Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko zurezko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa, Renoko (Nevada, AEB) Euskal Artzainari monumentua… ikustean etorriko zaio herritarrari Basterretxearen izena burura.
Ama Lur (1968) film mugarriari atxikia ere oroituko du jendeak bide-urratzailearen lorratza. Eta kartel zein logotipotan aurkituko du artista konprometituaren zigilua: Bai Euskarari-ren logotipo zaharra, 2012ko Durangoko Azokaren kartela, 1512-2012 Nafarroa Bizirik egitasmorako kartela edo Gure Esku Dagoko logotipoa adibide. Arteak gaindituko ditu herritar eta artistaren arteko denborak, Argian kontatu zuenez: “Jose Antonio Altunarekin Ekaineko kobetara joan nintzenean, zaldiak margotuta dauden frisoa erakutsi zidan. ‘Zaldi horiek nik marraztu ditut’ esan nion. Harrituta begiratu zidan, eta ‘juxtu hauek ez, noski, baina horren berdin-berdinak bai’ esanez lasaitu nuen. Ezagutzak obra aztertzeko egilearen larruan jartzen zaitu, eta hor ez dago denborarik”.
1924an Bermeon jaioa, bi gerrak harrapatu zuten gaztetan: 1936ko gerra lehertu zenean 13 urte zituen. Aita EAJko diputatu izanik, Donibane-Lohizunera ihes egin zuten. Oroitzapen bakoitza lau zertzeladetan kontatu zuen Argian (2001): “Jendeen kruze ikaragarri bat zen hura, aurpegi dramatikoekin, hitz egin gabe, denok baikenuen gure istorioa”. Bermeoko etxea arpilatu zieten eta 27 urtez Guardia Zibilen kuartela izan zen. Gerra batetik ihesi Parisa jo, eta han handiago batek, II. Mundu Gerrak harrapatu zituen. Azkenik itsasoratu egin ziren, eta Buenos Airesera iristeko 18 eguneko bidaia behar zuena, 480 egunekoa bihurtu zitzaien. “Itsasontzi barruan jendea jaiotzen eta hiltzen zen. Euskaldunak, espainolak, judutarrak... Denetik zegoen”.
Gertakizun haiek markatu zuten bere artea eta heriotzarekiko perspektiba: (Argia, 1990): “Gai dramatikoak margotzen hasi nintzen, figura beltzak, gorriak, grisak, nire barruko sufrimendu guztiak kanporatu nahian edo. Konturatu gabe sufritu nuen, urteak eta urteak sufritzen pasa nituen. Asko sufritu dut heriotza dela medio”. Artearen bidez errealitate gordinari aurre egitea izan zuen hautu, baina errepresentazio hutsera mugatu gabe: “Zuk ikusten duzuna beste era batera sentitzeko gai bazara, logikoa da hori artean aplikatzea. Artista gai da errealitatearen gainean zerbait asmatzeko, errealitatean ez dagoen zerbait, zugan baizik. Zuretzat zeruek ezin dute beti urdinak edo grisak izan, edo zelaiek berdeak. Hor daude zeruak eta mendiak, baina nire zerua eta nire mendiak beste batzuk dira. Artea modu pertsonalean errealitatea diseinatzeko era da. Errealitatetik abiatuta, baina inoiz imitatu eta ilustratu gabe. Zure sentimenduetatik kontatuz”. 2012ko beste elkarrizketa honetan heriotzaz trufatzera iritsi zen: “Ezinbestean sarri-sarri oroitzen naiz heriotzaz, baina arteak horretan pentsatuz porrot ez egiten laguntzen dit. Dena den, eskerrak ez dagoen beste mundu edo dena delakorik, ze berriz faxista madarikatu horiekin topatu beharrak nire onetik aterako ninduke!”.
“Nik uste dut Oteiza, Chillida, Mendiburu eta nire arteko jarreretan adostasuna egon zela, aldez aurretik pentsatu gabea, euskaldun bezala bermatu nahiaren borondatetik sortu zena. Bakoitzak soluzio diferentea eman zion borondate horri, eta nirea euskal kosmogonia berreskuratzetik etorri zen, Barandiaranen ikerketek lagunduta. Gure kulturan ez genuela imaginik heredatu ediren nuenean nire buruari proposatu nion imajinak sortzea. Oteizaren kasua intelektualagoa izan zen; Mendiburu beste erresorte batzuez, lurra, basoa; Chillida berearekin... Lauok euskaldun bezala bermatu nahian aritu ginen, eta gara”.
28 urterekin itzuli zen Euskal Herrira eta Oteizak animatuta Arantzazuko basilika margotzeko lehiaketan parte hartu eta irabazi egin zuen. Lana ondradu egin zuela kontatu zuen Argian, baina “guztira 500 metro koadro pintatu behar nituen, eta lanaren erdia, 11 koadro, margotuak nituela, hasi ziren salaketa zentzugabe horiek, ateo komunistak ginela ziotenak... Gu kondenatzeagatik, ordura arte existitzen ez zen epaitegi bat sortu zuten propio. Kasua Italiako goragoko komisio batera iritsi zen. Gure lana azaldu genuen eta Erromako erantzuna bitxia izan zen gero! Zoriondu egin gintuzten istorioen ulermen eta sintesi gaitasunagatik, baina ez zuten gure estetika onartzen. Eta guztiz pintura figuratiboa zen! Kondenatu egin gintuzten. Eta hori gutxi balitz, nire aurkako eraso basatia egin zuten. Marraztutako guztia ezabatu zidaten, gau batean, fraide eta ume koristek”.
Auzia zenbait urte geroago konponduta, Basterretxeak berriz izan zuen Arantzazuko margoak egiteko aukera. Baina lehendik egindako lanak berreskuratu ordez, berriak egiten hasi zen Irungo garaje batean: “Fraideak zer marrazten nuen ikustera etortzen ziren. ‘Zer, lehengoa marraztuko diguzu, ezta?’, esan zidaten, baina ez. Batetik, ezabatu egin zenizkidatelako. Eta bestetik, 27 urtetan zuek ez zaretelako batere aldatu, baina ni gizaki bezala aldatu egin naizelako”.
Gizon konprometitua, sari ugari jaso zituen Nestor Basterretxeak, besteak beste Eusko Ikaskuntza saria (2005), Eusko Jaurlaritzak ematen duen Lan Onari medaila (2008) eta Gipuzkoako Urrezko Domina, iaz bertan. Artistari kultur ekitaldi zibilean egin diote azken agurra, Donostian, Zorroagako eliza zen eraikinean.
“Batzuk diziplina bakarrera mugatzen dira, baina denarekiko interesa nuen nik, artista batek espresatzeko eskura dituen tresna guztiekiko, bat bera ere baztertu gabe, eta helburu horrek eraman ninduen zinemara –azaldu zigun Basterretxeak duela hiruzpalau urte–. Gainera, beste arte diziplinek ez daukaten abantaila handia dute pelikulek: leku ilunean ikusten dira eta aretoa beteta egon arren, harreman intimoa, zuzen-zuzena, sortzen da ikuslearen eta pantailaren artean. Horregatik haserretzen da ikuslea pelikula batekin, hunkitzera iristen da, negar egiten du… Harrapatu egiten zaitu guztiz eta sentimenduak aztoratzen dizkizu. Eta horrexegatik hartu zuten hain gaizki frankistek Ama Lur filma izatea, eta ez liburu bat adibidez. Zentsura, zailtasun eta oztopo guztiei aurre egin ostean, pelikula Donostiako Astoria zinema-aretoan estreinatu genuenean eta jendearen erantzun aparteko hura ikusi nuenean, ‘Fernando, irabazi egin dugu’, esan nion”. Fernando Larruquertez ari da, bien arteko elkarlanetik jaio baitzen Ama Lur, Euskal Herriko zinemagintza modernoaren abiapuntua (aurretik, Pelotari film laburra egin zuen tandemak).
Euskal Herria eta euskal herritarron nortasuna osatzen duten elementuen 103 minutuko puzzlea izan nahi du Ama Lur-ek. Crowdfundinga boladan dagoen garaiotan, auzolan ekonomikoari esker finantzatu zuten filma eta 1968an estreinatu zen, Donostiako Zinemaldian. Emanaldi arrakastatsua izan zen, eta ikusleek hunkituta egin zuten txalo. Autoreen esanetan, horrelako zerbaiten beharra sumatzen zen giroan. “Uste zuten euskal abertzaletasuna amaitua zegoela, zapaldua, eta bat-batean bi tipok pelikula sutsu bat egin zuten; ‘baina hauek nondik atera dira?’… Euskal herritarren protesta itzela izan zen Ama Lur, Espainiako diktaduraren aurkako aldarria”, gogoratu zuen artistak.
“Uso zuria, uso gorria, dantzan nabil suaren gain…”. Nestor Basterretxea hil dela jakin dudanetik haurtzaroko soinu bandaren parte den abesti hura dabilkit buruan. Basterretxeak berak zioenez, beharbada euskaldunok ahozkotasuna transmititzeko joera daukagulako, irudiak jaraunstekoa baino. Baina doinu eta hitz horiei lotuta bermeotarrak diseinatutako kartela dator beti, 1978an Euskaltzaindiak antolatutako Bai Euskarari kanpainako ikurra. Nire oroimenean kartela ez dut hormetan itsatsita ikusten, ziurrenik trantsizio urte haietako afixa gaindosian galduta dudalako; Basterretxearen uso zuri, gorri eta beltza soinean eraman genuen haurtzaroan, elastikoan serigrafiatua.
Orduan Nestor Basterretxea nor zen ere ez genekien. Are gutxiago arkitekto izan nahi zuela, Le Corbusierren eragina jaso zuela, margolanekin hasi zela, baina bi dimentsiotatik askatzeko premiak eskulturara eraman zuela edota kamisetako uso lau horren lerro garbiek ere bolumena iradokitzen zutela. Usoa zela bagenekien, kantaren hitzek lagunduta. Eta, hala, arteaz ezertxo ere ez genekienean, abstrakzioaren eta forma figuratiboen arteko muga lausotzen den gune horretara eraman gintuen ikur hark. Ikurra bihurtu baitzen, gure hizkuntzaren ikurra.
Hamar urte geroago, uso hark odolaren gorria galdu zuen, eta bolumena irabazi. 1988an zazpi metro luze eta bederatzi metro zabal den Bakearen usoa ipini zuten Donostiako Zurriolan. Hemerotekak baieztatuta, “indarkeria erabiltzen duten guztien aurkako obra” zela esan zuen Basterretxeak. Baina orduan “guztien” hori ez zen existitzen, “batzuen” edo “besteen” baizik. Guk Oilotzarra esaten genion. Ezin zitzaigun gustatu. Eta hala ere, txikitako ikur kuttunaren antza zuen: lerro diagonal sendoak, forma abstraktu geometrikoz osatutako irudi garbia (garbiagoa eskulturan kartelean baino). Handik bost urtera, Kursaaleko lanak medio, usoa Amara Berrira aldatu zuten. Egileak kokapen berria onartu arren, eskultura itsasoko enbatei eusteko sortu zuen eta handik aurrera futbolzale oldeen lekuko besterik ez da izan. Eskultura publikoak espazioaren parte izan behar du, inguruan eragin behar du.
Eta horixe nahiko genuke, Eusko Legebiltzarraren ikurrak inguruan benetako eragina izatea, soilik hiru herrialde ordezkatzen dituzten legebiltzarkideen buru zazpi adarreko egurrezko zuhaitza baitago, Basterretxeak 1984an han ipini zuenetik.
Euskara eta artearen artean, euskal iruditeria kolektiboan “zulo beltza” antzeman zuen artistak, eta hutsunea betetzea izan zuen xede. Aita Barandiaranen mitologiari buruzko lana hartu zuen oinarri, eta Barandiaranek berak sinesmen horiei izaera fisikoa ematera animatu zuen. Hilarriak, argizaiolak, eguzki-loreak berrinterpretatu zituen artistak. Espazio publikoetan daude lan horietako batzuk, Leioako Indarra estela, esaterako.
Baina Basterretxearen Euskal Kosmogoniak eremu pribatua ere hartu du nolabait. Interneten ikusi dut Basterretxearen estela diskoideoen sortako ale batzuk enkantean saltzen dituztela. Eta eskultura txiki horiek hainbat tokitan ikusi ditudala iruditzen zait, etxeetako apaletan, garaikurretan, euskal ikurren interpretazio guztietan. Euskal iruditeria osatzeko Basterretxeak eraiki zuen zubia beste askok zeharkatu duen seinale.
Txikitan Bai Euskarari elastikoa jantzi genuenon belaunaldiak ez du ezagutu Gaur taldea, Arantzazuko polemikaren azken atalaren lekuko besterik ez da izan, izatekotan, askok Nestor Basterretxea nor den ere ez dakite, baina haren irudiak barneratu dituzte oharkabean. Norbait hiltzen denean komunikabideak topikoz bete ohi dira, eta oraingoan ere Nestor Basterretxeak utzi duen hutsunea titularrean aipatu duenik izan da. Baina gure ondare estetikoan antzeman zuen hutsune hura ederki beteta joan da.
Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.
Eskuin muturreko ekintzaileei leporatu diete eskultura bandalizatu izana: Hau kaka euskalduna da idatzi dute frantsesez, eta Heil pepito agur nazia margotu. Jean-René Etxegarai auzapezak jakinarazi du salaketa jarriko dutela. Gainera, Frantziako Alderdi Komunistaren... [+]
Gasteizko Foru enparantzan metalezko eskultura berri bat agertu da, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) erakusketara ongi etorria ematen duena. Eremu anitzetan jardundako artistak sortutako 300 artelan baino gehiago biltzen ditu esposizioak, hala... [+]
Badira erakusketa madarikatuak. Horietako bat izan zitekeen Nestor Basterretxeari Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Artegunea aretoan eskaintzen zaiona, inauguratu eta handik astebetera itxi behar izan baitzituen ateak. Ekainaren hasieratik urrira bitartean baina,... [+]
Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen du Zarautzeko Photomuseumak gaur, abuztuaren 19an. Aurten Nestor Basterretxea omendu dute, artistari buruzko dokumentalaren proiekzioarekin.
Senideak, lagunak eta euskal gizarteko ordezkariak bildu dira astelehenean Nestor Basterretxearen hiletan. Donostiako Zorroaga eliza izan da eskultore bermeotarraren omenezko ekitaldia ospatzeko aukeratutako lekua, nahiz eta ez den hileta erlijiosoa izan.
“Uso zuria, uso gorria, dantzan nabil suaren gain…”. Nestor Basterretxea hil dela jakin dudanetik haurtzaroko soinu bandaren parte den abesti hura dabilkit buruan. Basterretxeak berak zioenez, beharbada euskaldunok ahozkotasuna transmititzeko joera... [+]
Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko zurezko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa, Renoko (Nevada, AEB) "Euskal Artzainari" monumentua ikustean etorriko zaio herritarrari Basterretxearen izena.
1940ko abenduan Alsina baporea Frantziako Marseilla hiritik abiatu zen ehunka errefuxiatu zeramatzala, tartean zen 16 urteko Nestor Basterretxea mutikoa. Ia bostehun egun geroago iritsi ziren Argentinara, itsaso zabaletan eta basamortuetan oinazea jasan ondoren.
Hauxe da... [+]
5.000 biztanle inguru ditu Senperek, baina arlo kulturalean tamaina handiagoa duten herri asko baina bizkorrago dabil azken urteotan. Andoni Iturriozek zaharberritutako Larraldea etxeak badauka horrekin zerikusirik; erakunde publikoen sostengurik gabe, etxea erabiltzen... [+]