"Idazteak badauka zerikusia norberak daraman zauriarekin"

  • Orereta, 1975. “Euskal idazlea eta argazkilaria da”, dio bere curriculumak. Gaztaroko Pontika auzoan girotu zuen Kontrarioa lehen nobela. Oraingoan, atzera egin du denboran. Haur-nerabezaroa birsortu du Gerra txikia nobelan. Hendaia ederki ilustratu du. Ugarte familiaren istorioa du leitmotiva. Xabi haurra da protagonista, Lander haurraren alter egoa, naski.

Lander Garro, Hendaiako Orio auzoko frontoian. Bertan eman zuen haurtzaroko parte bat.
Lander Garro, Hendaiako Orio auzoko frontoian. Bertan eman zuen haurtzaroko parte bat.Dani Blanco

Lander Garroren soslaiaren hainbait ertz: Sare sozialen erabiltzailea. Polemika eta kritiko zalea. Telebistako eta dokumentalen egilea. Euskal gatazkaren zirimolan hazitako ezker abertzalekoa. Gatazka honen traumaren pairatzailea. Argakilaria, kazetaria, idazlea...

Nor da Lander Garro?

Nire bizitzaren hondarretara iritsi beharko dut galdera horri erantzuteko. Taxuzko zerbait esateko, alegia.

Polemiko izatearen ospe duzu, kritikoa.

Beti kostatu zait pentsatzen dudana ez esatea, baina azken urteetan dezente isiltzen naiz. Sinetsita nago askotan esaten duzun horrek ez duela onik ekartzen. Orain, norbait mindu badezaket, badaezpada ez dut ezer esaten. Egia da, beti izan naiz nork bere pentsamendua adieraztearen aldekoa, zorrotza izan naiz, baina ez polemika zale.

Kazetaria...

Hamasei urterekin hasi nintzen argazkilari lanetan [Bartzelonan ikasi zuen], horretan ari nintzela hasi nintzen idazten. Zuk diozun kritiko izate horri zor diot kazetari izatea. Pasaian bazegoen Brankan izeneko aldizkaria. Egileek nik lan egiten nuen tabernan utzi ohi zuten. Egun batean ekartzen zuenari esan nion: “Zergatik egiten dituzue horren azal kaxkarrak? Zergatik ez dituzue baliatzen egungo teknikak zerbait txukun egiteko?”. Harrituta begiratu zidan. Bi aukera zeuzkan, ofenditu edo egin zuena egin: “Aizu, ba, egin ezazu zuk azala!”. Azala egiten hasi nintzen eta elkarrizketak ere. Lehen elkarrizketa Zinemaldiko Mikel Olaziregi zuzendariari egin nion. 

Idazle izaeraz zer diozu? Eta idazleez oro har?

Idazleak irakurle onak gara hasieran, edo irakurle pasiodunak behintzat. Halako batean zirrikitu bat aurkitzen duzu eta: “Honetaz norbaitek idatzi beharko luke” pentsatzen duzu. Idazle denak hasten dira oraindik ikusi ez dutena idatzi nahian. Beno, ni horrela hasi nintzen behintzat. Ni Koldo Izagirre eta Eider Rodriguezen eskutik sartu nintzen literatura munduan. Gehien miresten nuen giza klasea idazlea zen. Euskal Herriko idazleen aurrean belaunikatzen nintzen, nolabait. Gero munduan sartu ahala dezepzio ikaragarria hartzen duzu, deskubritzen duzu idazleak zu bezalako pertsonak direla, zuk dituzun gabeziak, herrenak, ahuldadeak dituztela. Desamodio fase batera pasatzen zara. Literatura beste jarrera batekin ikusten duzu, ironia gehiagoz. Literaturaren mundua kanpotik begiratzen dut orain. Haurrekin bizikletaz dabilen aita naiz. Literatura... bost axola, nolabait.

2008an Jokin Muñozek Bazka aldizkarian idatzia: “Ezker abertzaleko jendeak ironiarekin duen arazoa islatu du Lander Garrok. Ez dute jolas ironikoa ulertzen, edo ez dute ulertu nahi”.

Jokin Muñozek arrazoi zati bat bazeukan. Baina nik ironia baino, fribolitatea esango nuke. Alegia, zuk bizitzan eduki dezakezu posizio eroso samarra fribolitatearen jokoa ulertzeko. Bizi-arnasak eman diezazuke tarte erosoa bizitzeko, baina nik une hartan ez nuen tarte hori. Ni kartzelan bi urte luzez egon nintzen errurik gabe. Nik beti eramango dut bizitzaren bi urte kendu zidateneko mina. Egoera batek asko mintzen zaituenean, demokrazia deitzen duten horri barre egiten diozu. Zauria hain irekia duzunez, asko kostatzen zaizu bromaren jokoan sartzea, berak zioen bezala. Gaur ez nioke erantzungo.

Gerra Txikia nobela idatzi duzu orain. Nobelan  kontatu nahi zenuena idatzi al duzu?

Ez guztiz. Liburu bat bukatzen dudanean, bi sentimendu ditut: lehena, sorpresarena. Idazten hastean amaiera inoiz ez dela iritsiko egoera bizi dut, luzea eta korapilatsua egiten zait. Beraz, sorpresa hartzen dut bukatu dudalako. Bigarrena, eta batez ere, idatzi dudanak eta idatzi nahi nuenak ia zerikusirik ez duten sentipena izaten dut. Liburuak badauzka bere apetak, buruan zerbait zenuen eta erabat diferente idatzi duzu. Gauza ilunak, gogorrak eta deprimenteak idazten saiatu ohi naiz, baina gero, alde komikoa ateratzen zait. “Zure liburuarekin barre egin dut” esaten didate. “Bada, ez zen nire asmoa”, esaten diet. Nik badut umore puntu bat, txispa edo bromarako joera hori. Pertsonon tristezia txistearen bidez ezkutatzen duena. Bizitzaren iluna txistearen bidez babestu nahi hori. Groucho Marxen sindromea, nolabait esanda.

Haurtzaroa da Gerra Txikiaren leitmotiva.

Haurtzaroa oso interesgarria egiten zait idazteko orduan. Paradoxikoki, haurtzaroak ez du bakarrik gure jatorria esplikatzen, gu garen alegoria ere esplikatzen du. Zer gara ere helduak garenean? Denbora deitzen dugun errukirik gabeko makina horren txotxongiloak gara. Denborak aurrera garamatza, etengabe ari gara gure galbidea deskubritzen, eta horren aurrean, ez daukagu baliabide handirik. Haurrek baliabide horiek bilatzen dituzte. Horregatik interesatzen zait haurtzaroa, nerabezaroa edo gaztaroaren kontakizuna.

Xabi da protagonista. Zer du Xabik Landerrengandik.

Xabi nire alter ego-a da, baina ez da beti ni, noski. Nik oposizio bidez ondo funtzionatzen dut idaztean; Txirri eta Mirri pailazoren oposizioan, adibidez. Baina ni ez naiz Xabi lotsatia, bizitzan ez naiz horrelakoa. Noski, badut alde lotsati hori, baina txikitatik ikasi nuen harroago agertu behar nuela, bestela neronek jasotzen nituen belarrondoko guztiak, hasteko txikia naizelako.

Hendaian kokatuta dago nobela, Aizpurdi karrika gogoan daramazu betiko.  

Haurtzaroa gure jatorria ere bada, nondik gatozen esplikatzen duen lurraldea. Aizpurdi kalea nire haurtzaroaren mugarri handienetako bat da. Bertan ezagutu nuen munduan ez zegoela justiziarik [9 urte zituen], munduan ezer ez dela dirudiena, ez dagoela ezer fidagarririk. Sistema politikoarekiko lehen ikasgaia “ezer ez da dioten bezalakoa” izan zen. Heriotza ezagutu nuen bat-batean. Niretzat ordura arte heriotza abstraktua zen, ez zen gauza konkretua, ez zuen eraginik nire bizitzan. “Niri hori ez zait gertatuko, gurasoei ez zaie gertatuko” uste nuen...

Hala ere, “zuk jakingo zenuen zure mundu horretan herio hurbil zebilela. Erakunde armatu bat ari zela tartean...”, esan lezake norbaitek.

Erakunde bat zegoela banekien, baina heriotza gauza abstraktua zen. Telebistako informatiboak entzun genituen, pelikulak ikusi, jendea hitzen zela... baina ez nire bizitzan. Bederatzi urterekin galeraren sentimendua oso lausoa zen. Peru eta Stein hil zituztenean heriotzak zentzu osoa hartu zuen niretzat. Alegia, “pertsona horiek ez dira gehiago nire ondoan izango”, ulertu nuen.

Xabi Ugarte da. Nor dira ugartetarrak?

Ugartetarrak familia singularra da, eta era berean normala: guraso langileak, familia ugaria, gabezia ekonomiko handi samarrak dituena, eta engaiamendu politikoa hartzen duena. Gaur egungo mundutik begiratuta, orduko hainbat familiak hartzen zituzten erabakiak mundutik at zeudela ematen du, baina, ETA fenomeno sozial izugarria izan zen, jende asko “harrapatu” zuen. Erabakiak gutxi zeukan intimotik, erabaki kolektiboa zen, oso gauza normala.

Xabi Hendaiara etorri eta lasaitasun tristea ezagutu zuen.  

Hegoaldean jende guztia zegoen nola edo hala mundu politikoan inplikatua. Iparraldera iristean ez genuen hori ikusi. Iheslari kolektibo handia eta anitza zegoen, non bazeuden obreroak, burgesak, baserrikoak, portualdekoak, jatorrak, eskuzabalak, mizkinak, denetik. Liburuak aniztasun hori jaso du.

Gaur egun Hendaian bizi zara. Aldatu al da?

Batere ez. Ordutik hogei urtera hona itzuli nintzen, eta izugarria izan zen deskubritzea ezer ez zela aldatua. Hendaia marmotaren eguna da egunero. Haurtzaroan izugarri kostatu zitzaigun sinestea Euskal Herrian geundela. Gero joan ginen deskubritzen aztarren arkeologikoak: arrantzaleren batek edo zahar batek okindegian euskaraz egiten zuela, hainbat kalek euskal izenak zituztela, eta Euskal Jaiak, non herritarrak baserritarrez mozorrotzen ziren. Noski, bederatzi urterekin ez duzu jakintza politiko gutxienekoa esateko: herri bat izan ginen, kolonialismoa eta aduanak ezarri ziren, frantsesek euskalduntasuna urratu zuten. Ezin diozu “pelikula” hori zure buruari kontatu. Izan ere, “hau Frantzia zen eta hemen ez zen ezer gertatzen...”. Baina, ohituraz, anaia-arrebok kalera ateratzen ginen, eta hizketan jarduten genuen luzaz. Uste dut horregatik naizela hain kalakaria. Haurtzaroan hitz egiten genuen bederen.

Gatazka modu zuzenez bizi duena ez dela egokia gatazkaz idazteko, esaten da.   

Gatazka bizi izana ez da desegokia idazteko. Aitzitik, ezin aproposagoa dela esango nuke. Finean, idazleak nondik idazten du? Bizitakotik eta ikusitakoetatik lehenik, irakurrietatik gero. Gatazka bizi izandakoek gatazkaz idatzi dituzten liburuak irakurri ditugu. Esaterako, Primo Levi eredua da, izugarria. Lehenbizi, Auschwitzeko infernua bizi eta kontatu zuelako, eta bigarrenik infernu horretako judutarren gabeziak kontatu zituelako. Judutar zenbaitek arazo izugarriak ekarri zizkioten Leviri. Nik liburu honetan ere, ETAren inguruko kolektiboaren bizitza kontatzen dut, baina ahuldade eta akatsetan enfasia jarriz. Nobelak zentzu baldin badauka horretan dauka. Nobelak ezer laudatzeko bada, ez du merezi. Horretarako omenaldiak daude. Nobelak alfonbra azpiko hautsak atera behar ditu. Nobelisten zeregina gertakarien azpian ezkutatzen zena lupa batez kontatzea da. Kasuon, familia horrek bizi izan zuena, pertsona hauskor horiek. Gertatutakoek jendearengan nola eragin duten agertzen duena.

“Gogoratu behar ditugun gauzak ahazten ditugu eta ahaztu behar ditugunak gogora etortzen zaizkigu” dio Cormac McCarthy idazleak.

Ezker abertzaleko izatearen estigma daramadala uste dut, eta gehiago epaitu izan zaidala ustezko ideologiarengatik idatzi dudanarengatik baino. Batzuek idazlea baino kaputxadun bat lapitzarekin ikusten dute nigan, ETAren komando literarioa, nolabait esanda. Horrek asko amorratzen nau, beste edozeren gainetik idazlea sentitzen naizelako. McCarthyren zita horren arabera, idazleak ez du idazten bere ideologiatik, inor doktrinatzeko asmoz, mamuak dituelako idazten du, horiek daramate idaztera. Mamu horien plasmazio literarioa subjektiboa da, ez ideologikoa. Niri doktrinatzeko asmoz idazten diren liburuek nazka ematen didate, literaturaren aurkako atentatua iruditzen zaizkit.

“Bere deabruek menperatutako izakia da artista” dio William Faulknerrek. Lander Garrok  deabruak menperatu al ditu?

Sorkuntzan hala ere, ez dut mamurik ikusten. Sorkuntzak baditu alde artistikoa eta terapeutikoa. Artistak modu kreatiboz sendatzen du bere burua. Bere ariman tirita bat jartzen du nolabait, baina ez da konformatzen edozein tiritarekin. Idazteak badauka zerikusia zauriarekin, zauritik datorren ego-arekin. Gizakiok besteen aurrean garena baino ederragoak agertzeko joera itsusi samar horrekin. Baina, zauria eta sorkuntza ezin dira bereizi.

“Tristea dun gerra, maitea, eta ez gudarientzat soilik” dio Eider Rodriguezek. Bixente Perurena zenaren Blanki emaztea heldu zait gogora.

Liburu honen ardatza hori da. Gerrako edo gatazka kontuak kontatzean, kontu estatistikoetan sartzen gara: hemen hainbat hildako, hor beste hainbat. Niri geratzen zaidana hauxe da: zer gertatu da bizirik iraun genuenekin? Blankirekin, nire amarekin, nire arreba eta anaiarekin? Hain gertutik gatazka ezagutu genuenok, ezin dugu hura ahaztu. Eta historialariek ezin dute hori egoki egin, bizirik geratu ginenok hitz egin behar dugu eta nobelagileek idatzi.
 


Azkenak
2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


Eguneraketa berriak daude