Ipuin liburua du Iban Zalduak (Donostia, 1966) argitara zaharra ez. Inon ez, inoiz ez dugu, Elkar argitaletxeak publikaturik. Ipuin liburuetan ez ohikoa, kasik berrogei testuren bilduma. Antologia izan gabe ere, era guztietako ipuinak irakurri ditugu,
Zalduaren estiloan beti.
Ipuin liburu mardula. Ezer baino lehen, horixe deigarri…
Hogeita hamazazpi ipuin sartu ditut liburu honetan, gehi beste testu bat, gehi kontrazaleko mikroipuina, barruan dagoen ipuin baten bertsioa… Asko dira, baina aurreko liburua, Idazten ari dela idazten duen idazlea, honen umea da, nahiz eta lehenago argitaratu. Sail berekoak dira hango eta hemengo ipuinak. Biodiskografiak idazteko proiektuan ari nintzen lanean, eta, bestalde, bestelako ipuinak ari nintzen idazten, harik eta ipuin mordoa pilatu nuen arte. Denak bata bestearekin asko lotuta zeudela sumatzen nuen eta, halako batean, liburua ikusi nuen. Nire kasuan, liburua dagoela ikusi behar dut. Dena dela, lehenengo lana ipuinak idaztea dut. Gero dator liburua…
Biodiskografiak-en kasuan bestela jardun zenuela esan zenigun Argian bertan…
Biodiskografiak-en kasuan, proiektua nuen, hari bat, eta burutu nuen. Bestela idazten ari nintzen ipuinen kasuan, berriz, ez nuen ipuin-liburuaren egiturarik ikusten. Hurrena, konturatu nintzen ipuin askok literatura bera zutela ardatz. Hortaz, bi ziren liburuak: batean, irakurketa eta literaturaren ingurukoak –Idazten ari dela… liburua, azken finean–, eta oraingo hau, mardulagoa, tematika zabalagoa zukeena. Lehenengo hura garbi ikusten nuen, eta halaxe argitaratu zen Elkarren. Bestea, mardulagoa, Alberdanian nahi nuen, baina bateko standby-n sartu zela, besteko neure gorabeherak, atzeratu egin zen asmoa. Ipuinak berrartu, kimatu, hainbat ipuin baztertu, liburuaren giroari lotzen zitzaizkion zenbait berri idatzi, eta honako Inon ez, inoiz ez hau argitaratu da.
Ipuinak idazteko mila modu eta bat gehiago ditugu lan honetan. Era guztietako ipuinak …
Teknika aldetik oso ezberdinak dira, bai. Panoplia osoa dago, nolabait. Katalogo bat ere izan zitekeen. Dena dela, orain ari naiz ni horretaz jabetzen, jendeak ohar egiten didanean. Ez da ipuin antologia bat, ipuin guztiak berriak baitira, liburuan sekula argitaratu gabeak, baina landu ditudan joera guztietako ipuinen bilduma da, nolabait.
Inon ez, inoiz ez dugu azalean izenburu. Barruan, berriz, beste atal bat ere bada, Hemen, orain, izenburura ekarri ez baduzu ere.
Hemen, orain hori ondo dagokio atal bati, baina ez besterik. Azalera ekarriz gero, irakurlearen arreta desbideratzeko arriskua zegoen. Bestalde, izenburu iradokitzaileagoa iruditzen zait Inon ez, inoiz ez, bestea baino.
Hemen, orain, jakina, euskal gauza da, Ramon Saizarbitoriak, eta zuk zeuk, frankotan aipatu izan duzuena. Euskal gauza…
Bai, gai nagusienetakoa da, baina, ziurrenik zorionez, ez bakarra. Izan ere, euskal irakurleengan bi joera daudela esango nuke: batzuen ustez, gutxi idatzi da gai horri buruz –baina euskaraz irakurtzen dutenen artean ez dut uste gehienak direnik–, eta beste batzuen iritziz, aldiz, beti matrakan ari gara. Ez dut inor engainatu nahi, aurkezpenean bertan esan nuen gai horri buruzko ipuin dezente dagoela liburu honetan, baina utz dezagun, behintzat, alde horretatik, izenburua bakean.
Idazle ez ezik, Historia irakasle zara UPV/EHUn. Ez duzu gutxi idatzi euskal gauzari buruz. Zer diozu gauzaren egoeraz?
Ez dut uste nire iritziak axola duenik, doktrina emateko ezgai sentitzen naiz. Zalantzaz beteko iritzi bat emango nizuke eta jendeak ez du hori eskatzen, iritzi sendoak baizik. Egia da gaztetan iritzi irmoagoak nituela kontu horri buruz, beste askori buruz bezala. Irakurtzen diot artikulua halako bati, eta alderdi baliagarriak ikusten dizkiot. Irakurtzen diot artikulua aurrekoaren kontrako jarrera defenditzen duenari, eta han ere puntu positiboak ikusten ditut. Orduan, pentsatzen dut nortasun txikia dudala… Kar, kar… Gaztetan iritzia eskatu izan balidate errazago emango nituzkeen, eta hanka ere sartuko nukeen etengabe. Horrek ez du esan nahi politikan parte-hartzeari uko egiten diodanik: baina ez hainbeste iritzi-emaile bezala, herritar bezala baizik. Fikzioa, alde horretatik, baliagarriagoa zait, doktrinatu gabe gertatu zaigunaz edo gertatzen ari zaigunaz inpresio batzuk jasotzeko eta botatzeko alegia, edo nire zalantzak islatzeko: ez da horren inbasiboa, nolabait esateko. Inpresioa daukat errazago iristen naizela bide horretatik egiaren bat kontatzera, nire iritzia modu sistematiko batean egituratuta baino. Eta, hala eta guztiz ere, auskalo… literatura txar asko egin daiteke bide horretatik, orobat…
Paparrean intsumisioaren kontrako intsignia ibili ohi duzu oraindik?
Bai, jakaren arabera. Fusil bat apurtuta. Horrekin bat egiten dut oraindik: intsumisioak ez zuen bere helburua lortu, ez baitzen soilik soldaduskaren amaiera, gizartearen desmilitarizazioa baizik. Izan ere, ETAk armak utzi izanagatik ere ez gara bizi gizarte desmilitarizatu batean. Armak egiten eta esportatzen segitzen dugu, bai Hirugarren Mundura, eta bai Hirugarren Mundu ez denera ere. Estatuen aldetik gizartea militarizatuago dago, nahiz eta derrigorrezko soldadutzarik ez izan indarrean. Adierazpen askatasunari egiten zaizkion erasoak dira froga. Hor da beti polizia. Horretan borroka egin behar da oraindik. Baina, begira, iritzia ematen ari naiz jada, nire hitza janez…
Inon ez, inoiz ez dugu izenburu. Bi atal bereiziak…
Hemen, orain atalekoak, gatazkaren ingurukoak, zein eta zein izan behar zuten ez zegoen dudarik. Kronologikoki antolatuta daude, gainera, 2006tik gaur egunera arte. Gainerakoan, bi atal aski homogeneo eraiki nahi nituen. Izenburua erreferentziatzat hartu eta haren oihartzuna izan zezaketen ipuinak bildu ditut batean eta bestean. Lehenengoan, leku eta paisaiarekin lotutakoak, nolabait; hirugarrenean, denborari estuago lotzen zaizkionak. Ez da beti gauza automatikoa izan, hala ere. Bestalde, ipuinen kokapena ere landu dut, paralelismoak, loturak egin ditut –nire loturak dira, neure irizpidearen araberakoak–, irakurleari jarraibide bat emanez… Baina, horixe, jarraibide bat besterik ez. Nire ustez, ipuin-liburu bat ezin da nobela baten moduan irakurri, arrapaladan, ipuin bakoitza nobela bat baita. Hala, ipuin bakoitzak hurrengoa irakurtzeko grina piztu behar du, baina ez neurriz gainezka, ipuinaren efektua galdu egingo da bestela. Neure ustez ari naiz, neure teoriatik; besterik da irakurleak duen ustea eta hartuko duen irakurbidea: azken finean, ipuin liburuen irakurlea subiranoagoa da, independenteagoa, berez, nobelen irakurlea baino...
Biodiskografiak eta Idazten ari dela… lanetan ageri ziren gaiak ageri dira honetan ere. Horra musika, literatura bera… Konstanteak dituzu zure idazlanean.
Ipuin batzuek izan zezaketen lekua Idazten ari dela… hartan, baina horrez gain bestelako edukia jorratzen duten ipuinak jarri ditut hemen. Oraintxe irakurri dut Canciones de amor y de lluvia, Sergi Pàmies-ena. Ez dakit irakurria duzun…
Ez…
Asko estimatzen dudan ipuinlariaren liburua da. Eta ipuin askotan idazlea da protagonista, batera eta bestera dabilena, hitzaldiak eskaintzen eta abar. Normala ere bada. Horixe da zure mundua, partez behintzat, eta horretara jotzen duzu nahitaez. Ipuinari ekiteko abiapuntua eman ohi dizu. Baina liburu honetan dosi txikiagotan erabili dut literaturaren inguruko mundua bera, aurrekoan baino; esango nuke liburu hau gehiago ari dela bizitzaz, literaturaz baino.
Irakurle klubak zuzentzen ari zara joan deneko hamar urtean. Horietan ariko ez bazina literaturak –metaliteraturak, beharbada–, hainbeste tarte izango luke zure lanetan?
Seguru asko, ez. Hasteko, zenbait ipuin ez nukeen idatziko. Beste zenbait, berriz, idatzi bai, baina ez modu horretara. Efektua zehatz zein den ez dakit. Klubean ibili, ez ibili, ondorioa nolakoa izango zen, ez dakit. Kontua da horretan nabilela joan den hamaika urte honetan… Proposamena egin zidatenean, bitxia iruditu zitzaidan. Ez nuen giro hori ezagutzen, behin ere ez nintzen halako batean izana. Arrasateko liburutegira joan behar izan nintzen, nola funtzionatzen zuen ikustera. Harrezkero, ez diot Gasteizko kluba koordinatzeari utzi. Eguneratuta egoten lagundu dit, eta maite nituen liburuak berrirakurtzeko aukera ere eman dit, eta haietan sakontzeko modua. Eta berrirakurketak asko erakutsi dit. Zenbait egile berreskuratu egin dut, eta garai batean hainbeste estimatzen ez nuen zenbaiten lanaz gozatu egin dut. Batzuetan, gaztelaniaz irakurriak nituen; haiek euskaraz irakurri eta asko ikasi dudala uste dut. Idazle eta irakurle naizen aldetik, asko eman dit klubak. Maila pertsonalean, adiskide handiak egin ditut. Gaur egun, haiek gabe ez dut bizitza kontzebitzen. Klubean ezagutu nuen Angel Erro, edo Mikel Ayerbe, edo Asun Agiriano, eta beste hainbat lagun, asko eskertzen dudan zerbait.
Nobelaz beste ere irakurtzen da zure klubetan.
Bai. Nobelaren nagusigoa hor da beti, baina hegemonia hori pixka bat hausten saiatzen naiz klubetan, beste generoak ere sarrera izan dezaten. Irakurlea nobelak irakurtzen ohituta dago. Horretan hezi gaituzte. Ipuinak ere, ez pentsa, ez du irakurri ohi jendeak. Hor dago poesia ere, edo saiakera, edo antzerkia… gutxiago irakurtzen diren generoak, beti, baina irakurtzen ditugunak klubean, nobela baino dosi txikiagoetan bada ere. Irakurle taldeetako partaideak gogo onez hartu ohi du nobela ez den testua irakurtzea, baina, era berean, sorpresa adierazten du. Klubean hasiberriak, behintzat.
Ez da asko, Ana Toledo irakasle eta euskaltzainak zioen euskarazko literatura hazi egin dela, baina hartzaileak ez duela proportzio berean gora egin. Irakurleak urri...
Inoiz komentatu dut paradoxa: “Non da euskal literaturaren salbazioa? Idazleen kopuruaren zabalkuntza mugagabean”. Zenbat eta idazle gehiago izan, orduan eta irakurle gehiago, haiek baitira ondokoen lanak irakurtzen dituztenak, sikiera espiatzeko bada ere. Euskaldungo osoa idazle bihurtzen den egunean, irakurleari dagokionez salbatuta legoke euskal literatura. Baina, boutadeak alde batera utzita, ez pentsa haranzko literaturetan askoz hobeto bizi direnik, haiek beti ere eskala alde badute ere. Gaztelaniazko liburu produkzioa hartu, eta konparatu irakurketa eta salmenta indizeekin, eta oso liburu gutxi zabaltzen dira neurri batetik gora. Eskaintza izugarria da, eskaria, berriz, txikia. Bestalde, gizarteak irakurtzen du, baina gero eta gehiago liburua ez beste bide batzuetan barrena. Gurean, diglosi egoerak areagotu egiten du irakurle urritasuna. Batzuk kexatzen dira best seller motako euskal literaturaren faltaz, baina euskarazko irakurleak, bestalde, elebidun izanik, beti du beste esparru batzuetara jotzeko modua, dela frantses sistemara, dela gaztelaniazkora. Gure artean lehiatzen gara, batetik, baina beste literatura –edo liburugintza, zenbait liburuk literaturatik gutxi dute-eta–, baten kontra ere bai. Horrek estutu egiten du gure merkatua, baina horiexek dira joko-arauak, eta onartu beste erremediorik ez dugu.
Bernardo Atxagaren Nevadako egunak aztertu zenuten martxoan zure gidaritzapeko irakurle klubean. Liburuko pasarte batean, Renoko eskolako irakaslea ageri da, ikasleei literatura liburutik irakurtzen…
Anjel Lertxundiri ere kezka bera irakurri izan diot…
Behin eta berriz eta askotan…
Eta irakasleek gurean irakurtzen ez badute, nola transmititu zaletasuna?
Tira, irakasleak ez du “gerta lekioke” hitzean eta hortzean erabili beharrik, baina hor da beti nor-nori formako aditz paradigma guztiak erakusten, lantzen, eta ikasleei eskatzen…
Bai… bai… Azken finean, susmoa dut irakurtzeko ohiturari dagokionez nahiko espainolak garela. Espainian irakurketa indizeak txikiak izan dira historikoki. Zein irakurketa tradizio jaso dugu hortik? Ipar Euskal Herrian bestelako handicap bat dute, jakobinismoa, alegia, nahiz eta hor gehiago eta hobeto irakurtzen dela esango nukeen; ez euskaraz, baina, eta ardatz literarioa Hegoaldera aldatu izanak ez du ziurrenik horretan asko lagundu. Literatura maite duenak, liburuak irakurtzeko ohitura duenak, irakurtzeari garrantzia ematen dion jende ehunekoa urria da, Espainiako kultur historiaren ondorioz, besteak beste. Irakaskuntzan zehar irakurtzera bultzatuko zaituen irakasleak aurkitzeko aukera, beraz, ziurrenik txikiagoa da hemen Frantzian edo AEBetan baino, eta alde horretatik ez nau harritzen Bernardo Atxagak Nevadako… liburuan jasotzen duen inpresio onak AEBko irakaskuntzaren eta irakurketaren arteko harremanaz… Liburuaren kultur estatusa txikia da Espainian, Trantsizio garaian gorantz egin zuen zertxobait, baina ezin izan du aurreko historia ezabatu… Nik, alde horretatik, zorte handia izan nuen institutuan, irakurtzeko zaletasuna baitzuten irakasle izan nituenak; asko zor diet irakasle haiei. Baina onartu behar da ez dela agian ohikoena. Horretaz gogoeta egin nahiko nuke, artikulua dabilkit buruan…
“Aurkezpena egin behar eta zeure burua babestu nahi izaten duzu. Irakurle onak nahi izaten ditut ondoan. Eta irakurle onenak, maiz, idazleak izaten dira. Alde horretatik, Saizarbitoria hor egoteak balioa eransten dio aurkezpenaren ekintza neurri batean publizitarioari. Bestalde, estimu handitan dut Ramon, eta Atxaga, eta Lertxundi, Eider Rodriguez, Pello Lizarralde… Askok lagundu didate aurkezpenetan, urte hauetan zehar. Ni ez bainaiz batere seguru sentitzen egindako lanaz. Inork liburua irakurri eta gustatu zaiola esatea, bermea dut, babesa. Saizarbitoria aurkezpenean izatea ohore handia izan nuen, Ibon Egaña ondoan izatea bezainbat, gurean dugun kritikaririk finena iruditzen baitzait; liburu honen ondorengo aurkezpenetan Mikel Ayerbe, Jokin Muñoz, Ana Malagon eta Isabel Etxeberria izan ditut edo izango ditut alboan. Haiek hitz egiteak, gainera, niri neure obrari buruz gehiegi ez hitz egiten laguntzen dit, horretaz abusatu egiten baitugu idazleok, oraintxe elkarrizketa honetan egin dudan bezala”.
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.
"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]
Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]
Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.
Saran egingo da urriaren 11 eta 12an, eta aurtengoa laugarren edizioa izango da.
Irailaren 28 eta urriaren 5ean eta 19an izango dira saioak. 16 urtetik gorako euskaldunei zuzenduta dago eta dagoeneko izena eman daiteke Iruñeko Udalera deituta.
Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun... [+]