Gares eta Iruñerriko 252 saltokik sinatu dute Euskara merkataritzara hitzarmena. Merkatari horietako bi dira Amaia Aizpun eta Anabel Larrayoz, lehena arte tailerraren jabea eta bigarrena ostalaria. Harro daude euskarari ateak zabaldu dizkiotelako.
Txalapartari parea eta Gure hizkuntza, gure soinua esaldia jasotzen dituen marrazki handi batek jantzi du orain gutxi arte Garesko erakusleiho bat. Amaia Aizpunen Arte eta diseinu tailerreko ataria da.
Denda barruko artelan modernoetan ere euskal tradizioko hainbat zertzelada ikus daitezke. “Sarritan gure izaera eta sustraiak erakusten ditu arteak eta euskaldunentzako keinu moduko bat izan daitezke”, dio Aizpunek.
Margolanak, eskultura, pintura, diseinu grafikoa, bitxi eta apaingarriak… jakintzagai ugari lantzen ditu artista gazteak; eta haur zein helduentzako marrazki eta pintura tailerrak ematen ditu bertan. Orain hiru urte denda ireki zuenean sartu zen Euskara merkataritzara proiektuan.
Salerosketetako hizkuntza harremanak ditu abiapuntu 1994an sortutako programa horrek. Euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin jaio zen Burlatan eta gutxinaka, beste hainbat herriren atxikimenduak jaso ditu. Guztira hamar dira planarekin bat egin duten toki entitateak: Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Gares, Oltza Zendea, Uharte eta Zizur Nagusia.
Euskara eta berrikuntza soziala ardatz dituen Emun kooperatiba arduratzen da kanpainaren kudeaketaz udalerrietako teknikariekin batera. Orotariko komertzioek hartzen dute parte: ileapaindegiak, tabernak, loradendak, fisioterapeutak edota Aizpunena bezalako arte tailerrak.
“Oro har, herri euskaltzalea da gurea, baina euskal hiztunak ez gara hainbeste”, baieztatu du garestarrak. Horregatik orain arte ez da tailerretarako talde euskaldunik eratu. “Adin edo maila antzekoa, ordutegiak, hizkuntza eta modalitate bera landu nahi dutenak elkartzea nekeza da oso, gehienbat herri txiki batean”.
Tortotxiki fundazioarekin elkarlanean lortu du haurrentzako tailerrak euskaraz ematea. “Garesko euskararen normalkuntzan lan handia egiten du erakunde horrek, helduekin AEK-k egiten duen bezalaxe”.
Hori dela eta beharrezko ikusten ditu Euskara merkataritzara bezalako proiektuak. “Gure hizkuntza kalera ateratzeko garrantzitsua da dendariek eta jendaurrean lan egiten dugunok euskara ikasi eta erabiltzea eta kanpaina honek horretarako baliabide egokiak eskaintzen ditu”.
Hizkuntza teknikariek zuzeneko harremana dute merkatariekin, norberari egokitutako plana zehazteko. Lantzean behin bisitak egiten dituzte saltokietara bertako egoera linguistikoa jaso eta euskararen erabilera sustatzeko urratsak adosteko.
Hitzarmena sinatzen duten saltzaileek ez dute euskaraz jakin beharrik. Norberak erabakitzen du zein den hartu nahi duen konpromiso maila.
Udalek diruz laguntzen dute programa, eta beraz, merkatarientzako doakoa da. Itzulpen eta aholkularitza zerbitzuaz gain baliabide materialak ere banatzen zaizkie. Besteak beste, ordutegiak, ‘zabalik’ edo ‘itxita’ ipintzen duten kartelak, informazio orriak, beherapenen afixak, kanpaina eta data berezietako iragarkiak. Gainera, euskara ikasteko erraztasun eta diru-laguntzak eskaintzen zaizkie dendariei; eta azken urteetan asko dira klaseetan hasi diren saltzaileak.
Anabel Larrayozen kasua da hori, Artikako kultur etxeko taberna darama berak eta euskara ikasteko saiakera ugari egin ditu. Euskaltegian, Hizkuntza Eskolan eta merkatariei eskainitako eskoletan ibili da, besteak beste. Azken horretan ordutegi arazoak izan dira oztopo nagusia; eskolak eguerdian izanik bateraezina zaiolako ostalaritzako lanarekin.
Hala ere, ez dio ikasteari utzi eta herriko talde batekin elkartzen da astelehenero euskara landu eta mintza praktika egiteko. Ikasturte garaian kultur etxean batzen dira herriko irakasle batekin; eta udan bere tabernan elkartzen dira euren kabuz.
Ilobekin ere euskaraz saiatzen dela dio, baina haiek “amona, euskaraz gaizki egiten duzu” erantzun eta gaztelaniara jo ohi dutela aitortzen du. “Haiek ikastetxean hitz egiten dute euskaraz, baina handik kanpo oso gutxi, etxean ez dutelako aukerarik. Hortaz, arlo akademikoarekin lotzen dute hizkuntza; eta pena da”.
Horren ildotik aipatzen du “merkataritzak gure herrietako paisaia linguistikoan eragin handia” duela. “Saltzaileek agurrak eta oinarrizko gauzak euskaraz esango balituzte hizkuntza biziago egonen litzateke”, defendatu du Larrayozek. “Umeek eta jendarte osoak kaleko hizkuntza bezala ikusiko lukete, eguneroko jardunean erabiltzekoa”, gaineratu du.
Artikako ostatuan oinarrizko zenbait esaldi euskaraz nola esaten diren biltzen dituzten kartelak daude paretetan, eta askok begiratzen omen diote jakin-minez. “Dudarik gabe Hau etxearen kontura esaldia da arrakastatsuena, egunero esaten baitit baten batek”, dio txantxetan tabernariak. “Jendeak kartelari erreparatzen dion seinale da hori, eta batzuk euskaraz eskatzen ere saiatzen dira”, gaineratu du.
Larrayozen aburuz, “bezero euskaldunek eskertzen dute euskarazko errotuluak, oharrak eta kartelak ikustea. Espazioa arnasgune moduan identifikatzen dute. Gainera, ongi egin ez arren gustatzen zaie euskaraz ikasten ari naizela jakitea, haiekin saiatzea. Ilusioa egiten die”.
Euskara ikasleei lotsagatik euskaraz solastea asko kostatzen zaiela uste du ostalariak. “Konplexuak alde batera utzi eta ahalik eta gehien erabiltzera” animatu nahi ditu merkatari euskaldun berriak.
Hala ere, euskaldun askok ikasten ari direnekin duten pazientzia faltaz kexu da Larrayoz. Bera oinarrizko kontuetan ongi moldatzen dela dio, jendea agurtu, zer nahi duen galdetu, kobratu eta abar. “Baina elkarrizketa hasi eta apur bat kostatzen zaidala ikusten duten bezain pronto hizkuntzaz aldatzen dute”.
Urte hauetan guztietan ez duela egitasmoaren kontrako jarrerarik nozitu esan du artikarrak. “Mentalitatea aldatzen ari dela uste dut, euskararekiko errespetua nagusitzen ari da azken aldian”.
Aizpunek ere, bide beretik dio ekimenak ez diola inongo eragozpenik ekarri: “Garesen bada portzentaje bat euskararen kontrako jarrera duena, baina zorionez gutxiengoa da”.
Bere ustez euskararekiko atxikimendua “plus bat da, zerbitzua hobetzeko modu bat”. Ateak itxi baino aukerak zabaltzen dizkiola uste du, berari interesatzen zaion publikoarengana iristeko bide izan daitekeelako.
Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.
EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.
Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso... [+]
Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.
Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak.
Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]
Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]
Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.
Aposapo + Mäte + Daño Dolor
Noiz: apirilaren 5ean.
Non: Markina-Xemeingo Akerbeltz Gaztetxean.
---------------------------------------------------------
Erosketetarako orgatxoa barazkiz beteta egin dut gaztetxerako bidea, eta haiek mozten eman dugu iluntzea... [+]
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte betetzen ditu aurten. Ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean dago apirilaren 12an Zumarragan egingo den bertso saio berezia. Pilotari bat arituko da gai-jartzen, eta pilotarekin harremana duten Gipuzkoako lau bertsolari kantuan... [+]
Laura Macayaren liburua ekarri du euskarara Katakrakek. Amaia Astobizak itzuli du, feminismoaren baitako eztabaidak ireki eta beste begirada batzuetatik ekiteko helburuarekin.
Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.
Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.