren kapitulua zatekeena.
Picauden arabera euskaldunek eta nafarrek, bereizten zituen hizkuntza eta ohitura antzekoak zeuzkaten arren, ez zuten pilixkarik balio: bekatorosak ziren, itsusiak aurpegiz, lizunak, astoekin barne, biziosoak, mozkortiak, ebasleak, lotsatiak, aldakorrak eta lakastak baino gaiztoagoak. Euskaldunen fama ez zuen ondu. Egia zen Izurakoak zerga biltzaile zatarrak zirela, agoten kastakoak gehienak, dirurik ez zuten nekazariei sosa maileguan ematen zietenak.
Zena zelakoa Izuran beilarien hartzeko egitura egokitua zegoen: tabernak, ostatuak, era guztietako artisauak, dendak ezen milaka ibiltari agertzen baitzen herriaren ateetan: beilariak noski, bai eta merkatariak, lagundikoetako kideak eta soldaduak. 1350ean hamabost bat aterpetxe zenbatzen ziren, hogei taberna eta hiru ospitale: San Antoni, Santa Katalina eta San Nikolas Haranbeltzekoa.
Ukigarria da egiazki Soihartzetik Haranbeltzera heltzea. Haritzen erdian aizolbetu lau etxe dira eta aspalditik konpontzen ari diren XII-XIII.eko baseliza bat, egundainokoan liliztatua den hilerri distiratsuaz setiatua. Ospitalean artatzen ziren ibiltariak eta eritasun luzeagoetarako lauzpabost ohe zeuden eskura. Tokiko laborari-jabeek kudeatzen zuten, eta dute dagoeneko, elizatxoaren egunerokoa.
Euskaldunen ospea hobetuz joan da, menturaz. Gibraltarretik Izurako norabidea finkatuz, beilariak trumilka iragaten dira oraindik martxotik azarora eta Izurako biztanleek ez dute galdu ibiltarien errezibitzeko gustua. Hargatik, ez da bide zergarik ordaintzen.
Oinez bederen.
.
Baionan Loverdose eta Atharratzen Bekat’uros egin den bezala, Oztibarren (Nafarroa Beherea) Debrien Figurak feminismoaren eta transfeminismoaren inguruan antolatutako egunak arrakasta izan du.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Baigorri eta Tafalla herrien arteko senidetzea ospatuko dute asteburuan Baigorrin. 1978an hasi ziren lehen harremanak, baina hautetsien aldaketarekin pixka bat galdu zen ondotik. Haatik, duela hiru urte Tafallakoak berriz Baigorrira hurbildu ziren.
Urepele, Aldude eta Banka herriak batzen dituen Aldudeko ibarra bizirik eta airoski bizirik atxikitzeko asmoz dabil lanean AIBA Aldudeko Ibarra Beti Aitzina elkartea. Solastatzeko dorpea izan daitekeen gai bat mahai gaineratu du aldi honetan, urriko bigarren asteburuan eginen... [+]
Larunbatean ospatu dituzte Ttinka mikro haurtzaindegiaren bost urteak Lakarran. Baxe Nafarroko euskara hutsezko egitura bakarra da, Euskararen Erakunde Publikoaren B ziurtagiriduna.
Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu... [+]
Mahaño Lanathoua 2017an hasi zen aitaren lurretan arbolak landatzen, oihan baratzea lantzeko ideiarekin. “Hasieran asmoa ez zen horretatik ekonomia bat sortzea, gure buruaskitasunerako bidean pausoak ematea baizik”, gogoratu du laborariak. Baina, landaketekin... [+]
Ezbeharra astelehen goizean izan da, eta gizonaren emazteak 13:23ean dei egin die larrialdi zerbitzuei. Bi biktimak bihotz-gelditze egoeran aurkitu dituzte, eta sorospenek ez dute lortu horien bizitza salbatzea. Umea herriko bizilaguna zen.
Mugaz gaindiko uda ikastaroak abiatu dira astelehen honetan ostiralera arte irauteko Baionan eta Hizkuntza Politika berrirako urratsak Ipar Euskal Herrian aztertuko da.
Nekazaritzaz eta abeltzaintzaz askotan entzuten da lanbide "oso lotua" dela, jai egunik edo oporrik ez dela existitzen. Ipar Euskal Herriko Onetik eta Etxaldia gasnategiek, Berria eta Aldudeko Esne Kooperatibekin elkarlanean, laborariei bakantzak bermatzeko egitasmoa... [+]
Azken urteetan bezala, belaunaldi eta gustu guztiei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko xedea adierazi du EHZko antolakuntzak.
ARGIA festibalaren babesle eta laguntzaile da eta han izango gara: BTN bideopodcastaren atal berezia grabatuko dugu larunbat goizean,... [+]
Meg Ostrum estatubatuarraren liburu bati esker ezagutu dugu batzuok Charles Scheppens mediku belgikarraren eta Jean Sarochar artzain baxenabartarraren historia zirraragarria: Bigarren Mundu Gerraren garaian ihesbide bat garatu zuten Mendibe herrian eta Iratiko basoan barna,... [+]
Euskararen egoera soziolinguistikoa aztertu, eta Kultur Erakundeko lehendakaria eta Eusko Batasuna alderdiko kide izan zen. Astelehenean zendu zen 96 urterekin.
Izurako Latsaga zalditokian egingo dituzte emanaldi guztiak, hamar saio, maiatzaren 31tik ekainaren 16a bitartean. Ximun Fuchsek idatzitako obrak "ikuspegi integratzaile eta kolaboratiboa" du oinarrian, landa eremuko lurraldearen lekukotasunak bildu eta "tokiko... [+]
Egitarau aberatsa muntatu du beste behin Basaizea elkarteak: bertsolariak, dantzariak, gaiteroak, txarangak, herri bazkaria, merkatua eta kontzertuak. "Folklorismotik haratago", euskararen zilegitasuna aldarrikatuko dute Baigorritik apirilaren 28an.