Zuhaitzak, arbolak eta zuhaixkak muskildu, inausi eta lepatu egiten ditugu. Batzuetan muskil edo kimu ttikiak, eta besteetan adartxoak, adar politak, baita adar tzar asarreak ere. Berari kendu, eta bueltan zauria utziz.
Forma jakin bat emateko mozten ditugu landareak: itzala izateko, zazpi haizeak haizea hartzera bidaltzeko edo bestela eskuratu ezin duguna inguratzeko. Jirafa pareaz edo herensuge batez jabetu nahi duzu eta ezinean zabiltza? Bada, landarez egin. Laster ikusiko duzu bekaizkeria inguruan zabaltzen. Estetikak barrenak jan eta itotzen gaitu.
Beste inausketa batzuk fruitu gehiago eskuratzeko egiten dira. Sagastietan, adibidez, gero eta maizago ikusten dira udako inausketak. Negukoa, forma emateko utzi eta uda partean arbolaren hazkundea kontrolatzeko eta formari laguntzeko. Sagarrondoaren kemena apaldu eta fruitua ematera bideratzeko ilbeheran egin behar da inausketa hori –aurtengoan ekainaren 26tik uztailaren 10era eta uztailaren 24tik abuztuaren 6ra–. Aldiz, gaztea delako edo pattal dagoelako indartzea bada helburua, ilgoran egin behar da; aurtengoa, uztailaren 11tik 23ra.
Beste landare batzuei egurra emateko arrazoia xinpleagoa da: egurra kendu nahi diegu, su-egurretarako, egur-ikatzetarako, hesoletarako, hagetarako, barazki igokariak abarreztatzeko eta abar. Beste batzuei zura ere kentzen diegu habe, gapirio, soliba, bantzu, ohol, anda, tantai, mastelero, hegastegietarako teila –horiek ere izenen bat izango dute ba euskaraz...–, altzari, itsasontzi eta makina bat abarretarako.
Egur jendea erruz behar da baratzean. Ilarra arbatzeko, tomateei makilak jartzeko, lekentzat eta babarrunentzat pardak... Garai batean hurritzak, lizarrak, ezpelak, kanaberak, banbuak eta abarrek egiten zuten lana, aluminiozko erratz-kirtenek, eraikuntzarako burdinazko hagaxkek eta ferrailek, plastikozko sareek... Zerk ez du egiten egun!
Fruta arbolen inausketa lanetarako prest bazaude, bost aholku eman nahi dizkizut.
Aupa Jakoba. Bizpahiru urtez ez ditugu kiwiak inausi, eta ondorioz sekulako adarje nahasia sortu zaigu eta sare horren gainean sortu dira fruituak. Beraz, bilduko baditugu adar horiek moztu egin beharko ditugu. Arriskurik izango al du orain mozteak? Esker aunitz eta izan... [+]
Yang tao pare bat landatuta dut, arra eta emea. Orain dela hiru urte emeak hogei fruitu eman zizkigun baina iaz eta aurten bat ere ez. Inausketa dela-eta arazoren bat dugula suposatzen dut. Enborretik ezker eta eskumara doazen adar nagusiak ere moztu beharko dira? Eskerrik asko... [+]