"Herrien aurkako espekulazio tresna basatia da Munduko Kopa"

  • Raúl Zibechi idazle uruguaiarra Munduko Koparen testuinguru sozio-politikoari buruz mintzo da Desinformemonos.org webguneak maiatzaren 6an plazaratutako elkarrizketan. 'Brasil potencia' liburuaren egilea militarizazioaz, errepresioaz, gentrifikazioaz, prostituzioaz eta, bereziki, herritarrek bultzatutako mugimenduez aritu da Gloria Muñoz Ramírez kazetariarekin. Agerkariko kideek baimena eman digute elkarrizketa laburtu eta euskaraz argitaratzeko.


2021eko uztailaren 16an
Raúl Zibechi idazle uruguaiarra.
Raúl Zibechi idazle uruguaiarra.Outra Politica
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zibechi jauna, zure ustez zein egoera bizi du Munduko Kopa jaso duen Brasilek?

Brasil pobreen herrialdea zen lehen. Gaur egun pobre gutxiago dago, baina eredu neoliberalak indarrean jarraitzen du eta herritar ugarik ez dauka duintasunez bizirauteko beste modurik, lan prekarioak egitea baino.

Iazko ekainean brasildarrek “nahikoa da” esan zuten, Konfederazio Kopa bete-betean. Prezioen igoera basatia salatzeko mobilizatu ziren, garraio publikoaren garestitzeagatik bereziki. Errepresioaren kontra egin zuten gero, pobreak kontrolatzea helburu duen polizia militarizatuaren kontra; polizia basatia baita.

Osasun eta hezkuntza zerbitzuen prekarietatearen, politika ekonomikoaren eta Munduko Koparen aurkako manifestazioak ere egin ziren, ia 200.000 lagun bota dituztelako haien etxeetatik aireportuak edo errepideak egiteko.

Momentu jakin batean gizarte maila baxuenekoak atera ziren kalera, faveletako herritarrak, pobreenak, beltzak… Errepresio gogorra jasan dute. Segmentu horiek mobilizatu izana nabarmendu beharreko fenomeno berria da. Gaur arte ez dira mugitu, bai baitzekiten klase ertaineko manifestarien aurka gomazko balak erabiltzen dituztela poliziek, aitzitik berunezkoak beraien aurka. Beldurra galtzen ari dira eta izan dezake ondoriorik. Rio de Janeiron adibidez, hiriak dituen 12 milioi biztanleetatik ia 3 milioi faveletan bizi dira. Brasilgo egoera politikoa errotik alda daiteke.

Zer ari da gertatzen agintean den “ezkerrarekin”, Dilma Rousseff-en gobernuarekin?

Munduko Kopa amaitu eta hiru hilabetera presidentetzarako hauteskundeak egingo dira Brasilen. Langileen Alderdia (PT) egoera konplikatuan dago, Gobernuan eman dituen 12 urteek ahuldu egin dute, politika sozio-ekonomikoek zailtasunak dituzte… Hori guztia ingurumarian kokatu behar da: BRICS (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hego Afrika) deitutakoak arrastoan sartu nahi dituzte AEBek eta Iparraldeko bloke osoak. Antza, finantza oligarkiek ez dute Langileen Alderdiak irabazterik nahi. Gobernua eta PT aldebiko jazarpena pairatzen ari dira: eskuina batetik, herri xehea bestetik.

Bestalde, datozen egunetarako jaialdi ugari antolatu du Gobernuak, baina leku itxietan egingo dira, jendeari kalera irteteko asmoa burutik kentzeko. Halaber, Munduko Kopako gastuen aurkako mobilizazioak deitu dituzten komiteak jazarpen ideologiko eta politikoa sufritzen ari dira. Protestei eutsiko dietela esan dute, baina ikusteke dago ahal izango duten ala ez.

Zentzu horretan, Lurrik Gabekoen Mugimenduak (MST) eskatu du egunotan manifestaziorik ez deitzeko. Hainbat gauza hartu behar da kontuan, azken 30 urteetan lan eskerga egin duen kolektibo handi horri dagokionez: MSTk adierazi berri du arazo nagusiena jada ez dela nekazaritza-erreforma, latifundismo zaharraren lurren banaketa tradizionala, baizik eta agronegozioa borrokatzea. Mugimendua eta Gobernua aurrez aurre jartzen ditu horrek, nahiz eta lotura handiak dituzten elkarrekin. MST ataka zailean dago: ezin du jarraitu Gobernua gaur arte bezala babesten, baina kritikatzea ere kosta egiten zaio.

Errepresioaz gain, badira mobilizazioak ahultzen dituzten faktore gehiago. Esaterako, futbolak ordezkatzen duena; Brasilgo gizarte-maila guztietan dago errotua.

Hala da, baina inork gutxik espero zuena pasa da: Inkestek diotenez herritarren %50 Koparen aurka dago. Uler daiteke aintzat hartzen badugu gizarte mugimenduek egindako kontzientziazio kanpaina. Esaterako, liburu bat aurkeztu berri da, non azaltzen den 2010eko Hego Afrikako txapelketak desberdintasunak handitu zituela.

Informazio kanpaina horretan futbolari batzuek ere hartu dute parte. Badute meritua, FIFAk ez duelako kritikarik onartzen. Ronaldinhok adibidez adierazpen esanguratsuak egin ditu. Baita Europan ari den Kakák ere. Ulertu dute herrien aurkako espekulazio modu gogor eta basatia dela Munduko Kopa.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/fifagohome.jpg

“Jende gutxik espero zuena pasa da: inkestek diotenez herritarren %50 Koparen aurka dago. Uler daiteke aintzat hartzen badugu gizarte mugimenduek egindako kontzientziazio kanpaina”. (Argazkia: Global Project)

Jendea geroz eta kontzienteago al da mega-ekitaldi hauen kostuaz?

Sentsibilizatuago dago, hainbat arrazoi medio. Esaterako, ikusi dute kapital espekulatiboak herritarrak bizitokietatik bota dituela.

Bestetik, agerian geratu da Munduko Kopak prostituzioa sustatzen duela, umeena bereziki. Salaketak bideratu dituztenak Koparen eta Joko Olinpikoen komiteak izan dira, 2007an Rio de Janeiron egindako Panamerikar Jokoen ingurumarian sortu zirenak. Lana erruz egiten ari dira gehien kaltetutako komunitateetan.

Beste hiri batzuetan zer gertatu den jakitun da jendea. Begira Greziari. 2004ko Joko Olinpikoak zirela-eta aireportua egin zuten, autopista, azpiegitura ugari… Hiriak zorpetuta geratzen dira.

Zorpetuak eta ezarritako segurtasun mekanismoek kontrolatuak.

Hala da. Estatuak 250.000 soldadu eta polizia mobilizatuko ditu lur, aire zein itsasoz. Zaintza elektronikoko gailuak jartzen ari dira aireportuetan, portuetan… Horiek guztiek denboran iraungo dute. Esaterako, favela bat apirilaren lehenengotik uztailaren 31ra bitartean kontrolpean izatea, Kopa amaitu ondorenean ere iraungo duen politika baten parte da.

Militar brasildarrek esan dute Haitin entseatutako teknikak erabiltzen ari direla faveletan. Hura moduko adibideek erakusten digute aipatu operazio militarrak herritarren gaineko kontrola areagotzeko tresnak direla.

Ekonomikoki zein arrasto utziko du Kopak?

Koparen arduradunek ez dute horri buruz hitz egiten, zer gertatuko den ezkutatzen ari dira.

Batetik, badirudi Txina lehiakide geroz eta gogorragoa dela Brasilentzat, Argentinara eta Latinoamerikako beste eskualde batzuetara egiten dituzten esportazioei dagokienez. Munduko Koparekin eta Olinpiar Jokoekin herrialdearen eta biztanleen urrakortasuna handitu egingo da. Bestetik, Lula da Silvaren gobernuak 2003an aplikatu zituen gizarte politikek ez dute gehiagorako ematen, jada ez dira jendea diziplinatzeko edo haren beharrak asetzeko gai. Epe motzera ondorioak ekarriko ditu horrek.

Latinoamerikako herrialde inportanteenetakoa da Brasil. Han gertatuko denak eragin handia izango du kontinentean. Garai delikatuak bizi ditu, higadura uneak, eta beharrezkoa du Latinoamerika zein mundu mailan jokatzen duen papera doitzea. AEBen ofentsibak, momentu zehatz batean, erabakiak hartzera behartuko ditu agintariak.

Brasilek ezin du jarraitu inoren aurka errotik egin gabe. Gaur egungo orekak eraldatzen ari dira eta uste dut hori behartzen ari direnak behe mailako herritarrak direla. Denborak murrizten ari dira; AEBetako elite dominanteen intrantsigentzia geroz eta handiagoa dago batetik, estatu-autoritarismoaren hedapena eta eskuina indartsu sartu izana bestetik. Venezuelan ikusi dugu jada.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Munduko Futbol Kopa
2022-11-23 | Euskal Irratiak
Patxi Vrignon Etxezaharreta kazetaria Qatarretik
“Munduko Kopa, oro har, ustela da”

Futbolaren erritmora biziko da Qatar ondoko asteetan. Lehen aldia da arabiar erresuma batek Mundial bat antolatzen duela, eta egia da polemika handia sortu zuela Qatar hautatua izan zelarik mundiala antolatzeko.


2022-11-22 | Jon Torner Zabala
Qatar 2022, eliteko kirolaren iparrorratza

Abian da gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa, Qatarren. Ustelkeria zantzuak, estadioak eta bestelako azpiegiturak eraikitzen aritu diren milaka obreroren heriotza, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren kontrako jazarpena, ingurumen inpaktua, zentsura, futbol-egutegiaren... [+]


2022-10-06 | Jon Torner Zabala
Baionak Qatar-i boikot egingo dio: ez dute pantaila erraldoirik jarriko Munduko Futbol Txapelketa ikusteko

Aste gutxi barru Qatarren jokatuko den Munduko Futbol Txapelketaren kontrako ekimenekin bat, Frantziako Estatuko hainbat udalek iragarri dute ez dituztela selekzioaren partidak pantaila erraldoietan emitituko. Hiri horien artean dago Baiona.


2022-09-30 | Jon Torner Zabala
Qatarreko Munduko Kopa: boikoterako deiak Frantziatik

Azaroaren 20an hasiko da 2022ko Munduko Futbol Txapelketa, Qatarren. ARGIAn hainbatetan hitz egin dugu kirol ekitaldi dizdiratsuenetako baten B aldeaz, dela giza eskubideen urraketa, ustelkeria, langileen heriotzak, ingurumen inpaktua... Horien guztien aurrean, geroz eta... [+]


2022-02-21 | Jon Torner Zabala
Qatar 2022
Sexu abusua salatu eta epaileek bera zigortu, futbol modernoaren paradisuan

Paola Schietekat mexikarrak, Qatarreko Munduko Futbol Koparen antolaketan lanean ziharduela (2021ean), salatu zuen gizon batek eraso egin ziola Qatarren. Bera zigortu zuten, ordea.


2021-02-24 | Jon Torner Zabala
Qatar 2022 Munduko Futbol Kopa: 6.500 langile hil dira instalazioak eraikitzen, baina ikuskizuna ez dadila eten

2022an Qatar-en egitekoa den Munduko Futbol Txapelketarako obretan 6.500 langile baino gehiago hil dira, The Guardian egunkariak azaleratu duenez. Alimaleko zifra horren ingurukoak jaso ditu Descifrando la Guerra twitter kontuak.


Dopinaren Mundu Agentziak lau urterako kanporatu du Errusia nazioarteko lehiaketetatik

Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak ebatzi du Errusiak galarazita duela mundu mailako lehiaketetan parte hartzea. 2020ko Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu da, besteak beste.


2018-07-17 | Edu Zelaieta Anta
Gol mundiala

Bukatu da, ederra kostata hori bai, munduko futbol txapelketa. Gauzak zer diren, baina, munduko txapelketaren ondotik ikusi dut nik gol mundial bat, telefono konpainia baten kaleko iragarki batean. Jokalaririk edota belarrik ez bazegoen ere, marketinaren gol bikaina iruditu... [+]


Eguneraketa berriak daude