Parkea bete euskara

  • Imanol Urbietaren Behin betiko abestiak dioen moduan, “etxean eta kalean, berdin-berdin jolasean” egin behar da euskaraz. Helburu horrekin batu dira azken asteotan etxeko txikienak, batzuk gurasoekin besteak bakarrik, Parketarrak egitasmoan. Zenbait jolasez gain, eskolaz kanpo, lagunartean, euskaraz egin dezaketela ikasi dute.

Haurrek bakarrik ez, gurasoek ere nahi dute jolastu. Helduek, bide batez, jolasak euskaraz ikasteko aukera paregabea dute.
Haurrek bakarrik ez, gurasoek ere nahi dute jolastu. Helduek, bide batez, jolasak euskaraz ikasteko aukera paregabea dute.Iure Eizagirre

30 bat haur batu dira Donostiako Loiolako Erribera auzoko Santiago plazan egindako Parketarrak egitasmoaren uda aurreko azken saiora. Ekimeneko musikak erakarrita enparantza alde batetik bestera zeharkatu duten hiru neskatok erakutsi dute asteroko saio horiek euskararekin lotzen dituztela: euren artean gaztelaniaz hizketan hurbildu ondoren, saiorako prestatutako alfonbretara heldu orduko euskarari heldu diote.

Inguruan dituzten guraso eta senitartekoek ere euskaraz gozatzeko eremua topatu dute, baita bere garaian beraiek gaztelaniaz ikasitako jolasak euskaraz berrikasteko ere. Minutu gutxiren buruan hasi dira Arrautzaren jolasarekin. Guztiak eskuari begira jarri eta hatzak banan-banan pasaz abestu dute: “Honek arrautza erosi, honek gatza bota, honek frijitu, honek pixkat dastatu, honek dena zurrupatu”. Bien bitartean, semeari begira ari diren guraso batzuek beraiek ikasi moduan errepasatu dute kanta, gaztelaniaz.

Semeak, baina, gaztelaniazko bertsioaren entzutea soilik izango du, berak euskaraz ikasi baitu abestia. Hori da, hain zuzen ere, Parketarrak egitasmoaren helburua: haurrek ikustea euskara esparru guztietan erabil dezaketela eta ez dutela nahitaez gaztelaniara jo behar jolasteko, behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurkitzeko. Parketarrak egitasmoaren aurtengo aurkezpenean Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Euskara arduradunak adierazi zuenez, “hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da”.

Zabu Zibu eta Txirrintxon

Bizitzako lehen urteetan lagunekin dituzten harremanez harago, gurasoek eta senitartekoek duten garrantzia aintzat hartuta, egitasmoa kudeatzen duen Gipuzkoako Urtxintxa Eskolak bi programa gauzatzen ditu: Zabu Zibu eta Txirrintxon. Lehena 3 eta 6 urte bitarteko haurrei eta euren familiei zuzendua dago eta bigarrena, 6 eta 9 urte artekoei.

Azken adin tarte horretako 20 haur inguru Loiolako Erriberako Maria Zambrano plazan batu dira, euren kabuz, gurasorik gabe. Ohiko lagun taldea osatzen dute batzuek eta hori nabari da bai euren harremanean bai darabilten hizkuntzan ere, izan ere, batzuek gaztelaniaz egiten dute euren artean. Begiraleekin duten harremana eta egiten ari diren jolasa, ordea, euskaraz dira. Urtxintxaren jokoan elkarri eskuak txalotu bitartean begiraleak azken hilabeteetan egindako zein jolas gustatu zaien gehien galdetu die umeei: Herensugeak, Inurriarena, Patata tortilla… Jolas askoren izenak agertu dira. Txirrintxon programan parte hartutako haurren gustuak alde batera utzita, nabarmena da etxeko txikienek euskaraz jolasten ikasi dutela.

Eta saioa amaitzeko gehien atsegin duten jolasetako bat egin dute. Marra baten atzealdean daudela irudikatuz, lerro batean jarri eta begiraleak hitz bat esatean horren araberako keinua egin behar dute: “lurra!” esatean hasierako marrara egin behar dute jauzi, “ura!” esatean uretara salto egingo balute moduan aurrera egin beharko dute jauzi, “sua!” esatean atzera egin beharko dute ez erretzeko eta “txirrintxon!” esatean besoa jasota aurrera egin beharko dute salto. Jolasak aurrera egin ahala hitz gehiago sartu dituzte eta umeek txalo artean eta zapore gozoarekin eman diote amaiera oraingoz Txirrintxon programari.

Zortzi auzotan

Loiolako Erribera auzora iazko urrian heldu zen Parketarrak egitasmoa, baina Martutene auzoan du jatorria. Gipuzkoako Urtxintxak aurrez beste herri batzuetan landutako antzeko proiektua hobetu eta 2012an programa-pilotua garatu zuen auzo horretan. Izandako harrera eta arrakastaren ondorioz, egitasmoarekin jarraitzea erabaki zuen Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta aurten zortzi auzotan ari da gauzatzen: Altza, Bidebieta, Intxaurrondo, Martutene, Loiolako Erribera, Amara Berri, Añorga eta Parte Zaharra. Euskara batzordeak sortu dira zortzi auzo horietan eta elkarlanean ari da egiten Donostiako Udala Parketarrak egitasmoa.

Ekimena ez da, baina, Gipuzkoako hiriburuan bakarrik antolatu eta hedatu, izan ere, hainbat herritara zabaldu da Parketarrak azken urteetan –kasu batzuetan, bere baitan batzen duen Zabu Zibu programa bakarrik–. Besteak beste Astigarraga, Orio, Zumarraga, Urretxu eta Durangaldeko hamar herritan gozatu dute umeek euskarazko jolasez.

Agur urrira arte

Lau saioko hiru txandatan banatuta (martxoa, maiatza-ekaina eta urria), Donostian amaitu berri da maiatza-ekaineko ekinaldia. Txirrintxon programako saioan ikusitakoaren arabera, penaz bukatu dute batzuek, amaieran neska talde bat kezkatuta hurbildu baitzaio begiraleetako bati. Hurrengo ikasturtean 4. mailara pasako dira eta urrian, Parketarrak egitasmoa berriro martxan jartzen denean, ezingo dute parte hartu, adinez zaharragoak izango baitira. Begiraleak azaldu duenez, “egitasmoko jarraitzaile fidelak dira, beti etortzen dira”.

Aurrerantzean, beraz, Parketarrak ekimenean ikasitako euskarazko jolasak beraien artean egin beharko dituzte. Edo gurasoekin, Txirrintxon programatik etxera bidean Loiolako Erriberako Bartzelona hiribide luzea “sua!” oihukatuz eta pausoa aurrera eta atzera emanez aitarekin zeharkatu duen mutikoak bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak

EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.


Ingeles ordu gehiagorik ez dute nahi

Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]


2025-04-08 | ELA sindikatua
Medikuen artean euskararen eskakizuna gaztelaniarena baino 47 puntu txikiagoa da Osakidetzan

Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.


2025-04-08 | Euskal Irratiak
Manex Fuchs
“Aberri Egunak euskaldun guztiak biltzeko ospakizuna izan beharko luke”

Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.


2025-04-07 | ARGIA
Euskararentzat justizia eskatu dute ehunka euskaltzalek Baionan

EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.


Lokizaldeako Euskararen Eguna
“Euskara gero eta gehiago entzuten da eskualdean, bereziki gazteen artean”

Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.


2025-04-04 | ARGIA
Euskaraldia Hika-rako 83 herrik eman dute izena

Aurtengo berritasuna da. Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratzeaz gain, herritarrek Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera izango dute. Hitanoa erabiltzen ez den herrietan, toka eta noka, bien erabilera bultzatuko da, eta hitanoa bizirik dagoen herrietan nokaren... [+]


2025-04-04 | Sustatu
Kneecap filma, orain euskarazko azpitituluekin

Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]


2025-04-03 | ARGIA
Behatokiak hizkuntza eskubideen urraketak betikotzeko arriskuaz ohartarazi du 2024ko txostenean

Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu du. Herritarrek helarazitako gertakarien bilduma aztertuta, ondorioztatu dute 2024an egoerak ez duela hobera egin, eta gainera, kexak jaso dituzten hainbat entitateren eskutik urraketak iraunarazteko jarrera sumatu... [+]


Kutxa Banku Fundazioa ez da ados agertu Arriolaren adierazpenekin: “Euskara ez da oztopo”

Kutxa Banku Fundazioak adierazi du Kutxabankeko presidentearen adierazpenek ez dutela fundazioaren pentsamoldea islatzen, "Hizkuntza aniztasuna beti da aberastasun iturri, nekez izan daiteke oztopo", argudiatu dute.


“Neutrotzat aurkezten dena, egiaz, ideologia nagusiaren konplizea da”

Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]


Nafarroako biztanle gehienak, %63, euskara sustatzearen aldekoak edo oso aldekoak direla ondorioztatu du ikerketa lan batek

Nafarroako biztanle gehienak (% 63) "euskara sustatzearen aldekoak edo oso aldekoak" dira, eta %17 baino ez daude aurka, Xabier Erizek eta Carlos Vilchesek Eusko Ikaskuntzaren eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako... [+]


Euskara: makila guztien zahagia

Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]


2025-04-02 | Hala Bedi
Haizea eta Mikelsa (Euskal Udalekuak):
“Adin baten ematen du gauza guaiak ezin direla euskaraz egin”

Hemen da "uda bete abentura bizitzeko aukera." Zabalik dago aurtengo Euskal Udalekuetan izena emateko epea. 6 urtetatik 17 urtera arteko haur eta gazteentzako hamaika txanda antolatu dituzte Bernedo, Abaigar eta Goñi herrietan.


Eguneraketa berriak daude