Occupy Wall Street mugimenduak praktikan emaitza gutxi eskaini duela nork esan du? Zorpean itota dauden milioika herritarren kasuan, ez bakarrik zorpetzea den zapalketaren mekanismoak aireratu ditu, gainera Rolling Jubilee kanpainarekin erakutsi du jendeari pagatu ezinezko zorrak azkar eta erraz barkatzea posible litzatekeela.
AEBetako 2.693 etxetan gutun bitxia jaso zuten 2013ko udazkenean. Honela zioen: “Hemendik aurrera ez zaude behartuta zure X kontua ordaintzera ez hasieran zeneukan hartzekodunari, ez fakturen kobratzaileei eta ez beste inori”. Ez zen larri dagoenari muturrera barre egitea, benetako egia zen; gutuna jaso zutenei esaten zien Rolling Jubilee kanpainarekin egindako diru-bilketari esker haien zor atzeratuak beste batek erosi eta barkatzen zizkiela.
Rolling Jubilee euskaraz izango litzateke ‘jubileo ibiltaria’ edo ‘barkamena martxan’. Jubileoa eliza katolikoak deklaratzen du tarteka sinestunei bekatuak oro barkatzeko. Zorren alorrera ekarrita, barkamen orokorra, kitatze erraldoia. Occupy Wall Street mugimenduko liderretakoa izan den David Graeber antropologoak –Larrun batek bildu berri du bere pentsamenduaren mamia– azaldua du historian zehar aldika ugazaba eta buruzagiek zorpetuei beren zorrak barkatzen zizkietela, sistemak lehertu barik bizirauteko baldintza zelako.
Historian zehar... eta gaur ere bai, batzuei bederen. Berrikitan, 2008ko krisitzarrak eztanda eginik, zordun handiei zulo izugarriak barkatu, kitatu eta berdindu zaizkie, esan nahi baita finantza erakunde boteretsuei. Aldiz, dio Graeberrek, nobedadea da lehenbiziko aldiz sistemak erabaki duela zordun txikiei ez barkatzea berenak, menturaz ziur daudelako oraingoan ez dela leherketa sozial kontrolaezinik gertatuko.
Kontuok aztertzeko Strike Debt (Zorra kolpatu edo Eman gogor zorrari, euskaraz) taldea mobilizatu zuen 2011n Occupyk. Strike Debtek abian jarri zuen Rolling Jubilee salaketa teorikoa gaindituz ikutzeko moduko emaitzak lortu asmoz. Horren emaitza izan da 2013ko udazkenean 2.693 familiari bidalitako gutuna: diru bilketa handia antolaturik 600.000 dolar eskuratuta, horietatik 400.000rekin erosi dituzte 14,7 milioi dolarreko zorrak, jendeak gaixotasunengatik edo ikasketetarako hartu eta ordaindu ezin zituenak.
400.000rekin nolaz 14,7 milioiko zorrak erosi? Herritar gehienek ez dakiten arren, azalpen erraza du. Herritarrek pagatu ezin dituzten zorrak, kreditu txarteletan, maileguetan edo osasun aseguruetan pilatutakoak, bankuek paketetan bildu eta saldu egiten dituzte bigarren mailako merkatua deituan. Oso merke, sarritan bere prezioaren %5ean. Zorra erosten duten sarraskijaleek etekinak ateratzen dituzte zordunak pertsegitu eta ahalik eta gehien kobratzetik. Hasierako bankuek, aldiz, zorraren parte bat berreskuratzea lortzen dute, txikerra bederen.
Kanpainaren arimetako bat izan den Andrew Ross irakasleak azpimarratu du pedagogia egitea izan dela helburua, 15 milioi dolarreko zor multzoa ez baita handiagoa itsasoan tanta bat dena baino. Nagusiki osasun arazoekin lotutako zorrez osatutako hiru erosketa burutu dituzte.
Creditocracy liburua plazaratu zuen Ross harro dago zorraren mekanika jendeari azaltzeko balio izan duelako. “Gutxik dakite beren zorrak merkatuan zein merke saltzen diren, eta jakiten dutenean psikologia aldatzen zaie. Zeren eta kobratzaileak deitzen dizunean, exijituz zure zorra osorik ordaintzea, zuk badakizu berak zure zorra oso-oso merke erosi duela”.
David Graeberrek idatzia du: “Occupyn geunden gehienak ginen, batera edo bestera, AEBetako zor sistemaren errefuxiatuak. Mugimendua indartu ahala hasi ginen ohartzen zer den benetan sistema: zorra da aberatsek gainerakoon ondasunak bereganatzeko sistema, hemen bezala munduan”.
Occupy Wall Streetekoen artean zorraz asko idatzi duen beste bat George Caffentzis filosofoa da, Silvia Federici ekonomialari ekintzailearen senarra. Caffentzis berrikitan Madrid eta Bartzelonatik pasatua da. Haren ideiak interneten bildurik aurkitu daitezke gaztelaniaz bai eskaini dituen elkarrizketetan eta bai Auditoria Ciudadana mugimenduak itzuli dion “Contra la economía de la deuda” idatzian.
Caffentzisek bere buruaz dio diruaren filosofian dagoela espezializatua. Hona laburbildurik bere analisia.
Langileek mendeak behar izan dituzte jabegoak eskuratzeko eta horrela bankuen maileguetara jo ahal izateko. Estatuak sustatu zuen langileek maileguak hartzea, batik bat 1930eko krisi handiaren ondoren, jendeak baretzeko. Eredu hau hazten eta garatzen joan zen 1970eko hamarkada arte. Orduan Estatua hasi zen hezkuntza eta osasungintza korporazio pribatuen esku uzten; langileek gero eta gehiago beren sakelatik pagatu behar zituzten bi zerbitzuok baina soldatak hasi ziren jaisten eta langileei ondasun publikoak zor bihurtu zitzaizkien.
Urteotako neoliberalismoaren ostean jende asko zorpetzen da bizirauteko eta zorpetzeak menpekotasuna dakar, edozer jasateko prest egotea, berdin soldata jaisten badizute. “Bilakatu gara gurpil barruan erotuta korrika gabiltzan saguak. (...) Sistemak zutik iraungo du langileek zorraren gurpilean segitzea onartzen duten bitartean. Kapitalismoa formaz aldatzen ari da: badira ekonomialariak esaten dutenak jende masa handi batek ia-esklabo moduan egin beharko dutela lana”.
Caffentzisek ez du maite middle class kontzeptua: “Funtsean klase ertaina zorpetze horren emaitza da, hau da, noizbait goiko klasea ukitzera iritsi zitezkeela sinetsi duten langileak. (...) Gaur bizitzako oinarrizko gauzak eskuratzeko zorpetu beharra dago. Dilema bat daukagu: ea nahi dugun dena salerosgai izatea ala zirkuitutik kanpo utziko ditugun oinarrizko beharrak: elikadura, hezkuntza, osasuna eta etxebizitza”.
Rolling Jubilee kanpainak lortu du protagonismoa ematea jendeen zor txikiari. Esan nahi baita, herritar bati bere zorrak zama jasangaitza damaion arren, ikuspegi orokorrekin mikro mailan geratzen dela. Zorraren eztabaidan, aldiz, garrantzia ia beti eman zaio zor makroari, eta nagusiki zorpetze publikoari.
“Justizia Globalaren aldeko mugimendua –dio Caffentzisek– 1990eko hamarkadan zentratu zen zor publikoan. Ordua heldu da haren oinordekoak elkarlanean hasi daitezen 2008az geroztik zor mikroaren kontra borrokan hasi berriak diren mugimenduekin”.
Hasiera baino ez da izan 2.693 familia beren zorretatik askatzea. Bertolt Brechten hura eguneratuz: “Zordunak beren zorretatik ez dituzte askatuko beste zordunek baizik”.
Heriotza-zigorra eskatzeko argudio gisa, "indarkeria politikoko ekintza" izan zela adierazi du AEBetako Fiskal Nagusiak.
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren ekimenez, txirrindularitzarekin lotura duten 70 bat pertsonak eskatu dute talde sionistak ez dezala txapelketan parte hartu, eta lortu dute.
Lekukotasunak, autopsia txostenak eta atxiloaldian izenpeturiko adierazpenak bildu ditu The Independent komunikabide britainiarrak. 2023ko urriaren 7az geroztik 70 palestinarrek dute bizia galdu Israelgo presondegietan. Palestinar presoen alde dabilen Addameer elkartearen... [+]
Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]
Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]
Bizitza erdigunean jartzeko abagunea ikusi genuen feministok zein ekologistok Covid-19 pandemia garaian. Ez ginen inozoak, bagenekien boteretsuak eta herritar asko gustura itzuliko zirela betiko normaltasunera. Bereziki, konfinamendu samurra pasa zutenak haien txaletetan edo... [+]
Wikipedian bilatu dut hitza, eta honela ulertu dut irakurritakoa: errealitatea arrazionalizatzeko metodologia da burokrazia, errealitatea ulergarriago egingo duten kontzeptuetara murrizteko bidean. Errealitatea bera ulertzeko eta kontrolatzeko helburua du, beraz.
Munduko... [+]
Berriki zabaldu da Gazako lurralderako Egiptok egindako hirigintza-antolaketa plana. Marrazki batean jaso dira etorkizuneko kale, eraikin eta iruditeria, oraindik metraila eta lehergailuen usaina darion errealitate baten gain. Hirigintza proposamena, beste bonba jaurtiketa bat... [+]
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]
Directa hedabideak ikertu eta argitaratu du poliziaren infiltrazioa. 2019ko irailean hurbildu zen lehen aldiz Lleidako Ateneu Cooperatiu taldera, Joan Llobet García izenpean, eta 2021eko azaroan utzi zuen militantzia, Bartzelonan lana aurkitu zuela eta amonaren... [+]
Triskantzaren balantze humano eta ekonomiko ilunaren esperoan, galdera berehala bururatzen zaigu urrutiko begirale baino asko gehiago ezin izan garenoi: zer gertatuko da orain gerra zibil horretan? Nolako eragina izango du lurrikararen suntsiketak? “Nargis efektu”... [+]
Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]
Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]