“...Eta indarrak ongi errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz...”.
Apezgai ikasketak egin zenituen...
Hemengo giroak horretara bultzatzen zuen. 10-11 urterekin sartu ginen azken belaunaldia izango da gurea. Baxoaren ondotik atera nintzen. Nekazaritza edo beste edozer egitea ez zitzaidan inporta, baina ezjakintasunak orduko nekazal mundua menpean atxikitzen zuela sinesten nuenez, argitasuna ukan eta ikasketak egitea garrantzitsua zitzaidan. Dena errateko, kontraesan bat nuen, uste bainuen jakitateak ematen zuela boterea, eta garai hartan ez genuen botererik nahi! Urte pare batez soziologia ikasi nuen eta handik soldaduskara deitu ninduten. Soldaduska errefusatu eta kontzientzia-eragozle figura baliatuz, Zuberoako elkarte batean aritu nintzen nekazari ttikiei laguntzen. 1980ko martxoaren 26an itzuli nintzen gurasoen etxaldera lanera. Adiskide artzain batek, gainean zeraman bonba lehertuta, bizia galdu berri zuen Baionako ospitalean. Militantzia urteak ziren, bai Euskal Herrian, bai nekazal ofizioan. Herri askotan gazteria mobilizatzen hasia zen lana berreskuratu eta baserri mundua gure eskuekin erabiltzeko. Ordukoak dira ELBren inguruko sortze gogoetak, kooperatiben mugimendua, IK-ren hastapenak, kultur giro baten lehertzea... 1975etik 1980rako urteak biziki emankorrak izan dira Iparraldean. Hala, militantzia molde bat zen nekazaritzan abiatzea.
Laborantza molde jakin batean abiatzea izanen zen militantzia, ezta?
Ez zen baitezpada hauturik. 1980an hemengo baserriak ez ziren merkatuko dinamikan sartuak, etxez etxeko ekoizpena zen nagusi. Ondoko hamar urteetan hasi gara. Frantziako beste eskualdeekin konparatuz, ohargarria da Iparraldean jende anitz egon dela biziki etxalde egitura hertsi eta ttipietan. Politikari guziek erraten dute laborantzari dagokionez ere oso bereziak garela. Gainontzeko eskualdeetan laborantzatik bizi ahal izateko 70 edo 100 hektarea behar dituzte, hemen 15 edo 20rekin bizitzea posible dela frogatu dugu. Denek miresten dute hemengo dinamika, baina ez dute asmorik beste eskualdeetan bultzatzeko. Hastapenetik Frantziako logikan sartu izan bagina batek daki zer izanen ginatekeen orain. Merkatuaren dinamikan gibelapenez sartu izanak salbatu gaitu, agian. Gibeletik jiteak sekulako abantaila ematen du batzuetan.
Bigarren Mundu Gerraren ondotik, ekoizteagatik ekoiztearen mentalitatea inposatu eta munduari jaten emateko misioa hartu zuen beregain Frantziako laborantzak. Zer gelditzen da egun?
Orduan milioika laborari zeuden Frantzian, 500.000 gelditzen dira egun. Beste modu batean jokatu balitz, enpleguak lehenetsi balira, arras beste nekazaritza eredu bat sortuko zen. Baina garai hura berezia zen, industriak besoak behar zituen lanerako, eta laborarienak fidagarriak izaki, erraxki erakarri zituen. Hori aspaldi bukatu zen, alta, industriak ez du jada laborarien besorik behar, eta nekazaririk ez da gelditzen. Nola uzkali egoera? Nola konbentzitu politikariak beste eredu batera joateko tenorea dela? Confédération Paysanne eta ELBk nekazaritza herrikoi eta iraunkorra proposatzen dugu. Pikoan den modeloa da, gizon-emazteak laborantzan atxiki edo berriz lurrari lotzen dituena, eta Via Campesinatik datorren elikadura burujabetzarekin bat egiten duena. Ahalak ez dira eskas. Frantzia bezalako herrialde batean 10 bilioi euro banatzen dira urtero Europatik. Banaketa sistema justuagoa balitz, ez balitz lur eta abere kopuruaren araberakoa, arras bestelako bazterrak behar genituzke hemendik hamar urte baino lehenago. Baina politikariek hazkunde ekonomikoa baizik ez dute miresten, Frantziako kanpo-ekonomiaren orekaren izenean baitezpadakoa omen da esportazioa atxikitzea, eta denek uste dute laborari mundu hau bakandu behar dela herrialde moderno bat izateko. Hori guti ez eta Frantziako sindikatu nagusia, FNSEA, horren hazle da, eta multinazionalen sareak ilunpetan gauzka.
Laborantza politikak politikari eta multinazionalek pentsatzen dituzteno, nola egin argi ilunpetan?
Zaila da, laborantza politikak ez baitituzte politikari eta firma handiek soilik egiten, heien esku diren laborarien laguntza dute. Gurean, ez dakit gure kontra ditugun ordezkariak firmen esku ote dauden, baina Frantzian, ofizioaren lidergoan diren nekazariak, gobernuarekin eskuz esku doazenak, gisa batez edo bestez firmen menean dira. Horrek noraez eta zentzugabekeria ulertezinak sortzen ditu. Iparraldean, badira gure lurraldearen guztiz aurkakoa den FNSEAren politika promozionatzen duten laborari ordezkariak, pribatuan aterabidea laborantza herrikoi eta iraunkorra dela onartzen dutenak. Zentzu horretan, Frantziak berriki arto GEOak (Genetikoki Eraldatutako Organismoak) debekatu izana sekulako garaipena da. Ez da guti jendarte eta laborari mundu batek multinazionalen mamua gibelaraztea. Alabaina, multinazionalen aurkako guda ez da sekula bukatzen. Europa eta Amerikako Estatu Batuen arteko tratu ekonomikoak dira horren adibide. Isilpeko tratu horiek aitzina eramaten badituzte firmen garaipena izanen da, estatuen gainetik herrialdeetan nahi dutena egiteko esku izanen dira. Oraintsu, François Hollandek bere etorkizunerako ikuspegia aurkeztu zigun Parisen, eta nahiz hitza ez aipatu, GEOen oihartzuna entzun genion. Garaipenak lortzea gauza bat da eta lorpenak atxikitzea beste bat.
Zergatik daude, oro har, laborantza eta laborari ofizioa desprestigiatuta?
Laborarien estimua landu behar dugu. Ez da hitzez bakarrik eginen. Azken urte luzeetan eraman den laborantza motaren erruz, jendarteak kategoria oportunista eta kaltekor gisa ikusten gaitu, janari onaren berme eta ekoizle zintzotzat agertu beharrean. Alabaina, Euskal Herrian, eta bereziki Iparraldean, jendartea sentsibilizatuago dago, badaki osagarriaren lagun diren kalitatezko ekoizpenak promozionatzen direla. Ez da aski, alta, jendartearen ikuspegia aldatzeko. Kostaldeko egoiliar askorentzat Itsasu da barne alderako azken muga, ondorioz, heientzat hemendik hara diren laborari eta gaineratekoak ezin dira modernoak izan. Laborantza industrialaren gurutzea daramagu gainean. Laborantza mota hori kondenatzea da gure lanetarik bat, beste laborantza eredu batek soilik itzuliko baitigu estimua.
Beste eredu baten bila, Basaburuko Saskia AMAP edo kontsumo talde modukoa abiarazi zenuten 1998an. Gauza sinple, zentzuzko eta logikoenak dira alternatibak?
Belaunaldi berriko lau laborari ginen auzoan, elkarrekin zerbait egiteko asmoa genuenak. Ez genuen merkatuetan hainbeste denbora galtzeko gogorik baina bai jendearekin tratu zuzena atxiki eta lantzekoa. Gure saskiak etxeetara eramateko formula ezarri genuen plantan, eta garai hartan modaz kontrakoa bazen ere, orain AMAPen loraldi betean gara. Dena den, nekeza izan da AMAPak martxan ezartzea. Jendeak indar berezia egin behar du, diru gehixeago ordaindu... Egun, guztiz normaltzat bizi dugu, baina jendearentzat sekulako aukera da hautuz beteriko denda batean gertatzea. Horrek akomodatzen gaitu, molde batekoak bihurtzen. Laborariok ere besteak bezala egiten ditugu gure erosketak, baina multinazionalen esku badago salmenta sarea, multinazionalen esku laborantza... zer gelditzen zaigu? Horregatik da urrats militante bat AMAPetan erostea, hautu amaigabe horri uko egitea. Erraztasunera lerratu zarenean anitz kostatzen da hortik ateratzea. Laborari zein erosleek, denek dugu lan anitz bide errax horietarik ateratzen. Bitartean, janari pozoituarekin zigarretarekin bezala gertatzen da. Paketeetan “ERRETZEAK HILTZEN DU” ageri da, baina jendeak erretzen segitzen du.
Zigarreta paketeetan “erretzeak hiltzen du” nola, “Euskal Herria ez da salgai” ageri da laborantzarako balia zitezkeen lurretan eraikitako etxe berrien murruetan.
Espero dut gure esku eta indarrez aitzinatuko garela lurraren aferan, baina politikariei eta lurraz arduratzen diren egiturei dagokie heien lana egitea. Kanpotik jende anitz heldu da hona, jende diruduna, ahal handikoa, eta inguruko lurrek hainbesteko arrakasta duteno prezioak jasanezinak izango dira guretzat. Laborarien estimu faltaz mintzo ginen arestian, bada Iparraldeak estimu handiegia die kanpoko aberatsei, eta horrek izorratuko gaitu. Gazte denboran hori genuen amorrua, eta biziki ongi konprenitzen dut egungo gazteena ere hori izatea. Urtetik urtera uhina handitzen ari da eta gero eta gaitzagoa izanen da gelditzen.
ELB eta Euskal Herriko Ganbararen inguruan sortu duzuen uhina ere gero eta handiagoa da. Ohartzen gara zenbateko lorpena den, zer suposatzen duen?
Hemen ez hainbeste, baina kanpora ateratzea aski da egiten ari garenaren dimentsioaz jabetzeko. Gure eguneroko dinamika lanpetuan sarturik, iruditzen zaigu hainbeste ardura eta iniziatibek itotzeraino tinkatzen gaituztela, baina kanpoan denek nahiko lukete guk duguna ukan. ELB eta bere inguruko sormarka, kooperatiba, elkarte eta laborariek sekulako bizia eta militantzia maila dute. Hori zainetan daramagu, eta pixkanaka, nekazaritza, eta agian jendartea, aldatzen ari gara. Sekulako balioa du gure bizia gure esku hartzeak. Ez da kasualitatea Frantzian laborantza hondoa jotzear egotea, eta hemen dinamika hau izatea. Kanpokoei beti azaltzen diet laborantzarena ez dela mugimendu isolatua, ikastolak, herri irratiak, kultura... ere hor direla. Nire garaiko lagunak atzematen ditut laborantzatik hasi eta politikaraino. Agian, politika hutsean gara ahulenik gertatu. Orain dela gutxi arte ez gara sartu botere egituretan. Hor sartzen ez ziguten utzi, baina libro utzi ziguten guztia baliatu dugu guk. Baiona baino goragotik Euskal Herrira datorrenak berehala ikusten du lurralde hau berezia dela. Berezitasun hori ikusita, gure kezka nagusienetakoa da belaunaldi berriei formakuntza politikoa transmititzea. Hastapenean aipatzen genuen 80ko aroan, bihotzez komunistak ginen, justizia eta berdintasun egarri ginen, jendarte zuzenago baten ametsa posible zela sinesten genuen. Egun, ez da ikusten zerk eta nola bilduko dituen gazteak formakuntza politikoari buruz. Horretan ere gure geroa jokatzen ari gara.
Laborantzaren geroa Nekazaritza Politika Bateratua edo PAC-aren negoziaketan jokatzen den bezala, funtsean.
Egungo laborantza politikaren gida nagusiak diren Europako laguntzak aldatuko direla espero dugu. Gero eta agerikoagoa da orain arteko irizpideak nora garamatzaten, eta nahi izanez gero, politikariek hori aldatzeko ahala dute. Ez da onargarria diru-laguntzak laborari bakoitzaren hektarea kopuruaren araberakoak izatea. Guk, enpleguaren alde pario egin, eta elikadura burujabetzari atxikitako gure laborantza herrikoi eta iraunkorra promozionatzen segituko dugu. Herrian herriko janariaren erabakitzea baitezpadakoa da ondoko hamarkadei begira. Politikariek gaurdanik 2020ko PACa prestatzen hasi behar dugula erraten digutenean orain arteko banaketa sistema gaitzesgarria dela aitortzen dute. Hor neurtuko dugu zenbatekoa den itzaletik ari diren botere ekonomiko eta multinazionalen indarra. 2020an banaketa sistemak gaur egungo moldeetan baldin badira seinale txarra. Susmatzen duguna egia bada, lehenago aipatutako Europa eta Amerikako Estatu Batuen arteko tratu liberal horien bitartez, alde guztietatik nagusitzen ahal zaizkigun bihotz eta arimarik gabeko etsaiak dauzkagu aitzinean. Kasu egin behar dugu, hori adierazteak gaixotzat agertzen ahal gaituelako, baina ez dugu ahantzi behar gero eta armiarma sare handiagoa eraikitzen ari diren bitartean gero eta euliagoak garela gure bizimodu arruntean. Horregatik, ahal bezala hortik libratzeko ahalegina egin behar dugu, eta hasierako solasera jinik, jakitateari esker lortu dezakegu hori.
Mikel Hiribarren. Itsasun sortua 1956an. Itsasuko Aroztegia etxaldean laborari, ELB-ko militante nekaezin eta 2013tik Frantziako Confédération Paysanne-ko idazkari nagusia da. 1998an, auzoko beste hiru laborarirekin, Basaburuko Saskia izeneko kontsumo talde edo AMAP modukoa sortu zuen, lehenetarikoa Euskal Herrian. Azken hamarkadetako laborari borroken ulertzeko ezinbesteko erreferentzia.
Azken hiru mende eta erdietan odol berekoak aterpetu dituen Aroztegia etxaldean hartu gaitu Mikel Hiribarrenek. Mami gehiago ez eman izanaz dolu, idatziz ahoz baino hobeki moldatzen dela desenkusatu da, elkarrizketa eta argazki saioaren artean, gazta saltzera abiatu delarik. Iparraldeko dinamikaren balioaz ohartzeko ez dagoela kanpora ateratzea bezalakorik, hemen ohartu ez arren Mixel Berhocoirigoin José Bovéren pareko mitoa dela... Alegia, deus ez esandakoek oihartzun egiten didate oraindik. Noiz jabetuko gara etxean daukagunaz?
Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak erronka ezarria dio bere buruari: Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak biltzea. “Sagardoaren kultura lurralde osoan dago, eta lurralde osoan mantendu dira sagardotarako sagarrak”, esan digu Unai Agirrek, sor-markaren... [+]
“Aterako dut sagar zuku bat?”. Galdera horrekin hasi da Barrundiako Ekonomatoko kide Koldo Lopez Borobia, Susana Lopez de Ullibarri eta Santi Txintxurretarekin izandako elkarrizketa. Sagar zukuaren bueltan eta sagarrondoz inguratutako lorategian elkartu gara. Hau ez... [+]
ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]
Bide honetatik jarraituta, mende amaierarako, 5.000 milioi pertsona baino gehiago biziko dira lur idorretan. Arazo humanitario, ekonomiko eta sozial ugari eragingo lituzke horrek.
Ostegun arratsean abiatu da Lurrama, Bidarteko Estian egin den mahai-inguru batekin. Bertan, Korsika eta Euskal Herriaren bilakaera instituzionala jorratu dute. Besteak beste, Peio Dufau diputatua eta Jean René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bertan... [+]
Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]
Kanboko bi hautetsi nagusiak (auzapeza eta lehen axuanta) errabiatuak dira. Hiru herritarren kontra plainta ekarri dute, Marieneako pentzearen alde protestatzeagatik. Bigarren aldia da enetzat, goizeko 06:00etan, ohetik ateratzen gaituztela (bizilagunarekin), hamar bat... [+]
Emakume bat ikusi zuen Xabier Arriagak Gernikako kafetegi batean kafesnea esne gaingabetuarekin eta gurinezko opil batekin hartzen. Orduan konturatu zen nolako kontraesanetara ohitu nahi gaituen sistema kapitalistak.
EAEko ekoizpen ekologikoaren kontseilua da ENEEK-Ekolurra, eta zertifikazioaz gain, eredu ekologikoaren aldeko sustapen lana ere egiten du elkarteak. “Gaur egun, argi ikusten dugu etorkizuneko eredua dela ekoizpen ekologikoa, eta badagoela honi buruzko informazioa emateko... [+]
Apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta hiru lapurtar atxilotu ditu asteazkenean Frantziako Poliziak. Aske geratu badira ere, otsailean epaituko dituzte. Herriko Etxearen babesarekin, Bouygues enpresak duen etxebizitza eraikuntza... [+]
Filipe Laskarai eta Benjamin Charron atxilotu dituzte jendarmeek asteazken goizean, apirilean Kanboko Herriko Etxean sartu eta han egindako protestekin lotuta. Marieniako lurrekin ez espekulatzea eskatu zuten laborari eta ekintzaileek ekintza hartan.
Ekolurrak irailaren 23a, Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna, aprobetxatu du tresna berria aurkezteko. Elikagai ekologikoak kontsumitzeko erraztasunak eman nahi dizkie herritarrei, Sareko bilatzailearekin: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekoizle ekologikoen 269... [+]
Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.