Gero eta gehiago dira gidabaimena euskaraz ateratzeko zerbitzua eskaintzen duten autoeskolak. Lurraldetik lurraldera datuak asko aldatzen badira ere, ez da ohiz kanpokoa euskarazko eskaintza. Azterketa teorikoa euskaraz egin daiteke; azterketa praktikoan, berriz, gaztelaniaz entzun behar dira aztertzailearen jarraibideak.
2009. urtean argitaratu zen gidabaimena euskaraz ateratzeko ikasmateriala, Valentziako AEOL argitaletxearen eskutik. Ordutik daukate EAEko autoeskola guztiek euskarazko materiala eskuragarri. Horren guztiaren iturburua Bizkaiko Igorreko Arratia autoeskolan dago. Unai Zulueta bertako burua da euskarazko materialen lehen sortzailea eta bultzatzailea. Orain hogei bat urte hasi zen bere kabuz euskarazko materialak prestatzen, eta bere lanaren jakitun, Gipuzkoako Debagoieneko Mankomunitatea hasi zen bide berean lanean. Euren arteko elkarlanari esker lortu zen euskarazko materiala plazaratzea.
Harrezkero, trafikoa arautzeko neurriak egokitzen joan dira eta, hain justu ere, oraintsu aldatu dute Zirkulazioren Arautegi Orokorraren legea. Gaztelaniazko materialak –eskuliburua, multimedia programak, azterketak…– maiztasunez eguneratzen dituzte, baina ez da gauza bera gertatzen euskarazkoekin. AEOL da, egun ere, euskarazko edukiak lantzen dituen argitaletxe bakarra; euskarazko edukien eskaera-merkatua txikia da eurentzat, eta ikuspegi hori dela eta, materialak bere horretan daude, nolabait esateko. Gai horren harira, Maider Axpe Debagoieneko Mankomunitateko teknikariarekin hitz egin dugu: “Lege berria onartu da, eta iritsi da momentua aurrera egiteko; azken denboraldian geldi baitago kontua. Materiala eguneratu egin behar da eta erronka gisa har daiteke lege aldaketa; proiektua sendotzera eta hobetzera bultzatu behar gaitu”.
Azterketa praktikoari dagokionez, egun, ez dago euskaraz egiteko aukerarik. Nahiz eta aztertzaileak euskaraz jakin, azterketak gaztelaniaz egiten dira: “Trafiko Buruzagitzak ez du azterketa euskaraz egiteko aukerarik ematen. Azterketa euskaraz egin ahal izatea eskubidea da eta Administrazioak hori betetzeko derrigortasuna dauka, baina ez dago borondaterik”, adierazi digu Unai Zulueta Igorreko Arratia autoeskolako buruak. Horrez gain, aztertzaileek Trafiko Zuzendaritzarekin dituzten barne/lan arazoak ere ez dira lagungarri egoera hobetzeko. Jakin dugunez, badira aztertzaile euskaldunak Gipuzkoan eta Bizkaian. Aztertzaileen hizkuntza-gaitasuna ez da arazoaren muina, azterketak bideratzeko jakin beharreko euskara maila kontuan hartuta.
Lurralde eta eskualdeetan gidabaimena euskaraz ateratzeko zein aukera dauden ezagutu nahi izan dugu. Gipuzkoako datu orokorren nondik norakoak azaldu dizkigu Aitziber Etxebeste Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteko (GAE) euskara batzordeko kideak eta Oiartzun Autoeskolako buruak. Gipuzkoan 24 bat autoeskola daude euskarazko zerbitzua eskaintzen dutenak; horien artean badira autoeskola bat baino gehiago dauzkatenak. Bestalde, azterketa euskaraz egiten duten ikasle kopuruari dagokionez, 2009an, 30 lagunek egin zuten azterketa teorikoa euskaraz eta 2012. urtean, 727 pertsonek. 2013ko kopuru zehatzik ez daukagu eskuartean, baina jakin duguna da egindako azterketa teorikoen %15 euskaraz egin zela. Etxebesteren ustez, datuak 2012koen antzekoak izango dira.
Arestian esan bezala, Debagoienan (Leintz Gatzaga, Elgeta, Antzuola, Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati, Bergara eta Arrasate) aspaldi hasi ziren gidabaimena euskaraz egiteko bitartekoak jartzen. Egun, bailarako autoeskola guztietan dago azterketa teorikoa euskaraz prestatzeko aukera; hamabi autoeskola daude bertan. Maider Axpe Debagoieneko Mankomunitateko kideak jakinarazi digunez, euskara modu naturalean sartu da bertako autoeskoletan; ikasketa guztiak euskaraz egiten dituzten gazteek, autoeskoletako prestakuntza ere euskaraz egiten dute, oro har. Egun, Arrasateko eta Oñatiko udalek gidabaimeneko azterketa euskaraz egitera animatzeko kanpaina jarri dute abian eta azterketa euskaraz egitea saritu egingo dute. Oñatin, esaterako, azterketa teorikoa euskaraz egiten dutenen artean, 350 euroko saria zozkatuko dute urte amaieran. Herrian gidabaimena euskaraz ateratzen dutenen kopuruak gora egin du urtez urte; 2009an %10ak atera zuen gidabaimena euskaraz, eta 2013an %64ak.
Gipuzkoako beste eskualde bateko egoera zein den ezagutzeko aukera ere izan dugu. Buruntzaldean (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) hamaika autoeskola daude eta guztiek eskaintzen dute euskarazko zerbitzua. Eskualdean, 2011n hasi ziren gidabaimena euskaraz ateratzeko egitasmoarekin buru-belarri eta urte horretan 34 lagunek atera zuten azterketa teorikoa euskaraz. 2012an, 112 lagunek eta 2013an 135ek. Marifer Gorostiza Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariak jakinarazi digunez, erantzun ona izan du egitasmoak datuen argitan. Herri mailan egindako lanketa dela kontuan hartuta, datu onak direla gaineratu digu. Aurten ere, martxan jarri dute Gidabaimena euskaraz kanpaina. Eskualde honetan ere, gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz ateratzea saritu egingo dute; herritarrak animatu nahi dituzte esparru horretan ere, euskara erabiltzera. 400 euroko zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute azterketa euskaraz egiten dutenek.
Bizkaiko egoeraren nondik norakoak ezagutu nahian, Alkarbide Euskara Zerbitzuen Bilgunera jo dugu. 2010ean hasi ziren Gidabaimena Euskaraz kanpaina ekimenarekin eta autoeskolak euskarazko materialez hornitzeko lanketari ekin zioten. Arrigorriaga, Elorrio, Erandio, Getxo, Mungia, Ondarroa, Txorierri eta Uribe Kostako herrialdeek hartu zuten parte egitasmoan. 27 autoeskola batu ziren proiektura eta 25 lagunek egin zuten azterketa teorikoa euskaraz. Urtebete geroago, 60 lagunek egin zuten euskaraz azterketa eta 2012an 100 lagunek. Iaz, Erandio, Getxo, Uribe Kosta, Leioa eta Basauri izan ziren egitasmoaren sustatzaile nagusiak eta, gutxi gorabehera, euskararen aldeko hautua egin zutenak 150 direla jakinarazi digute. 50 autoeskola inguruk eskaintzen dute egun gidabaimena euskaraz ateratzeko zerbitzua Bizkaian. Bizkaiko Autoeskolen Federazioak jakinarazi digunez, guztira, 81 dira euren elkartean izena emandako autoeskolak.
Unai Zuluetarekin hitz egin dugu egoeraz: “Gure autoeskolan %75ak ateratzen du azterketa teorikoa euskaraz. Orain 20 urte hasi ginen euskarazko materialekin, eta harrezkero jende gehienak euskara aukeratzen du. Gu ez gara, ordea, egoera orokorraren isla. Bizkaian gidabaimena euskaraz ateratzen dutenen portzentajea oso txikia da oraindik. %5a izango da? Gero eta gehiago dira euskarazko zerbitzua eskaintzen duten autoeskolak, baina, orain, esaterako, Barakaldoko ikasle bat daukagu gurean, euskaldunberria bera. Gugana etortzen da prestaketa euskaraz jasotzera; 30 bat kilometro daude Barakaldotik Igorrera”.
Araba aldean, Aiarako kuadrillan (Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio eta Okondo) dago gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera; probintziako ipar-mendebaldean. Denboran atzera, eskualde honetan egin izan dira gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpainak. Azterketa euskaraz prestatzeko eskaintza oso murritza da probintzian; han-hemenka galdetzen ibili ostean, hiruzpalau izango dira.
Zenbat denbora daramazue autoeskolan lanean?
2001etik hona, guztira 12 urte.
Noiz hasi zineten gidabaimena euskaraz ateratzeko zerbitzua eskaintzen?
Hasieratik argi geneukan gure zerbitzuak erdaraz zein euskaraz eskaini behar genituela, konpetentziatik bereizteko era ederra iruditu zitzaigun.
Nolakoa izan da materialak euskaraz izatearen prozesua?
2001ean ez zegoen euskarazko eskulibururik. Orduan, gu geu hasi ginen artisau lana egiten, testak itzultzen genituen eta erdarazko liburua erabiltzen genuen. Urtebete geroago, Deustuko Artez argitaletxearekin elkarlanean hasi ginen. Zorionez orain dela urte batzuetatik Valentziako AEOL enpresak material guztiak prestatzen ditu: eskuliburua, multimedia programak eta abar.
Eduki teorikoak eta eskola praktikoak euskaraz eskaintzen dituzue?
Bai, momentu honetan bi irakasle gara autoeskolan eta biak euskaldunak, beraz, gure ikasleek badute aukera teorikoa eta praktikoa euskaraz egiteko.
Zenbat dira azterketa euskaraz egitea erabakitzen duten ikasleak?
Zentzu horretan, egia esateko, gure eskualdean ikasleek oraindik “balazta jarrita” daukate gidabaimena euskaraz lortzeko. Gehienek gaztelania aukeratzen dute.
Zein da joera?
Azken urtetan joera gelditu egin da eta ez du hobera egin. Euskara aukeratzen dutenen kopuruak txikia izaten jarraitzen du.
Azterketa praktikoa gaztelaniaz egin behar dute ikasleek.
Badakit aztertzaileren bat euskara ikasten aritu zela denboraldi batean, baina momentu honetan Araban behintzat ez dago aztertzaile euskaldunik. Guk klasea euskaraz ematen dugu, nahiz eta gero azterketa erdaraz egin.
Badakizu zenbat autoeskolek eskaintzen duten azterketa euskaraz ateratzeko aukera Araban?
Hiriburuan, Gasteizen adibidez, euskaraz eskaintzen duen eskola bakarra dago. Probintzia osoan hiru garelakoan nago.
Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.
EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.
Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]
Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.
Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.
EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.
Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.
Aurtengo berritasuna da. Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratzeaz gain, herritarrek Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera izango dute. Hitanoa erabiltzen ez den herrietan, toka eta noka, bien erabilera bultzatuko da, eta hitanoa bizirik dagoen herrietan nokaren... [+]
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu du. Herritarrek helarazitako gertakarien bilduma aztertuta, ondorioztatu dute 2024an egoerak ez duela hobera egin, eta gainera, kexak jaso dituzten hainbat entitateren eskutik urraketak iraunarazteko jarrera sumatu... [+]
Kutxa Banku Fundazioak adierazi du Kutxabankeko presidentearen adierazpenek ez dutela fundazioaren pentsamoldea islatzen, "Hizkuntza aniztasuna beti da aberastasun iturri, nekez izan daiteke oztopo", argudiatu dute.
Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]
Nafarroako biztanle gehienak (% 63) "euskara sustatzearen aldekoak edo oso aldekoak" dira, eta %17 baino ez daude aurka, Xabier Erizek eta Carlos Vilchesek Eusko Ikaskuntzaren eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako... [+]
Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]
Hemen da "uda bete abentura bizitzeko aukera." Zabalik dago aurtengo Euskal Udalekuetan izena emateko epea. 6 urtetatik 17 urtera arteko haur eta gazteentzako hamaika txanda antolatu dituzte Bernedo, Abaigar eta Goñi herrietan.