"Nahiago nuke exotismo gutxiago eta egoera linguistiko orekatuagoa izatea"

  • Batzuetan ematen du gauza batzuk argiago ikusten direla kanpotik, bertatik baino. Karlos Cid madrildarrarekin euskarari buruz solasean, halako sentsazioa hartzen da.

Dani Blanco

Gurasoak Madrilgoak, baina amaren aita Sestaokoa. Hortik euskal zaletasuna?

Bai, txikitatik harremana izan dut Euskal Herriarekin. Hizkuntzarekiko harremana, aldiz, beranduago etorriko zen, garai hartan oso jende gutxik hitz egiten zuelako euskaraz Sestaon. 15 bat urte nituela, uda batez, bizkaiera liburu bat erosi eta oporretan ikasten hasi nintzen. Madrilera itzultzean galdetu eta esan zidaten Euskal Etxean ematen zituztela eskolak. Hasieran bizkaiera nahi nuen ikasi, baina une horretan ez zegoen euskalkietako irakaslea, soilik batuerakoa, eta batua ikasteko konbentzitu ninduen. Gero, aitortzen dut, nire kabuz ikasi nuen eta nolabaiteko zor hori kitatu nuen.

Atzerriko unibertsitateetan euskara irakatsi nahi dutenentzat Etxepare Institutuak antolatutako ikastaro batean hartu duzu parte orain egun gutxi. Zertaz mintzatu zara?

Oso mintegi praktikoa izan da. Nire asmoa zen entzuleei azaltzea nire ustez nola irakatsi behar den euskara eta haren inguruko guztia eta, batez ere, nola ez den irakatsi behar. Aholku batzuk eman dizkiet urteotako nire esperientzian oinarrituta.

Zer da egin behar dena eta zer ez?

Egin behar ez dena da euskarari buruzko iritzi okerrak sustraitzea. Horietako batzuk oso zabalduta daude baita euskaldunen artean ere, adibidez euskara oso zaila dela edo euskal aditza oso kontu berezia dela. Mito hutsak dira. Era berean, euskararen jatorriaren eta haren ahaidetasunaren inguruan dauden iritzi oinarri gabeak baztertu behar dira. Edozein modutan, lehenengo ideia da argi edukitzea ez dela gauza bera unibertsitateko klase bat eta Hizkuntza Eskolako edo euskal etxe bateko saioa. Azken horietan hizkuntzaren alderdi praktikoa gehiago landu behar da nola mintzatzen den ikasteko, baina unibertsitatean beste irakaspen batzuk eskaini behar dira, hizkuntzaren historia eta hizkuntzak barrutik nola funtzionatzen duen jakinaraziz. Arriskua da hau dena nahastea eta, ondorioz, askotan unibertsitatean egiten da Hizkuntza Eskolan egiten dena. Euskara praktikoari garrantzia eman behar zaio, baina bere neurrian, ez dezala hartu denboraren herena baino gehiago, adibidez. Gainera, orain edozein hizkuntza ikas dezakezu Internet bidez, edozein tokitan bizi bazara ere. Oso baliabide onak daude denon eskura.

Euskaltzalea eta hizkuntza eslaviarren zalea ere bai.

Tesia Txekoslovakian egin nuen. Gaia zen euskara, hizkuntza erromanikoak eta eslaviarren arteko konparaketa perpaus erlatiboei dagokienean. Gai bitxia eta inor gutxiri interesatzen zaiona, baina hor altxorra ikusi nuen nik. Hor zaletu nintzen txekierarekin. Han eman nituen bi urteetan itzulpen lanak egiten hasi nintzen txekiar literatura euskal irakurleengana hurbiltzeko: Kundera, Hašek, Škvorecký… Horrek sekulako poza eman zidan.

Erkaketa horretatik zer ondorio atera zenituen?

Labur esanik, egiaztatu nuen hipotesia hau da: euskal erlatiboak eta hizkuntza erromanikoen eta hizkuntza eslaviarren perpaus erlatiboak oso ezberdinak dira, baina ahozko hizkuntza erromaniko eta eslaviarretako hiztunak hurbiltzen ari dira euskararen eredura. Euskaraz “n” bat besterik ez da behar erlatiboa egiteko. Eredu ekonomikoena da, eta antzeko zerbait egitera hurbiltzen ari dira egun hiztun asko, hizkuntzaren ekonomiagatik. Adibide bat jartzeagatik: gero eta jende gehiagok esaten du “ése es el hombre que vivo con él”, “ése es el hombre con el que vivo” esan beharrean.

Baina hori soilik ahozko hizkeran, idatzizkoan gaizki dago, ez?

Zer dago gaizki eta zer ongi? Bakoitzak bere hitz egiteko modua dauka. Ahozko hizkeran  dena onartu behar dela uste dut. Idatzizkoan horri erreparatu behar diogu, bai, baina ahozkoan dena ondo dago, komunikatzea baita helburu nagusia. Erabateko askatasuna izan behar dugu. Badakit unibertsitate mailan hori ez dagoela oso ondo ikusia eta lankide batzuek bereak eta bost esango lizkidaketela baina ez dit axola. Idatzizkoan batzuetan egiten duguna da hizkuntza zaildu, eta ahozkoan aldiz, ahal den neurrian erraztu. Euskarak hizkuntzalarioi horren hainbat adibide ematen digu. Gauza askotan euskarari balio handia aitortzen diot, erraztasunari dagokionez.

Beste adibiderik?

Esate baterako, euskal aditza zaila dela diote nor-nori-nork duelako. Nik beti esaten dut hori berdin ikusten dudala hizkuntza indoeuroparretan: gaztelaniaz, ingelesez… “Llévamelo” adibidez, nor-nori-nork da, baina jendeak ez dio halako izen uxatzailerik jartzen. Ematen du jendea beldurtzeko eta ikas ez dezan esaten den zerbait dela. Nire mezua kontrakoa da: euskara ez da ezer berezia eta beste hizkuntza guztiek bezala funtzionatzen du.

Zergatik iraun du euskarak gaur egun arte?

Nire ustez bi arrazoi nagusirengatik: oso esparru isolatuetan babesleku oso sendoa izan duelako (baserrietan, itsas portuetan…) eta euskarak, beste edozein hizkuntzak bezala, beste hizkuntza batzuetatik hitzak hartzeko duen malgutasunarengatik. Hainbeste harreman izateak bizirik irauteko balio izan dio. Horren malgua izan ez balitz, desagertua egongo litzateke.

Gazteek gero eta gehiago hitz egiten dute euskañolez?

Batzuetan gazteak kriminalizatzen ditugu hizkuntza batetik bestera etengabe pasatzeagatik. Hori linguistikan kode alternantzia deitzen da eta niri oso ongi iruditzen zait. Eroso sentitzen badira horrela, aurrera. Asmatu dute halako hizkuntza kreola bat eta nik, hizkuntzalari bezala, ezin dut ezer esan horren aurka. Beste gauza bat da idatziz erabiltzea azterketa batean, adibidez. Hori ezin liteke inolaz ere onartu.

Itsaso, zure 8 urteko alabarekin, euskaraz aritzen zara beti?

Bai. Dena egiten diot euskaraz eta berak erdaraz erantzun.

Hemengo familia askotan bezala, beraz.

Bai. Beno, desberdina da. Hemen, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian, askotan ikusten dudan arazo psikiatrikoa da guraso euskaldunak haien artean erdaraz egiten dutela eta gero haurrak euskaraz hitz egitera behartzen dituztela. Seme-alabak koherenteak direnez, ez dute ulertzen zergatik egin behar duten gurasoek egiten ez dutena.

Mezu larriak eman behar dira jendea esnatu dadin?

Bai. Badakit pertsona batzuk, Kike Amonarriz kasu, saiatzen ari direla nireak baino askoz ere mezu baikorragoak zabaltzen eta hori ere beharrezkoa da. Horren positiboak ez garenoi gure jarrerarekin ez dela ezer lortzen esaten digutenean arrazoi dute. Egia da, baina zoritxarrez ezkortasunerako zenbait arrazoi ere badira. Diagnostiko orekatua egin behar da. Familia barreneko datuak dira gehien kezkatzen nautenak: seme-alabak euskarazko ereduetara bidali, familiako kide guztiak euskaldunak izan eta hala ere gurasoek gaztelaniaz hitz egiten dute haien artean. Halako egoera absurdoak badira. Ba… hor konpon, Marianton!

Beraz, behar da Amonarriz bat baina Karlos Cid bat ere bai?

Bai, hala da. Oso ongi dago berak esaten duena, baina nik ez nuke esango. Nire pertzepzioa da batzuentzat euskara balio sinbolikoz zamatuta dagoela eta nire ustez hizkuntzak edozein ikur baino askoz ere garrantzitsuagoak dira. Egoera oso kezkagarria egiten zait, baina EAEko herrialdeekin alderatuta gehiago gustatzen zait Nafarroan gertatzen ari dena. Nafarroa Oinez ekimenaren bidez ezagutu nituen esperientziak oso aberasgarriak eta pozgarriak izan ziren.

Komunikatzaile ona zara eta hori ederki erakusten duzu Euskadi Irratiko tertulietan.

Eskerrik asko! Primizia bat emango dizut: esan didate heldu den urtean bosgarren urtez jarraituko dugula Xabier Amurizak eta biok Manu Etxezorturekin tertulia horretan. Niretzat hori bizio bilakatu da. Hasieran lotsatu egiten nintzen eta orain konturatzen naiz Xabierri kasik ez diodala hitz egiten uzten.

Tertuliak, elkarrizketak… Gero eta ezagunagoa zara Euskal Herrian.

Bai, hori dena Nafarroa Oinezi esker. Duela lau urte munduan zehar euskara irakasten genbiltzan atzerritar batzuk bildu gintuzten Iruñean eta ekimen horri esker hedabideen munduan sartu nintzen pixkanaka.

Zer iritzi duzu Nafarroa Oinez bezalako ekimenen inguruan?

Euskararekin maiteminduta dauden atzerritarrak ekartzea oso erabaki zuzena izan zen, euskaldunei nolabait erakusten zaielako zer nolako hizkuntza zoragarria daukaten eta badela kanpoko jendea euskara maite duena. Orain kritiko jarriko naiz: ikusten dut Euskal Herrian batzuentzat euskara jai batzuetarako aitzakia bihurtu dela. Esaten dute hizkuntza maite dutela, baina egunerokoan erdararen aldeko hautua egiten dute. Kanpotik begiratuta hori ez dut ulertzen.

Hemen biziko banintz asko sufrituko nukeela iruditzen zait. Izugarrizko amorrazioa harrapatuko nuke hemengo egoera erabat irregularra delako, elebitasunik ez dagoelako,  erabateko diglosia dagoelako. Nik ez dut esaten euskara maite dudala, esaten dut euskaraz hitz eginez gozatzen dudala eta horrekin koherentea naizela, besterik ez. Jendea Korrikara doala, primeran, baina garrantzitsuena da Korrikan zer hizkuntzan hitz egiten duten, baita Korrika baino lehenagoko eta ondorengo egunetan ere.

Zure unibertsitateko ikasleak nongoak dira?

Espainiarrak gehienbat eta Erasmus-ekoak asko. Horiek dira, nire ustez, onenak. Ikustekoa da zer nolako prestakuntzarekin datozen.

Euskararen enbaxadorea ere bazara Madrilen, nolabait. Galdera asko egiten dizute?

Segun eta zein girotan. Giro irekietan harro esaten dut nire lanbidea zertan datzan. Giroa horren irekia ez denean, aldiz, kontu handiagoz ibiltzen naiz. Esate baterako, okela saltzen didan harakina fatxa hutsa da. Bospasei bandera espainiar erraldoi ditu harategian, okela ikusten ozta-ozta uzten dutenak. Behin galdetu zidan ea zertan ari nintzen lanean eta filologoa naizela erantzun nion. Kito. Nik badakit berak ez dakiela zer den hori, baina azalpen gehiago ez diot eman behar, oso okela ona ematen baitit beti.

Beste behin operatu egin behar ninduten eta ebakuntza-gelan sartzear geundela, anestesia jarritakoan, zertan aritzen nintzen galdetu zidan medikuak. “Enseño vasco” esan nion. “Eso no sirve para nada” erantzun zidan zakarki eta nik, gaitasuna edo indarra ez dakit nondik atereaz azaldu nion: “Pero me sirve de maravilla para pagar la hipoteca”. Batzuetan errespetu falta ikaragarria sumatzen da, baita presioa ere. Ikasleek kontatzen zidatenean zer nolako gauzak entzun behar izaten zituzten, lehen batez ere, oso mingarria suertatzen zitzaidan. Batzuei etxean esaten zieten ez jarraitzeko horretan, burmuina garbitu behar zietela eta. Azken boladan hori ia desagertu egin da eta Madrilen herra gehiago sumatzen dut Kataluniarekiko Euskal Herriarekiko baino. Egia esan, Kataluniaren aurka hitz egitea Madrilen oso aspaldiko kontua da.

Txekieratik euskarara egindako itzulpen sorta ederra duzu.

Literatur itzulpen asko egin nituen, batez ere duela zortzi bat urtera arte. 1993an hasi nintzen Milan Kunderaren Amodio barregarriak lanarekin. Gero Jaroslav Hašek idazlearen Xveik soldadu onaren menturak Mundu Gerran, Josef Škvorecký-ren Mundu mingotsa eta Milan Kunderaren Izatearen arintasun jasanezina egin nituen. Euskaratik gaztelaniara Javi Cilleroren Ciudad de locos itzuli nuen eta azken hilabeteotan beste literatura-liburu bat itzultzen aritu naiz: Ricardo Pichel Gotérrezekin batera, Iban Zalduaren Azken garaipena (2012ko Euskadi Literatura sariaren irabazle haur eta gazte literaturaren sailean) galizierara itzuli dugu, eta irailean argitaratuko da. Itzultzaile moduan publizitatearen munduan ere sartu nintzen telebistarako iragarkiak itzuliz Madrilgo enpresa batean. Oso esperientzia interesgarria izan zen.

Kaikurena ez zen izanen zurea? “Denak gara kaiku”… Gogoratzen?

Ez! Baina hori buruan izan nuen hau egiterakoan. Oso ardura handiko lana egiten ari nintzen eta ezin nuen akatsik egin. Kontuz ibiltzeko lana da eta oso ondo ordaindua, literatura baino askoz ere hobeto.
 

Nortasun agiria

Karlos Cid Abasolo  (Madril, 1963ko abuztuaren 20an). Hizkuntzalaria, Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko irakaslea. 15 urterekin euskara ikasteari ekin zion bere kabuz. Duela hogeita bost urte hasi zen euskara irakasten Madrilgo Euskal Etxean eta Hizkuntza Eskolan. 2007tik Euskal Filologiako irakaslea da unibertsitate horretan. Bertan egiten den EuskalComplu kultur egitarauaren koordinatzailea da eta hamaika sustapen ekimenetan parte hartzen du, Madrilen egiten den Korrika Txulapoan, esate baterako. Hizkuntza eslaviarretan espezialista izanik, hainbat literatur lan itzuli ditu txekieratik euskarara. Etxepare Institutuko ohiko kolaboratzailea da eta Euskadi Irratiko tertuliakide Xabier Amurizarekin batera, azken bost urteotan. 

Japonieraz

“Japonieraz, euskaraz bezala, erlatiboa izenaren ezkerrean doa, baina han ez dira sentitzen erlatibozko perpaus laburrak egitera behartuta, buruan ez dutelako beste hizkuntza boteretsuago bat bidea markatzen diena. Lasai ederrean 50 hitzeko erlatibozko perpausa egin dezakete. Hemen euskaldun batek halakorik egingo balu, jendeak Ertzaintzara deituko luke segituan”.
 

Elebitasun nekosoa

“Hemen elebidun bizi nahi izatekotan egunero borroka egin behar duzu eta hori ikaragarri neketsua da jendearentzat. Hori gertatzen da, neurri batean, euskaldunen artean ere alproja asko daudelako. Euskara ez da maitatzen euskara maite duzula esanez. Hobe da hori ez esatea eta egunerokoan praktikara eramatea”.
 

AZKEN HITZA
Euskara ez da exotikoa

“Euskaldunek kosmobisio propioa dutela esatea polita da eta saltzen du, baina zertan datza? Hor daude hainbat teoria euskarari buruz, Oteizarena kasu. Niri oso ipuin polita iruditzen zait baina ipuin bat da, azken finean. Fikzio handi batean oinarritutako teoria, errespetu guztiarekin. Exotismoak saltzen du, Europako hizkuntza zaharrena hitz egiten duzula esatea oso ongi gelditzen da ligatzeko, adibidez. Baina prestigioa eta sendotasuna ez zaio hortik etorriko. Hainbeste informazio mugitzen den aro honetan jada ez da ia ezer exotikoa gelditzen. Sentitzen dut, baina euskara ez da exotikoa eta euskaldunak ez gara exotikoak. Nahiago nuke exotismo gutxiago eta egoera linguistiko orekatuagoa izatea”.

Argia beti piztuta

“Tamalez gogorra da, baina Euskal Herrian lau haizeetara zabalduko bagenu iragarki bat esanez euskaraz hitz egitea debekatuta dagoela, erabilera handituko litzateke. Hau esanda badakit batzuek madarikatuko nautela, baina argia beti piztuta eduki behar dugu, erlaxatu gabe”.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntzalaritza
Euskara eta sexu-genero disidentziak uztartzeko zertzeladak

‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.


2024-10-24 | Rafa Arriola
Egun on, España…

Gero eta akats ortografiko gehiago atzematen dugu sare sozialetako idazkietan, eta ez soilik gazteek egindakoak, baita komunikabideetakoak ere. Batzuk hain bihurtu dira ohiko, non gure begiei apenas ez dieten minik ematen.

Horrela, gaztelaniaz hauek bezalakoak barra-barra... [+]


Ekin eta jarrai

"Ekin eta jarrai" da Euskaltzaindiaren goiburua. Ez dakit Akademia zergatik ez zuten ilegalizatu, hiru berba horiek agertuta bere logotipoan. Gutxiagorekin egin dira salaketak-eta (adin batekook La orquesta Mondragón-en kasetearena gogoan dugu, Martxoaren 11ren... [+]


2024-08-12 | Sustatu
Kip- eta Chep- izen horiek norenak diren

Faith Chepngetich Kipyegon keniarrak 1.500 metroko atletismo proba irabazi zuen larunbatean, Paris 2024ko azken-aurreko egunean, bigarren emakumezkoa bilakatuz historian atletismoan urrezko hiru domina olinpiko erreskadan lortu dituena. Gauzatxo bati ere erreparatu... [+]


2024-06-25 | Euskal Irratiak
Pantxoa Etxegoin
“Euskararen diagnostiko bateratu bat erdietsi nahi dugu Iparraldean euskara biziberritzeko”

Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian jardunaldia antolatzen du ostiral honetan Baionan Euskaltzaindiak. Euskararen alde egiten dena eta ez dena eztabaidatzeko mementoa izango da. Eragileak eta politikariak bilduko dira egun osoan.


Mañeruibarko haur euskaldunak sarituko dituzte Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak

Euskara galdua zen eremu mistoko eta ez-euskalduneko herrietako familien ahaleginak aitortuko dituzte ekitaldian. Oskar Alegria zinemagilearen bideoak emango dio hasiera ekitaldiari 11:30ean udaletxean.


Maitena Duhalde hizkuntzalaria
“Lapurdiko itsas hegian egun 80-90 urte duen belaunaldiaren hizkera deskribatu dut”

Donibane Lohizunen jaio zen Duhalde 1987an, baina Uztaritzen bizi eta hazi da, eta etxean zein herrian entzundako euskararen aldaerek bultzatu dute Lapurdi itsas hegiko euskarari buruzko tesia egitera. Gaur egun, EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatean ari da irakasle lanetan... [+]


Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-05 | ARGIA
Mikel Perez
“Euskara eta gaztelania nahastearen arrazoi bakarra ez da hizkuntza gaitasuna”

Mikel Perez Gonzalez hizkuntzalaria hitz egiterakoan erabiltzen den kode alternantzia aztertzen ari da, alegia, euskaldunek nola nahasten dituzten euskara eta gaztelania. Alternantziaren arrazoietako bat euskara gaitasuna da, baina Perezek gehiago ere kontatu ditu.


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


2023-07-20 | Cira Crespo
Anik Nandi, soziolinguista
“Uste zen hizkuntza sartzen bazenuen hezkuntza sisteman jendeak hitz egingo zuela, baina ez”

Anik Nandi Indiako soziolinguista da, Mendebaldeko Bengalan jaioa. Gaur egun doktoratu ondoko ikertzailea da EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketen Sailean, eta kolaboratzailea, berriz, Galiziako Errege Akademiako (Real Academia Galega) Soziolinguistika Mintegian eta... [+]


2023-07-12 | ARGIA
Mikromatxismo, egia berdadero, afariketan… Euskaltzaindiaren Hiztegiak 646 forma berri jaso ditu

Euskaltzaindiak Hiztegia sarean eguneratu du: 646 forma berri jaso ditu azken sei hilabeteotan, eta 1.130 forma moldatu edo findu. Lehendik dagoena txukuntzeari ere garrantzia eman diote. “Adibideak ere berrikusi ditugu, batez ere berdintasunari dagozkionak: emakumeen... [+]


Eguneraketa berriak daude