Genero ikuspegitik hedabideetan ematen den desorekari erantzuteko lanean buru-belarri ari dira Eider Olazar Elduaien eta Oihana Etxebarrieta Legrand kazetariak. Emakumeok kazetarion agendan: euskal emakume adituen biltoki digitala proiektuarekin, Berria Fundazioaren beka jaso zuten urtarrilean eta 2015erako martxan izanen da Gabiltza datu-basea.
Hedabideetan emakumeen presentzia areagotu eta gogoetarako bidea zabaltzeko asmoz ekin zioten egitasmoari.“Bi helburu bete nahi ditugu. Batetik, kazetarientzako tresna erabilgarria sortu, eta bestetik, kontzientziazio lana egin. Orain arte hedabideetan lekurik izan ez duten ahotsei fokua ipintzea da asmoa”, azaldu du Olazarrek.
Komunikabideetan gizonek eta emakumeek hartzen duten lekua ez da parekidea. Lehenak aditu bezala agertzen dira eta “seriotzat” ditugun gaiez mintzo dira. Emakumeak aldiz, bigarren planoan ageri ohi dira eta “garrantzi gutxiagoko” gaiak lantzen dituzte, “bigunagotzat” hartzen direnak, aisia edo kultura kasu. “Jendartearen iruditegian eragina du horrek, publikoak errealitatearen argazki desitxuratua jasotzen duelako. Badirudi emakumeek ez dakitela ekonomiaz edo zuzenbideaz”, kexu da Etxebarrieta.
“Iritzi-emaileen figura ere maskulinoa da, oro har. Irrati eta telebistetako tertulietan nork bere iritzia emateko modu bortitzean hartzen dute parte hizlariek. Emakume asko ez da testuinguru horretan eroso sentitzen eta parte hartzeari uko egiten dio, nahiz eta jorratuko den gaiaren inguruan asko jakin”, adierazi du Olazarrek. “Beste asko berriz, ez daude ahaldunduta eta ez dute euren burua aditu gisa ikusten”, gehitu du Info7 irratiko esatariak.
Egungo adituaren figura zalantzan jarri eta eraldatu nahi dute proiektuaren egileek. Haien esanetan, “klase ertain edo altuko gizon zuriena da hitza hedabideetan, ikasketadunak gehienak. Medioek eta jendarteak horiek kontsideratzen ditu aditu”. Molde hori irauli nahian, edozein esparrutan esateko edo erakusteko zerbait duten emakumeak ikusaraztea da agendaren xedea.
Ikasketa akademikoei lotutako tituludunez gain, norbere bizipenek emandako jakinduriaren jabe direnak ere aditu direla uste dute Olazarrek eta Etxebarrietak. Ildo horretan, aritu eta aditu horien esperientziak belaunaldi berriei transmititzeko beharraz mintzatu zaizkigu. “Etxekoandre asko makroekonomian ez dira adituak izango, baina eguneroko ekonomia, lan erreproduktiboa eta zaintza inork baino hobe ezagutzen dituzte. Asko dugu haiengandik entzuteko eta ikasteko”, dio Etxebarrietak.
“Aurpegi eta ahots berriei atea irekitzeak gai berriak lantzeko aukera zabaltzen du. Hedabideetan ikusezin diren gaiak azaleratu eta esparru pribatuan gelditzen diren gaitegiek argia ikusiko dute; eta horrek errealitatea ulertu eta erakusteko beste bide batzuk eskainiko ditu”, uste du Olazarrek.
“Hedabideetan subjektu pasibo gisa agertu ohi dira emakumeak sarri. Haiei buruz hitz egiten da, haiei ahotsik eman gabe. Protagonismorik bilatu nahi ez izatea eta lehen lerrotik aldentzea eragiten du horrek”, gogorarazi du Etxebarrietak. Olazarren aburuz, “emakumeek subjektu aktibo izatera pasa eta komunikazioan protagonismoa hartzen duten heinean egingo dute euren lekua jendartean”.
Finean, exijentziarekin zerikusi handia du horrek guztiak. “Emakumeok auto-exijentziaz gain, kanpo exijentzia izugarria dugu. Jendarteak ez die berdina eskatzen emakumeei eta gizonei”, dio Etxebarrietak.“Musika jarriko nuke horren adibide. Taldeetan tresnaren bat erdipurdi jotzen duten milaka gizonezko aurki ditzakegu, konplexurik gabe igotzen dira oholtzara. Emakumeek aldiz oso ongi jo behar dute bateria, baxua edo dena delakoa taula gainera igotzeko. Berdin autoarekin ere. Emakumeok gaizki gidatzen dugula orokortu da jendartean, istripu gutxiago izaten ditugula frogatua egon arren. Besteei demostratu beharra eta gure burua justifikatzen ibiltzea nekeza da, oso”, gaineratu du hondarribiarrak.
Olazarrek ere hala uste du: “Esparru publikoan aritzeko segurtasun falta dakar horrek. Zuzenekoei beldurra, kamera eta mikrofono aurrean jartzeko erreparoa edota idazteko ziurtasun eza”.
Euskal kazetarien sektore batean badago gaiari heltzeko interesa eta ardura. Horren erakusgarri izan da orain pare bat aste UEUk antolatutako Generoaren tratamendua kazetaritzan. Lanerako tresnak eta estrategiak mintegia.
Etxebarrieta irakasle aritu zen bertan eta azpimarratu duenez, “ikastaro oparoa izan da. Hurbildu direnek jarrera aktiboa izan dute eta aurrera begirako proposamen interesgarri ugari egin dituzte. Komunikabideak elkarrekin antolatu eta hainbat gai modu berean jorratzeko ideiak atera dira. Esaterako, zaintzaren gaia ekonomian lantzeko ideiak onarpen zabala jaso du”.
“2012ko Topaketa Feministetan gai horri heldu genionean ohartu ginen hainbat emakume kazetarik haien gain hartzen zutela euren hedabideetan emakumeen presentzia areagotzeko ardura. Horrek zama handia suposatzen du, eta baliabideak sortzeko beharra ikusi genuen”, dio Olazarrek.
Hortaz, euskal hedabideen eskari bati erantzun nahi dio proiektuak. “Herri komunikabideetan gogoa badago joera aldatzeko, baina tresnak behar dira kazetariei laguntzeko”, gehitu du tolosarrak.“Egungo kazetaritzaren azkartasuna medio, hausnarketarako tarte txikia dago eta bide errazenera jotzen dugu maiz, betiko diskurtsoetan eroriz”.
Ildo horretan gida elektronikoa aurkezteaz gain sentsibilizazio eta formakuntza saio batzuk eskainiko dizkiete interesa duten kazetariei. Erreminta nola erabili erakutsi eta genero ikuspegia modu egoki eta eraginkorrean lantzeko hainbat gako emanen dituzte.
Bestalde, proiektua garatzeko bi eredu aurrekari erabili dituzte erreferentzia gisa: Sevillako emakume kazetarien taldeak orain bi urte osatutako 300 emakume adituren gida digitala eta Britainia Handian sortutako The women’s room egitasmoa.
Egileen arabera, zenbait gauza aldatzen ari dira azken urteotan, baina lan handia dago aurretik. “Ohartu gabe bada ere, sistema patriarkalaren moldeak erreproduzitzen ditugu etengabe. Kazetaritzan ere eguneroko ogia dira –dio Etxebarrietak–. Horregatik iruditzen zaigu kontzientziazioa bezain garrantzitsua dela urratsak ematen hastea. Garrantzitsua da kazetariek estereotipo sexistak eta genero rolen banaketa saihestea”.
“Egia da ereduak aldatzen ari direla eta medioetan emakumeen presentzia areagotzen ari dela, baita orain arte gizonezkoenak kontsideratuak izan diren esparruetan ere. Baina kirol albisteak beti bezalakoak dira oraindik ere, aurkezlea emakumea izanagatik”, kritikatu du Olazarrek.
Kazetari tolosarraren ustez, zuzendaritza edo ardura postuetan emakumeak ari diren hedabideetan, beste sentsibilitate bat nabari da; gaitegia zabaldu eta beste balore batzuk lehenesten dira. “Ez du esan nahi beti hala denik, baina ikuspegi parekideagoa egon dadin laguntzen du”.
Etxebarrietak azpimarratu du, azkenik, gaiak genero ikuspuntuarekin lantzea ezin dela kazetari bakar batzuen esku gelditu: “Hedabide baten lana bermatzeko medioaren ildo politikoaren baitan txertatu behar da ikuspegia, eta alor guztietan aplikatu. Lan egiteko eran, edukietan, lankideen arteko harremanetan eta gaien tratamenduan”.
Gabiltza izena hartuko du atariak, mugimendua, dinamismoa eta aurrera egitearen ekintza irudikatzeko. “Geldirik ez gaudela, bagabiltzala adierazi nahi dugu. Gainera bil horrekin erabiltzaile eta adituen biltoki izaera islatu nahi da”, azaldu du kazetari hondarribiarrak.
Euskal Herri osoko adituak bilduko ditu egitasmoak: euskaldunak eta erdal hiztunak, feministak eta euren burua feministatzat ez dutenak, baina esparruren batean edo bestean zeresana izan dezaketenak. Oraindik ez dute aditu kopurua zehaztu, baina ahalik eta datu-base aberatsena sortu nahi dute. Horretarako, erabiltzaileek eurek elikatuko duten sistema ipiniko dute martxan. Datu-baseko emakume bakoitzaren fitxa ahalik eta gehien osatzeko haien inguruko bideoak, idatziak, egindako lanak eta proiektuak edota elkarrizketak igotzeko tartea eskainiko du webguneak, baita aditu berriak proposatu eta haien kontaktuak txertatzeko aukera ere.
Web orriaren diseinua eta antolaketa zehaztuta dituzte jada. Bilatzailea eta atalak finkatuta, informatika alorra lantzen dabiltza egun. Besteak beste, aditu eta arituen kontaktuak, albisteentzako txokoa eta dokumentazio esparrua jasoko ditu atariak. Kazetariez gain, herritar ororentzako tresna izatea du helburu, eta horregatik, formaziorako txokoa ere izanen du Gabiltzak. Generoaz kaleratutako txostenak, eztabaidak, hitzaldiak eta mahai-inguruak iragarri eta ipiniko dira bertan. Hala nola, hizkuntzaren erabilera sexista saihesteko gidak. Gestio lana eta alderdi juridikoa ere lotu dituzte, Datuen Babeserako Legeak arautzen dituen zehaztapenek berebiziko garrantzia baitute halako zerrendetan.
Harreman sarea osatzeko eta akordioak bilatzeko baliatuko dute uda. Hainbat esparrutako kolaboratzaile eta “aliatuak” bildu nahi dituzte ahalik eta sare handiena sortzeko. Jada akordio sendoa lortu dute UEUrekin; ondorioz Inguma, Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea, elkartrukerako lagun izanen dute. EHUko Berdintasun Zuzendaritzarekin ere harremanetan daude, eta askotariko herritarrekin hasiak dira elkarlanean. Irailean hasiko dira webgunea adituen fitxekin osatzen eta urte amaierarako bukatu nahi dute proiektua.
Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).
Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.
Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]
Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]
Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea erabakitzen... [+]
Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.
Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]
“Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]
Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.
Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.
Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]
Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]
Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.